BOB MARLEY 2001
GARAI HARTAN IDATZITAKO BI IRITZI ARTIKULU IRAKUR DAITEZKE JARRAIAN. HAUEK:
BOB MARLEY
Nork ez du Bob Marley ezagutzen? Bizi garen mundu globalizatu honetako bazter eta txoko ezkutuenetara joanda ere, ziur Bob Marley-ren kamiseta, bandera, txapa edo pina ikusi edo bere kanturen bat (bertsioa agian) entzuteko aukera dugula. Denok ezagutzen dugu Bob Marley. Batzuentzat, marihuana zigarroa ahoan duela Jamaikako hondartzetan maitasun kantuak ontzen zituen abeslaria da, eta grazia egiten die ilea korapiloz beteta eramateko zuen moduak. Beste batzuentzat, hirugarren munduak inoiz izan duen musika izarrik handiena izan zen, miretsi beharreko iraultzailea eta gizakion duintasunaren alde heriotzaraino borrokatu zen pertsona. Duintasuna defendatu eta Haile Selassie diktadorea jainkotzat hartu? Eskola lagunak ghettoetako zabor artean bizi edo hiltzen diren bitartean, BMWa, etxe dotorea eta luxuz inguratuta bizi?
Gutxi batzuentzat, berriz, salerosketarako gai bihurtu da Bob Marley. Hogeita bost urte igaro dira utzi gintuenetik eta oraindik, gaur egun ere, orain arte argitaratu gabeak omen ziren abestiak kaleratzen dituzte, luxuzko kutxetan eta prezio are luxuzkoagoan. Etekin paregabeak ematen dituen merkantzia.
Irudiaren munduan bizi gara, jendea denagatik baino gehiago duenarengatik baloratzen dugu. Irudia miresten dugu eta bost axola digu atzean zer dagoen. Bob Marley musikari eta abeslari aparta izan zen; inoiz ezagutu dugun onenetakoa, baina ezin ahaztu inguruan izan zituenak ere ez zirela makalak. Guztien artean osatutako kantuak, behin eta berriro entzun ditugunak, gu emozionatzea lortu dute, sentimendu kontrajarriak azalarazi dizkigute eta asko disfrutatu dugu kantuok entzunda. Gure bizitzaren parte dira.
Musikaren eremua gainditzea lortu zuen Bob Marleyk. Jende askori itxaropena bueltatu eta beraien eskubideen defentsan borrokatzeko indarra eta inspirazioa eman zien. Ametsak egi bihurtu daitezkeela erakutsi zien, eta horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Robert Nesta Marleyri. Gure errespetu osoa irudiaren atzean dagoen pertsonari. Zionen ikusiko dugu elkar.
ARITZ SOUND SYSTEM
.jpg)
Bob Marley and The Wailers. Zuzenean, Mikel Barreirok irudikatzen dituen modura :-)
Bob Marley entzun aldizkaria
BOB MARLEY
MAITASUNA, ERRESPETOA ETA ASKATASUNA
Bob Marley, Bob Marley. Zenbat alditan entzun eta irakurriko genuen izen hori. Baina, zein zen benetan Bob Marley? Bob Marley Robert Nesta Marley zen jaiotzez eta Beharne Selassie hil zen. Bob Marley Norval Sinclair Marley militar ingelesa zen eta baita Cedella Booker afrikar esklabuen ondorengoa ere. Bob Marley zuria zen eta beltza, oso beltza. Mendeetan zehar esklabuen lana eta sufrimenduari esker aberastutako sendi aberatsen esku dagoen irlako ghetto txiroetan hezitutako gaztea zen Bob Marley. Arnasaren beharrean zegoen gaztea zen, amets egiten zuen gaztea eta maiz amesgaiztoak zituena. Musikaz bizitzea zen bere ametsa eta behin hori errealitate bihurtuta musika horren bidez mundua aldatzea izan zuen amets. Bidea luzea zen.
Bob Marley ez zen Bob Marley. Bob Marley Peter Tosh zen, Bunny Wailer, Rita Marley eta Wailer-a. Justiziaren alde garraxi egiten duena da Wailer-a. Bob Marley Marcus Garvey zen, beltz izateagaitik arro sentitu eta bere herriaren historioa ahazten ez duena, sustraiduna. Bob Marley Haile Selassie zen, Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judeako Leoi Konkistatzailea... herriaren kontura aberastu eta bere burua salbatzailetzat duena. Kalean bizi diren milaka lagunen esperantza zen Bob Marley, mezularia. Bob Marley luxusko etxea eta kotxedun txiroa zen, lagun asko zituen aberatsa eta lagunak ez diren lagunak zituena. Musikari aparta zen Bob Marley, inoiz egon den ahotsik bereziena zuena, goxoa eta sakona. Musikari esker egin zen ezaguna mundu osoan eta musikari esker zabaldu zituen eta zabaltzen ditu gaur egun oraindik ere bere mezuak, askatasun mezuak. Bob Marley zirenen doinuekin txuriek, beltzek, argi zein ilunek, gorriek, oriek, marroiek eta ikustezinek sentitu zuten eta sentitzen dute.
Bob Marley ez zen Bob Marley. Bob Marley reggae musika zen, rocksteady-a, ska, dub, toaster, dancehall, ragga, funk, soul eta jazza. Bob Marley ganja zen, collie, jamaican gold, herb eta marihuana. Bob Marley sound system mugikorra zen, irratia eta grabazio estudioa. Mafia. Kitarra, eszenatokia, fokoak, kableak, mikrofonoa eta autobusa zen, Babilonian zehar.
Bob Marley biniloa, kasetea, konpakto, minidiska, kamiseta, DVD-a, bideoa, pina eta posterra da eta izango da. Dirua ematen duen merkantzia. Bob Marley ez da Bob Marley. Bob Marley Jainkoa da, eta deabrua. Bob Marley Timothy White, Carlos Monty, Jesus Ordovas, David F. Abel, Josetxo Mintegi eta beste askoren biografia da. Bob Marley Txalapartaren Axuri Beltza saila da. Errespetoa, maitasuna eta askatasuna da. Guzti hori... eta askoz ere gehiago da Bob Marley.
ARITZ SOUND SYSTEM