BOB MARLEY-the wailers
BOB MARLEY. 60 urte baino gehiago.
Bob Marley-k burua altxako balu! Zer esango luke reggae musikaren egungo egoeraz? Eta orohar bizi garen munduaz? Nork daki, ez dugu inoiz jakingo eta egia esan, ez du zentzu askorik hori galdetzeak ere. 60 urte bete dira, Bob Marley, Robert Nesta Marley jaio zela eta Jamaikako nekazal herri xume batean jaio bazen ere mundu osoan ezaguna egin da. Ezaguna, musikari bezala konposatu eta abestu zituen kantu ederrengatik eta ezaguna, era berean, musika horren bidez zabaldu zituen mezu eta ideiengatik. Duintasun eta errespetozko mezuak dira, herri beltzaren izaera aldarrikatu eta defendatzen duten mezuak; afrikarako itzulera eta mendeetan zehar ukatu zaien historia argitara ateratzearen aldeko mezuak, borrokarako zein maitasunerako mezuak, mezu positiboak. Uhin eta kantuen letra horien atzean dagoen mundu klonplexua berriz ez da horren ezaguna, gure artean behintzat. Irudiarekin, azalekoarekin geratzen gara maiz eta irudi eta topiko horien atzean dagoena ezagutzen, ikertzen, sakontzen hasita, guk uste baino mundu konplexuagoa eta lilluragarriagoa dela konturatuko gara. Saiatu gaitezen (informazio gehiago euskeraz Txalaparta argitaletxearen “Bob Marley. Begirunea, maitasuna eta askatasuna” liburuan aurkituko duzue).

Bob Marley, Mikel Barreirok marraztuta.
THE WAILERS: MEZULARIAK
Bob Marley-taz hitzegiten dugunean Jamaikaz ari gara, esklabutzaz ari gara, kolonialismoaz ari gara, marihuanaz, rasta erlijioaz, Marcus Garvey eta Haile Selassie etiopiar agintariaz, sound systemak eta ghettoak... gauza askotaz ari gara. Bob Marley-ren musikaz ari garenean berriz, aurrekoetaz gain, The Wailers taldeaz ere ari gara. Bob Marleyren jaiotzaren 60. urteurrena dela eta, mundu osoan zehar, kontzertuak eskeintzen ari dira eta Sagarrondotik izeneko jaialdia dela eta, Euskal Herrira ere gerturatu zaizkigu. The Wailers taldeko Aston “Familyman” Barret baxulariarekin, Junior Marvin kitarjolearekin eta Gary Pine taldeko egungo abeslariarekin izan gara. Azken honena da agurra: “Kaixo Euskal Herria, atsegin haundia da guretzat hemen egotea. New York hiritik gatoz eta niri dagokidanez lehenengo aldia da lurralde eder honetara natorrela. Mezu positibioa zabaltzera gatoz: bakea, maitasuna eta meditazioa, ausnarketa. Belaunaldi berrientzat sentipen goxoak dakarzkigu. Benetazko maitasuna.” Jakina da rasta erlijioaren jarraitzaileek marihuana erabiltzen dutela meditazio tresna modura eta aitzaki gutxi behar dute belar “sakratuaz” hitzegiteko: “Berlar ona erre behar dugu. Zigarroak alde batera utzi eta belarra erre. Zigarro enpresa haundiek adikzioa sortzen duten osagaiak jartzen dituzte zigarroetan eta jende asko dependentzia du zigarroetaz. Belarra erretzea ona da, lasaitu egiten zaitu eta ausnarketarako lagungarria da. Legalizatu beharra dago”.

Bob Marley eta Wailers-ak zuzenean, Mikel Barreirok marraztuta.
REGGAE MUSIKA
“Reggae musika jendearen, herriaren bihotzaren taupada da eta hizkuntz unibertsala da” dio Aston “Familyman” Barret, taldeko baxulari beteranoenak. Junior Marvin-ek gehiago zehazten du: “Reggae musikara iristeko modu asko daude; hasieran erritmoaren bidez sentitu dezakezu eta pixkanaka mezua barneratuko duzu. Dena den, azken finean, bide guztiak leku berdinera daramate, maitasunaren bidera daramate, mezu baikor eta positiboen bidera. Adin guztietarako musika da; haur zein agureentzako musika, jamaikarrentzat eta munduko edozein txokotan bizi denarentzat eta ez da soilik udaran entzuteko musika urtaro guztietan eguneko edozein ordutan entzuteko musika da”. Jakina da reggae musikan Jamaikan jaio zela baina gaur egun, besteak beste, Bob Marley eta Wailers-ei esker, mundu osora zabaldu da. Euskal Herrian ere sortu dira reggae musika egiten duten taldeak. “Azken 30 urteetan munduko herrialde asko ezagutu ditugu eta asko gustatzen zaigu Jamaikatik kanpo egiten den reggae musika, bereziki, herrialde bakoitzean jatorrizko hizkuntza erabiliz egindako reggaea. Garrantzi haundia ematen diogu horri, modu horretan jende guztiak ulertu dezakeelako reggae musikaren mezua. Reggaeak jende askori lagundu diezaioke eta gazteei bereziki, bizitzaren arriskuetatik aldentzen lagunduko die”. Gary Pine abeslariak berriz alde alaia azpimarratzen du: “Reggae musika dantzarako musika da, ondo pasa eta gustora sentitzeko musika da. Gure sentimenduak azalarazten laguntzen digu eta gorputzaren hizkuntza erabiltzen dugu horretarako”. The Wailers taldekoak kontzertu bikaina eskeini zuten Hernanin eta argi erakutsi zuten milaka kilometroetara jaio eta bizi arren, Euskal Herria non dagoen eta herri honek aurrera daraman borroka ezagutzen dutela. “Postariak gara, mezulariak, reggae musikaren mezua mundu osora zabaldu behar dugu. Babilonian bizi gara eta sistema honek ez digu bizitzarekin gozatzen uzten. Babiloniak bizitzaren alderdi materialari, fisikoari ematen dio garrantzia eta guk berriz alderdi izpirituala, arimaren alderdiari ematen diogu garrantzia. Sistema zapaltzaile honekin amaitu behar dugu”.
ARITZ SOUND SYSTEM