BRASILGO MUSIKA
BRASILGO MUSIKA
BRASILGO MUSIKA
Gutxi izango dira munduan Brasil bezalako aberastasun eta aniztasun musikala duten lurraldeak. Mendeetan zehar, Brasilen anka jarri duten kultura desberdinen arteko harremanak ugariak izan dira. Harreman horiek bi norabide izan dituzte; kanpotik iritsitakoak bertako musikan izan dutena eta bertan egindako musikak nazioarte mailan izan duen eragina. Jarraian, labur bada ere, gaur egun harreman hori nola ematen den ikusten saiatuko gara (musika elektronikoaren esparruan bereziki). Zertaz ari garen ulertzeko ordea ezinbestekoa da Brasilgo historioa zertxobait ezagutzea.
BRASIL. HISTORIA LABURRA.
Irabazleek idazten dute historia eta horregatik, gutxi dakigu, kristauek imposatutako egutegiaren arabera, 1.500 urte aurreko Brasilgo historiaz. Urte hartan Pedro Alvarez Cabral izeneko konkistatzailea lurraldera iritsi eta Terra de Vera Cruz edo Santa Cruz izena imposatzen dio. 1494eko Tordesillaseko Hitzarmenaren arabera Ameriketako kontinentea Portugal eta Castillako erreinuen artean banatzen zen. Portugesen kontrolpeko zonaldea zenez, izena aldatu eta Brasil deitu zioten zonaldean ugaria eta oso baliotsua zen pau brasil izeneko zuhaitzagatik. Espainiarrak eta portugesak indarrez bereganatutako lurralde haundi horretan tupi-guarani hizkuntzako hainbat leinu bizi ziren baina iritsi berrien ustetan “gizakiak” baino “basatiak” zirenez esklabu bihurtu zituzten. “Hobe gizon esklabu abere basati askeak baino” zioten konkistatzaile zuriek (amerindiarren iritzia kontutan hartu gabe noski). Denbora gutxi behar izan zuten amerindiarrekin ia akabatzeko eta berehala, eskulan merkearen bila joan ziren Afrikara. Hiru mende beranduago 4 milloi beltz afrikar indarrez bortizki eramanak izan ziren Brasilen esklabu bezala lan egitera. Afrikarrak diogunean ez gara herri bakar batetaz hitzegiten ari, hizkuntza eta kultura oso desberdinetako leinuak ziren eta Brasilera iritsi bezain laster sakabanatu egiten zituzten, leinu berdineko lagunen artean elkartu eta altxamendurik egon ez zitezen.
Esklabu bat zigortzen Brasilen. Egilea: Mauricio Rugendas (circa 1830).
Hasiera batean konkistatzaile portugesen asmoa lurraldea administratu eta ustiatzea zen, ahal zuten aberastasun guztia Portugalera eramateko. Denborarekin lurraldea kolonizatzen hasi ziren eta bizitoki bilakatu zen. Portugesekin batera, italiarrak eta espainiarrak joan ziren lurrak eskuratu eta bereganatzea eta beranduago alemanak (Brasil hegoaldean) eta arabiarrak. Ondoren suizoak, polakoak, errusiarrak eta azkenik aurreko mendean japoniarrak.
Ikusten denez, beraz, Brasil bezala ezaguna den lurralde haundian, oso kultura desberdinetako jendea elkartzen da eta brasilgo musika noski, kultur desberdin guzti horietatik edan du nahiz eta orohar hiru iturri nagusi dituela esan daitekeen: indiarra (jatorrizko biztanlea), europearra (konkistatzailea, portugesak bereziki) eta afrikarra (esklabua).

BRASIL KANPORA BEGIRA
Brasilgo musika aipatzen denean gehienoi Samba, Bossa Nova eta Batucada hitzak datozkigu burura, beti ere, inauterien koloreaz igurtzita. Ez da gure asmoa musika horien definizioa hemen egitea (definizioa bakarra adostea zaila izango zen gainera) baina argi dagoena da, izen horiekin erlazionatzen diren doinu eta erritmoek izugarrizko eragina izan dutela mundu osoko musikari askorengan.

Europari dagokionez, asko dira, musika elektronikoaren mundu konplexuan murgilduta dauden musikari eta disketxeen artean, Brasildik datozen erritmoekin txoratu direnak. Guztiak aipatzea ezineskoa litzateke baina Brasilgo musiken eragina ezaugarri nagusi duten disketxe esanguratsuen artean, hauek azpimarratuko genituzke:

- Compost. Alemanian asko dira brasilgo erritmoekin txoratutak daudenak. Jazzanova izeneko kolektiboko lagunak daude horien artean eta beraien disketxeak, “Glücklich” diska sailean, Brasilgo zaporearekin sukaldatutako jaki elektroniko goxoak biltzen ditu (Truby Trio, Da Lata, e.a.)
- Farout. Ingaleterrako Joe Davis gazteak duela 10 urte aurkitu zuen Brasilen bere maitea. Seme-alaba asko izan dituzte eta kuttunenak “Brazillain Love Affair” bildumetan jaso dituzte.
- Irma. Italiako disketxeak estilo oso desberdinak jorratzen ditu eta Brasilgo doinu klasikoenei “Sister Bossa” izeneko bilduma eskeintzen die. Berrienak berriz “Sambass” bildumatean jasotzen ditu (drum&bass, techno, e.a.). Italia bertako hainbat musikarien lanak izan ohi dira,
- Schema. Italiakoa ere. Hauek kaleratutako bildumak “Break `n Bossa” izena dute eta oso arrakastatsuak dira.

- Audipharm. Estilo desberdinen bildumetan espezializatuak. Brasilgoak “Brasilectro” izena dute.
Bereziki azpimarratzekoa: Putumayo: Munduko musikak gustu bereziaz biltzen dituen diskoetxea.

- Besteak: Asko dira Brasilgo musiken eraginpean sortutako erritmoak jasotzen dituzten disketxeak. Orain aipatu ditugunak, gehienak abiadura ertaineko erritmoak lantzen dituzte (breakbeat, downtempo, lounge...) baina badira ere modu zuzenago batean dantzalekuetara zuzentzen dituztenak ere (Slip Slide adib.)
ERRITMOAK BEREGANATZEKO DOAIA
Gutxi izango dira munduan, kanpotik iritsitako erritmo berriak horrelako errestasunarekin bereganatzeko eta bertakoak bihurtzeko trebezia duten herrialdeak. Brasilgo musikariak apartak dira horretan. Adibide bat: 90. hamarkada erdialdean, London hiriko auzo txiroetan, Jamaikar etorkinek erritmo kutxa merkeekin jolasean (erritmoaren abiadura azkartuaz) Jungle bezala ezagutuko zen estiloa sortu zuten. Ragga ahotsen laguntzaz hasieran eta denborarekin jazzaren eta ambient musikaren eraginaz, arrakasta haundia lortuko zuen estilo honek; besteak beste, Goldie, Ronie Size, 4 Hero eta antzeko “zoroen” lanari esker. Jungle doinuen garapenak drum&bassa ekarri zuen eta honen barruan kontaezinak diren azpiestiloak. Drum&bassak eman beharreko guztia eman zuela zirudienean, eta “modan” egoteari aspaldi utzi dionean, Brasilgo diska jartzaile eta musikari gazte batzuk, estiloa berreskuratu eta bereganatu dute. Beste inon lortu ez duten naturaltasunaz, ezaugarri propioak dituen drum&bassa egiten ari dira, estilo honek galduta zuen berezko indarra berreskuratuaz (Adi Dj Patife, Dj Marky, Drumagick, Cosmonautics eta antzekoek egiten dutenari).

Sinestezina. Herrialde askotan egin dira saiakerak baina, gure ustez, inon ez da horrelako emaitzarik lortu. Berezko trebezia dute brasildarrek, ustez, harrotzak zaizkien erritmoak bereganatzeko. Drum&bassarena adibide bat da baina berdin esan daiteke techno edo house erritmoekin egiten ari direna eta baita rap musikarekin edo reggae-arekin oso gauza interesgarriak sortzen ari dira. Eta zer esan hirietako faveletan antolatzen dituzten festetaz (Gringo do Parada eta bere Fla-Flu produkzioak )... Jarraituko du.
ARITZ SOUND SYSTEM