ja sound

JA SOUND
Zer ote du Jamaikar musikak horrenbesteko erakarpena sortzeko? Zer ote du reggae musikak, Europa “aurreratu” honetatik milaka kilometrotara dagoen irla “basati” batean sortu arren, zuri “jakintsuen” artean horrelako arrakasta izateko? Ez dakit. Euskal Herrian reggae musikak ez du inoiz arrakasta haundiegirik izan baina Europako beste herrialde askotan milaka dira musika honen jarraitzaileak. Frantses estatua da horren adibide garbia. Europan ospatzen diren reggae jaialdien artean, garrantsitsuenetako bat Frantzia hego ekialdean; Montpelier, Nimes eta Avignon aldean ospatzen da.

Puntako musikarien emanaldiak eskaintzen dituen lau edo bost eguneko jaialdi bat aurrera ateratzeko, jendearen babesa behar duzu derrigorrez eta jaialdi honek milaka lagun elkartzea lortzen du. Dena den, merkatuaren gorbeherek eragina haundia izan ohi dute eta hasieran Jamaikan Sunrise izenez ezagutzen zen jaialdia orain JA Sound izena du (iaz bi jaialdi ospatu ziren izen horiekin denboran eta espazioan gertutasun haundiarekin eta dirudienez gehiegi izan zen).

MAILA ALTUKO ESKEINTZA
Jamaikan Sunrise edo Ja Sound izenarekin ospatu diren jaialdi guztiek, amankomunean, jaialdian parte hartu behar duten abeslari eta musikarien maila altua zuten. Urteak dira Frantzian reggae musika entzuten dela eta horri esker posible da horrelako jaialdia aurrera ateratzea. Entzuleek puntako musikariak eskatzen dituzte eta antolatzaileak reggaearen barruan dagoen aniztasunaz baliatzen dira gusto guztiak hasetzeko. Maila honetako jaialdi batean kontutan eduki beharreko guztia zaintzen da. Musikarien maila eta estiloen aniztasunaz gain, soinu kalitatea eta jendeari eskeini beharreko zerbitzuak (komunak, janaria eta edaria, akanpalekua, informazioa, e.a.) zaintzen dira (hobetu daitezke noski). Ez dago aspertzeko aukerarik. Taldeen aurretik, tartean eta ondoren sound systemak eta poltsikoa ustu nahi duenarentzat diska dendak (biniloa 7” nagusi) eta era guztietako pitxi, arropa eta janaria saltzen duten postuak.

Aurtengo edizioan: Aba Shanti, King Earthquake, King Shiloh, 5th Element, Twinkle Brothers, Ras Shiloh, Groundation, Overproof sound system, Misty in Roots, Lyricson, Midnite, Bush Chemist, Lion Roots, Black Uhuru, Yabby You, Trinity, Natty King, Iration Steppas eta Reality Sounds.
ARITZ SOUND SYSTEM



