JAMES BROWN

FUNK-James Brown

JAMES BROWN 
FUNK MUSIKAREN ARIMA BASATIA
 

James Brown funk musikariaren sortzaile izanagatik ezaguna da. Funk musika? Askotan entzun dugun hitza da funk. Baina zer dago hitz honen atzean? Normalean musika estiloarekin erlazionatzen dugu, eta gehienetan, James Brown izeneko abeslariarekin. Itzaren esanahiari dagokionez, ingelesez, funk hitza, beldurra adierazten du; beldurgarria dena edo beldurtia dena. Musikari dagokionez berriz; XX. Mendeak eman duen musika dantzagarri eta hipnotikoenetakoa dela esango genuke. 

James Brown live 1973. Egilea: Heinrich Klaff. Wikipedia: CC BY-SA 2.0
 

HISTORIO LABURRA 

Funk musika, musika gehienak bezala, garapen baten ondorioa da. Musika, izaki bizien antzera, denborarekin, aldatzen eta garatzen doan zerbait da. Eskerrak. Musikak, denboran zehar ezagutzen dituen garapenei izena jarri eta estilo “berria” sortu dugu. Funk musika; soul, jazz eta rhythm & blues musiken garapenetik sortutako musika omen da, 60. hamarkadan sortutakoa. James Brown omen da Funk musikaren sortzailea; baina agian, hobe genuke, James Brown-ek, garapen horretan, ezinbesteko pausoa eman zuela esatea. Funk musikaren aurrekariak, AEBetako New Orleans hirian bilatu behar ditugu. New Orleans, frantses kolonizatzaileek sortu zuten 1718. urtean. Frantsesek (espainiarrek, portugesek, ingelesek, holandesek eta hainbatek egin bezala) esku lan merkearen bila, Afrika mendebaldera joan eta afrikarrak, indarrez, esklabo bezala eraman zituzten Amerikara. New Orleansera eramandakoek ordea, berezitasuna zuten besteekiko. Normalean, afrikar esklaboek, debekatuta zuten afrikar kultura edo erlijiorik praktikatzea. Debekatua zuten euren hizkuntzan hitz egitea, euren ohiturak mantendu edo euren jainkoak gurtzea. New Orleanseko esklaboei ordea, danborrak jotzen uzten zieten. Mendebaldeko afrikarren artean, ohitura errotua zen hiletetan danborrak jotzea. Pertsona bat hitzen denean askatasuna lortzen omen du eta askatasun hori ospatzeko, hiletak, musika alaiarekin laguntzen zituzten. Hilerrirako bidean izugarrizko festa antolatzen zuten eta festaren muina, danbor hotsa zen. Erritmo errepikakor, dantzagarri eta hipnotikoa. Denborarekin, danbor hotsak beste instrumentuekin lagunduko zituzten (haize sekzioko instrumentuak bereziki). Erritmoa, hipnosia eta dantza “basatia”. Horra hor, funk musikaren mamia. 

JAMES BROWN 


James Brownek odolean zeraman funk musikaren mamia. 1933an jaio zen Hego Karolinako Barn-Well herrixkako txabola batean. Amak abandonatu eta hasieran aita arduratu zen haurra hesitzeaz. Ondoren, izeba batek Georgiako Augusta herrian zuen taberna – putetxean eman zuen gaztaroa. Ikasketarik gabe, zapatak garbitzen, kotoia jasotzen eta autoetako piezak lapurtzen atera zituen lehen sosak. Lapurretagatik zortzi eta hamasei urte arteko kartzela zigorra ezarri zioten eta hiru urte eman zituen kartzelan. Boxeolaria edo beisboleko jokalari profesionala izan nahi zuen baina Bobby Byrd piano joleari esker musika munduan hasi zen. Lehen pausoak gospel musikan eman zituen baina Little Richard-en aholkuei jarraiki rhythm & blues eta soula egiten hasi zen; The Famous Flames taldearen garaiak ziren. Berehala egin zen ezaguna beltz komunitatean baina ez zuen, zurien artean, Otis Redding, Ray Charles edo Aretha Franklinek zuten arrakasta lortzen. Basatiegia omen zen zurien belarrietarako. 60. hamarkada bukaeran ordea, beltz izatearen kontzientzia hartu zuten beltz afro-amerikarrek. Botere beltzaren (Black power) garaiak ziren, “beltza nahiz eta arro nago” leloaren garaiak. James Brown-ek paper garrantzitsua jokatu zuen maila musikalean. Soularen gozotasuna alde batera utzi eta melodiaren gainetik, erritmoan oinarritu zen. Erritmoaren indarrak markatzen zuen kantua eta talde osoa, erritmo horren garapenean zentratzen zen. Musikalki kantu indartsuak ziren eta letren gaiak ere, “gogorrak”, garai haietarako. 60. hamarkada bukaera zen, “Esan ozenki, beltza nahiz eta arro nago” izeneko kanta grabatu zuen, beltz komunitatearen artean, lelo garrantzitsuan bilakatuko zena. Denborarekin, beltz komunitateak, azkenean, “berdintasuna” lortu zuten (paperean) eta amerikar “zintzo” bilakatu zen James Brown. Drogen aurkako kanpaina ofizialetan ikur izateagatik saritua izan zen eta droga kontsumitzegatik kartzelara eraman zuten. Negozio gizon eta AEBen ikurraren defendatzaile sutsua. “Negozio munduko langilerik amorratuena” zela zioen. Urtean 300 kontzertu emateko gai zen eta taldekideak bere menpeko soldadu gisa tratatzen zituen. Diziplina militarra zuen. Musikalki, XX. Mendeko abeslari eta musikaririk garrantzitsuenetakoa izan zen. Gospel, soul eta rhythm and blues musiken garapenean izugarrizko pausoa eman zuen eta berak sortutako abesti eta erritmoek, iraultza suposatu zuten musika munduan. Orduz gero, gutxi dira, James Brownen musikagatik eragina sentitu ez duten musika zaletuak. 

 

James Brown live 1973. Egilea: Heinrich Klaff. Wikipedia: CC BY-SA 2.0


FUNKAREN IRAULTZA 


Zerk egiten du desberdin funk musika? Zergatik lortu du horrelako eragina musika munduan. Funk musika, soul, gospel eta rhythm and blues musiken garapenetik dator eta afro-amerikar musika guztiak bezala, afrikar erritmoetan oinarrituta dago. Besteetan ez bezala, funk musikan, erritmoak du nagusitasuna. Ordura arte egiten ziren musiketan, orotar, melodiak zuen nagusitasuna. Funkean berriz, melodia bigarren maila batean geratzen da eta erritmoak hartzen du nagusitasuna. Soul musikan adibidez, abeslariak ziren izarrak eta abeslari hauekin zihoazen musikariak, laguntzaileak ziren; ahotsari base musikala jartzen zioten besterik gabe. Funk musikan, talde lana indartzen da, talde osoa (melodiaren gainetik) erritmoa garatzea du helburu. James Brownek oso garbi zuen hau eta hori dela eta; garaiko musikari onenak izan zituen lagun (Maceo Parker, Pee Wee Ellis, Fred Wesley, Bootsy Collins, e.a.). Funk musika garatu aurretik, kantuak, oso iraupen laburra zuten (singlearen mugak eraginda neurri bateak). Teknologiak aurrera egin eta iraupen luzeagoko grabazioak ahalbideratu zituen eta funk musikariek etekin ederra atera zioten honi. Funk musikaren beste “ezaugarrietako” bat, kantuen iraupen luzea izan daiteke. Era honetan, musikariei, duten trebezi osoa garatzeko aukera ematen die eta erritmoaren errepikapenak eraginda, “trance” egoera bilatzen da (gutxi gora behera). Funk musikaren beste “ezaugarria” kantuen indarra da (musika “basatia” dela diote askok). Barru barrutik sortzen da eta edertasuna bilatu baino, mugimendua, iraultza bilatzen omen du. 60. hamarkada erdian, giza eskubideen aldeko aldarria pil-pilean zegoen AEB-etan. Emakumeek ere paper garrantzitsua jokatu zuten aldaketa honetan. Ordura arte, abeslariaren “florero” gisa aritu baziren, orain protagonismo osoa aldarrikatzen dute. Abeslari nagusi bilakatzen dira eta maitasun kantuekin batera, beste gaiak jorratzen dituzten kantuak konposatzen dituzte (eurek konposatzen hasten dira ordura arte besteen kantuei ahotsa jarri besterik ez zutelako egiten). Erritmo indartsu, errepikakor eta azkarrak, abiadura handiko baxu zikinak (slaparen sorrera), gitarren rif zorrotzak eta garrasiaren pareko diren ahotsak. Musikaren indarra. 

ARITZ SOUND SYSTEM