INCOGNITO

INCOGNITO

INCOGNITO “MUSIKAREKIKO MAITASUNA”


SARRERA
Musika, gusto kontua dela pentsatu dugu beti. Munduko txoko guztietan egiten da musika eta musika horri jartzen diogun izenaren gainetik, doinu horiek gustokoak ditugun ala ez balio du. Incognito, Jean Paul "Bluey" Maunick-en proiektua da. Musika adituek acid jazz deitzen zioten lehen, nu jazz orain, soul, funk, jazz... musika dotorea esaten diogu guk. Sentimenduetatik jaioa eta sentimenduak kitzikatzeko egina. Moda eta estiloen gainetik dagoen musika ona, hasieratik amaieraraino gozatzeko modukoa. Lehen diskatik azkeneraino. Nork behar du Musika?


E!: Urte asko daramazu musikari lanetan, nola hasi zinen musika munduan?

Jean Paul "Bluey" Maunick: "Bost urte nituela hasi nintzen musika munduan. Mauricio izeneko uhartean jaio nintzen eta ondartzan ikasi nuen musika jotzen. Garai hartan bihurtu nintzen musikari profesionala, jendeak musika jotzeagatik ordaindu egiten bait zidan, beraz oso gaztetik musikari profesionala naizela esan daiteke”.

E!: Konposatzen duzun musikan Philadelphiako soinuaren eragin garbia nabari daiteke. Horrela da?

B: Bai, horrela da. Musika mota hau entzun bezain pronto gustatu zitzaidan eta hasieratik oso garbi nuen musika hau nik egindako kantuetan funtsesko eragina izango zuela.

E!: Zeintzuk dira zure artista gustokoenak?

B: Asko dira. Steve Wonder, Herbie Hancock, Earth, Wind & Fire... Philadelphia soinuko musikari guztiak orohar eta bereziki Minnie Riperton. Azken honek kantatzeko modu desberdinak daudela erakutsi zidan eta berari esker kantatzerakoan goxotasunak duen garrantziaz ohartu nintzan. Pertsona bezala, umiltasunaren balorea zein inportantea den erakutsi zidan eta bakoitzak egindako lanarekin umila izan behar garela. Asko ikasi dut berarekin.

E!: Zer bilatzen duzu zure musikarekin?

B: Incognitorekin aniztasuna lantzen saiatzen naiz, ez dut errepikakorra izan nahi eta horregaitik diska batetik bestera gauza berriak, desberdinak probatzea gustatzen zait.

E!: Hori dela eta aldatzen duzu abeslariz etengabe?

B: Taldearen izenak dioen modura “incognito” egotea gustatzen zait, ezezaguna dena gustatzen zait. Hori da taldearen funtsa. Taldea sortu nuenetik partaidez aldatzen joan naiz etengabe, ez dago musikari finkorik. Urte guzti hauetan laurehun musikari inguru hartu dute parte taldean eta abeslariekin berdin gertatzen da. Maysa Leak izan da denbora gehien egon den abeslaria baina orain bakarlari modura diskak kaleratzen ditu, bere bidea egiteko unea iritsi zaio.

E!: Zer nolako harremana mantentzen duzu Maysarekin? Aurrerantzean berarekin lan egiteko asmoa duzu? Zuzenekoetan, bere diskoen produktore lanetan…?

B: Maysarekin oso harreman estua mantentzen dut. Bere azken aurreko diska ekoiztu nuen eta berak nahi duenean berarekin lan egiteko prest nago. Nire etxeko ateak zabalik daude Incogniton parte hartu duten guztientzat. Incognito, sendi haundia da niretzat eta edozein familian bezala, hemen ere, semeak etxetik doaz baina badakite edozein egunetan bueltatu daitezkela eta beti izango dutela janari goxoa mahai gainean.

E!: Maysa Leak funtsesko partaidea izan da Incogniton. Bera AEB-koa izanda nola ezagutu zenuten elkar?

B: “Jungle Fever” pelikularen banda sonoroan egindako kantuagatik ezagutu nuen. Los Angeles hirian lagun amankomuna dugu eta abeslari baten bila nebilela, bost emakumeen telefonoak eman zizkidan eta nik, bost horietatik umilena zein zen galdetu nionean Maysaren izena aipatu zuen. Telefonoz deitu eta zerbait kantatzeko eskatu nionean Steve Wonder-en “Don´t you worry” kantua abestu zidan. Zalantzarik gabe, bilatzen nuen abeslaria zen.
 

Este archivo tiene la licencia Creative Commons Attribution-Share Alike 4.0 International , 3.0 Unported , 2.5 Generic , 2.0 Generic y 1.0 Generic . Atribución: Serolillo

Incognito taldeko partaide batzuk. Eskuinetik lehena, Bluey. (Arg: Serolillo. Wikipedia. CC BY-SA 4.0)


E!: Zer desberdintasun dago Incognito eta Maysak bakarlari bezala egiten duenaren artean?

B: Incognito, musikari guztien lanaren emaitza da, guztiek jartzen dituzte ideiak mahai gainean eta guztiek aportatzen diote zerbait kantuari. Bakarlari bezala zaudenean berriz, desberdina da, zure proiektu pertsonala da eta zu zara kantua nolakoa izango den erabakitzen duena. Lan egiteko modu desberdina da.

E!: Incognitoren musikan soula, funkia eta jazza uztartzen dira. Zein da bakoitzaren eragina?

B: Jazza hiltzear dagoen musika estiloa da. Gazteek ez dute jazza entzun nahi, rapa eta doinu komertzialagoak entzun nahi dituzte. Incognitoren bidez, jazza berrindartu nahi dugu eta beste musika estiloekin uztartzen dugu jende gehiagorengana iristeko aukera ematen digulako. Jazz diskak kaleratzeko asmoa dut baina ez Incognito izenarekin, horretarako beste proiektu batzuk ditut.

E!: Asko dira estiloen arteko mugak apurtu eta jazza beste musikekin uztartu dutenak. Zeintzuk dira zuretzat esanguratsuenak, Roy Ayers agian?

B: Roy Ayers da disco eta house musiken arteko zubia eraiki zuena. Jazz, disco eta funkiaren arteko nahasketan aitaorde izan da, “Smooth Jazz” delakoaren sortzailea.

E!: Jazz, soul eta funk doinuez gain brasilgo doinuak eta erritmo latinoak ere atzeman daitezke zure musikan. Zer nolako eragina dute doinu hauek Incogniton?

B: Maila pertsonalean, Brasilgo musikaren, futbolaren, janariaren, ondartzen eta emakumeen zaletu amorratua naiz. Betidanik gustatu izan zaizkit Brasilgo doinuak eta erritmo latinoak. Txikitatik Mauricion jotzen nuen musikak, brasilgo musika bezala, sustrai afrikarrak ditu eta oso gazte nintzanetik eragina haundia izan du nigan.

E!: Zer suposatu du zuretzat eta orohar zure antzeko musika egiten dutenentzat Talkin´ Loud disketxea?

B: Talkin Loud zigilua funtseskoa izan zen 90. hamarkada hasieran gurea bezalako musika egiten duen jendearen biziraupenean. Garai hartan, soul eta jazz musikak ez zeuden oso egoera onean eta Talkin Loud disketxeari esker galdutako indarra berreskuratu dute. Galliano, Urban Species, Young Disciples... eta oso maila altua duten antzeko taldeen diskak kaleratu zituen eta gaur egun klasikoak dira.

E!: Jende askorentzat “Positivity” diska da Incognitoren diska onena. Ados zaude?

B: Egia da, “Positivity” diska, diska borobila dela baina diska guztiek dute bere xarma. Diska berri bakoitzak aurrekoa osatzen du eta ez dut uste bata bestea baino hobeagoa denik.

E!: Zertan aldatu da taldearen soinua azken urteotan?

B: Aurreko diskarekin alderatuta, berrian kolore gehiago erabiltzen ditut, aurrekoa txuri beltzean egina zegoen. Koloreen irudikapen honekin musikalki egon diren aldaketen metafora egin nahi dut.

E!: Horrelako maila lortzeko grabazio estudioan ordu asko igaroko dituzu ezta?

B: Londonen nagonean, grabazio estudioa nire etxea bilakatzen da; dena den, ez pentsa egun osoa estudioan sartuta igarotzen dudanik, leku batetik bestera ibiltzea gustatzen zait, ezin naiz leku bakarrean geratu.

Hori horrela izanda ere, zoritxarrez, ez dugu oraingoz Incognito taldea zuzenean ikusteko aukera izan. Dirudienez, aurten, uztailan Kanariar irletako jazz jaialdian kontzertua eskeini behar omen dute. Ea gure inguruan egiten diren jazzaldien antolatzaileek inspirazioa aurkitu eta Incognito taldea ekartzea bururatzen zaien. Asko eskertuko genuke.


ENTRESAKA
Incognito, sendi haundia da niretzat, semeak etxetik doaz baina badakite edozein egunetan bueltatu daitezkela eta beti izango dutela janari goxoa mahai gainean.