DESMOND DEKKER

DESMOND DEKKER

DESMOND DEKKER

 

DESMOND DEKKER “Jatorrizko rude boya”

2003. urtean ikusi nuen zuzenean Desmond Dekker azkeneko aldiz. Hernanin eskaini zuen kontzertuan, garaiz kanpo zegoela iruditu zitzaidan. 60. hamarkada bukaerako estiloa mantentzen zuen, XXI. Mende hasieran. Kuriosoa zen baina komiko xamarra zirudien; mugitzeko era, larruzko jantzi estuak, distiraraz betetako txamarra eta txapela buruan. 60. hamarkadan jendeari beldurra sorrarazten zion janzkerak, itsura komikoa ematen zion orain. Oso ondo pasa nuen. Ahots ona mantentzen zuen eta jendearen gozamenerako, bere kantu ezagunenak abestu zituen. Kantu horiei esker bizi iraun du urte guzti hauetan musika munduan; eta askotan, kantu horiek, bere kartzelan bihurtu direla pentsatu izan dut. Asko dira bere iraganeko arrakastaz bizi izan diren abeslari eta musikariak, eta Desmond Dekker zen horietako bat. Kantu gehiago konposatu zituen noski baina jendeak behin eta berriro kantu ezagunenak eskatzen zizkion. Ezin izan zuen edo ez zioten garatzen utzi. Hori izango zen bere zama. Musikaren langile amorratua izan zen. Musika zen bere pasioa eta musikarekin bizitzea erabaki zuen; eta baita lortu ere. Zorionekoa zen horregatik eta zorionekoak gu, bere dohain horrekin gozatu eta ikasi ahal izan dugulako. 

Desmond Dekker zuzenean. Arg: Sean Mason. Wikipedia CC BY 2.0

 

Biografia
Desmond Adolphus Dacres, 1942. urteko uztailaren 16an jaio zen Jamaikako Kingston hiriburuan. Haurtzaindegian igaro zituen bere lehen urteak eta soldatzaile bezala egin zuen lan, musika munduan buru belarri sartzea erabaki zuen arte. Urte zailak izan ziren horiek. Jamaikan, musikaren mundua oihana zen. Asko borrokatu eta gero, Leslie kong produktorearen arreta lortu zuen eta berarentzat grabatu zuen lehen kantua 1963. urtean (“Honour your father and mother “). Derrick Morganen laguntzarekin eta The Aces taldearekin kantu ederrak konposatu zituen ondorengo urteetan (“King of Ska” –Maytals-ekin batera-, “Parents”, “Mount Zion”, e.a.). Kantu hauek nahiko arrakasta lortu zuten Jamaikan baina ez horrela kanpoan. 1967. urtean Rude Boy-ak (mutiko gogorrak), Kingston hiriko ghettoak bereganatzen dituzte. Rude Boy-ak auzo txiroetako gazteak ziren, lanik eta dirurik gabe, sistemaren eta orotar, aginte mota guztien aurka borrokatzen ziren (ikus “The Harder They Come” filmea). Desmond Dekker zen gazte hauetako bat eta eguneroko bizimodua kantu bilakatzen zuen. 67an, Jamaikako Song Festival jaialdian, bigarren postua lortu zuen “Unity” kantuarekin, eta horrek, nazioarteko (Ingalaterrakoa bereziki) merkatuaren ateak zabaldu zizkion. 1968an, James Bond-en pelikularen eraginpean “007 (Shanty Town)” kantu arrakastatsua grabatu zuen, eta 1969an berriz, “Israelites” klasikoa. Ingalaterrako arrakasta zerrendetan lehen postua lortu zuen eta AEBetan bederatzigarrena (Marvin Gaye-ren “I Heard it throght the Grapevine” lehen postutik aldenduaz).

 Desmond Dekker-en urrezko aroa izan zen. 70. hamarkadan, Ingalaterrara doa bizitzera eta bertan, maila ertaineko hainbat arrakasta lortzen ditu (“It Mek”, “Problems”, e.a.). Urte hauetan, Jamaikatik iritsitako talde eta abeslarientzako lotura ezinbestekoa zen Desmond Dekker. Hauen birak irekitzen zituen eta horri esker bizi iraun zuen. 1980ean, Two Tone garaiaren une gorenean, Stiff Records zigiluarekin sinatzen du. Stiff diskoetxeak punk musika kaleratzen zuen gehien bat baina baita ska musika ere (Madness taldearen zigilua ere bazen). Reggae eta punk musiken harreman onaren adibide. “Black & Dekker” diskoa kaleratzen du Graham Parker-en The Rumours taldearekin. 

80. hamarkada erdialdetik itzalean mantentzen da, 1992an, The Specials taldeko lau partaideekin, “King Of Kings” diskoa grabatzen duen arte. Ondoren, arrakasta gutxiko “Halfway Paradise” eta azken urteotan, bere klasikoen bilduma mordoa. Azken urteotan, kontzertu ugari eman ditu baita gure artean ere. 2006ko maiatzaren 26ean utzi gintuen bihotzekoak emanda. 64 urte zituen eta Jamaikar musikaren eta orotar musika beltzaren ezinbesteko izena da Desmond Dekkerrena. Begirunea.

 

                        ARITZ SOUND SYSTEM