FREESTYLERS entzun
FREESTYLERS
Ziztu bizian 
Bilbon eskeini zuten emanaldiaren sarrera.
Estilo librearen egileak dira Freestylers eta nahiz eta egiten duten musikari mugarik jartzen ez dioten oso garbi dute zeintzuk diren beraien gusto musikalak. Big Beat bezala definitutako mugimendua puri purian zegoenean, Fat Boy Slim, Wiseguys, Cut La Roc, Freddy Fresh eta antzekoekin batera mugimenduaren lehen lerroan jarri zituzten eta orain, Big beat delakoaz inork hitzegiten ez duenean, lehen lerroan jarraitzen dute, itzalaren bidetik.
Matt Cantor eta Aston Harvey dira Freestylerseko arima. 90. hamarkada bukaeran ezagutu ziren, estudio bera erabiltzen zuten proiektu desberdinetan eta rap, electro, ragga eta breakbeat erritmoekiko maitasunak elkartu zituen. Londongo mendebaldean kokatua dagoen estudio txikian ematen dituzte eguneko ordu gehienak eta bertan konposatu dituzte lan berriko kantuak. Udara iritsi arren azal zuria/zurbila dute. Zergatik ote? Urteak dira musikarekin eta musikarentzako bizi direla eta aurrerantzean ere horretan jarraitu nahi dute. Matt Cantor eta Aston Harvey ez dira izar haundiak. Milaka diska saldu eta mundu erdian zehar kontzertuak eta sesioak eskeini dituzte (duela oso gutxi izan ziren Bilbon), musika elektronikoaren jarraitzaileen errekonozimendua jaso dute eta lehen bezain humil mantentzen dira. Egiten dutenarekin ez dute ezer berririk asmatu nahi ezta mundua salbatu nahi ere. Jendeak egiten duten musikarekin disfrutatu eta dantzatu dezala nahi dute eta kaleratu dituzten diskak izan duten ohiartzuna ikusita, helburua lortu dutela ezin uka.

Abiadura bizian
1998an, aurretik hainbat maxi egin eta gero, “We Rock Hard” (Freskanova, 1998) diska kaleratzen dute. Rap, break beat, elektro eta ragga jungle erritmoen porrusalda izugarria. Hasieratik bukaerara dantzan mantenzen zaituzten kantu erakargarriez osatua eta Londongo kale ilunetan hezitako Tenor Fly, Navigator eta Definition of Sound bezalako abelarien hitz jarioak lagunduta. Maixulana. Erritmo hautsien urteak dira, Finger lickin, Skint edota Freskanova (Freestylersekoen zigilua) bezalako disketxeek kaleratutako maxiek dantzalekuetan arrakasta itzela dute. 2001. urtean “Pressure point” (Freskanova, 2001) diska dator. Aurrekoa bezain indartsua baina askoz ere zikinagoa da, zakarra eta estiloetan mugatuagoa. Breakbeat eta elektroa da nagusi eta nahiz eta aurreko diskan arrakasta haundia lortutako abeslariak mantendu ez du aurrekoaren zabalkundea izango. Big Beataren modak gailurra jo eta beheruntz doa. Urte zailak dira Freskanova zigiluarentzat eta azkenean disketxea itxi beharrean aurkitzen dira. Freestylersek eman beharreko guztia emanda zuela zirudienean diska berriarekin datoz orain. Diska berria, disketxe berriarekin ( Against the Grain, taldekoen laguna den Krafty Cuts-en disketxea) eta abeslari eta kolaboratzaile berriekin baina beti bezain zikin eta dantzagarri. “Raw as F**k” ( Against the Grain, 2004) diskan elektroa eta breakbeat-a entzungo ditugu bereziki ragga ikutuekin (geroz eta gutxiago). Gaur egun Londonen modan dauden doinu distortsionatu askorekin, technotik oso gertu.

Live & Direct
Aurreko diskoaren ildoari jarraituz erritmo astunak dira nagusi eta ahotsetan, Mc Sir Realek eta Million Danek jartzen dituzte rap eta ragga doinuak eta Onallee eta Jamie Youngek berriz souleroak. Aurreko disketan ez bezala ez dago hasieratik nabarmentzen den kanturik. “Push Up” kantua da salbuespena. Theo izeneko abeslari gazte eta ezezagunak abesten du Prince-ren garai onenak gogora ekartzen dituen kantu honetan. Diskako kantu arrakastatsuena izango da zalantzarik gabe (dagoeneko singel formatuan kaleratu dute). Diska kalean da eta orain, diskaren promozioa egiten ari dira diskako kantuak zuzenean aurkeztuaz. Europan zehar egiten ari diren giraren barruan Euskal herrian ere izan ditugu. Hasiera batean, emanaldia Gasteizen emango zutela iragarri arren, azkenean Bilboko Kafe Antzokian izan dira. Azken uneko aldaketa eta oso propaganda gutxi egin zaiola kontutan hartuta normala da jende gutxi azaldu izana. Nork gogoratzen da Freestyler-ekin? Aurreko bisitan sound system modura azaldu ziren baina orain banda modura etorri dira, bateria eta baxujolearekin. Mc Sir Real rap/ragga/animatzaile lanetan eta Jamie Youngen ahots goxoa ariman. Hasi eta bukatu. Udarako ekaitzak bezala. Hasieran sargoria, ilun dago eta konturatzerako blai egina zaude.

ARITZ SOUND SYSTEM


