STUDIO ONE
STUDIO ONE
STUDIO ONE
Jamaikar musika ederrenaren fabrika
Hiru urte igaro dira Clement Cosxone Dodd-ek utzi gintuela. Jamaikar musikaren zaletuak ez direnentzat (eta reggae musikaren hasi berrientzat ere) izen ezezaguna da Coxsonena. izen horren atzean, eta estiloen mugak apurtuz, XX. Mendean kaleratu diren kantu ederrenetakoak daude. Berak sortu zuen Studio One diskoetxea eta bere eskuetatik pasa dira reggae musikaren ezinbesteko izen gehienak. Ezin ahaztu dezakegu ordea, bere eskuetan eduki zituen abeslari eta musikarien doanak ustiatuz mantendu zuela imperioa.

SORRERA URTEAK
Clement Seymour Dodd, Jamaikako hiriburuan, Kingstonen, jaio zen 1932ko urtarrilaren 26an. Cricket jokalaria zela jaso zuen Coxsone ezizena. Gurasoak Beeston Street kalean zuten edari dendan hasi zen bebop eta jazz diskoak jartzen eta AEBetan denboraldi batez lan egin eta gero Rhythm and blues musika zaletu amorratua bilakatu zen. Jamaikara bueltatu zenean AEBetan erositako diskoek jamaikarren artean arrakasta izan zezaketela pentsatuz sound systema osatu zuen, 1954. urtea zen eta The Down Beat izena jarri zion. Sound Systemak jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. Soinu aparailu itzelak (bafle erraldoi eta amplifikadore indartsuak) kalera atera eta musika aukeratzaileak (selektoreak, selecter) jarritako diskoekin jendea dantzan jartzen da. Lortutako arrakasta ikusita maiz AEBetara joaten zen R&B-eko diskoen bila. Jamaikan indar handia lortu zuen sound system kulturak eta lehia handia zegoen euren artean. Kantu batek arrakasta bazuen, diskoaren gaileta edo pegatina kendu egiten zioten gainantzeko sound systemeko selektoreek zein kantu zen jakin ez zezaten. Bi sound system bata bestearen ondoan jartzen zirenean borroka itzelak sortzen ziren jarraitzaileen artean.

Musika hil ala biziko kontua izan da jamaikarrentzat, eta negozio itzela gutxi batzuentzat. 50. hamarkada amaieran AEBetan Rock and roll musikaren zabalkundearekin batera Rhythm and bluesak indarra galdu zuen. Jamaikarrek ordea ez zuten R&R-a oso gustukoa eta R&B-eko disko berrien faltan eurek beraiek estilo hori egiten hasi ziren, jamaikarren erara noski. 1959an Coxsonek Clue J eta Blues Busters taldearen lehen grabazioa egin zuen federal estudioetan (garai hartan Jamaikan zegoen grabazio estudio bakarra. Grabazioa pista bakarrean egin zen). Jamaikar musika industriaren sorrera izan zen hura. Lehen grabazioetan R&B-eko kantu ezagunen bertsioak egiten zituzten eta estilo hori jazz, boogie eta irlako mentoarekin nahasten hasi ziren. Emaitza noski ska musikaren sorrera izan zen.
SKA ETA ROCKSTEADY GARAIAK
Hasiera batean grabazio horiek soilik sound systemetan erabiltzen ziren baina kantu hauek zuten arrakasta ikusita diskoak saltzen hastea erabaki zuen. Era berean, geroz eta gehiago ziren musikari edo abeslari modura aritzera animatzen ziren jamaikar gazteak eta pixkanaka talde eta abeslariak ugaritzen joango ziren (Delroy Wilson, Millie, Maytals, e.a.) baino abeslariek baino, taldeek edo bandek zuten arrakasta handiena. 1958tik 1963ra The Blues Busters eta 63tik 65era (ska musikaren urrezko aroa) Skatalites taldea. Jamaikan musika negozioak hartzen duen tamaina ikusita, eta grabazio estudioen gabeziak bultzatuta, grabazio estudio propioa sortzea erabakitzen du; Jamaican Recording and Publishing estudio izena jartzen dio, 1961. urtea zen eta Studio One jaiotzen da.
1965etik aurrera erritmoak lasaitzen doaz, baxuak garrantzi handiagoa hartzen du eta baita abeslariak ere (soularen eraginez). Rocksteadyaren garaia da. Studio One zigiluan grabatu ziren rocksteady-ko kantu ezagun gehienak (gainontzekoak Duke Reid-en Treasure Islek grabatu zituen, Coxsonen etsai amorratua). Estudioko banda modura Soul Brothers (edo Soul Vendor) erabiltzen zuen (Skataliotes taldeko partaide batzuekin osatuta) eta abeslari bezala berriz garaiko arrakastatsuenak; Alton Ellis, Ken Boothe, Gaylads, Heptones, e.a.
Skatalites taldea.
REGGAE
60. hamarkada amaierarekin batera sortuko da reggae musika. Hasiera batean, rocksetadyaren garapen musikala modura eta denborarekin, rasta erlijioaren eta beltz izaeraren gaiak lantzen hasten dira. Lehenengo reggae talde eta abeslari ezagunenak pasa ziren Coxsone Dodden eskuetatik; The Wailers, Dennis Brown, Burning Spear, Gladiators, Wailing Souls, e.a. Geroago reggae musikaren nazioarteko izar handiak izango ziren gehieneak egin zituzten lehen grabaketak Studio One diskoetxean. Garai hartan grabatu ziren gainera geroago, gaur egun arte ehunka aldiz bertsioneatuko ziren base erritmikoak edo riddimak (Real Rock, Full Up, e.a.).

Studio One diskoetxea Motown soul diskoetxearen pausoak jarraiki, kate fabrikaren antzeko funtzionamendua zuen. Diskoetxeak musikari propioak zituen “soldatapean” (izen desberdinak erabiltzen zituzten; Sound Dimension, Bredford All Stars, e.a.). Musikari hauek irlako onenak iren eta etengabean erritmoak eta instrumentalak sortzen zituzten; goizetik gauera arte etengabe ari ziren melodia eta kantu berriak asmatzen. Ondoren abeslariak gonbidatzen ziren eta miseria baten truke singelak grabatzen zituzten. Kantuak irrati eta sound systemetan arrakasta lortzen bazuen etekinak produktoreak (Coxsone Dodd-ek kasu honetan) eramaten zituen eta kantuaren eskubideekin geratzen zen.

Coxsone Doddek lan asko egin du reggae musika nazioartean ezaguna izan dadin baina lan horren etekinak musikari eta abeslarien esklabutza lanari esker atera zituen eta hori ere ezin dugu ahaztu. Hitz batean esanda, enpresari esplotatzailea izan zen, langileen miseriaren kontura bizi izan zena. 70. hamarkadan diskoetxe txikien ugaritzearekin batera musikari eta abeslari askok Studio One uztea erabaki zuten. Coxsone Doddek indarra galdu zuen orduan eta 80. hamarkadatik hil zen arte (2004. urteko maiatzak 05a), musikari eta abeslariei lapurtutako egile eskubideek emandako etekinei esker bizi izan zen bereziki. 80. hamarkada amaieran New York hirian zabaldu zuen estudio txikia nahiz eta Jamaikarekin lotura etengabekoa izan den. 60-70. hamarkadetan grabatutako erritmoak behin eta berriro bertsionatuak izan dira eta azken urteotan, Europako eta AEBetako zigilu eta banatzaileek Studio Oneko artxiboekin osatutako bilduma ederrak kaleratu dituzte etengabe.
STUDIO ONEKO IZARRAK
Nazioartean oihartzuna lortu duten reggae talde gehienak grabatu dute Studio One diskoetxean. Guztiak aipatzea ezinezkoa litzateke eta horregatik gutxi batzuen aukeraketa egin dugu:
SKATALITES
Ska musikaren arima izan ziren. Eurekin hasi zen skaren urrezko aroa eta eurei esker goza dezakegu estilo horrek eman zituen kantu ederrekin. Gehienak Alpha Boys musika eskolan heziak maisu ziren bakoitza bere instrumentuan. Don Drummond, Roland Alphonso, Tommy McCook, Dizzy Moore, Lester Sterling, Jah Jerry, Jackie Mitoo, Lloyd Brevett eta Lloyd Knibbs, ahaztu ezin diren izenak dira eta jamaikar musikaren eremua gainditzen duten musikariak dira. Skatalites banda banandu zenean hil omen zen ska musika nahiz eta taldeko musikariek (horietako batzuk duela gutxi arte) musika ederra eginez jarraitu dute beste taldeetan. Azken urteotan taldeko partaide batzuk Skatalites taldea berpiztu dute mundu osoan zehar (baita Euskal Herrian ere) kontzertuak eskainiaz.

ALTON ELLIS
Rocksteady musikari izena berak jarri omen zion “Get Ready-RockSteady” kantuarekin. Jamaikako abeslari souleroena izan da “Mr. Soul of Jamaica” eta AEBetako soul abeslari klasikoen pare egon da (askoren gainetik esango genuke guk). Studio One diskoetxea grabatu zituen kantu ezagun asko bain baita Treasure Islerentzat ere. Urteetan, berak konposatutako kantuengatik ez du sosik ikusi eta horietako asko behin eta berriro bertsionatuak izan dira (“i´m Still In Love With You” kantuaren melodia askotan erabili izan da baita arrakasta izugarria lortu duten kantuetan ere; Althe and Donnaren “Uptown Top Ranking” famatuan adibidez). Horren ezagunak ez badira ere 70. hamarkadan sustraizko reggae kantu ederrak egin zituen. Urteetan musika mundutik aldendua egon bada ere 90. hamarkadan Rocksteadyaren “revival” zela eta berriro ikusi ahal izan da kontzertuak eskaintzen.
KEN BOOTHE
Alton Ellisen bixki musikala dela esan daiteke. Hasiera batean Winston “Stranger” Colerekin batera Stranger and Ken bikote modura hasi zen eta ondoren bakarlari modura aritu da. Abesteko era oso souleroa du eta jamaikar musikaren remu gainditzen duten kantu izugarri ederrak grabatu zituen. Sentimenduz betetako doinuak. Alton Ellis bezala soul musikaren bertsio asko egin zituen eta Wilson Pickett-ekin parekatzen zuten. Era berean berak abestutako kantuen bertsio asko egin dira (horien artean Boy George pop abeslariak 1987an “Everything i own” kantuari egindako bertsioak arrakasta itzela izan zuen). Dena den, ez zaio inoiz merezitako errekonozimendua iritsi.

DENNIS BROWN
Bob Marleyk bere abeslari kuttuna zela esaten zuen (baita gurea ere). Aurreko bien abesteko era goxoa badu ere, eta soul musikaren izugarrizko eragina jaso badu ere, rocksteadyaren aroa gainditu zuen eta hil arte (1999ko uztailak 01) reggae musikaren lehen lerroan egotea lortu zuen (gora behera batzuekin). Maitasun reggaeren eta reggae borrokalarienaren arteko oreka mantendu zuen eta jamaikarren artean oso maitatua izan zen. Ospetsua zen ematen zituen kontzertu luze eta sentiberengatik. Studio One diskoetxearentzat “No Man Is An Island” izan zuen arrakasta handiena. Urteak aurrera egin ahal musika industriaren eta adikzioen menpe itzali zen. Muikaren maitale orok ezagutu beharreko abeslaria.

HEPTONES
Rocksteady garaian ahotsak indarra hartu zuen eta AEBetatik iristen zen soularen ahots jokoak eraginda Leroy Sibbles, Barry Llewellyn eta Earl Morganek taldea osatzea erabaki zuten. Hiru abeslari hauek lortzen zituzten hots jokoek ez dute parekorik. Studio One zigiluaren talde garrantzitsuenetakoa izan zen eta Leroy sibblesen kasuan, Heptones taldearen abeslari nagusia izateaz gain baxulari lanetan eta ekoizle modura ere aritu zen. Heptonesek sortutako abestiak behin eta berriro bertsionatuak izan dira gaur egun arte. 70. hamarkadan Leroy sibbles bakarlari modura hasi zen eta urteetan taldea bananduta egon eta gero, orain (Earl Morgan gabe) berriro elkartu eta mundu osoan kontzertuak eskaintzen dabiltza. Euskal Herrian maiatzean izan ditugu.
THE WAILERS
Zalantzarik gabe reggae musikak inoiz izan duen talde ezagunena. Bob Marley, Peter Tosh eta Bunny Wailerrek osatutako Wailers taldeak ere Studio Oneko estudioak zanpatu zituen. Eta ez zen batere atsegina izan. Hasiera batean Coxsonek ez zuen euren kanturik grabatu nahi. Bob Marleyk aurretik Leslie Kong produktorearentzat singela grabatu zuen “Judge Not” “One Cup Of Coffe kantuekin. Azkenean, besteak beste, Joe Higgs maisuaren laguntzari esker lortu zuten Studio Onen grabatzea, 1963ko gabonak ziren eta “simmer down” kantua grbatu zuten. 1963-66 urte artean 70 bat kantu grabatu zituzten Coxsone Doddentzat et horietako asko (20 inguru) arrakasta handia lortu zuten Jamaikan. Dena den, produktorearen joko zikinekin nazkatuta Studio One utzi eta euren zigilu propioa sortzea erabaki zuten (Wail´N Soul). Honek porrot egin zuen eta beste produktoreekin saiatu eta gero Chris Blackwell ezagutuko zuten. Bera izan zen baldintza txukunak eskaini zizkien bakarra eta berarekin lortuko zuten nazioarteko errekonozimendua eta ospea (eta berarekin taldea banandu eta Bob marley and The Wailers izatera pasako zen Peter Tosh eta Bunny Wailer gabe).

BURNING SPEAR
Beltz herriaren eskubideen defendatzaile sutsua eta Marcus Garveyren jarraitzaile handia. Bi disko grabatu zituen Studio One diskoetxearentzat eta hasieratik arazoak izan zituen rasta erlijioa zela eta. Dirudienez, hasiera batean Coxsone Doddi ez zitzaizkion rastak gustatzen (jamaikan oso gaizki ikusiak zeuden/daude) eta horrek arazoak sortu zizkion hainbat abeslari eta musikariekin. Azkenean, abeslari gehienak rastak zirela eta onartu beharra izan zituen. Burning Spearrek Studio Onen grabatu zituen bere kantu ezagunenetakoak nahiz eta geroago berriro grabatuko zituen beste produiktore eta diskoetxeentzat. Urteetan zehar Winston rodney (Burning Spear taldeko buru) izan da, komertzialtasunean erori gabe, hasieratik zituen ideiak sutsuki mantendu dituena. Musikalki ere reggaearen sustraiak defendatu ditu etengabe.

ARITZ SOUND SYSTEM









