Disko aipamenak Gaztezulo

12 TRIBU-Rebel inna nazarin street

12 TRIBU

Euskal Herrian egindako reggae musikak loraldia bizi du. Ambassah-ren diskoa, Makalaren reggae kantuak, BDF, Brixton, Black Jiko, 12 Tribu (eta gure eskuetara iritsi ez dena). Aspaldi ez genuela horrelako mugimendua sumatzen. 12 Tribuk, hirugarren diskoa kaleratu du, eta urteetan egindako lanaren emaitza da. Azken hamar urteetan (erres esaten da) bizitako bizipen eta esperientzien bilduma da. Talde batzuk ez dute helburua inoiz lortzen. 12 Tribu, amesten duen reggae musikatik geroz eta gertuago dago. Jendearen errekonozimendua falta da orain.

ARITZ SOUND SYSTEM

121 KREW-denboraren ildoa

121 KREW “EL SURKO DEL TIEMPO/DENBORAREN ILDOA “
(Musikherria, 2008)

121 Krew taldea, 2000. urtean sortzen da Bilbo eta Barakaldo artean. Graffitiari lotuta hasieran, rapa egiteko erabaki sendoa hartuko zuten denborarekin. Eta denboraren ildoari jarraituz, urte hauetan jasotako esperientziak lagunduta, hamahiru abestiz osatutako diskoa kaleratzen dute orain. Kantuen letretan gaztelera nagusi bada ere, euskara tartekatzeko ahalegin berezia nabari zaie. Ezkerraldeak bizi izan duen garapenaren testigu dira eta ez zaie ikusten dutena gustatzen. Kantuetan, hankak lurrean jarrita, eguneroko errealitate gordinaz mintzo dira, ezkerr(ald)eko ikuspuntutik aztertuta. Kantu ilun eta zuzenak dira eta taldearen web orriaren bitartez guztion eskura daude.


ARITZ SOUND SYSTEM

4 HERO-Life styles

4 HERO Life:Styles (Harmless)

Harmless disketxe kuttuna da guretzat. 60/70. hamarkadetan grabatutako soul, jazz, latin eta funk kantuak berreskuratu eta bildumetan kaleratu ohi ditu eta zaila izan arren, gure eskuetara iritsi diren zigilu honetako diska guztiak oso onak iruditzen zaizkigu; bai eduki aldetik eta baita aurkezpenari dagokionean ere. Oraingoan, 4 Heroko lagunen esku utzi dute arkeologi lana eta drum&bass dotoreenaren egileen sustrai musikalak ezagutzeko aukera eman digute. Lehen diska sesio modura osatua dago eta bigarrenean, sesioko kantuak nahastu gabe entzun ahal ditugu. Ezinbestekoa rare groove delakoen maitaleentzat.

ARITZ SOUND SYYSTEM

4 HERO-THE REMIX ALBUM

4 HERO THE REMIX ALBUM

Ingaleterrako Bristol hiriko beste hainbat musikari bezala 4 Heroko bikotea ere `Trip hop musikaren garaian egin zen famatua (nahiz eta beraiek `drum & bass estiloa jorratzen zuten). Gaur egun, inork ez du izen hori erabiltzen (modaz pasata omen dago) eta garai hartan arrakasta itzela lortu zuten taldeetatik gutxi dira komunikabideen harreta lortzen dutenak. 4 Hero-ko bikoteak musika egiteaz gain, besteen kantuak nahasten ditu (gusto haundiz gainera) eta orain, diska bikoitz honetan, beste musikariei egindako erremixak ( lehenengo diskan; Nuyorican Soul, Ultra Nate, Terry Callier, Marcos Valle, e.a.) eta beste musikari eta ekozileek 4 Heroren kantuei egindako nahasketa berriak (bigarren diskan; MAW, King Britt, Dj Spinna, e.a.) entzun ditzazkegu. Musika elektronikoaren garapenaren adibide garbia.

ARITZ SOUND SYSTEM

ACIDO C-stereopropulsion

ACIDO C “STEREOPROPULSION”
(Baga Biga, 2007)

Musika beltzaren energiaz bultzatuta datoz Acido C taldeko lagunak. Taldea 2002. urtean sortu zen Donostian musika afro-amerikarraren jarraitzaileek osatuta. Musikariei dagokionez, talde sendoa osatu dute; base erritmiko indartsua, haize sekzio dotorea eta ahotsetan, THC taldeko Alicia eta Evaren koroek, behar bezalako estaldura eman diote kantuei. Abestiak erdaraz eta ingelesez abestuak daude. Musikalki, funk, soul eta jazzaren berrikuspenaren bideari jarraitzen diote. Poztekoa da Euskal Herrian horrelako doinuak lantzen duten taldeak edukitzea baina poza gehiago emango liguke musika afro-amerikarra euskaraz lantzen duten taldeak sortzea eta kantuen edukietan, gai sozialak, konpromisoaren bidetik lantzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

ADRIANA EVANS-walking with the night

ADRIANA EVANS “WALKING WITH THE NIGHT”
Soul berria edo neo-soul deitzen duten musika estiloak Euskal Herrian inolako oihartzunik ez badu ere, musika beltzak zaletu asko dituen herrialdeetan izugarrizko arrakasta du. Gure gusturako, gehienetan, azukrez gainezka duten kantuekin osatutako musika izan ohi da; arina, gaietan sakontasun gabea eta berehala aspertzen zaituena. Musikalki bada ere, aurretik aipatutako topikoetatik zertxobait aldentzen da Adriana Evans abeslaria. San Frantzisko hirian jaioa, musikariez osatutako sendi giroan, soul klasikoa eta jazza izan ditu bidelagun. Minnie Ripertonenaren antzeko ahots goxo eta ederra du eta maila handiko musikariekin lagunduta, 70. hamarkadako soul jazz dotorearen zaporea utziko digun diskoa osatu du; goxoa, entzun erraza eta atsegin handiz behin eta berriro entzuten den diskoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

AKATZ-Rudo Bilbao

AKATZ “RUDO BILBAO”
(Brixton, 2009)
Harrigarria bada ere, gutxik jakingo dute Euskal Herrian hamazazpi urtetan musika jamaikarra landu duen taldea dagoela. Horrelako ibilbidea duen taldea Bilbokoa izan behar zuen derrigor. Hiri horrekin maitasun gorroto harreman sakona dutela dirudi, izenburua eskaintzeaz gain, disko berrian entzun daitezkeen kantu askotan Bilbo hiriko kontuak entzun bai daitezke (gazteleraz gehien bat). Taldea sortu zenetik entzulearekiko zuzeneko harremanari eman diote lehentasuna eta diskoak kaleratzea, garrantzitsua izanda ere, bigarren mailan geratu da. Disko berria Santandergo A-Lone Muzik estudioetan grabatu dute eta ska, rocksteady eta early reggaearen usai goxoena dakar.

ARITZ SOUND SYSTEM

ALI FARKA TOURE-savane

ALI FARKA TOURE “SAVANE”
Oraintxe bete da urtea Maliko abeslari eta musikari berezi honek utzi gintuela eta, urteurrena aitzakiatzat hartuta, omenaldi xumea egin nahi diogu. Gurean, Ry Cooder-i esker ezaguna egin zen (besteen artean) eta Afrikan egiten den bluesaren erreferentean bilakatu zen. Maliko tradizio musikalaren jarraitzailea zen eta tradizio horren eta bluesaren artean dagoen lotura estuaren adibide garbia zen. Diskoa Bamakon grabatu zuen eta horrenbeste maite zuen nekazal giro lasaiaren erakusle ederra da.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMALGAMAH-mellow roots

AMALGAMAH “MELLOW ROOTS”

Azken aldian estatuan kaleratu den diskorik interesgarrienetakoaren aurrean gaude. Hotdrop, Mood Rakers, Soulvibes edo Dub Rebels bezalako taldeetan aritu eta gero Carlos Alonso musikariak egitasmo interesgarri hau jarri du martxan. Izenburuak aditzera ematen duen bezala sustraizko erritmo goxoak aurkituko ditugu bertan; beti ere, reggae eta soul musiken arteko harremanetik sortutakoak. Diskoa osatzeko estilo hauetan eskarmentua duten abeslari eta musikari finak aukeratu ditu; besteak beste, Roberto Sanchez, Ines Pardo, Ranking Forest, edo jazz soul munduko Jose Manuel Pizarro. Disko bikoitza, kantu abestuak batetik eta dub bertsioak bestetik.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMBASSAH-RUB A DUB SHOWCASE part1

AMBASSAH “RUB A DUB SHOWCASE part.1”

Zorionak Dubby! Uribe Kostako perkusiolari umilak diskoa kaleratzea lortu du. Eta bertan, sustraizko reggaearen doinu dotoreak entzun daitezke. Zergatik ez? Nork dio 70. hamarkadako roots reggae egiteko, 70. hamarkadan bizi behar denik. Edota azal ilunekoa eta Jamaikarra izan behar zarenik?. Musika sentimenduak adierazteko tresna ezin hobea da eta Ambassah eta urteetako lagunek, sentimenduak, reggae musikaren bidez adierazten dute hobekien. Zorionak Dubby, Roberto, Afrikan Simba, Benjamin, Will, e.a.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMP FIDDLER-Afro strut

AMP FIDDLER “Afro Strut”

Zergatik ote? Egun, soul musikan arrakasta gehien duten musikariak, ez zaizkigu apenas interesatzen, eta alderantziz, itzalean mantentzen direnen artean aurkitzen ditugu gogokoenak. Asko dira, 60 eta 70. hamarkadetako soula oinarri hartuta, abestiak egiten dituzten musikariak, baina gutxi dira, garaiko giroa islatzea lortzen dutenak. Lortzen dutenen artean kokatzen dugu Amp Fiddler. Ahots ona eta produkzio dotorea izateaz gain, diskoan entzun daitezkeen kantuak, berak konposatutakoak dira, eta horrek, aurrefabrikatutako mundu honetan, balore handia ematen dio. Maxwell, George Clinton, Fishbone edo Raphael Saadiq bezalako musikariekin lan egin duela ahaztu gabe.

ARITZ SOUND SYSTEM

ANGELIC KIDJO - OYO

ANGELIC KIDJO “OYO”
90. hamarkadan ezagutu genuenontzat (gure kasuan bai behintzat) Afrikar musikaren adar berria deskubritzeko atea izan zen. Beninen jaio arren munduko txoko desberdinetan bizi izandakoa da eta horrek kultura eta musika desberdinak gertutik ezagutu eta bere diskoetan esperimentatzeko aukera eman dio. Ahots pribilegiatua duen emakume honen disko berria, txikitatik entzun eta eragin dioten kantuen bertsio eder eta oso pertsonalak entzungo ditugu (Curtis Mayfield, James Brown, Santana, Otis Redding, Sidney Bechet, Bollywoodeko zineari keinua edo Afrikar musikaren klasikoak, besteak beste). Diskoan gonbidatutako lagunen artean berriz Roy Hargrove, John Legend edo Dianne Reeves bezalako pisu astunak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ANGELIC KIDJO-OYAYA

ANGELIC KIDJO “OYAYA!” (Sony)

Urteak ez dira alperrik igarotzen. Benin jaioterria utzi zuenetik munduko txoko asko ezagutu ditu Angelik Kidjok. AEBetako funk doinuekin dantzan ezagutu genuen hasiera batean, Brasilgo usai eta goxotasunaz igurtzia gero eta oraingoan, urteetako ibilibidearen ekarpenak ahaztu gabe, Cubako erritmoekin maiteminduta aurkitu dugu. Angelik Kidjok munduan zehar indarrez sakabanatuta izan diren afrikar sendiko kideak bixitatzen ari da pixkanaka eta guztiekin, hobekien menperatzen duen hizkuntzan mintzo da, musikaren hizkuntzan. Hitz ederrak entzun nahi?.

ARITZ SOUND SYSTEM

ANTHONY B-HIGHER MEDITATION

ANTHONY B “HIGHER MEDITATION”
Sizzlak 90. hamarkada erdialdean “sing-jay” estiloa modan jarri zuenetik asko izan dira reggae melodikoa eta ragga doinuak uztartzen saiatu direnak. Jamaikar gazte askok, Sizzlaren arrakastak bultzatuta, abeslari izan nahi dute eta salmenta aldetik, arrakasta duela ikusita, Jamaikar musika industriak, antzeko diskoekin ito du merkatua. Horietako disko eta abeslari asko errepikakorrak eta aspergarriak iruditzen zaizkigu. Anthony B (topiko asko errepikatzen baditu ere) nahikoa txukun egiten duen gutxienetakoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

APACHE INDIAN-TIME FOR CHANGE

APACHE INDIAN TIME FOR CHANGE

Bitxia da Apache Indianen ibilbidea. India eta Jamaikako odola zainetan, bi lurraldeetako musiken maitasun harremana bultzatu du hasieratik. 1998an, zigiluaren eskutik, No Reservations diska dantzagarriarekin, gailurra ikutu zuen. Beherako bidea azkarrago egiten dela ikusi ahal izan zuen eta orain, ohiartzunik eduki ez duten diska batzuk kaleratu eta gero, bueltan dator galdutako nazioarteko ospea berreskuratu nahiean. Horretarako, Desmon Dekker-ekin Israelites kantuaren bertsioa osatu du eta beste abeslarien artean, Luciano edo Gunjanen kolaborazioak ditu. Asmo ona baino zerbait gehiago beharko du.

ARITZ SOUND SYSTEM

ARMA BLANCA-Revolucion

ARMA BLANCA “R-EVOLUCIÓN”

Iraultza: Gauzen egoeran ematen den aldaketa bortitza. Eboluzioa: Erakunde zein gauzen garapen edo aurrerapausoa. Bi hitz hauek erabilita osatu dute diskoa Arma Blanca taldekoak. Diskako kantuak entzunda ordea, azken urteotan estatu mailan egiten den rap musikaren bideari jarraitzen diola esango genuke eta guk behintzat, ez iraultza eta are gutxiago inungo garapenaren arrastorik ez diogu atzematen. Horrek ez du esan nahi estatuko rap musikaren zaletuontzat diska interesgarria izango ez denik.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASIAN DUB FOUNDATION-TANK

ASIAN DUB FOUNDATION TANK

90. hamarkada hasierarekin batera jungle erritmoak London hiriko auzo txiroetako festa ilegaletan nagusitu ziren. Garai hartan, Talvin Sign eta antzeko zoro batzuekin batera, aintzindari izan ziren Asian Dub Foundationeko lagunak junglela india eta pakistango jatorria duten erritmoekin uztartzen. Emaitza ziragarri hori urteetan zehar bizirik mantendu da eta taldeko abeslarien artean aldaketak egon badira ere, hasierako filosofia musikala mantentzen dute azken diska honetan. Jungle baseak, ragga ahotsak eta hindu jatorriko melodiak. Etorkizuna gaur hasten da ?.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-5 YEARS OF DISTANCE 1995 2000

ASKOREN ARTEAN "5 YEARS OF DISTANCE 1995-2000" (Distance 2000)

Bost urte bete ditu Distance zigiluak eta denbora labur honetan mundu mailako House zigilu onenean bilakatu da. Gaur egun egiten den house goxoena biltzen du zigiluak, jazz eta soul ikutua duten kantuak eta baxuari behar bezalako garrantzia ematen diotenak. Gustora dantza egiteko edota etxean patxara ederrean entzuteko musika da, buruko minik jarriko ez dizuna. Diska honetan zigiluko izar bilakatu diren Shazz, Kings of Tomorrow, Larry Heard edota Kevin Youst-en kantuak entzun daitezke, hainbat nahasketekin batera.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

ASKOREN ARTEAN-70 soul sessions

ASKOREN ARTEAN 70`S SOUL SESSIONS

Modak abiadura bizian etorri eta abiadura bizian joaten dira. Gur modan dagoena bihar zaharkitua geratzen da. 70. urteak modan omen zeuden duela hilabete gutxi eta orain, badirudi, 80. hamarkada berreskuratzea egokitu dela. Musikak, tarte berezia du moden kontuan eta modan dagoen bitartean garaiko musika ezagunenarekin osatutako diska bildumak perretxikuak modura ugaltzen dira. Orain aurkezten dugun diska bikoitza, modaren berotasunean sortu arren, moden eremua gainditu eta topikoetan erori gabe (azaleko irudia kenduta), garai bateko sentimendu eta bizipen musikalak isladatzen ditu. Soularen ariman sakontzeko bidailagun aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-BARFLY 5

ASKOREN ARTEAN BARFLY 5 (George-V-records)

Euskal herrira oraingoz iritsi ez den arren ohikoa da estatu frantsesean musika bidezko propaganda egitea. Ez da lehen aldia diskak kaleratzen dituzten hotel, jatetxe, kafetegi edo dena delakoaz hitzegiten dugula. Oraingo honetan Parisko George V kalean dagoen Barfly izeneko luxuxko jatetxeaz hitzegin behar dizuegu. 1995ean ateak zabaldu zituenetik bost diska bilduma kaleratu ditu eta azken honetan, J.C. Sindress, jatetxeko diska jartzaileak egindako house eta deep house sesioa entzun daiteke. House alaia, bokala eta oso souleroa da, atsegina. Musikarekin geratuko gara konzientziak (eta boltsikoak) leku horretara joatea debekatzen bait digute.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-BASQUE PLANET

ASKOREN ARTEAN “BASQUE PLANET”

Euskal musikak ez du interesik pizten Euskal Herritik kanpo, euskaraz egindako musikak ez du erakargarritasunik sortzen Euskal Herritik kanpo... bla, bla ,bla. 2004. urtea. Frantses estatuko disketxe independiente garrantzitsuenak, Wagram zigiluak, Euskal Herrian egiten den musikarekin osatutako bilduma kaleratu du. Fermin Muguruzak aukeratutako hemeretzi talde eta kantu. Estilo desberdinak. Disketxe haundi, txiki eta autoprodukzioak. Euskaraz. Maila altuko euskal musika mundu osoarentzat. Euskara buruan eta ibili munduan... musikari.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-BI HERRI IRRINTZI BAT

ASKOREN ARTEAN “BI HERRI, IRRINTZI BAT”
Zorionez, disko batzuek, musikaren duintasuna bere horretan erakusten digute. Batzuentzat musika aisialdirako osagarria da, besterik gabe. Parrandan gaudela adibidez, paisaiaren parte. Negozio itzela beste batzuentzat edo gazte-nerabe garaiko sukarra. Musikak sentimenduak zabaltzeko eta ideiak azaltzeko duen potentziala berriz orain aurkezten dugun diskoetan atzeman daiteke. Sahara eta Euskal Herriko musikariak elkarlanean, bat eginda. Bi herri eta bi kultura desberdin anaitzen dituen espresio tresna. Elkartasuna, errespetua, maitasuna, auzolana, borroka eta duintasuna bezalako hitz potoloak errazago ulertzen dira musikaren laguntzarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-BLUESBEAT SESSIONS

ASKOREN ARTEAN "BLUES BEAT SESSIONS"

"Musika elektronikoa" delakoa modan dagoela kontutan izanda argi zegoen goiz edo beranduago bluesari ere txanda iritsiko zitzaiola. Gaur egun egiten den musikak duen ezaugarri interesgarrienetakoa estiloek inposatutako mugen apurketa da eta apurketa horrekin batera estiloen arteko nahasketa. Zentzu honetan, teknologi berriek, bidea errestu besterik ez dute egin eta Alex Van Loyk osatutako diska honetan, blues musikaren eta erritmo elektronikoen arteko lotura duten kantuak bildu dira. Ezkontza askorekin gertatu bezala hemengo kantu batzuk hobe lukete baiezkoa eman izan ez balute.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-BRAZILIAN LOVE AFFAIR 5

ASKOREN ARTEAN BRAZILIAN LOVE AFFAIR 5
Duela gutxi Joe Davisen maitasun historioa kontatu genizuen, nola oso gazte zela Ingaleterratik oso urrun, Brazilen bizi zen musikaz maitemindu eta milaka kilometro egin eta gero, bere eskuekin eraikitako Far Out etxearen babesean, maitearekin batera izandako seme alabak osasuntsu hezitzen ziren. Hamar urte igaro dira eta orain harreman horretatik jaiotako azkena, bostagerrena, aurkezten digu; Azymuth, Marcos Valle, Joyce, Grupo Batuque... Brasilgo aniztasuna eta edertasunaren erakusle.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Brazilectro 5

ASKOREN ARTEAN “Brazilectro 5”

Brasilgo erritmoetan oinarrituta gaur egun egiten den musikaren lehio adierazgarria da Brazilectro bilduma saila. Brasilgo doinuekin osatutako bildumek gainezka egiten duten garaian gutxi dira duintasunez bost ale mantentzeko gai direnak eta guzti horien artean, guk ezagutzen ditugunen artean bai behintzat, Audiopharm disketxeak kaleratutako hau da azpimagarrienetakoa. Aurreko aleetan Brasilgoak izan gabe herrialde horretako erritmoek txunditutako taldeak bertakoak baino gehiago baziren azken ale honetan oreka lortzeko bidean jarri dira. Garrantzitsuena ordea eskeintzen den edukia izanda oraingo honetan, aurrekoetan bezala, maila haundiko bilduma osatu dute, brasildar doinuen eta erritmo elektronikoen arteko elkarlan txukuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Brazilectro 6

ASKOREN ARTEAN BRAZILECTRO 6

Audiopharm disketxeko lagunak nekaezinak dira. Musika estiloren bat buruan sartzen zaienean atsedenik hartu gabe estilo horretako bildumak kaleratzen dituzte. Horien artean, zalantzarik gabe, arrakasta gehien lortu duena brasilgo musika, samba eta bossa nova bereziki, elektronikaren nahasten duena da. Aurreko bost bildumetan egin bezala, oraingo honetan ere, estalki dotorearekin batera, musika horiek jasotzen dituen talde ezagun eta ezezagunez beteta dator eta aurrekoetan bezala, berritasunik erakutsi gabe, kantu ederrak dira guztiak. Edertasunaz nekatzeko arriskua dago?

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Brazilian beats

ASKOREN ARTEAN "BRAZILIAN BEATS" (Mr. Bongo 2000)

Brasil munduko herrialderiK musikalenetakoa dela ez du inork ukatuko. Musika eta futbolak betetzen duten "somnifero" paperagaitik ez balitz zer gertatuko litzateke bertan? Nork daki. Argi dagoena da oso musika ona egiten dela Brasilen eta Mr. Bongo zigiluari esker herrialde urrun horretako altxor preziatuenekin goza dezakegula gaur egun. Bilduma honetan 60. hamarkadatik gaur egun arteko errepasoa egiten zaio Brasildar musikari, KD formatoaren iraupenak dituen muga guztiekin noski.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

ASKOREN ARTEAN-CINEMATIC CLASSIC FILM MUSIC REMIXED

ASKOREN ARTEAN “CINEMATIC CLASSIC FILM MUSIC REMIXED”
(Six Degrees, 2007)

Asko dira pelikulen kantuei egin zaizkien nahasketak edo erremixak. Ez da gauza berria. Six Degrees diskoetxeko arduradunen esanetan, bilduma honetan, 20. mendean egin diren filma klasikoen musikei ikuspegi berria eman nahi izan diete. Horregatik, Henry Mancini, Quincy Jones, Ennio Morricone edota Duke Ellingtonen kantu klasiko horien nahasketak egiteko, zinemarekin harreman berezia duten disko jartzaile eta produktoreak bilatu dituzte (King Britt, Bombay Dub Orchestra, Tom Midleton, etab.). Gauza ez da nahasketek originalak gainditzen dituzten edo ez erabakitzea baina film eta doinu originalen jarraitzaileek pentsatzen dutena jakitea gustatuko litzaiguke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Central Heating 2

ASKOREN ARTEAN "Central Heating 2" (Grandcentral-Mastertrax, 2000)

Fuck Ingland-en egiten den hip-hop eleganteena aurki daiteke GrandCentral izeneko disketxe honen artxiboetan. Hip-hop zaleek kontutan hartu beharreko disketxea da hau eta Ingaleterran hip-hop ona egiten dela erakustera dator. Rae & Christian taldekoak daude guzti honen atzean eta hori argi geratzen da diska bikoitz hau entzuterakoan. Hip-hop eta northern soul musiken arteko nahasketa bultzatzen dute eta emaitza gaur egun entzun daitekeen hip-hop musikarik dotoreena da. Belarri finentzat.

ASKOREN ARTEAN-Dub Sessions

Askoren Artean “Dub Sessions”

Reggae kantu bat hartu grabazio estudioan sartu eta produktore edo soinu teknikariak egindako nahasketa berriari deitzen diote dub jamaikaar musikaaren adituek. Kantua pista desberdinetan banatuta dagoela, bateria eta baxuari ematen zaio garrantzia eta bestelako instrumentuak eta ahotsa bera ere, bigarren mailaa baatean geratzen dira, guztiei soinu efektuak gehituta (echo, delay...). King Tubby eta Lee Perry bezalako maixuak izan ziren aintzindariak eta denborarekin reggaearen azpiestiloan bihurtzeaz gain musika grabatzeko teknika batean bilakatu da (gaur egun musika elektronikoa delakoan oso erabilia). Hori da teoria eta praktika berriz, dub musikaren klasikoak alegia, diska bilduma bikoitz honetan aurki daiteke (multinazional batek kaleratuta!). Ongi etorriak dub klasikoaren erresumara.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-FANIA DJ SERIES

ASKOREN ARTEAN “FANIA DJ SERIES”
(Fania, 2007)
60. hamarkadatik 80. hamarkadara Fania izan zen AEBetan erritmo latinoak (salsa bereziki) ezagutzera eman zituen diskoetxe arrakastatsuena. Musikari onenekin Fania All-Stars talde ezaguna sortu zuten eta diskoetxea indarrean mantendu zen urteetan 300 disko kaleratu zituzten (Tito Puente, Eddie Palmieri, Celia Cruz, e.a.) 2006. urtean diskoak berrargitaratzeari ekin diote eta oihartzuna ematen laguntzeko Gilles Peterson DJ ezagunari gustukoak dituen kantuekin bilduma osatzea eskatu diote

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-FAVELA CHIC 3

ASKOREN ARTEAN FAVELA CHIC 3

Asko dira brasilgo musikekin kaleratzen diren bildumak baina gehienetan estilo zehatz bati lotuta daude. Orain aurkezten duguna berriz brasilgo aberastasun musikala zein zabala den erakusten duten horietakoa da. Gringo Da Paradak egin du kantuen aukeraketa eta nahasketa, eta aurreko bi aleetan bezala, oraingoan ere, teknikoki trebezi haundia erakusten ez badu ere, gusto haundia duela ezin ukatu. Samba, bossanova, batucada erritmo klasikoak baina baita rap, funk eta drum&bass brasildarra. Brasilgo musikaren egokitze gaitasunaren erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-FLAMENCO CHILL

ASKOREN ARTEAN FLAMENCO CHILL 2 (Sony)

Chill Out hitza aspaldi modaz kanpo geratu zela uste genuen baina badirudi oraindik diskak erakargarritasun komertziala izateko erabiltzen dutela ditxosozko hitza. Oraingoan, flamenko musikaren bide berriak aurkezten dituen bilduma izendatzeko erabili dute eta Chambao taldearen arrakasta eta gero bildumaren bigarren alea kaleratu dute. Oinarrian flamenkoa eta musika elektronikoaren arteko nahasketa izan nahi du eta estiloen arteko elkarketa guztiak gustoko ditugun arren, bilduma honetan entzun daitezkeen kantu askok ez gaituzte betetzen. Gatza gutxi dutelako izango ote?

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-GOOD GOD HEAVY FUNK

ASKOREN ARTEAN “GOOD GOD HEAVY FUNK”
(Guerilla, 2007)

James Brown abeslariak abenduan utzi gintuen eta guk uste baino mantsoago kaleratzen ari dira bere omenezko diskoak. Hori bai bere kantu ezagunenak jasotzen dituzten bildumak lehen baino abiadura azkarragoan kaleratzen dira. Funk musikaren bultzatzaile nagusia izan zenak bertsio eta sampler kontuekin zuen “eskuzabaltasuna” dela eta, dagoeneko bere kantuen bertsioekin osatutako ehunka disko kaleratuko zirela uste genuen. Oinordekotza arazoak agian. Orain aurkezten zaigun bilduma honetan, talde ezezagunek egindako bertsioak entzun daitezke (funk mundukoak ez diren taldeak batzuk) eta originalekin alderatuta, James Brown eta bere kideen balioa berresten dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-GUZTION ARTEAN EUSKAL RAP VOL1

ASKOREN ARTEAN “GUZTIOK BAT…EUSKAL RAP! MIXTAPE VOL.1”

Euskaraz egindako rap musika hazten doa. Barakaldon 121 Krew eta Maisha Mc-ren artean sortutako harrobiak fruitu berriak ematen ditu etengabe. 121 Krew taldeko lagunek aspaldi zeramaten horrelako grabazioa egiteko gogoarekin eta orain aurkezten duten mixtape honetan zuzenekoetarako internetetik eskuratutako baseekin osatutako grabazioak entzun daitezke. Zazpi kantu guztira, euskaraz abestuta eta Barakaldoko jendearen maila altuaren erakusgarri. Grabazioarekin batera euskal rapa sendotzeko gonbidapena eta taldearen hurrengo lana izango denaren iragarpena (Hiriaren taupadak). Zain gauzkazue.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-HI-FIDELITY DUB SESSIONS 5

ASKOREN ARTEAN HI-FIDELITY DUB SESSIONS 5

Jamaikar kutiziak europear erara. Horrela definituko genuke modu labur batean diska honetan aurki daitekeena. Edo beste era batera esanda, Jamaikan jatorria duen reggae musikaren azpiestiloa den dub musikaz europear jatorria duten eta musika hauekin txundituta dauden hainbat musikari, ekoizle eta diska jartzaile azal argien kopiak, elektronikaren filtroen laguntzaz osatuta eta jamaikarren dub klasikoaren aurrerapauso izan nahi dutenak. Ulergaitza ezta? XXI. mendeko duba? Pompoxoegia. Gure belarrietatik sartzen diren uhin elektromagnetikoak? Orokorregia. Hitz batean esanda: ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-IRUN LION ZION

ASKOREN ARTEAN “IRUN LION ZION”
Bueltan dira lehoi asmatikoa eta bere kumeak. Irun da konexioa eta bere bidegurutzean, Euskal Herri zein nazioarteko sortzaile desberdinak elkartzen dira Dub musikaren eremu askean (liburuxkatik aterata). besteak beste, Lisabo, Inoren Ero Ni, Esne Beltza edo Amparo Sanchez (Amparanoia). Ferminen proiektuetan zuzenean parte hartutako Sorkun, Dz, Jon Trombon, Bad Sound System, Xabi Pery, Mikel Abrego, Kaki, etab (bakoitzak bere egitasmoekin) ere aurkituko ditugu. Zerrenda luzea da eta bakoitzak bere izaera gehitzen dio diskoari. Euskal Herriko sortzaileak mundura begira daude, munduko sortzaileekin elkarlanean, etengabeko garapenean. Talkak indartuko gaitu.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-JOE GIBBS PRODUCTIONS

ASKOREN ARTEAN JOE GIBBS PRODUCTIONS (SOULJAZZ)

Galdera: Zer nolako garrantzia dute produktoreek reggae musikan? Erantzun laburra: Izugarria (erantzun luzeak liburu bat idazteko aina emango luke). Jamaikan produktoreak jainko ahalguztidunak dira; musika konposatzen dute, musika hori zein musikarik joko duten eta zein abeslarik abestuko duten erabakitzen dute, grabazio estudioak dituzte, banaketa katea kontrolatzen dute eta noski, etekin ekonomiko gehiena ateratzen dute. 70. hamarkadan Joe Gibbs izan zen jainko horietako bat eta orain gure Soul Jazz disketxe kuttunak Gibbsen base erritmiko klasiko eta arrakastatsuekin abeslari ez oso ezagunek egindako bertsioak (gehienak) berreskuratu ditu. Altxorra osatzeko arri bitxi berria.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-LAGOS SHAKE A TONY ALLEN CHOP UP

ASKOREN ARTEAN “LAGOS SHAKE A TONY ALLEN CHOP UP”
(Honest John`s, 2008)

Hau bai porrusalda. Hasiera batean reggae musikari zuzendutako zigilu batek, Tony Allen bateri jolea nigeriarraren kantuei egindako nahasketa elektronikoekin osatutako bilduma kaleratu du. Afro beat erritmoen zaletuen artean, erreferente garrantzitsua da Tony Allen. Fela Kutiren bateri jolea izanagatik ezaguna izan arren, kantu ugari osatu zituen eta orain, kantu horietako batzuei Basic Channel, Carl Craig, Diplo edo Bonde Do Role bezalako ekoizle ezagunek nahasketa berriak egin dizkiete. Ez da disko komertziala. Diskoko kantuek ez dituzte Europako dantzalekuak ezagutuko. Entzunaldi pausatua behar duten disko horietakoa da, denboraz hartu eta kantuen zirrikituak ezagutzera behartzen zaituen horietakoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-LOVE IN THE HOUSE

ASKOREN ARTEAN LOVE IN THE HOUSE

House bezala ezagutzen den musika elektronikoaren estilo dantzagarri horren barruan azpiestilo ugari daude. Housaren adar goxo, beltz eta dotorearen (deep house deitzen diote batzuk) jarraitzaileentzat ezinbesteko erreferentzia da Slip nSlide disketxea. Maila haundiko diska bilduma eta sesioak kaleratzeagatik ezaguna, udaberrian gaudelako edo, maitasunari eskeinitako house kantuekin osatutako bilduma kaleratu berri du (oso originalak direnik ezin esan). Arroxa koloreko lore, bihotz eta pinpilinpauxekin betetako portada terriblearekin batera doaz house arrakastatsuenaren ohiko musikariak (MAW, Blaze, Knee Deep, Ananda, Ultra Nate, e.a.). Azukre gehiegi.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-MUNDIAL MUZIQUE v2

ASKOREN ARTEAN " MUNDIAL MUZIQUE v2" (Guidance)

Duela gutxi arte afro-karibear, brasildar eta latindar erritmoen eta musika elektronikaren arteko nahasketa bitxia zen oso. Orain berriz, nonahi topatuko ditugu musika horiek nahasten dituzten diska jartzaile eta produktoreek egindako kantuekin osatutako bilduma edo sesioak. Merkatu haundi batean bizi omen gara eta eroslearen harreta erakartzen duten produktoak ugaritu egiten dira berehala. Kantitatearen mesedetan kalitateak galtzen du askotan eta geroz eta kontu haundiagoz begiratu behar dugu zer erosten dugun. Guidance disketxearen diskek kalitate bermea dute beti eta Faze Action, Femi Kuti, Suba, Tony Allen, Nuspirit Helsinki eta Tom & Joyce bezalako musikarien izena dakarren diskak "segurolen artean segurolena" ere gustora utziko du.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Mistyc world of Augustus Pablo


ASKOREN ARTEAN THE MYSTIC WORLD OF AUGUSTUS PABLO
(Shanachie, 2008)

Augustus Pablo reggaearen eremua gainditu zuen musikaria izan zen. Musikak giroak sortzeko doan bereziak dituela uste izan dugu aspaldidanik eta gutxi dira, guk ezagutzen ditugunen artean behintzat, Augustus Pablok bezalako giroak sortzeko ahalmena izan duten musikariak. Melodika izan zen bere instrumentu kuttuna baina beste asko jotzen zituen. Musikariaz gain, ekoizle ere izan zen, Rockers garaiko ezinbestekoa. Berak konposatutako melodien gainean; besteak beste, Jacob Miller, Heptones, Dillinger, Junior Delgado, Hugh Mundell edo Earl 16 bezalako abeslariek abestu dute. Utzi gintuela hamar urte beteko dira laster eta lau disko osatutako bilduma-liburuxka honek, merezitako omenaldia egiten dio.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-NEW TESTAMENT OF FUNK

ASKOREN ARTEAN “NEW TESTAMENT OF FUNK”

Funkiarena fedea galdu duten jarraitzaileez betetako erlijioa da. 70. hamarkada amaitu zenetik gutxi dira orduz geroztik egin den funkian sinistu dutenak. Musika beltzaren urrezko amarkadak agortu ezineko dizdira du eta asko dira dizidira horri begira itsu geratu direnak. Unique zigiluari esker fedea berreskuratuko dute askok eta gaur egun, AEBetatik kanpo ere, europa zurian, koipe askoko funkia egin daitekeela erakusten dute, zainak itxi eta bihotza geldi arazi arazteraino.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-NICE UP THE DANCE

ASKOREN ARTEAN "NICE UP THE DANCE"

Zer da lehenago rapa ala dancehall-a? Raperoak ragga eta dancehall doinuak rap musikaren eraginez sortu zirela esango dute eta reggae zaletuak berriz rap musika jamaikarren sound systemetatik eta hauetan toasterren kantatzeko eratik sortutako musika dela esango dute. 1967an Kool Herc jamaikar gaztea New Yorkera joan eta reggaerekin hasieran eta soul eta discorekin batera beranduago, sound systemen izpiritua zabaldu zuen. Jamaikar sustraiak zituen Grandmaster Flash-ek ondoren... beno, historio luzea da. Dancehall-a eta raparen arteko sexu harremanak sukarrak pizten ditu eta orain Soul Jazz-en bildumak gasolina dakar. Maitasunean sinisten ez dutenentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-NIRVANA LOUNGE 03

ASKOREN ARTEAN NIRVANA LOUNGE 03 (Chall`O Music)

Gaian adituak direnek, Burdismoaren bidean Nirvana, munduko sufrimenduetatik aske zauden egoerara iristea omen da, behar materialetatik kanpo, besteak lagundu nahi izatea... Leku fisikoa baino energia bera duten izpirituen elkarketa omen da. Beno ba, Claude Challe diska jartzaileak Nirvana hori leku fisikoan bihurtzeko ametsa egi bihurtu omen du eta orain `maitasun eta zoriontasunaren tenplua dela dioten taberna-kafetegia zabaldu dute. Antro horretako argazkiak ikusita aspaldi susmatzen genuena baieztatzen da: paradisua aberatsentzako asmakizuna dela. Nirvana hori, ustez ekialdean egindako musikaz osatutako bilduma honetako musika bezain azalekoa bada infernuan jarraitzea nahiago dugu.


ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-NU JAZZ SESSION

ASKOREN ARTEAN NU JAZZ SESSIONS 2

Geroz eta gehiago dira jazz musikaren eremuak zabaltzearen alde lan egiten duten musikari, diska jartzaile eta produktoreak. Guzti horietatik, guk ezagutzen ditugunetik behintzat, Jazzalicious kolektibokoak dira emaitza interesgarrienetakoak lortzen dituztenak. Jazz musikaren arima bortxatu gabe haize berria ematen diote gusto haundiz egindako nahasketetan. Oraingoan, jazz klasikoaren hainbat kantu (Carmen McRae, Sonny Lester, e.a.) eta gaur egun egiten denetik beste hainbat pieza hartu (The Tao of Groove, Agent K, Dj Spinna, e.a.) eta nahasketa berriak osatu dituzte. Jazz musika eserita entzun behar dela pentsatzen zuten horiek dantzak jartzeko moduko kantuak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-No Categories 3

ASKOREN ARTEAN "No Categories 3" (Ubiquity-Surco, 2000)

EEBBetako disketxe interesgarrienetakoa da Ubiquity. Bere barruan oso musika estilo desberdinak jasotzen ditu osatuak dauzkan azpizigiluei esker. Horrela Cubop izenekoa latindar kutsua duten musikak jasotzen ditu (Pucho & His Soul Brothers, Papo Vazquez, Francisco Aguabella...), LuvN Heihgt izenekoak soul eta funky doinuak berreskuratzen ditu eta Cookinek acidjazz eta hip-hop ingurukoak. Ubiquity bera musika elektronikoan murgiltzen da eta guztiek jazza dute elementu amankomuna. Bilduma honetan guztietatik dastatu al dugu.

ASKOREN ARTEAN-ONE WORLD MANY CULTURES

ASKOREN ARTEAN “ONE WORLD MANY CULTURES”

Putumayo diskoetxeak urteetan kultura desberdinen musikak guztion eskura jartzeko helburua izan du. Asmo horrekin, munduko txoko desberdinetako doinuak jasotzen dituzten diskoak kaleratu izan ditu; herrialdeka, estiloka edo gai zehatz bati lotuta kaleratu ditu; beti ere, musika horien atzean dagoen munduaren informazioa emanez. Oraingoan, diskoetxearen aurkezpen modura, disko horietan entzun daitezkeen kantuen bilduma osatu du; Cheb mami, Ziggy Marley, Gigi, e.a. Kolore aniztasuna, odol bakarra.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-PUTUMAYO INDIA

ASKOREN ARTEAN” PUTUMAYO INDIA”
(Putumayo, 2009)

Zorionez, gure diskoetxe kuttunak krisi garaiei aurre egin eta diskoak kaleratzen jarraitzeko asmoa duela dirudi. Putumayo-k munduko bazter ezkutuenetan egiten den musika interesgarriena jaso eta aurkezpen dotore eta informazio osatuarekin kaleratzen ditu diskoak. Azkenetakoa, Indian egiten den musikari eskaini dio eta bertan, herrialde erraldoi honetan egiten denaren kollage antzekoa eskaintzen digu; musika tradizionaletik hasi, Bollywood delako zinema industrian entzuten denarekin jarraitu eta elektronikaren dirdirak liluratutako doinuetaraino, guztia Indiatik kanpo apenas ezagutzen diren abeslari eta musikari interesgarrien doinuekin osatuta.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-PUTUMAYO PRESENTS TURKISH GROOVE

ASKOREN ARTEAN “PUTUMAYO PRESENTS TURKISH GROOVE”

Musika ikasteko tresna ezin hobea dela esan izan dugu askotan, eta horren adibide garbia, Putumayo diskoetxeak egiten duen lana da. Urteak dira, kaleratzen dituen bildumen bitartez, munduko txoko guztietan (salbuespenik gabe) egiten diren musikak gerturatzen dizkigula. Bildumak, herrialdeka edo gaika biltzen dira eta bertan, txoko horietako doinuekin batera (aukeraketa oso egokia izan oi da), diskoan entzun daitezken abeslari eta musikarien informazioa eskaintzen da (baita gazteleraz ere). Guztia marrazki bidez osatutako azal koloretsu eta ederretan. Oraingoan, Turkian, egun egiten den “hiri musikarekin” osatua. Tradizioaren garapena.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-RADIODREAD

ASKOREN ARTEAN “RADIODREAD”
New York hiriko Easy Star diskoetxea martxan jarri zenetik (1996. urtea), gure arreta osoa bereganatu duen diskoetxea izan da. Hasieran, hiriko reggae abeslari gazteen bultzatzaile izan zelako eta AEBetan, reggae oso ona egiten zuten abeslariak zeudela argi geratu zen. Azken aldian, pop eta rock abeslarien reggae bertsioekin ari dira; Pink Floyd lehen (“Dark Side of The Moon”) eta Radiohead orain (“Ok Computer”). Reggae musikak lortu dezakeen malgutasunaren adibide garbia.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-RAGGA CONNECTION 3

ASKOREN ARTEAN “RAGGA CONNECTION 3” (Sony)

Rap musikak lortutako arrakasta komertzialak bultzatuta ragga/dancehall doinuak geroz eta ezagunagoak egiten ari dira. Perretxikoak bezala zabaltzen ari dira eztarria urratzen duten abeslariak eta ongarri artifizialekin elikatutako base erritmikoak merkatua polisaturatutako koipeekin loditzen ari dira. Abiadura eta kontsumoaren gizarte honetan ez dago pentsatzeko astirik. Frantses estatuko Terror Seb eta Naughty J diska jartzaileek Sony multinazionalaren ekoizpen katea dancehall estiloaren azken koipearekin igurtzen ari dira. Lerro hauek idatzi nituenerako nobedade izateari utzi zioten kantuok.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-Rough Technique vol 02

ASKOREN ARTEAN "Rough Technique vol.02" (Freskanova-PIAS-Mastertrax, 2000)

Freestylers taldearen bigarren iraupen luzea kaleratu bitartean `monoa-ri aurre egiteko lagungarri izango zaigun bilduma da hau. Freestylers-ekoen disketxean aurki daitezken hainbat `zoroaurki daitezke bertan erritmo elektronikoaz beteta. Gaur egun egiten den breakbeat erritmo dantzagarrienak entzun ahal izango ditugu "Rough Technique" izenpean kaleratu duten bigarren bilduma honetan, besteak beste, Cut and Paste, Soul Hooligans, Arthur Baker, Panini edota Freestylers-ekoek beraiek. Azken hauen diska berrian agertuko omen den kantu berria entzun daiteke hemen.

ASKOREN ARTEAN-SALON ORIENTAL 4

ASKOREN ARTEAN “SALON ORIENTAL 4” (Apricot records)

Zer dakigu “ekialde”-ko kulturei buruz? Ekialdea? Noren ekialdea? Gure etxe azpiko auzoan gertatzen ari denaz enteratu ez eta telebistak informatzen omen gaitu. Badugu zer ikasi. Argazki ederrekin aurkeztutako bilduma honetan ekialdeko musikak jasotzen direla esaten zaigu, mendebaldeko doinuekin nahastutako erritmoak omen dira eta egia esan, diska entzunda ez dakigu horrela den edo ez baina gure ezjakintasunaz baliatuta zerbait “exotikoa” saldu nahi digutela iruditzen zaigu. Oker egotea gustatuko litzaiguke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-SISTER BOSSA 5

ASKOREN ARTEAN SISTER BOSSA 5

Italiako Irma disketxea Europako disketxe interesgarrienetakoa dela uste dugu. Bere katalogo zabalean sustrai beltzak dituzten estilo ugari aurki daitezke (funk, soul, jazz, brasildar musika, elektronikoa, e.a.). Estilo horiekin, diska bildumak kaleratzen ditu eta bitxikeri modura, bilduma horietan aurki daitezkeen talde asko italiarrak dira. Oraingoan, Sisten Bossa izenpean, Brasilgo musikaren eragina duten taldeak aurkituko ditugu (Soul Bossa Trio, LTJ X-perience, Belladona, Gazzara, e.a), 60. hamarkadako samba eta bossa nova doinuei musika elektronikoaren jantziak gehituaz. Irmakoen hitzetan: Cool jazzy cuts with a brazilian flavour.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-STUDIO ONE ROOTS 2

ASKOREN ARTEAN “STUDIO ONE ROOTS 2”

Jamaikar musikaren altxor ezkutuak jasotzen dituen bilduma berria kaleratu du Soul Jazz diskoetxeak. Clement Coxsone Dodd ekoizle jamaikar ezagunarekin iritsitako akordioa eta gero, Soul Jazzek, Studio One diskoetxeko hainbat single berreskuratu eta bilduma modura osatutako diskoetan kaleratu ditu. Studio One diskoetxeari buruzko sailaren barruan, 70. hamarkadako sustraizko reggaea jasotzen da Studio One Roots izenpean. Sail honen bigarren alea den honetan, besteak beste, Willie Williams, Al Campbell, Ken Boothe, Gladiators edo Culture taldeko abeslari nagusiaren, Joseph Hill-en lehen grabaketak entzun ditzakegu. Soul Jazz-en disko gehienak bezala, aurkezpen ikusgarriaz eta informazio asko jasotzen duen liburuxkaz lagunduta. Dotore.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-SUFFERATION THE DEEP ROOTS OF NINEY THE OBSERVER

ASKOREN ARTEAN “SUFFERATION. THE DEEP ROOTS OF NINEY THE OBSERVER”

Zorionekoak gara 70. hamarkadako reggae zaletuak. Geroz eta gehiago dira garai hartako kantu “arraroak” berreskuratu eta kantu horiekin diskoak kaleratzen dituzten diskoetxeak. Azken aldian, Auralux diskoetxearen lana azpimagarria da. Oraingoan, Niney The Observer produktoreak, reggaearen sustraizko garaian ekoiztutako hainbat kantu bildu ditu. Dennis Brown, Horace Andy, Gregory Isaacs eta beste hainbat pisu astunen kantuak entzun daitezke, horietako asko 45 hatz beteko formatuan. Ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-SUPERDISCO

ASKOREN ARTEAN "SUPERDISCO "

Ehundaka dira urtean "disco musika" izenarekin kaleratzen diren diska bildumak, baina kontuz, musika industriaren ohian basati eta arriskutsu honetan harreta haundiz begiratu behar da erosten dena. Disco musikarekiko orohar dugun ezjakintasunaz baliatuz zabor asko saltzen digute eta zabor saltzaileen atzaparretatik ihes egiten ikasi behar dugu. Disco musikaren topikoak gainditu eta disco musikaren mamia dastatu nahi duenarentzat aukera aproposa da Harlem auzoan sustraiak bota zituen P & P Records disketxearen bilduma hau. Itzalean erredurarik ez.

ARITZ SOUND SYSTEM.

ASKOREN ARTEAN-Studio One groups

ASKOREN ARTEAN “STUDIO ONE GROUPS”

XX. mendean sortu den musikarik ederrenetakoa., Jamaikako Studio One diskoetxeak kaleratu zuen. Diskoetxearen sortzaileak, Clement Coxsone Dodd-ek, iaz utzi gintuen, baina Heartbeat edo Souljazz diskoetxeekin lortutako akordioei esker, Studio Oneko katalogoko altxor ezkutuek, argia ikusten jarraituko dute, jamaikar musikaren zaletuon gozamenerako. Oraingoan, Studio Oneko talde ezagun eta ez horren ezagunen bilduma kaleratu du Souljazz-ek. 60. eta 70. hamarkada hasierako doinuak. Bob Marley & The Wailers, Gladiators, Heptones, Maytals, e.a. Beti bezain aukeraketa eta aurkezpen eder eta osatuarekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-THIS IS ENGLAND

ASKOREN ARTEAN “THIS IS ENGLAND”
(Universal, 2007)

Musika gure bizitzaren parte dela esan ohi da. Gure bizitzaren garai zehatzak talde eta kantu batzuekin erlazionatzen ditugu. 80. hamarkada hasiera, garai nahasia izan zen Ingalaterran. Langabezi tasa handia zegoen eta Margaret Tatcher-en burdinazko eskuek sufrimendu asko ekarri zuten; Malvinetako guda eta babes sozialen murrizketa, besteak beste. Pelikula honetan, garai hartako skinhead gazte talde baten gora beherak azaltzen zaizkigu; skinhead eta bonehead (estetika skinhead zuten faxistak) taldeen arteko liskarrak eta guztia garaiko musika ederraz lagunduta (Toots & the Maytals, Uk Subs, The Specials, etab).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-WOMEN OF AFRICA

ASKOREN ARTEAN WOMEN OF AFRICA

Posible ote da Afrika bezalako lurralde haundi eta aberatsean bizi diren emakumeen ahotsak diska bakarrean laburbiltzea? Ezineskoa da. Helburu horretatik urrun, Putumayo disketxeak, beste behin ere, Afrikar kontinentean dagoen edertasunaren zati txikia gureganatzea lortu du. Oraingoan, Afrikako hainbat herrialdeetako emakumeen ahots eder eta souleroak bildu ditu eta merezi duten harreta eskeini die (azpimarratzekoa da diska barruko liburuxkan, hizkuntza desberdinetan, abeslari eta kantuei buruzko informazioa ematen dela, argazki eta guzti). Beste bi puxtarri Putumayorentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-back to africa 2006

ASKOREN ARTEAN “BACK TO AFRICA”
Jamaikar musikaren ekoizpen itzelak joko asko ematen du. 70. hamarkadan grabatutako kantuen berrargitalpenen “erasoa” bizi dugu azken aldian, Europan kokatutako diskoetxeek bultzatuta. Dena den, Jamaikan, produkzio kateko lantegian ariko balira bezala, kantuak eta diskoak etengabe grabatzen jarraitzen dute. Bildumak osatzeko garaian, geroz eta ohikoagoa da, gai baten inguruan mintzo diren kantuekin osatzea bilduma. Oraingo honetan, Jet Star zigiluak, Afrikari buruz mintzo diren kantuekin osatu du diskoa, “new roots” delako artista “gazteek” (Bushman, Luciano, Garnett Silk, Sizzla, e.a.) abesturiko kantuekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN-hess classics

ASKOREN ARTEAN “CHESS CLASSICS”

AEBetan garatutako musika beltza ulertzeko ezinbesteko diskoetxea izan zen Chicagoko Chess zigilua. 40. hamarkadan, Poloniatik joandako Phil eta Leonard Chess anaiek sortuta, hamarkada desberdinetan, musikalki egon den nahaste borrastearen eredu izan da. Blues, Rhythm & Blues, Jazz, Rock& Roll, Soul, estili anitz uztartzen dira zigiluko diskoetan, horietako askotan gainera, argi eta garbi definitu gabeko estiloetan, gaur egun, musika estiloei dagokien maitasun harremanen aitzindari. Ramsey Lewis, Etta James, Fontella, Muddy Waters, e.a. Klasikoak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ATEAN-Motown remixed

ASKOREN ARTEAN “Motown remixed”

Denbora kontua zen. Azken urteotako joerari jarraituz, Motown disketxeko nagusiek, soul musikaren altxor eta kantu klasiko gehien biltzen dituen katalogoaren ateak zabaldu eta nahasketen aztien esku utzi dute. Z-Trip, Dj Spinna, Dj Smash, Kenny Dope, King Britt eta gehien bat, rap musikaren munduan ezagunak egin eta mundu mailan diska jartzaile, ekoizle eta kantuen nahasle bezala sona haundia lortu duten lagunek egin dituzte nahasketak. Marvin Gaye, Temptations, Jackson 5, Smokey Robinson, War eta antzeko pisu astunen klasikoak erabili dituzte eta diska entzunda, badirudi, originalei estaldura elektroniko fina jartzea besterik utzi ez dietela. Landu beharreko harri bitxia.

ARITZ SOUND SYSTEM

Arrested Development-since the last time

ARRESTED DEVELOPMENT “Since The Last Time”
Rap musikaren zaletu guztiok oso kontutan hartzeko taldea da. 90. hamarkadan rap musikak bizi zuen urrezko aroan zer esan handia izan zuten eta rap positibo, alai eta, era berean, borrokalariaren adibide nagusietakoa dira. Bost urtez itzalean egon eta gero, 2.000. urtetik bueltan dira, disko berriak kaleratuaz eta kontzertuak eskainiaz. Disko berri honetan, aurrekoetan bezala, musika alaia, dantzagarria eta mezu baikor eta iraultzaileak aurkituko ditugu. Bota itzazu kotxe dotoreak, urre koloreko pitxiak, plastikozko Barbiak eta gihar kimikoak zakarrera eta zatoz Arrested Development-ekoen baserrira. Aire freskoa burmuinarentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

Asian dub foundation-Punkara

ASIAN DUB FOUNDATION PUNKARA
(Phantom Sound & Vision, 2008)


Hiru urteko itxaron aldia eta gero, Asian Dub Foundationek disko berria kaleratu du (iaz Time freeze 1995/2007 izeneko disko bilduma kaleratu zuten). Hamaika kantuz osatutako diskoa da (Japonen kaleratutakoak opari kantua izango dute) eta, oinarrian, taldeak hasieratik izan duen bideari jarraitu dio; reggae-dub eta drum&bass erritmoetan oinarritutako kantuak dira, rockaren, erritmo elektronikoen eta indiako musikaren ukituekin eta amorru biziaz abestutako letra zorrotzekin. Aurreko diskoekin alderatuta, gitarra rockeroek protagonismo handiagoa dute. Egia esan, diskoak ez du nobedade askorik eskaintzen eta taldeko abeslariak onartu bezala, diskoa denbora tarte txikian grabatu dute eta aurrekoak baino gutxiago landua dago.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAD BRAINS-build a nation

BAD BRAINS “BUILD A NATION”

(Megaforce records, 2007)

1978. urtean, AEBetako Washington hiriburuko ghettoetan elkartu zen hardcore musikaren oinarriak jarriko zituen laukotea (Gary Miller “Dr. Know” gitarra jolea, Darryl Jennifer baxu jolea, Paul Hudson “H.R.” abeslaria eta Earl Hudson bateri jolea). Taldeak gora behera ugari izan ditu (tartean H.R –k reggae taldea osatu zuen, Human Rights) eta orain, berriro, laukotea bildu da.. Ekoizpena Beastie boys taldeko Adam Yauch-ek egin du eta musikalki Bad Brainsen hasierako estiloa berreskuratu da; hardcore azkar eta melodikoa (roots reggaearekin tartekatuta). Dena den, gure ustez, kantu ederrak edukita ere, hasierako diskoen energia falta zaio eta H.R.-ren ahotsak ere ez du lehengo indarra.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAD SOUND SYSTEM-Buiaka

BAD SOUND SYSTEM "Buiaka" (Metak) Martxa honetan Kontrakalearen ekoizpenen jarraitzaile fidelak bihurtuko gara. Afrikaren diskarekin euskal soularen lehen harria jarri eta gero Bad Sound Systemen zuzneko honekin datoz orain. Urteak dira Irungo I�aki eta bere lagunek reggae eta rap doinuen zabalkundean lan dotorea egiten ari direla eta orain lan horren fruituak jasoko ditugu diska honetan. Fermin Muguruzarekin emandako giraren zuzeneko grabazioa da, Zambra aretoan eskeinitako emanaldiarena, dancehall eta rap baseen gainean Brujok, Mastak eta Kenitrak erderaz jaurtikitako hitz jarioaz osatua. Urte askotarako. ARITZ SOUND SYSTEM

BAD SOUND SYSTEM-kalean

BAD SOUND SYSTEM “KALEAN”
(Autoekoizpena, Zu2ak 2008)

Euskal Herrian asko dira musikaren militanteak. Musika, negozio baino, ideiak eta sentimenduak zabaltzeko tresnatzat dute, eta ahal den neurrian, gizartean iraultza bultzatzeko bitartekoa. Komunikabide handiek ez diete harretarik eskaini nahi noski eta ahoz aho egiten dira ezagunak. Bad Sound System kolektiboko lagunak urteetan, gustukoak dituzten doinuak (reggae, rap, etab.) Euskal Herri zein kanpoko txoko desberdinetan zabaldu dituzte. Jamaikako sound systemak eredu hartuta, kalea aldarrikatzen dute. Bigarren disko honetan izugarrizko aurrerapausoa eman dute, eta musikari dagokionez, lagunek osatutako erritmoen gainean osatu dituzte kantuak. Autogestioa eta independentziaren aldeko apustua duina.

ARITZ SOUND SYSTEM


BALKAN BEAT BOX-Un med

BALKAN BEAT BOX “UN MED”
(Jdub records, 2007)

Tamir Muskat bateria, programatzaile eta ekoizlea (Firewater taldekoa), Gordon Bordello saxo jolea (Ori Kaplan taldeko kide ohia) eta Big Lazy dira egitasmo honen bultzatzaile nagusiak. Oinarrian, Europa ekialdeko erritmoak (Balkanetako eta Mediterraneoko kutsua duten doinuak) dub eta erritmo elektronikoekin elkartzen dituzte. Ez da definitzen erraza. Imajinatu, New York hirian, ijitoen txaranga base erritmiko elektronikoen gainean zoroak modura jotzen. Abesteko garaian rap eta ragga melodiak ere aurki daitezke. “Nu Med”, taldearen bigarren diskoa da eta bertan festarako gonbidapena egiten dute baina talde hauen indar guztia zuzenekoetan atzeman daiteke.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAMBAS & BIRITAS-VOL 01

BAMBAS & BIRITAS – VOL.01

Brasilgo musikak gaur egun duen aberastasunaren adibide berria da esku artean dugun diskoa. Ohikoa bilakatu da Brasilgo erritmo “klasikoak” (bossa, samba, batucada, e.a.) erritmo elektronikoekin nahastea baina horretan ere, mailak daude. Eduardo BID-ek sortutako egitasmo honetan lagun askok parte hartu dute. Produkzio lanetan, besteak beste, Beastie Boys rap taldeko Mario Caldato Jr. aurki daiteke eta ahotsetan berriz , orain ezezagunak izan arren zer esana emango duten Marku Ribas, Carlos Dafe edo Rappin Hood. Brasilgo zigilua duen drum&bass, rap, funk eta soula. Dotore.

ARITZ SOUND SYSTEM

BARRINGTON LEVY-SHAOLIN TEMPLE

BARRINGTON LEVY “SHAOLIN TEMPLE”

Egun egiten den musika ulertzeko ezinbestekoa omen da aurretik egin dena ezagutzea. Askotan ordea, zaila izaten da disko zaharrak lortzea. Berreskuratze lan horretan laguntza handikoa da Auralux diskoetxea. Barrington Levy ez da oso reggae abeslari ezaguna. Bere ahotsa bereziagatik balitz ordea, reggae abeslari famatuenen artean egotea mereziko luke, zalantzarik gabe. Auraluxek orain, Barrington Levy-ren lehen diskoa berrargitaratu du, luxuzko aurkezpenarekin eta are luxuzkoagoa den musikarekin. Goxoki bat.

ARITZ SOUND SYSTEM

BARRY BROWN-Rich Man Poor Man

BARRY BROWN "Rich Man Poor Man" (Moll Selekta)

Reggae musikan, beste musika estiloetan bezala, gutxi dira nazioarte mailan arrakasta lortzen duten abeslariak. Bob Marley kenduta gutxi dira reggae musikarekin lotzen diren izenak eta jamaikar musikaren zaletu askoren artean ere, reggae abeslari asko eta sko ezezagunak dira oraindik. Arrazoi desberdinak daude horretarako baina gaurkoan itzalean mantentzen diren abeslari horietako bat ekarri nahi dugu argitara. Gutxi dira Barry Brownena bezalako ahots fina eta pribilegiatua duten abeslariak eta Moll Selekta disketxeak egindako berreskurapen lanari esker, 1978-1980 urte artean, The Aggrovators, Revolutionaries, Roots Radics eta High Timeseko musikariekin grabatutako singel harri bitxien bildumaz gozatu dezakegu orain.

ARITZ SOUND SYSTEM

BASQUE DUB FOUNDATION-BREAKING THE RULES

BASQUE DUB FOUNDATION "BREAKING THE RULES"

Euskal Herrian reggae musikak merezi duen tratamenduan pauso berria eman dute Iñaki Yarritu eta bere lagunek. Santandergo Loud & Lone eta Londongo lagunekin osatutako taldea sendotu eta gero eta gaur egun, Europa mailan, dagoen reggae talde interesgarrienetakoa dela frogatu eta gero, orain, diska berriarekin datoz. Lasai! Zoritxarrez ez dituzte kantu berriak osatu oraingoz baina KD formatotik binilora pasa dira eta "Breaking the Rules" kantuarekin singela kaleratu berri dute. Zer esan singelak jamaikar musikan duen garrantziaz? Orrialde askotako kontua da hori! Info eta banaketak: www.reggaenews.co.uk

ARITZ SOUND SYSTEM

BASQUE DUB FOUNDATION-Roots melodies

BASQUE DUB FOUNDATION “ROOTS MELODIES”
Bilboko Iñaki Yarrituk gidatzen duen egitasmoak disko berria kaleratu du. Zortzi kantu guztira; lau instrumentalak eta beste lauak instrumentalen dub bertsioak. Rockers estiloko doinuak eta King Tubby eta Augustus Pabloren musika burura ekarriko digun doinuak entzungo ditugu eta baita Freddie Mc Gregorren "I Am A Revolutionist" kantuan oinarritutako melodia duen kantua ere. Kantu guztiak Iñakik sortu eta ekoiztu ditu eta instrumentu asko ere berak jo ditu (baxua, bateria eta teklatuak, besteak beste). Horretaz gain, ohiko lagunekin batera, Sly Dunbar eta Style Scott baterijoleak edo Wailers taldeko Wire teklistaren laguntza izan du. Diskoa Massive Sounds zigilu propioarekin kaleratu da biniloan eta dagoeneko ekoizpen berriak kaleratzear dituzte, adi beraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEASTIE BOYS-Themixup

BEASTIE BOYS “THE MIX UP”
(Capitol, 2007)

Indar berriturik datoz Beastie Boys taldeko lagunak. Besteak beste, Bad Brains taldearen disko berriko ekoizpenean aritu eta gero disko berria aurkezten dute (hiru urte igaro dira aurrekoa “To The 5 Boroughs” kaleratu zutenetik). Beastie Boys taldekoak maisu dira estiloen mugak apurtzen. Hardcore-punk erritmoekin hasi eta rap musikaren ezinbesteko taldean bilakatu dira; tartean, jazz eta rock estiloekin jokatzen ibili eta gero. Disko berrian Diamond, Horovitz and Yauch dira base erritmikoaren arduradunak (bateria, gitarra eta baxua) eta laguntzaile modura Money Mark teklatuetan eta Alfredo Ortiz perkusioetan aritu dira. Guztira hamabi kantu instrumental. Abeslarien ametsa.

ARITZ SOUND SYSTEM

BEBEL GILBERTO-BEBEL

BEBEL GILBERTO BEBEL

Gurasoen zaletasun musikalari jarraipena eman dio Bebel Gilbertok eta gurasoek famatu egindako bossa nova erritmoetan pauso berria eman du. Musika, izaera bizia duen neurrian, eboluzionatzen eta garatzen den zerbait da. Brasilen sortu eta mundu osoan zehar zabaldu eta garatu den bossa novaren sustraiak izan arren, Bebel Gilbertok jantzi berria eman dio bere musikari eta aurreko diskan, Tanto Tempo izenekoan egin bezala, orain ere, zapore klasikoko kantuekin batera elektronikaz igurtzitako doinu goxoak landu ditu. Erremixen zai geratzen gara beraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

BIBI TANGA ET LE PROFESSEUR INLASSABLE-yellow gauze

BIBI TANGA ET LE PROFESSEUR INLASSABLE “YELLOW GAUZE”
(L'inlassable Disque, Discmedi, 2007)

Azken urteotan oso ohikoa bilakatu da musika estilo desberdinekin osatutako diskoak kaleratzea. Aukeratutako osagaia eta osagai horiek elkartzeko modua egiten du disko hau berezia. Disko honetako protagonistak Bibi Tanga eta Le Professeur Inlassable dira. Lehenengoa, Gambian jaioa baina oso txikitatik Parisen hezia, abeslaria eta musikaria da. Bigarrena berriz, Frantzian jaioa, disko jartzaile eta ekoizlea. Bibik abesteko era desberdinekin jokatzen du; funk edo soul estiloan batzuetan, rap erara besteetan eta baita olerkilari modura. Musikari dagokionez berriz, jazza, soula, funkia, gospela eta erritmo elektronikoak, guztia zinemetako filmen eta afrikar erritmoen ukituekin estalia.

ARITZ SOUND SYSTEM

BILL LASWELL-EMERALD AETHER

DISKA KRITIKA

BILL LASWELL "EMERALD AETHER" (SHANACHIE-RESISTENCIA, 2000)

Askotan galdetu diogu gure buruari ea nondik aterako ote duen tartea gizon honek horrenbesteko proiektu aurrera eramateko. Lo askorik e duela egingo susmatzen dugu. Musikaria (baxulari aparta), ekoizle, negozio gizon eta nahasketetak egiten maixu reggae abeslariekin egindako langatik ezagutu genuen, ON-U SOUND zigiluaren bultzatzaile reggae eta dub esperimentalena landu izan du. Baina ez soilik jamaikar musikarekin; afrikar, brasildar, txinatar, indiar, palestindar eta azkenaldian kubatar musikekin esperimentatzen ibilitakoa da, herrialde horietako talde eta abeslari askorekin kolaboratuaz (Fela Kuti, Manu Dibango, Toure Kunda, Foday Musa Suso, Sly & Robbie, Yellowman, Dub Syndicate, Zakir Hussain, Liu Sola, Simon Shaeen, George Clinton, Herbie Hancock...zerrenda amaigabea litzateke). Oraingo honetan berriz irlandar musika tradizionala hartu eta bere filtro elektroniko berezitik pasa ditu. Jerry O´Sullivan, Solas, Karan Casey, Cathie Ryan eta antzekoen abestien interpretazio berria egiten du Bill Laswell-ek diska honetan.

SOUND SYSTEM

BILLIE HOLIDAY-remixed and reimaginated

BILLIE HOLIDAY “REMIXED AND REIMAGINED”
(Sony, 2007)

Urteak dira (hildako) abeslari ezagunen ahots grabazioak hartu eta nahasketa berriekin egindako disko bildumak kaleratzen direla. Hasiera batean hautsak arrotzen baziren ere orain normaltasun osoz hartzen dira. Normaltasun horrek ordea ez du emaitza ona ziurtatzen. Billie Holiday abeslariak ahots berezia zuen (are bereziagoa garaiko grabazio teknikak kontutan izanda) eta 1935 eta 1958 urte artean grabatutako kantuen ahotsekin nahasketa berriak osatu dituzte hainbat ekoizle eta disko jartzaileek (Nikodemus, Dj Logic, Tony Humphries, etab.). Aurretik Nina Simoneren musikarekin ere antzeko diskoa kaleratua izan da (emaitza antzekoekin). Zoritxarrez, kantu gehienek hasierako grabazioetan zuten magia galtzen dute nahasketa berri hauetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

BISSO NA BISSO-africa

BISSO NA BISSO “AFRICA”

Frantses estatuan bizi arren Senegaldar hauek ez dituzten euren sustraiak ahazten, ezta gutxiago ere. 90.hamarkadan Afrikan indar handiz sortu zen rap mugimenduaren aitzindari izan ziren Positive Black Soul edo Daara J-rekin batera eta, gaur egun, oraindik ere, Afrikar raparen ordezkari garrantzitsuenetakoak dira. Disko berri honetan, aurrekoetan bezala, rap doinuekin batera reggae edo kwaito erritmoak atzemango ditugu, txikitatik jaso dituzten eragin guztiekin batera. Kolaborazioen atalean Manu Dibango, Khaled edo Sizzla bezalako izen handien laguntza izan dute. Afrikar raparen osasun onaren erakusle.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOOZOO BAJOO-Juke Joint

BOOZOO BAJOO Juke Joint

Lagun batek dio diskaren azalak begiratuta barruan entzun daitekeen musika nolakoa den asmatzen duela. Beste batek dio diska entzunda musika egin duen musikaria nolakoa den jakin daitekeela. Boozoo Bajoukoek kaleratu duten diska honetan beraiek egindako musika baino gustoko duten musika entzun daiteke eta egin duten aukeraketa ikusita aldaketak gustoko dituztela, gusto desberdinetakoak direla, reggaea, duba, soula, bluesa eta orohar erritmo lasaiak atsegin dituztela eta nahasketa perfektua egiteari ez diotela garrantzi haundia ematen esan daiteke. Zer gosaltzen duten esatea ez gara ausartuko baina gusto ona dutela ezin uka.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOSSACUCANOVA-Uma Batida Diferente

BOSSACUCANOVA “Uma Batida Diferente”

Bossacucanova taldeko partaideak, gazteak izan arren, Brasilgo musikaren beteranoak direla esan daiteke. Brasilgoa bezalako musika aberatsaren barruan, joera klasikoak eta berritzaileak uztartzen lehenetarikoak izan ziren eta inoiz gehiegi arriskatu ez badute ere, berritzaile gisa hartuak izan dira beti. Urteak ziren diska kaleratzen ez zutela baina itxaronaldiak merezi izan du, diska berri honetarako konposatutako kantu simple eta ederretan hainbat lagunen parte hartzea izan dutelako; besteak beste, Zuco 103, Trio Mocotó, Celso Fonseca, Marcos Valle eta Adriana Calcahoto. Goxoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

BROWN SUGAR-LATIN BREAKBEATS, BASSLINES & BOOGALOO

BROWN SUGAR "LATIN BREAKBEATS, BASSLINES & BOOGALOO" (Harmless)

60-70. hamarkadan New York hirira iritsitsitako etorkin latinoek (etorkin hitza erabiltzea ausartzea ere!) beraiek bezain etorkin eta gainera indarrez eramandako beltz komunitatearekin topatu eta hasiera batean behintzat, etorkin anglosajoi zuriekin zerikusia ez zuten musika estiloen arteko nahasketa eman zen. Latin Soul, latin Jazz, Latin Funk, Latin Boogaloo eta nahi dituzuen etorkin hitz berri guzti hauen emaitza ziraragarria izan zen. Perkusioak, baxu doinuak, haize sekzioak, sentimenduak, gerri mugimenduak eta izerdia nonahi. Kutsadurarekin batera. Harmless disketxeak garai hartako eotrkinen musika berreskuratu eta gaur egungo etorkinentzat luxuxko 01010101... formatoan aurkezten digu. Etorkizuna eraiki zuten X etorkinak ahaztu ez ditzagun.


ARITZ ETORKIN SOUND SYSTEM

BUGGE WESSELTOLF-FILM ING

BUGGE WESSELTOLF FILM ING


Bugge Wesseltoft urteetan jazz musikaren eremuak arakatzen ibilitako musikaria da eta orain, diska berri honekin gauzak ez direla uste ditugun bezain mugiezinak erakustera dator. Ipar Europa hotzean jazz musikak etorkizunik ez duela esango luke askok eta diska honekin gustiz kontrakoa gertatzen dela esan daiteke. Nola lortu daiteke esperimentazioaren eta teknologi berrien bidetik kaleko herritar xume eta ezjakinongana iristea? Diskoan aurkituko ditugu erantzunak (batzuk behintzat).

ARITZ SOUND SYSTEM

BURNING SPEAR-Our music

BURNING SPEAR “OUR MUSIC”

Jamaikako St. Ann nekazal gunean jaioa, 1969an, lehen kantua grabatu zuenetik etengabean konposatu eta grabatu ditu kantuak Burnin Spear-ek. Nola da posible urte guzti hauetan musikaren munduan leporaino murgilduta egotea? Winston Rodney-ren kasuan (hori da bere izena) hiru arrazoi nagusi daude: 1- musika, gauzak aldatzeko tresna ezin hobea dela pentsatzea; 2- musikarekiko pasioa odolean eramatea eta 3- pentsatzen duenaren eta egiten duenaren arteko oreka lortzea, koherentzia. Reggae musikaren bilakaera ezagutzeko ezinbesteko abeslaria. Reggaearen mezularia. Ikusi eta ikasi, eta entzun.

ARITZ SOUND SYSTEM

BURNING SPEAR-the experience

BURNING SPEAR “The Experience”

Winston Rodney-k 35 urteko ibilbidea du musika munduan. Bere garaiko gazte gehienak ez bezala, musikari esker, munduari hainbat bira emateko aukera izan du. Ahots pribilegiatua eduki gabe komunikatzaile fina da. Kantuetan sufrimenduaren garratza atzeman daiteke eta itxaropenaren distira. Urteetako borroka eta gero, atsedenerako prestatzen ari da. Diskoetxe propioa du eta gauzak bere erara egin nahi ditu. Disko bikoitz (+DVD) honetan orain arte argitaratu gabeko kantuak eta zuzenean duen indarraren erakusle diren hainbat grabazio aurkituko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

BUSHMAN-SIGNS

BUSHMAN “SIGNS” (vp 2004)

Gaueko izakiez inguratuta bizi da Bushman; odol surgatzaile banpiroak, parasitoak eta hipokritak. Arrakasta lortu duen musikariaren patua da. Guzti horiei aurre egiteko indarra soberan du eta indar horretaz baliatua osatu du diska borobila. Ama jainkosak eman dion ahots pribilegiatua urteetan landu eta gero Luciano eta Dennis Brownen estiloa menperatu du dagoeneko eta Jamaikako musikari eta soinu teknikari onenen laguntzarekin mundu mailako reggaearen lehen lerroan kokatu da.

ARITZ SOUND SYSTEM

BYRON LEE & THE DRAGONAIRES-THE MAN AND HIS MUSIC

BYRON LEE & THE DRAGONAIRES “THE MAN AND HIS MUSIC”
Byron Lee eta bere taldekideak izan ziren jamaikar musika nazioartean ezagutu arazi zuten lehenak. 60. hamarkada hasieran, independentzia lortzearekin batera, jaio berria zen ska musika irlatik kanpo atera zuten. Bilduma bikoitz honetan taldeak urteetan izan duen garapena aztertu daiteke eta era berean, ska eta rocksteady doinuekin batera, reggaetonaren aitzindaria kontsideratu daitekeen soca erritmo komertziala nola landu duten ikusi daiteke. Bitxikeri bezala Gasteizko Potato taldearen “Miguelin el Cashero” eta “Jamaika ska” arrakastatsuen inspirazio iturria ezagutzeko aukera emango digu.

ARITZ SOUND SYSTEM

CAN 7-SAFARI CLUB

CAN 7 SAFARI CLUB

Levent Canseven eta Can 7 proiektuko lagunak ehiztari finak dira. Txuri beltzeko pelikula klasikoetan bezala, abere harriskutsuez betetako ohianetara joan dira eta ehiztari ausarten erara, borroka luze eta odoltsuen ondoren, gehien interesatzen zaizkien piezak bereganatu dituzte. Musikaren ohianean zorionez ez da odolik isuritzen (diska honekin guk dakigula ez behintzat) eta ehizatzen diren piezak, hezur haragizko abere gaixoak izan beharrean, musikaren ohianean dauden estiloak baino ez dira. Brasilgo bossa nova, house-a, electroa, funkia, lounge, arabiar kutsukoak eta izen exotikoak dituzten beste hainbat. Zihur trofeoak zintzilikatzen dituzten salan Sade munstro ederraren koadroa dutela.

ARITZ SOUND SYSTEM

CESARIA EVORA-CLUB SODADE

CESARIA EVORA "CLUB SODADE"

Gutxi izango dira Cesaria Evorari diogun begirunea eragiten diguten abeslariak. Pozik gaude, azkenean, berandu bada ere, nazioarteko entzulegoaren harreta jaso duelako eta bere musikak merezitako ohiartzuna duelako. Cabo Verdeko taberna zulo keotsu eta zikinenetan urteak eman eta gero mendebaldeko dantzaleku modernoetara bisita egin dezala nahi dute orain eta horretarako, musika elektronikoaren barruan izen ezagunak direnen esku jarri dute bere musika. Emaitza berriz gazi gozoa. Zoritxarrez dantzaleku askotan ez dituzte anka hutsik doazenak onartzen eta horrelakoetan hobe kanpoan geratzea. Klonen munduan originala nahiago.

ARITZ SOUND SYSTEM

CEU-VAGAROSA

CEU “VAGAROSA”

2007. urtean lehen diskoa kaleratu zuenean, disko txukuna iruditu zitzaigun, goxoa eta entzuteko atsegina. Dena den, zorionez, Brasileko musikan antzeko adibide ugari ditugu eta ez zigun arreta berezirik sortu. Bigarren disko honetan ordea, aurrekoaren ezaugarriei, musika aldetik ekoizpen bereziki landua gehitu behar zaio. Ohiko samba edo bossa nova/jazzaren doinuei ukitu elektroniko sutilak eta reggae erritmoak gehitu dizkiete eta emaitza askoz ere aberasgarriagoa dela iruditzen zaigu. Diskoaren izenburuak dioen bezala, musikalki bada ere, etengabe batetik bestera doana bada, bide zuzena aurkitu duela dirudi. Ederra.

ARITZ SOUND SYSTEM


CHE SUDAKA-Mirando el mundo al reves

CHE SUDAKA “MIRANDO EL MUNDO AL REVES”
(K-Industria, 2007)

80. hamarkada amaieran Mano Negra taldeak iraultza ekarri zuen musika mundura. Ordura arte nahastu ez ziren hainbat musika elkartu zituzten (reggae, rock, rumba, funk, balkanetako erritmoak, etab.) emaitza oso dantzagarria lortuaz. Era berean, festa giroa eta salaketa elkartu zitezkeela erakutsi zuten eta “patxanga” bezala ezagutuko zenaren oinarria jarri zuten. Che Sudaka. 2002. urtean sortu zen Bartzelonan. “Mirando el Mundo Al Revés” taldearen hirugarren diskoa da eta aurreko bien ildo musikala mantentzen badu ere, aurrekoekin alderatuta akustikoagoa da. Oraingoan, Mano Negrarekin baino, Manu Chaok azken aldian egiten duen musikarekin antzekotasun handiagoa du.
ARITZ SOUND SYSTEM

CHE

CHE

Brasildarrek, Brasildik kanpo sortutako musika estiloak bereganatzeko duten trebeziaz hitz egin dizuegu askotan. Azken urteotan, musika elektronikoaz maitemindu dira eta egun, munduan egiten den techno, house eta drum & bass interesgarriena Brasildik dator. Hasiera batean, arrotzak zaizkien doinuak bereganatzeko trebezia ez da berria eta 60 eta 70. hamarkadetan, AEBetatik iritsitako soula, jazza eta funkia primeran egokitzen jakin izan zuten. Orain, Che izeneko musikariak, garai hartako doinuak berreskuratu eta bere bizitzako soinu banda osatu du. “Radio Favela” edo Ciudad De Dios” bezalako filma ederrak girotzeko aparteko musika.

ARITZ SOUND SYSTEM

CHEB MAMI-DELLALI

CHEB MAMI "DELLALI" (Virgin, 2001)

Mende honetako proposamen musikal interesgarrienak Afrikatik iritsiko zaizkigula esan dizuegu behin baino gehiagotan. Cheb Mami-ren diska berrian bere jaioterriko, Argeliako, rai musikaz gozatu dezakegu baina "mendebaldeko" musika estiloez "jantzita". Horretarako, batetik, indiako musika eta elektronika maixuki nahasten dituen Nitin Sawhney eta bere garaian Chick taldeko kide izan zen Nile Rodgers-en laguntza izan du produkzio lanetan. Koroetan berriz Sting eta Ziggy Marley bestetak beste.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

CHEIKH LO-Jamm

CHEIKH LO “JAMM”
Afrikako lurralde desberdinen iturrietatik edan izan du beti eta funk, reggae eta afro-karibear musikaren eragina nabarmena bada ere, musikaren sustraiak Afrikan mantentzen ditu. Disko berrian ahotsaren erabilera nabarmentzekoa da eta honekin batera, hizkuntza desberdinek ematen dioten tonalitateen jokoa ere Kolaborazioak ere ez dira edonolakoak eta diskoan zehar Pee Wee Ellisen saxoa (J.B´s) eta Tony Allenen bateria (Fela Kuti) entzun ditzakegu, besteak beste. Kantuen gaiei dagokionez berriz, aniztasuna da nagusi; bakea, etorkinen egoera, materialismo eta kapitalismoari kritika, jeloskortasunari buruzkoa, Thomas Sankarari omenaldia (Burkina Fasoko presidente ohia) eta nola ez, Jainkoari eta Baye Fall erlijioari buruzkoa (erlijio musulmanaren adar senegaldarra).

ARITZ SOUND SYSTEM

CITY OF GOD-REMIXED MUSIC FROM THE MOTION PICTURE

CITY OF GOD "REMIXED MUSIC FROM THE MOTION PICTURE"

Jainkoaren Hiria. Munduan hiriak bezain beste errealitate daude eta guk, gure ate ondoan daukagunaz ere ez gara ohartzen. Komunikazioaren aroan bizi omen gara, milaka kilometrotara dagoen ezezagunarekin DENBORA ERREALEAN txateatu dezakegu eta bitartean bizilaguna urteak darama usteltzen. City of God filmeak begiak irekitzen lagunduko ote digu? Zigarroak irauten digun denbora agian. Filmaren banda sonoroak Brasilen 70. hamarkadan auzo txiroetan entzuten zen musika aurkezten digu. Ni, Funk, jazz, bossa. Kaixo! Zer moduz? Asko pozten nau zu ezagutzeak. Horren ondoren kaleratutako nahasketek berriz gaur egungo Brasildar musika ezagutzeko aukera ematen digu. Kaixo! Zer moduz? Elektronikaren erresumak mugak zabaltzen ditu.

ARITZ SOUND SYSTEM

DADDY JEFF-SAIO IRAUNKORRAK VOL.1

DADDY JEFF “SAIO IRAUNKORRAK VOL.1”
Gure artean oso ohikoa ez bada ere, ehunka “mixtape” kaleratzen dira egunero. Mixtapeak, disko jartzaileek egindako sesioen grabazioak dira (hasiera batean kasete formatuan egiten ziren eta horregatik izen hori). Normalean, editatu gabeko grabazioak dira, modu ez profesionalean ekoiztutakoak eta disko jartzailearen lana ezagutarazteko asmoarekin kaleratutakoak. Daddy Jeff aski ezaguna da gure artean; Selektah Kolektiboko abeslari eta ekoizlea, disko jartzailea eta irrati esataria. Euskal raparen erreferentea da. Mixtape honetan, trebetasun handiz, 80 eta 90. hamarkadetako rap doinu ez oso ezagunak bildu ditu estilo honen zaletuen gozamenerako.

ARITZ SOUND SYSTEM

DE-PHAZZ-DEATH BY CHOCOLATE

DE-PHAZZ "DEATH BY CHOCOLATE" (Universal, 2001)

Produktore batek diska batean izan dezakeen garrantzi izugarriaren adibide garbia da De-Phazz proiektua. Pit Baumgartner-ek diseinatu bezala osatu da diska. Inguruan alemaniako jazz-soul musikari eta abeslari interesgarrienak izan ditu lagun eta emaitza, nola esan, diska perfektua? Ez, zorionez perfekzioa ez da existitzen. Beno, lehen entzunalditik "engantsatzen" zaituen diska da hau. Jazz, soul, funk, lounge, reggae, elektronika...Horrenbeste entzuten badut berehala aspertuko nauen beldur naiz. Zer izango da nitaz orduan?

ARITZ "SOUND SYSTEM"

DESMOND DEKKER-In memoriam

DESMOND DEKKER “IN MEMORIAM”

Maiatzaren 25ean urtebete betetzen da Desmond Dekker abeslari jamaikarrak utzi gintuela. Asko dira tarte honetan egin zaizkion omenaldiak nahiz eta gehienak oihartzun txikia izan duten. Desmond Dekker jamaikar musikaren garapena eta ska musikak nazioarte mailan izan duen eragina ulertzeko ezinbesteko musikaria da (Potatok ere bertsioa egin zion). 60. hamarkadan, Jamaikar musikaren eremua gainditu duten kantak konposatu zituen eta Euskal Herrian zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera ere izan genuen. Disko honetan bere kantu ezagunenak entzun daitezke Dekkerrek berak egindako bertsio berrietan.

ARITZ SOUND SYSTEM

DIMITRI FROM PARIS-CRUISING ATTITUDE

DIMITRI FROM PARIS CRUISING ATTITUDE
Asko dira, geroz eta gehiago, musika konposatzen duten diska jartzaileak. Dimitri From Paris, mundu mailan dagoen diska jartzaile kotizatuenetakoa da egun eta bere buruari munduko diska jartzaile onena ezizena jartzen dioten askok ez bezala, Dimitrik dantza erritmoak jartzeari dagokionez, maixu dela erakutsi du. Sesioetan disco eta house musikak erabiltzen ditu bereziki baina musika konposatzeko garaian, gustu pertsonalak anitzagoak direla erakusten du. Bere musikarekin egindako bigarren diska honetan, lagun askoren laguntzarekin (MAW, Omar, Victor Davies...) barruan duen izaera musikal aberatsa erakusten digu.

ARITZ SOUND SYSTEM

DIPLOMATS OF SOLID SOUND-What Goes Around Comes Around

DIPLOMATS OF SOLID SOUND ”What Goes Around Comes Around”

Azken urteotako joerari jarraiki etengabeak dira soul, funk eta jazz erritmoak oinarri dituzten talde berriek kaleratzen ari diren diskoak (gehienak musikari zuriekin osatuta gainera). Oinarrian, musika beltzak 60 eta 70. hamarkadetan bizitako urrezko arora begira jaio diren taldeak dira baina soinu gaurkotu, fresko eta dantzagarriarekin. Oinarri instrumentalak dituzten arren, Diplomatsen bosgarren estudioko lan honetan adibidez, Diplomettes-en ahots joko ederrak lagun dituzte beste behin ere. Erritmo afro eta latinoei (boogaloo, latinjazz) keinuak eginez, estiloen mugak apurtzen dituzte naturaltasun osoz. Zuzenekoetan berriz festa ziurtatzen duen taldea da eta dantzatu eta ondo pasa nahi duen ororentzat oso gomendagarriak.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ CAM PRESENTS-FILLET OF SOUL

DJ CAM PRESENTS FILLET OF SOUL BY TASSEL & NATUREL

Camek bere lagunak aurkeztu nahi dizkigu. Batak Guillaume Naturel izena du eta besteak Alexandre Tassel. Guillaumek saxoa, baxu elektrikoa eta piano akustikoa jotzen ditu eta Alexandrek tronpeta, teklatuak, fenderra eta bateria jotzen ditu. Biek musika konposatu, programatu eta nahastu egiten dute eta beste lagun musikarien laguntzaz “Fillet of soul” diska osatu dute. Jolasorduan gozokiak jan eta bideokontsoletan aritu beharrean soularekin jokatzen dute. Azkarrak mutilak.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ Q-MUSIC AS WE KNOW IT

DJ Q "MUSIC AS WE KNOW IT"

Nola ulertzen du musika DJ Q-k? Zer musika ezagutzen du DJ Q-k? Galdera honen erantzuna diska entzunda aurkituko dugu noski baina hori, egia esan, gutxienekoa da. DJ Q-ri musika elektronikoa gustatzen zaio, goxoa, jazz eta brasildar doinuekin igurtzita, instrumentala batzuetan eta soul klasikoaren ahotsez lagunduta besteetan. Solista modura ari diren musikari gutxi batzuk kenduta musika guztia berak egin du. Baina nor da DJ Q? Gusto musikal ona duen musikaria da DJ Q. Ez dugu gehiago jakin beharrik.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ SHORTKUT-BLUNTED WITH A BEAT JUNKIE


DJ SHORTKUT – BLUNTED WITH A BEAT JUNKIE

Sanctuary multinazionalak Trojan diskoetxearen katalogoa erosi zuenetik azken tantaraino zukua atera nahiean dabil. Azken urteotan kontaezinak dira jamaikar musikaren altxor haundienak biltzen dituen Trojan diskoetxearen bildumak. Estiloka, garaika, abeslarien bildumak, gai baten arabera osatutakoak, e.a. Oraingoan Beat Junkies kolektiboko partaidea den Dj Shortkut-ek egin du kantuen aukeraketa eta nahasketa. Sesio txukuna osatu du nahiz eta aukeratu dituen kantu asko oso ohikoak diren Trojanen bildumetan eta gehiegi errepikatzeko arriskua duen.

ARITZ SOUND SYSTEM

DOREEN SHAFER GROVIN WITH THE MOON INVADERS

DORIN SHAFER GROVIN WITH THE MOON INVADERS
Ska klasikoaren jarraitzaileak pozik egoteko arrazoi berria dute. Gutxi dira 60. hamarkadan Jamaikan erritmo bizi, dantzagarria eta alaia sortu zenetik, etengabe, doinu hauek abesten aritu direnak. Doris Shafer, Skatalites talde instrumentalaren abeslarietako bat izan zen eta ia mende erdia igaro bada ere (erraz esaten da) erritmo horiek zabaltzen dihardu oraindik gaur egun ere. Azken urteetan gertatu bezala, ska musika, Europako zaletuen bultzadari esker mantentzen da bizirik eta oraingoan Belgikako Moon Invaders taldearekin osatu du diskoa. Rhythm & Bluesaren eragin garbia duten ska erritmo klasikoak.

ARITZ SOUND SYSTEM

DR Breaks-The Chronicles

DR. BREAKS “The Chronicles”

Urteetako ikerketa sakonak eta gero, azkenean, inoiz egon den rap musikaren produktore ezagun eta arrakastatsuenaren sekretua zein den asmatu dugu. Dr. Dre ahalguztidunaren arrakastaren zergatia eskuetan dugula zalantzak sortzen zaizkigu; ixilean mantendu, publikoa egin edota sekretuaz baliatuta Dr. Dre bezain aberats eta boteretsuak bihurtzen saiatuko gara. Pentsatzen jarrita ez dugu uste edabe magiko horrek eraginik izango zuenik Euskal Herrian, oraingoz ez behintzat beraz hobe dugu publiko egitea. Mundu osoan miloika diska saltzen dituen hip-hop produktore arrakastatsuenaren sekretua soul eta funk deitzen da. Horrela da bai, Dr. Dre produktorearen edabe magikoaren osagai nagusia musika horietan bilatu beharra dago; Leon Haywood, George Clinton, Curtis Mayfiel... Zer, bazenekiten ala? Eta nola ez zarete orain artean aberastu?

ARITZ SOUND SYSTEM

DREADZONE-THE RADIO ONE SESSIONS

DREADZONE “THE RADIO ONE SESSIONS” (Strange Fruit)

Onartu beharra dugu, Dreadzone azken urteotako talde kuttuna izan da guretzat. `360º´ izeneko diska kaleratu zutenetik urtero egon gara diska berria noiz kaleratuko duten zai. Azkenekoa `Sound´ izenekoa aurrekoen maila mantentzen zuen baina dagoeneko nekatu gara behin eta berriro entzuteaz (musika adiktoen gaitza). Techno-reggae dosi berria behar dugu! Hurrengo diskoa iritsi bitartean bitxikeri honekin konformatu beharko gara; 1993tik 1997ra ingaleterrako irrati publikoan, BBC Radio One delakoan, zuzenean grabatutako kantuen bilduma da hau. Noizko musika beltza eta elektronikoari zuzendutako saio espezializatua euskal irrati publikoan? S.O.S., S.O.S...

ARITZ SOUND SYSTEM

DWELE-WANTS WORLD WOMEN

DWELE “WANTS WORLD WOMEN”
Marvin Gaye edo Stevie Wonder bezalako abeslari eta konposatzaileen musika maite dutenek gaur egun egiten den soul musikarekiko oso kritikoak izan ohi dira. Egia esan, kaleratzen den “new soul” delakoaren barruan, arreta merezi ez duten disko asko kaleratzen dira. Tarteka, soul berri horrek, itxaropenerako tartea eskaintzen digu eta gaur egun egiten denarekin oso kritikoak direnek Dwele abeslariari aukera eskaini beharko liokete. Disko berri honetan, soul klasikoaren inspirazioa eta azken urteetako rap eta musika beltzaren ukituak modu txukun eta duinean topatuko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

DZIHAN & KAMIEN-GRAN RISERVA

DZIHAN & KAMIEN "GRAN RISERVA"

Ez dakigu Austrian ardo ona edo ez duten eta egia esan, arozaleak ez garenez bost axola digu. Musikazale amorratuak, musika adiktoak garen neurrian Austrian egiten den musika geroz eta gehiago interesatzen zaigu. Kruder & Dorfmeister eta G-Stone disketxekoekin hasi zen Austraiako edari musikalekiko dugun zaletasuna eta orain, Dzihan & Kamien-ekin zaletasun hori, dependentzian bilakatu da. Denborarekin ardoak propietateak irabazten dItuela diote eta denborarekin ere bikote honen musikak kalitatean irabazi du. Aurreko lanetan maila altua lortzen bazuten oraingo honekin marka guztiak apurtu dituzte. Poliki dastatu beharrekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

EARL ZERO-Showcase

EARL ZERO “SHOWCASE”
Ez dakit noraino iristeko asmoa duten. Roberto Sanchez eta bere lagunak ezagutu genituen lehen aldia hasi berriak ziren musika munduan. Burua ametsez beteta eta oso jarrera positiboarekin beti. Urte asko igaro dira eta dagoeneko, hasieran amesten zutena baina haratago iritsi direla iruditzen zait. Gaur egun, sustraizko reggae musikaren erreferente dira mundu osoan. 70. hamarkadako reggae sakonena 2010. urtean egina eta oraingoan Earl Zero abeslariaren eskutik. Itzalean mantentzen ziren abeslari klasikoei arnas berria eman diete eta tarteka ikusten diren itzulera penagarrien aldean, Lone Ark-ek, distira, seriotasun, kalitate eta maitasun aparta gehitzen die ekoizpen guztiei. Beti bezala, sustraietan oinarritutako reggae musikaren zaletuek entzun eta gozatu beharrekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

ELKANO BROWNING CREAM-2

ELKANO BROWNING CREAM “2”

Askotan gertatu bezala, Euskal Herrian (edo munduko edozein txokotan) kaleratutako disko askok merezitakoa baino oihartzun txikiagoa izaten dute. Zoritxarrez, musika beltzaren eremuan kokatzen ditugun erritmoak lantzen dituzten euskal musikariak gutxi dira eta itzalean mantentzen dira normalean. Eskarmentu handiko Mikel Azpiroz musikariak (Fermin M., Parafunk eta abar) oso ekimen interesgarria abian jarri zuen 2005 . urtean Franc Mantega bateri jolea (Alpha Blondy, Massive attack, besteak beste) eta Matt Harding gitarra jole eta abeslariarekin batera. Jazz, funk doinu dotoreak Hammond organoaren gidaritzapean. Disko txukuna eta kolaborazio interesgarriekin osatuta.

ARITZ SOUND SYSTEM

EMMANUEL JAL-Warchild

EMMANUEL JAL “WARCHILD”
(Sonic 360, 2008)


XXI. mendeko haur gerlaria. Sinesgaitza bada ere, gaur egun, oraindik ere, eskutan armak hartzen dituzten haurrak daude. Emmanuel Jalek zortzi urte zituen lehen aldiz armak eskutan hartu zituenean. Sudango hegoalde kristauan jaioa, zazpi urterekin Etiopiara eraman zuten Sudango gudatik ihesi (iparraldeko musulman eta hegoaldeko kristauen arteko guda). Emmanuel SPLA taldeko gerlari bihurtu zuten eta urteetan gudaren basakeria ezagutu du. SPLA taldean banaketa eman zenean ihes egitea erabaki zuen. Keniako hiriburura iritsi zen eta Rap estiloan abesten hasi zen. Orain aurkezten duen diskoan, Afrikar erritmo tradizionalak rap erritmoekin entzun daitezke eta abesteko eran ere hizkuntza desberdinak elkartzen ditu.


ARITZ SOUND SYSTEM

ERYKAH BADU-New Amerykah Part Two

ERYKAH BADU “New Amerykah Part Two (Return of the Ankh)”

Bere azken bideoklipak sortu duen polemika interesatuta alde batera utzita, Erykah Baduren disko berriak beti dira interesgarriak. Soul berriaren erreferenteetako batean bilakatuta, disko berrian ere, aurrekoen bidea jarraitzen du. Musikalki Marvin Gayren “Whats going on” bezalako klasikoen sonoritatea eta goxotasuna du eta edukiei dagokionez berriz, gai sozialak azaltzen badira ere, aurreko diskoetan baino nabarmenago, bizipen pertsonaletan oinarrituagoa dagoela esango genuke. 70. hamarkadako soularen antzera jazzaren eragin nabaria du eta gaur egun afroamerikarrek egiten duten “hiriko musika” gehiengoan bezala baita raparen eragina ere.

ARITZ SOUND SYSTEM

FEMI KUTI-DEFINITIVE COLLECTION

FEMI KUTI “THE DEFINITIVE COLLECTION”
(Wrasse, 2007)

Femi Kutik Afrika beltzaren indarra islatzen du; erritmoaren eta garrasi musikatuaren eredu da, duintasunaren aldarrikapena diren mezuekin batera (kantuen letrak ulertzeko ahalegina egin beharko genuke, merezi du eta). Disko bilduma bikoitz honetan, orain arteko ibilbideari errepaso egiten zaio; oro har, Femi Kuti eta bere taldearen kantu eder eta ezagunak biltzen dira lehen diskoan (baita lehen urteetan kaleratutako kantu ezezagunak, eta gure artean, orain arte, argitaratu gabeak). Bigarren diskoan berriz Femi Kutiren hainbat kantuen nahasketa desberdinak entzuteko aukera dugu.
ARITZ SOUND SYSTEM

FERMIN MUGURUZA-ERREMIXAK

FERMIN MUGURUZA “REMIX + BESTE HARRIBITXI BATZUK”
Fermin Muguruza eta lagunen disko berri honetan, 2008. urtean kaleratu zuen “Ashmatic Lion sound system” diskoko kantuaren erremixak jasotzen ditu eta hauekin batera, azken bi urteotan parte hartu duen beste egitasmoetako musika. Horien artean, “Todos los dias son tuyos” eta “Basajaun” pelikulen soinu bandarako kantuak eta AHTaren aurkako “Gelditu AHT” kantua. Erremixei dagokionez, ohi duen bezala, Javi Pez, Neil Zion Train, Rude, Rob Smith edo Xabi Pery bezalako lagunen nahasketak jasotzen ditu. Base elektronikoak, reggae eta dub keotsuarekin txiribueltaka.

ARITZ SOUND SYSTEM

FREDDIE Mc GREGOR-Heart is Willing

FREDDIE Mc GREGOR "Heart is Willing"
Jamaikar abeslarien artean klasikoa izan arren ez du gure artean beste abeslari gazteago askok izandako arrakasta lortu. Berdin dio. Gutxi dira gaur egun Freddie Mc Gregor-en maila lortzen duten reggae abeslariak; ez ahotsari dagokionez, ez kantatzeko erari dagokionez eta ezta kantuak konposatzeko gaitasunari dagokionez ere. Jainkoak ukitua dagoela esango dute batzuk, berezko doaia duela besteek baina egia dena da, hamaika urte zituenetik dagoela profesionalki kantuan eta gaur egun, ia mende erdi beranduago, hasierako indarra mantentzen duela. Azukre findurik gabeko maitasun kantuak. Positive vibrations.

ARITZ SOUND SYSTEM

FREESTYLERS-ADVENTURES IN FREESTYLE

FREESTYLERS “ADVENTURES IN FREESTYLE”
Bueltan dira breakbeat erritmoen zirikatzaile handiak. 1998an “We Rock Hard” diskoa kaleratu zutenetik, etengabe aritu dira mundu osoko festak erritmo dantzagarriekin hornitzen. Ez da breakbeat musikaren garai honena, azken urteotako uholdea eta gero, bigarren maila batean geratu da. Freestylers bezalako taldeei esker, oraindik zer eskaini duela argi geratzen da. Oraingoan ere, aurrekoetan bezala, hainbat lagun abeslari elkartu dituzte eta emaitza, dantzarako zein lasai entzuteko balio duen diskoa da.


ARITZ SOUND SYSTEM

FREESTYLERS-RAW AS FUCK

FREESTYLERS “RAW AS F**K”

Estilo librean aritzeko muga garbiak jarri dizkiote egiten duten musikari. Freestylersen diska berriak aurrekoen bidea mantentzen du. Urre beltzaren putzu sakonean murgildu zirenetik gorputz osoa rap, breakbeat, ragga, jungle eta electro loiaz zipriztindua dute. Hau bai kiratsa! Nahasketaren lurrinak bolumen egokian arnastuta zorabiatu eta bihotzaren taupadak azkartzen dizkizu. Bizitza gaua dela uste duten arima ustelduentzako elikagai garratza. Ñam, ñam...

ARITZ SOUND SYSTEM

GENERAL PATTON vs THE X-ECUTIONERS

GENERAL PATTON vs THE X-ECUTIONERS
Askotan esan izan dugu gaur egun arrakastatsuenak diren rap abeslari eta musikari ekoizleek norabidea galduta dutela. Diruaren sukarrak jota edo, produkzio katean egongo balira bezala kaleratzen dituzte diskak. Emaitza, arimarik gabeko erritmo errepikakorrak izan ohi dira. Diska honetan, rap komertzialetik ihesi, scratch eta sanplerraren teknikan, X-ecutiones kolektibokoek duten trebezia erakuten digute. Osorik entzuteko diska baino, esperimentatzeko diska osatu dute. Biniloan kaleratu izan balute, dituen sanpler eta soinu joko guzti horiekin, diska jartzaileek scratchak egiteko aproposa litzateke. Scratch-aren eta sanplerren zoroentzako soilik.

ARITZ SOUND SYSTEM

GEORGE BENSON-ABSOLUTE BENSON

GEORGE BENSON "ABSOLUTE BENSON" ( Verve 2000)

Gaur egun egiten den jazz goxoenaren adierazgarri da George Benson-en musika. Gitarjole modura ezagunagoa bada ere ez du nolanahiko ahotsa eta horretaz gain Ricky Peterson, Joe Sample eta Roy Ayers bezalako maila altuko musikariak eta Claudia Acuña, India eta Lisa Fisher bezalako abeslariak ditu lagun. Kenny Gonzalez eta Louie Vega "Masters At Work" ekoizleen lana azpimarratzekoa da "The Ghetto" (Donna Hathaway-ren bertsioa) eta "El Barrio" kantuetan, zalantzarik gabe diskako unerik onena.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

GILLES PETERSON-ECLECTIC

GILLES PETERSON "ECLECTIC"

Irrati esatari, diska jartzaile, negozio gizon... eta guzti horren gainetik musika zaletua da Gilles Peterson. Baina nor da benetan? Ingaleterran oso ezaguna bada ere gure artean ez du apenas inork ezagutzen. Eta? Ez gara inoiz pertsonen zale edo fansak izatearen aldekoak, ezta gutxiago ere. Ez dugu pertsona batzuekiko dagoen miresmen itsuan sinisten baina Gilles Petersonen kasuan, musikarekiko lan haundia eta oso baliagarria egin duela eta egiten duela uste dugu. Apaltasun haundiz jokatu du beti eta egindako lan izugarriarekin, soul eta jazz musikari zapore berriak ateratzen lagundu du, izen eta etiketen gainetik. Horregatik eta guregan hase ezina den musika gosea betekadarik gabe baretzen lagundu digulako gomendatzen ditugu bere diskak. Gusto finekoa beti.

ARITZ SOUND SYSTEM

GLEN ANTHONY HENRY-RELAX AND LOVE

GLEN ANTHONY HENRY “RELAX AND LOVE”
(Funkorama-Unique, 2008)

Askotan (gehienetan) musika munduko diskorik interesgarrienak komunikabide eta promozio kanpaina handietatik urrun osatzen dira. Soul musika, 60. hamarkadan AEBetan arrakasta komertziala izaten hasi zenetik, musika industriaren merkantzia izan da (musikalki horren dituen ondorio kaltegarriekin). Glen Anthony Henry komunikabideetan oihartzunik lortzen ez duen abeslari apartaren adibidea da. Txikitatik musikarekin harreman estuan, kolaboratzaile modura aritu izan da beste musikari eta ekoizleentzat. Oraingoan, Carlo Coupe-ren laguntzarekin, bakarlari modura, 70. hamarkadan erabilitako grabazio teknikekin, soularen eta funkiaren urrezko garaia berreskuratzen du.

ARITZ SOUND SYSTEM

GNAWA DIFFUSION-FUCKING COWBOYS

GNAWA DIFFUSION “FUCKING COWBOYS”

(Uncivilized World, 2007)

Gnawa, Afrika iparraldeko leinua da. XVI. Mendean Fez eta Argeleko jauntxoek Sudan mendebaldetik indarrez esklabo modura eraman zituzten iparraldera eta islamera bihurtu zituzten. Taldeak izena leinu honen omenez du eta taldeko partaideak Frantziako Grenoble hirian bizi dira. Musikalki; gnawa perkusio erritmoak dira taldearen oinarria eta hauei rai, reggae, ragga eta rap doinuak gehitzen dizkiete. Taldeak estudioko hiru disko ditu eta 14 urteko ibilbidea eta gero taldea desegitea erabaki dute Taldearen ibilbideko kantu esanguratsuenak jasotzen dituen zuzeneko diskoa grabatu dute (DVDarekin batera).

ARITZ SOUND SYSTEM

GNAWA NJOUM EXPERIENCE-BOUM BA CLASH

GNAWA NJOUM EXPERIENCE BOUM BA CLASH (No Fridge)

Frantses estatua historian zehar izan duen jarrera kolonialista odoltsuarekin, menperatu dituen herrialdeen aberastasun materialak ustiatzeaz gain, zeharka bada ere, aberastasun kulturalak bereganatzeko aukera izan du. Metropolira iritsitako etorkinek ekarritako musikak, indarrez bereganatutako edozein dirutzak baino balore haundiagoa du eta kultur desberdinen arteko borondate onezko elkarlanak diruz ordaindu ezin daitezkeen emaitzak ekarri ditu. Horren adibide garbia da Marokoko Gnawa Njoum taldearen eta Parisko UHT kolektiboaren arteko elkarlana eta emaitza ipar afrikako perkusio hipnotikoen eta dub, breakbeat eta drumnbass erritmo elektronikoen arteko uztarketa da. Bizi beharreko esperientzia.

ARITZ SOUND SYSTEM

GOTAN PROJECT-Tango 3

GOTAN PROJECT “TANGO 3.0”
Hamar urte igaro dira dagoeneko Gotan Projectek lehen diskoa kaleratu zuenetik. Garai hartan, tangoa eta musika elektronikoaren arteko elkarketa berria zen guztiz (aurretik saiakera batzuk egin baziren ere) eta Gotan Project-en “La Revancha del tango” diskoak ateak zabaldu zizkion mundu berri honi. Disko berriarekin datoz orain eta, egia esan, hasieratik landutako bideari jarraitzen diote, ez dago nobedade handirik, beraz. Erritmo lasai eta ertaineko base elektronikoak eta tangoaren malenkonia eta ahots poetikoak tartekatuta. Gustura entzuten den diskoa da baina dagoeneko astuna edo errepikakorra bihurtzeko arriskua du.

ARITZ SOUND SYSTEM

Gigi-gold and wax

GIGI “Gold and Wax”
Kultura desberdinen arteko harremanak emaitza ederrak eman ohi ditu; maitasunean oinarrituta daudenean behintzat. Horren adibide garbia da, azken urteotan, Etiopiako Gigi abeslariaren eta AEBetako Bill Laswell musikari eta ekoizlearen harremana. Elkarrekin kaleratu dituzten diskoetan, estiloen gainetik, musika goxoa eta ederra entzun daiteke. Gigiren ahotsak, Etiopiako elizaren kantuetan oinarritutako abesteko era du, eta abesteko era horri, Bill Laswell-ek doinu elektronikoen jantzia gehitzen die. Zalantzarik gabe, estres egoeretan, doinu hauen entzuketa, kimika sintetikodun pilulak baina emaitza hobeagoa emango luke. Haize berria zentzuentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

Gilles Peterson-back in brazil

Gilles Peterson “Back In Brazil”

Gilles Peterson musika adikto handia da. Nola ulertu bestela musika munduan egiten duen lan eskerga. Musika zaletuaren birusak jota dago eta birus hori lau haizeetara zabaltzen dihardu etengabe; BBC-ko irrati saioa dela, mundu osoko festetan disko jartzaile modura ari dela edo oraingoan bezala, disko bildumak osatu eta kaleratzen dituela. Eskerrak zabaltzen dituen birusak musika dotore eta ederra zabaltzen duten. Oraingoan, Brasilera bueltatu da, azken 40 urteotan herrialde horretan sortutako musiken adibideak gureganatzeko helburuarekin (Jorge Ben, Azymuth, Drumagic, Stone inc, Trio Mocoto, e.a.). Gidari fina.

ARITZ SOUND SYSTEM

HABIB KOITE-AFRIKI

HABIB KOITE “AFRIKI”
Sei urte igaro dira Habib Koitek azken lana kaleratu zuenetik baina itxaronaldiak merezi izan du. Lan berria hiru kontinenteetan grabatu du eta musika munduko kolaborazio ugari izan ditu; horien artean, Ali Farka Toure musikariarekin lan egin zuen Hassey Sarré biolin jolea, edo James Brownekin aritutako Pee Wee Ellis haize sekzioan. Habib Koitek estilo propioa garatu du; Maliko musika tradizionalean oinarrituta dago (Nta Dima kantuan adibidez animalien hezurrekin egindako haize instrumentuak entzun daitezke) baina mendebaldetik iritsitako eraginak ahaztu gabe. Oinarrian, gitarraren maisu honek, musika atsegina eta goxoa eskaintzen du, topikoak diren afrikar perkusio bizietatik urrun.

ARITZ SOUND SYSTEM

HIGHVISATORS-IN A DUBTONE

HIGHVISATORS IN A DUBTONE

Adi musikazaleak! Musika Bakarraren sasi jainkoak geroz eta jarraitzaile gehiago bereganatu ditu. Garai latzak dira musikaren aniztasunerako! Aurrerapauso haundiak eman diren arren M.B. sasi jainkoa indartsua da eta komunikabide eta diska banatzaile haundienen laguntzaz bere erresuma mundu osoan zehar zabaltzen ari da. Frantses estatuan jamaikar musikaren jarraitzaile sutsuak diren Hightone eta Improvisators taldekoek indarrak batu eta Dub elektronikoaren lurraldea aberastuko duen diskoa kaleratu dute. Azken deelay tantaraino!

ARITZ SOUND SYSTEM

HIRAM BULLOCK

HIRAM BULLOCK

Irudiaren eta bat-batekotasunaren garaian bizi gara. Gaur egun, musika munduko izar “handiak”, telebista saioei esker, hilabete gutxitan sortzen dira (eta abiadura berdinarekin desagertzen dira). Musikak bere denbora behar du. Urteak behar dira instrumentu bat edo musika aparailu bat txukun erabiltzen jakiteko. Zorionez, asko dira, Hiram Bullock bezala, musika egiteko beharra dutenak eta behar horrek, bizitza, musikari eskaintzera eramaten ditu, moda edo unean uneko interes ekonomikoen gainetik. Urteetan goxatutako rock, funk eta jazza.

ARITZ SOUND SYSTEM

HORACE ANDY AND ALPHA-TWO PHAZED PEOPLE

HORACE ANDY AND ALPHA “TWO PHAZED PEOPLE”

Massive Attack taldearen jarraitzaileak pozik egoteko arrazoiak dituzte. Zortzi urtetako elkarlana eta gero, Horace Andy reggae abeslariaren eta Bristolgo Alpha taldearen arteko elkarlanaren emaitza kaleratu berri da. Disko honetan, Massive Attackekin bezala, Horace Andy-k bere ahots goxo eta sakona jartzen du eta base erritmikoak berriz, Alpha taldekoen esku geratzen dira. Bristol soinua bezala ezagutu zen horren jarraipena, diskoan dub ilun eta sakona atzeman daiteke, base eta efektu elektroniko geldo eta keotsuekin nahastuta. Dub step, downtempo, chill out… unean uneko etiketa itsusien gainetik sentimenduak musikaren hizkuntzan adierazita.

ARITZ SOUND SYSTEM

ICE T-Westside

ICE T presents WESTSIDE

Rap musika AEBetan diru gehien mugitzen duen musika da. Nork esango luke 80. hamarkada hasieran New York-eko ghettoetan sortutako musika honek horrelako zabalkundea izango zuenik. Urte guzti horietan rap musikaren lehen lerroan egon den Ice T-k musika honen errepasoa egiten du orain, AEBetako mendebaldean egindako raparekin bilduma osatuaz. 1987tik 2001era, "Gansta rap" bezala ezagututako musikaren klasikoak jaso ditu; Young Mc, Kid Frost, Cypress Hill, Dr. Dre, Snoop... eta tartean elkarrizketa formatoan, Ice T-k klasea ematen. Gutxienez, filmeetan, aktore lanetan erakusten duena baino gusto hobeagoa du musika aukeratzerakoan. Fuck the police!

ARITZ SOUND SYSTEM

IJAHMAN-versatile life

IJAHMAN “VERSATILE LIFE”
Bueltan da IJahman Levi, reggae musikak inoiz izan duen ahots finenetakoa. Kartzelan konposatutako kantuekin osatu zuen lehen diskoa (“Hail I Hymn”). 1978. urtea zen eta reggae musikak, Bob Marley eta bere taldekideei esker, nazioarte mailan oihartzuna edukitzen hasi zen. IJahmanen lehen bi diskoak bereziak dira. Island diskoetxearekin grabatu zituen eta Cris Blackwell-ek ekoiztu zituen (BMWen ekoizlea). Reggaean ekoizleek duten garrantzia izugarria da, eta IJahmanek hasierako ahots goxo eta erakargarria mantentzen badu ere, ez du berriro, hasierako diskoen maila lortu. Dena den, oso kontutan eduki beharreko abeslaria da beti.

ARITZ SOUND SYSTEM

INCOGNITO ADVENTURES IN BLACK

INCOGNITO “ADVENTURES IN BLACK SUNSHINE”

Gutxi dira musika munduan urte asko eraman eta diska piloa kaleratu eta gero hasierako freskotasuna mantentzea lortzen dutenak. Jean Paul Bluey Maunickek zuzentzen duen proiektuaren kasuan, hasierako freskotasuna amntentzeaz gain urteekin kalitatean irabazi du. Non dago sekretua? Maila altueneko musikari desberdinekin lan egitea agian? Belarri fina eta amaigabeko fonoteka? Maysa leak bezalako ahots pribilegiatuen parte hartzea/ itzulera? Rare Groove, funk, soul eta jazz doinuetan inspiratutako musika egiten du Incognitok eta Unescok gizakiaren ondasun izendatzea mereziko luke; zaindu eta entzun beharrekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

INCOGNITO-Eleven

INCOGNITO “ELEVEN”

90. hamarkada hasieran diskoak kaleratzeari ekin zionetik, Jean Paul Blue Maunick, musikari eta ekoizlearen jarraitzaile sutsuak bihurtu gara. Estiloen gainetik, musika dotorea da gizon honek konposatzen duena eta konposaketa horiek, soinu errealean bilakatzeko, inguruan, eskura dituen musikari trebeenak aukeratzen ditu beti. Abeslarien aukeraketa ere ez da txantxetakoa eta musika beltzaren ahots dotore eta indartsuenak izan ditu lagun; Maysa Leak-ena edo Joselyn Brown-ena horren adibide. Incognito taldea ez da moldeak apurtzen dituen horietakoa baina, egiten duen maila altueneko musikarekin, nork behar ditu molde berriak? Gure talde kuttunetako bat.

ARITZ SOUND SYSTEM

INCOGNITO-LIFE, TRANGER THAN FICTION

DISKA KRITIKA

INCOGNITO "LIFE, TRANGER THAN FICTION" (Talkin Loud, 2001)

Galdera: Esaiguzu talde bat, bost diska baino gehiago kaleratu dituena. Diska guztiak entzun dituzu eta diska guztietako kantu guztiak asko gustatzen zaizkizu. Urteetan zehar taldean aldaketa ugari izan arren (abeslarien aldaketak bereziki) diska guztietan maila musikal izugarria mantentzen dute. Talde edo kolektibo honek soula, jazza, funkia, disco musika eta brasildar erritmoak maixuki nahasten ditu. Eta noski, zure belarrietako talde kuttuna da. Gure erantzuna: INCOGNITO.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

INCOGNITO-LIVE

INCOGNITO “LIVE IN LONDON”
Iragan mendeko 90. hamarkadan, acidjazz bezala ezagutu zen estilo/etiketaren ezinbesteko erreferente izan ziren. Garai hartan, Ingalaterran bereziki, soul, jazz eta funk erritmoen berrindartze prozesua ematen ari zen eta bide horretan Jean Paul “Bluey” Maunick eta bere musikari-lagunek, zer esan handia izan zuten. Konturatzerako 30 urte bete ditu egitasmoak eta ospatzeko nahikoa arrazoi denez Londonen eskainitako kontzertuaren grabazioa kaleratu dute disko bikoitzean. Urte hauetan taldetik igaro diren abeslari esanguratsuenak elkartu eta azken urteetako soul, jazz eta funk dotoreena eskaintzen zaigu zuzen zuzenean.

ARITZ SOUND SYSTEM

INCOGNITO-TRANSATLANTICRPM

INCOGNITO “TRANSATLANTIC RPM”

Gaztezulorako egiten ditugun disko aipamenak jarraitu dituenak badaki dagoeneko Incognito izeneko taldea dela gure talde kuttun horietakoa. 80. hamarkadan sortua, acid jazz bezala ezagutu zen mugimenduaren ezinbesteko izan zen eta orain, 30 urte igaro eta gero, maila handiko musika egiten jarraitzen du. Jean Paul Bluey Maunick musikariaren gidaritzapean, 70. hamarkadako soul, jazz eta funk doinuak 21. mendera primeran moldatzen ditu taldeak. Urteurren disko honetarako luxuzko abeslariak gonbidatu dituzte (Chaka Khan, Leon Ware, Ursula Rucker, etab.) eta beti bezala, proposamen berri edo iraultzailea izan gabe, hasieratik amaiera arte gozatzen den disko dotorea osatu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

INCOGNITO-WHO NEEDS LOVE

INCOGNITO "WHO NEEDS LOVE"

Musika, gusto kontua dela pentsatu dugu beti. Munduko txoko guztietan egiten da musika eta musika horri jartzen diogun izenaren gainetik, doinu horiek gustokoak ditugun ala ez balio du. Incognito, Jean Paul "Bluey" Maunick-en proiektua da. Musika adituek acid jazz deitzen zioten lehen, nu jazz orain, soul, funk, jazz... musika dotorea esaten diogu guk. Sentimenduetatik jaioa eta sentimenduak kitzikatzeko egina. Moda eta estiloen gainetik dagoen musika ona, hasieratik amaieraraino gozatzeko modukoa. Lehen diskatik azkeneraino. Nork behar du Musika?

ARITZ SOUND SYSTEM

INDARRAP-Sin perder el norte

INDARRAP “SIN PERDER EL NORTE”

Euskal Herrian, poliki bada ere, indartzen ari den Hip-Hop mugimenduaren talde sendoenetakoa dugu Indarrap (EH3 kolektiboaren partaide). 2007. urtean Gasteizen jaioa, etengabe aritu dira zuzenekoak emanez eta grabazioak kaleratzen. Urte hauetako esperientziak lagunduta disko osoa kaleratzen dute orain eta bertan, hamalau kantu indartsu eta zuzen aurkituko ditugu. Hasieratik amaiera arte, Hip-Hoparen barruan egiten den rap gordina entzun daiteke diskoan, etxaferu handirik gabe. Edukiei dagokionez berriz, rap komertzialaren topikoei muzin eginez, konpromisoaren bidetik doaz, iraultzarako eta borrokarako deialdia eginez. Ea aurrerantzean euskarak tarte gehiago duen euren kantuetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

J dilla-The Shining

J. DILLA “The Shining”

James Yancey jaio arren Jay Dee bezala egin zen ezaguna Hip-Hop munduan. 1974ean jaio eta gaixotasun arraro batek eraman du aurten. 2001. urtean J Dilla ezizena hartu eta azken urteotan rap musikan entzun ahal izan ditugun ekoizpen dotoreenak landu zituen. Orain kaleratzen den disko honetan, azken hilabeteetan prestatu zituen kantu berriak entzun daitezke eta bertan, bereaz gain, Common, Busta Rhymes, Madlib eta berarekin lan egin zuten beste rap abeslarien ahotsak entzun daitezke. Guztia, maisuki aukeratutako soul gozokiekin gozatuta. Egungo rap komertzialarekin aspertuta gaudenontzat aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

JAMIROQUAI-DYNAMITE

JAMIROQUAI – DYNAMITE

Jamiroquai-ren musika gustatzen zaigula aitortu beharra dugu. Musika beltza egiten duen zuri zikin honek trebezia berezia du 70. hamarkadako soul, disco eta funk estiloak gaurkotu eta arrakasta komertziala lortzeko. Azken disko honek, aurrekoen bidea jarraitzen du eta ezer berria asmatu edota eskaini gabe, abesti dotore eta dantzagarri asko eskaintzen dizkigu. Hasierako maskara ekologista kenduta besteek sortutako musika birziklatuaz aberastu den pertsonai honen musika pirateatuarekin gozatzen jarraituko dugu. Erruki Jauna…

ARITZ SOUND SYSTEM

JAZZANOVA-THE REMIXES 2002 2005

JAZZANOVA “THE REMIXES 2002-2005”

Jazzanovaren musika gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu baina oso langileak direla ez du inork ukatuko. Nondik ateratzen dute horrenbeste disko kaleratzeko denbora ? Eta Compost zigilua mantentzeko? Oraingoan, 2002 eta 2005 urte artean, hainbat talde eta proiektuei egin dizkieten nahasketak jasotzen dituzte Cd-an. Masters At Work, Marcos Valle, Calexico, Nuspirit Helsinki, Fat Freddy´s Drop eta beste hainbat lagunei egin dizkieten nahasketa berriak entzun ahal ditugu eta beti bezala, Jazzanova-koen gustu ona eta dotorezia nabarmendu daiteke oraingoan ere. Lagun horiek Jazzanovakoen musikaz egiten dituzten erremixen zain geratuko gara orain. Amaierarik gabeko gurpila da hau eta guk pozik.

ARITZ SOUND SYSTEM

JIMI TENOR & TONY ALLEN-INSPIRATION INFORMATION 4

JIMI TENOR & TONY ALLEN “INSPIRATION INFORMATION 4”

Strut zigiluaren aspaldiko jarraitzaileak gara. Diskoetxe honek 60 eta 70. hamarkadako musika beltzaren altxorrak berreskuratu izan ditu oso aurkezpen txukuneko disko bildumetan. Azken urteotan gainera, Inspiration information izenarekin, musika beltzaren “maisu” eta “ikasleak” disko berean elkartzen dituen saila osatu du. Laugarren ale honetan afrobeat erritmoetan aitzindari izandako Tony allen (Fela Kutiren bateria izandakoa) eta erritmo horien (besteen artean) maitale eta egile sutsua den Jimi Tenor elkartu ditu. Emaitza oso interesgarria lortu dute, Tony Allenen erritmo aberatsei Jimi Tenorren melodi eta osagarri koloretsuak gehitu dizkietelako.

ARITZ SOUND SYSTEM

JIMI TENOR AND KABU KABU-4TH DIMENSION

JIMI TENOR & KABU KABU “The 4th Dimension”

Finlandian jaioa, musikaren friki honek etengabeko garapenean egoteko gaitasun izugarria du. Hogei urteko musika ibilbidean, egitasmo desberdinen partaide izan da; hasieran, 80.hamarkada amaieran rock industrial eta esperimentalarekin jolasten aritu zen, instrumentu propioak asmatuaz gainera. 90. hamarkadan, musika elektronikoak erakarrita Warp zigiluaren izarretako bat izan zen, eta orain, “modernitatearen” argietatik aldenduta, jazzaren, funkiaren eta afrikar erritmoen magia bereganatu ditu. Kabu Kabuko taldekideekin batera afrobeat estiloaren barruan pauso berria eman du, inprobisazioz, indarrez eta sentimenduz betetako diskoa kaleratuz.

ARITZ SOUND SYSTEM

JOE HIGGS-LIFE OF CONTRADICTION

JOE HIGGS “LIFE OF CONTRADICTION”
(Pressure sounds, 2008)

Bizitza kontradikzioz beteta dago. Kingston hiriburuko Trenchtown ghettoan eskolak ematen zizkien ghettoan abeslariak izan nahi zuten gazteei (Bob Marley, Peter Tosh, Bunny Wailer, Jimmy Cliff, Bob Andy eta abar). Denborarekin, ikasleak famatu egingo ziren eta bera, bitartean, disko gutxi batzuk kaleratu zituen soilik.. Orain aurkezten dugun diskoa bere lehen iraupen luzea izan zen eta 1975. urtean kaleratu zuen. Reggae zaletuen artean ere, guztiz ezezaguna bada ere, ezinbesteko diskoa da, bereziki, reggaearen eta rhythm&bluesaren arteko harremanaren maitale direnentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

JOSEPH MALIK-AQUIARIUS SONGS

JOSEPH MALIK AQUIARIUS SONGS
Nork dio gaur egun egiten den soula komertziala, ideirik gabea eta azukrez gainezka gozoegia dela? Komunikabide erraldoietan zabaltzen dena kontutan hartuta normala da hori pentsatzea, musikaren ohianean arakatuta ordea, gaur egun, maila altuko soul dotore eta berritzailea egon badagoela konturatuko gara. Joseph Malik-en diska berria da horren adibide garbia. Eta Joseph Malik diogu baina Joseph Malik eta David Donnely esan beharko genuke lehenengoak ahotsa jarri arren bigarrenak jotzen duelako bien artean konposatutako musika gehiena.

ARITZ SOUND SYSTEM

JUNIOR DELGADO-INVISIBLE MUSIC

JUNIOR DELGADO “INVISIBLE MUSIC”

Gutxi dira 70. hamarkadan hasi eta egun, oraindik aktibo mantentzen diren reggae abeslariak. Arrakasta lortu zutenen artean, askok, aspaldian konposatutako kantuetatik bizi dira oraindik, amaierarik gabeko antzezlan aspergarrian. Junior Delgado ez da reggae abeslari famatua, eta hala ere, 30 urte pasa eta gero, musika egiten jarraitzen du. Sustraietatik aldendu gabe, garapen interesgarria lortu du eta egun, 21. mende honetan, 70. hamarkadako esentzia duen reggaea egin daitekeela erakusten digu, duintasun guztiarekin. Egun, bat-bateko arrakasten bila doazen reggae abeslari gazte askok, hobe lukete, mikrofonoa hartu aurretik, Junior Delgadorekin solasaldi txikia izango balute.

ARITZ SOUND SYSTEM

KENNY DOPE-BRAZILIKA

KENNY DOPE BRAZILIKA

Zorionak Far Out! Hamar urte igaro dira brasilgo musikaz gustiz maiteminduta dagoen Joe Davis gazteak disketxea sortu zuenetik, eta urte hauetan kaleratutako disketan, gaur egun, Brasilen egiten den musika interesgarrienetakoa erakutsi digu. Gusto haundiz, samba, bossanova eta batucada doinu zahar eta berriak (elektronika pittin batekin igurtziak) gerturatu dizkigu eta urtebetetze hau behar bezala ospatzeko antolatutako festan, M.A.W.-eko Kenny Dope-k aukeratu du musika. Katalogoko kantuekin osatu du sesioa eta opari modura, nahasketa berri bi.

ARITZ SOUND SYSTEM

KEVIN YOST-FUTURE FLASHBACK

KEVIN YOST “FUTURE FLASHBACK”

Jazz musikaren eraginpean sortutako musika elektronikoa entzun daiteke Kevin Post-en disko berria. Egia esan, aurreko diskoetako edukia ere horrela definitu genezakeen baina oraingoan aurrekoetan ez bezala, jazza, musika elektronikoa janzten duen osagaia baino, diskoaren muina da. Hau da, jazzak orain arte Kevin Yost-en diskoetan ez zuen protagonismoa lortzen du. House erritmikoaren zaletu askori agian ez zaie aldaketa hau gehiegi gustatuko baina gure ustez, dantza erritmoak baino zerbait gehiago bilatzen dugunontzat, aldaketa pozgarria da.

ARITZ SOUND SYSTEM

KEZIAH JONES-Nigerian woods

KEZIAH JONES “NIGERIAN WOOD”
Musikalki guztia asmatuta dagoela esaten den garaian Keziah Jones-ek izaera propioa garatu du. Nigeriako sendi aberatsean jaioa, zortzi urterekin Londonera bidali zuten ikasketak egitera. Aitak negozio gizona nahi zuen baina Keziah-ek ikasketak utzi eta Londoneko kaleetan musika jotzen hasi zen. Londonetik Parisera eta Paristik New Yorkera, beti ere Nigeriatik pasatuaz. Blufunk estiloa lantzen duela dio, bluesa eta funkiaren artekoa (Nigeriako musika ahaztu gabe). Nigerian Wood estudioan grabatutako seigarren diskoa da (disko bikoitza) eta aurrekoetan bezala, funk eta bluesaren interpretazio bitxia egiten du, ukitu akustikoa duten kantu melodiko eta indartsuekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

KROKE-TEN PIECES TO SAVE THE WORLD

KROKE "TEN PIECES TO SAVE THE WORLD"

Askotan hitzegin dizuegu musikak duen indarraz. Sentimenduak kitzikatzeko batzuetan, alai zein triste jartzeko eta baita mezuak zabaldu eta jendearen pentsatzeko eran eragiteko ere, diru asko mugitzen duen negozio haundia dela ahaztu gabe. Kroke taldeak mundua "salbatzeko" asmoz hamar kantu prestatu ditu taldearen diska berri honetan. Biolina, biola, aize instrumentuak, pianoa, perkusioak, akordeoia eta baxu bikoitza dira horretarako erabiltzen dituzten tresnak. Polonian egiten den musika interesgarrienaren erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

KY MANI MARLEY-RADIO

KY-MANI MARLEY “RADIO”
(Vox Music, 2007)

Musikaren munduan bere anaiak baino beranduago hasi bazen ere azken urteetan etengabe aritu da kantuak grabatzen eta diskoak kaleratzen. Horretaz gain, aktore lanetan ere aritu da Jamaikan arrakasta handia lortu duten hainbat filmetan (“Shottas” (2002) edo “One love” (2003) filmetan adibidez). Orain aurkezten digun diskoa estudioan grabatutako laugarren iraupen luzea da eta, “The Journey” izenekoan egin bezala, reggae klasikoaren doinuak baino rap eta soul berriaren bideari jarraitzen dio. Musikalki, AEB-ak eta Jamaika betidanik egon dira elkarri begira; oraingoan ordea reggaea galtzen atera dela uste dugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

KYOTO JAZZ MASSIVE-10TH ANIVERSARY

KYOTO JAZZ MASSIVE “10 th Anniversary”
Musika elektronikoaren topikoak apurtzera datoz. Nork dio musika elektronikoa hotza eta sentimendu gabea denik? Eta nork dio, musika elektronikoa soilik London, Paris, Berlin edo Detroiten egiten denik? Japon da egun, ziurrenik, munduan, musika zaletu zoro gehien biltzen dituen herria. Bertakoak dira Shuya eta Yashihiro Okino anaiak; Kyoto Jazsz Massive proiektuaren partaideak. 60. eta 70. hamarkadako musika beltza elektronikarekin uztartzen maisu dira eta disko bikoitz honetan, hamargarren urteurrena ospatzeko kaleratu zituzten hiru diskoen bilduma jasotzen da. Bata, euren kantuen bertsioekin osatua, bestea, euren kantuekin besteek egindako nahasketekin osatua eta azkena, eurek besteen kantuei egindako nahasketa berriekin osatua. Dotorea.

ARITZ SOUND SYSTEM

LEELA JAMES-A CHANGE IS GONNA COME

LEELA JAMES A CHANGE IS GONNA COME
Aldaketa datorrela dio Leela James-ek. Bazen garaia! 70. hamarkadan egiten zen soularen maitaleentzat urte zailak izan dira azken hauek. Soul musikaren izar haundiek (salmentei dagokionez behintzat) soularen arima eta izaera saldu diote deabruari plastikozko base erritmiko eta azkukrez gainezka dauden R&B kate produkzioen truke. Leela James-en arima, dirudienez, aurrekoak baino sentimendu gehiago jasoko zituen, deabruak base eta soinu produkzio dotoreekin saritu bait du. Aldaketaren iragarpena ote?

ARITZ SOUND SYSTEM

LITTLE BROTHER THE MISTREL SHOW

LITTLE BROTHER “THE MISTREL SHOW”

80. hamarkada amaieran ezagutu genuenetik, rap musikaren zaletu amorratuak izan gara. Garapen naturaletik sortutako musika da rapa; xumea eta zuzena, edonoren eskura dagoen tresna. Azken urteotan ordea, komertzialtasunaren munstroak irentsi du eta hasieran izan zezakeen naturaltasun eta freskotasun osoa galdu du (jaioterrian behintzat). Komunikabide masiboetan aurkezten dizkiguten aurpegi gogorrek aspertu egiten gaituzte; kate ekoizpenean sortutako pose eta erritmo kalkatuak. Gutxi dira, kate gris horren eremua gainditu eta kolore desberdina bilatzen dutenak. Little Brother-eko hirukoteak, ezer berria asmatu gabe, argi eta kolorea ematen dio grisari.

ARITZ SOUND SYSTEM

LITTLE LOUIE VEGA-GATECRASHER 2002

LITTLE LOUIE VEGA GATECRASHER 2002 (Dance Ritual)

Little Louie Vega mundu mailan dagoen diska jartzaile kotizatuenetako da. Status horretara iristeko ezinbestekoa da kalitatearen eta komertzialtasunaren arteko oreka lortzea baina hori ere ez da nahikoa. Louie Vega ez da musika munduan egun batetik bestera famatu egin duten horietakoa, Louie Vega Txikia urte asko darama musika munduan, diska jartzaile lanetan, musika egile eta baita produktore bezala ere. Kenny Dope Gonzalezekin batera Masters At Work proiektuaren sortzailea da, sentimenduzko house musikak azken urteotan eman dituen kantu onenen sortzaile eta bultzatzaile. Soul, jazz, funk eta latindar erritmoen maitale sutsua da eta diska honetan entzun daitekeen sesioa, entzun dizkiogunen artean onenetarikoa ez bada ere, Louie Vegataz hitzegiteko balio izan digu behintzat. Urte askotarako.

ARITZ SOUND SYSTEM

LOS GRANADIANS-EL TEMPERAMENTAL SONIDO DE VOL01

LOS GRANADIANS EL TEMPERAMENTAL SONIDO DE. VOL.01

Taldearen izen osoa Los Granadians del Espacio Exterior da eta honela, agian, errexago ulertuko dugu musika unibertsoko martiztar hauek egiten dutena. Edo ez? Zaila da azaltzea. Argi dago, 60. hamarkadako musika eta estetikak txunditzen dituela, eta diska entzunda, jamaikar reggae eta rocksteadya egiten dutela esan daiteke. Hori bai, garaiko beldurrezko B mailako filmeen eraginpean edo, soinu berezia ematen diote kantuei eta horrek egiten du bereziki erakargarri diska. Lee Perry-k entzungo balitu!

ARITZ SOUND SYSTEM

LOUIE VEGA-ELEMENTS OF LIFE

LOUIE VEGA ELEMENTS OF LIFE

Louie Vega (lehen Little), Kenny Dope Gonzalez-ekin batera, Masters At Work-eko sortzaile eta partaide da. Mundu mailan, diska jartzaile, produktore eta kantuen nahasketak (erremixak) egiteagatik ezaguna bada ere musika konposatzaile ere bada. Nondik aterako ote du guztirako denbora?. Berak egindako kantuekin osatutako diska honetan (aurreko Nuyorican Soul proiektu arrakastatsuan egin bezala), lagun ugari elkartu ditu; Blaze, Dimitri from Paris, Anan, Raul Midn e.a. Emaitza berriz, soul,disco, funk eta latinjazz erritmoekin osatutako unibertso dotore eta erakargarria.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANO JAH WORKS

LUCIANO JAH WORKS

Hamar urte igaro dira reggae musikak, ragga-dancehallaren garai zikinak gainditu eta hasierako izaera berreskuratzen hasi zuenetik. Berreskurapen horretan ezinbestekoa izan da Luciano abeslariak egindako lana. Dennis Brown gogora ekartzen duen ahotsa eta abesteko erarekin, edukiz eta konpromezuz betetako mezuekin eta musikari eta produktore onenen elkarlanaz sortutako musikarekin reggaearen bigarren urrezko garaia osatzen lagundu du. Musikak bere denbora behar du eta hilabete gutxitan hiru diska kaleratzea ez da ona izaten, musikaren kalitatearentzat ez behintzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANO-SERIOUS TIMES

LUCIANO “SERIOUS TIMES”

Ez dira goxoak reggaeak bizi dituen garaiak. 90. hamarkada erdialdetik berreskuratze bidean ibili eta gero berriro apaldu dela dirudi. Eskerrak Luciano bezalako abeslariak dauden. Dennis Brownek utzitako itzalari jarraiki maila altueneko reggae doinuak eskeintzen dizkigu orain ere. Jamaikar musikari onenen laguntzaz eta Dean Fraser maixuaren irakatsiekin lovers, roots eta karibear soulaz betetako diska berria oparitu digu. Zuzeneko terapia ezinhobea.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANO-TELL IT FROM THE HEART

LUCIANO “TELL IT FROM THE HEART” (Al. Ta. Fa. An. Records)

Sorpresas harrapatu gaitu Lucianoren diska berriak. Gaizki ohituta gaude eta aurrekoa baino hobeagoa izatea espero dugu beti. Zaila da ordea. Gutxik lortu dute reggae munduan `Mezularia´-k lortutako maila eta oraingoan, Brotherman izeneko produktorearen musikaren gainean abesten du. Ohikoak dituen musikarien falta botatzen dugu kantu askotan, aparailu gehiegi agian. Dena den, Lucianok sentimenduak ahots egiteko duen aparteko trebeziari esker gaur egun egiten den reggae musikaren gorenean mantentzea lortzen du.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANO-Visions

LUCIANO "VISIONS"

Izar haundia da Luciano, gaur egun reggae musikak duen izar haundienetakoa. Musika ona egiteko behar diren baldintza guztiak betetzen ditu; ahots pribilegiatua, urteetako esperientzia, musikarekiko maitasuna, kantuak konposatzeko gaitasuna, jamaikako puntako musikarien laguntza, produktore onenen elkarlana, grabazio estudio aurreratuenetan grabatzeko dirua eta disketxe indartsuenen babesa. Eta gainera, guzti hori eduki arren, izar haundi gehienek lortzen ez dutena lortzen du; hau da, komertzialtasunetik urrun musika ona egitea. Izarraren dizdirak itsu ez zaitzala.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCKY DUBE-Respect

LUCKY DUBE “RESPECT”

Errespetua. Hori da Lucky Dube bezalako musikariek merezi dutena. Errespetua zen bere musikaren bidez aldarrikatzen zuena, errespetua txiroentzat eta ahulentzat. Hitzez eta ekintzez. Hego Afrikan jaio zen eta apartheideko urte gogorrenak bizi izan zituen. Miseriaren eta pobreziaren aurka lan asko egin izan zuen nahiz eta musika mailan lortutako arrakastak bizi modu horri bizkarra emateko aukera eman.. Reggae musikaren bidez iraultza mezuak zabaltzen zituen. Iragan urrian tirokatuta erail zuten Johanesburgon. Komunikabide “handiek” ez dute bere aipamenik egingo baina guk, lerro hauen bidez, benetako izarrek merezi duten oroitzapena aldarrikatzen dugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

Liquid soul-One two punch

LIQUID SOUL “ONE TWO PUNCH”

James Brown, funk musikaren sortzaileetako batek, utzi gaitu. Mundu osora zabaldu zuen musika bizirik dirau eta garatzen jarraitzen du. Garapen horren adibide, Chicagoko Liquid Soul taldea da. 2000. urtean kaleratutako “Here´s the deal” diskoarekin, Grammy saria jaso zuten, jazz berritzailearen atalean. Lanean jarraitu dute, itzalean mantendu diren diskoak argitaratzen. Kaleratu berri duten disko honetan, funk eta jazz doinuak nagusi badira ere, soul, rock eta arabiar doinuak atzemango ditugu. Funk musikari kolore eta zapore berriak bilatu nahi dizkionarentzat aproposa.


ARITZ SOUND SYSTEM

Lone Ark-Countryside Sounds from the Nazarin Street

Lone Ark "Countryside:Sounds from the Nazarin Street" (Brixton Records) Martxa honetan Lee Perry, Derrick Harriot, Linval Thompson, Augustus Pablo, Sly & Robbie eta antzeko musikari/ekoizle maixuekin batera zerrendatu beharko dugu Roberto Sanchez reggae musikan garrantzi berezia izan duten izenak gogoratzeko orduan. Gehiegizkoa dela esango dute askok baina ez da txantxetako gauza Robertok eta bere lagunek egiten ari diren lana; Lone Watti, Better Collie, Basque Dub Foundation, Sound Dealers, The Nortones, Loud & Lone... eta orain bere altxor pertsonalaren kutxa zabaltzea erabaki du. Aize freskoa 70. hamarkadako reggae zaletuontzat eta musika ederra orohar estiloen gainetik musika maite dugunontzat. Begirunea eta maitasuna. Mila esker. ARITZ SOUND SYSTEM

MACKA B-moreknowledge

MACKA B “MORE KNOWLEDGE”

Egun, reggae dj edo toasterren artean, abeslari interesgarrienetakoa da (reggaean dj hitza sound system abeslari-esatari-animatzaileak izendatzeko erabili izan da, reggaea abesteko estilo berezia garatu dutenak). Hogei urteko ibilbidea du eta hala ere, oraindik ere ez da oso ezaguna nahiz eta Euskal Herrian oihartzun handia izan duen (Negu Gorriakek bertsionatu zuen Sexu Makina kantuan). Ingalaterran jaioa gaztetan hasi zen sound system desberdinetan abesten. Mad Professorren Ariwa zigiluarekin harreman estua izan du eta bere zuzenekoak festa handia dira beti. Disko berrian roots reggae baseen gainean conscious lyrics delakoak lantzen ditu; hau da, beltz izatearen kontzientzia, kapitalismoaren aurkako oihuak eta berdintasunaren eta begirunearen aldeko mezuak.

ARITZ SOUND SYSTEM

MAFIA & FLUXY-ROOTS AND CULTURE VOL.04

MAFIA & FLUXY “ROOTS AND CULTURE VOL.04” (Mafia & Fluxy music)

Mafia & Fluxy Sly & Robbie ingelesak dira. Hori entzunda, Reggae musikaren zaletu direnek zer esan nahi dugun ulertuko dute nahiz eta baten bati gehiegizko konparaketa irudituko zaion. Reggae zaletu sutsuak ez direnei berriz Sly Dunbar eta Robbie Shakespeare reggae musikan bateriaren eta baxuaren jainkoak direla esango diegu eta Mafia & Fluxy berriz, jainko horien ikasle-diszipulo aurreratuenak dira. Bizitzarik ez duten musika instrumentuetatik sentimenduak sortzeko ahalmen izugarria izateaz gain beste musikari eta abeslarien gidari ere badira eta hori gutxi balitz, oraingoan, 70.hamarkadako klasiko zaharrak berreskuratu eta mirariak egiteko duten ahalmenarekin gaztetu egin dituzte. Sinisten dugu!

ARITZ SOUND SYSTEM

MAK-SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI

MAK “SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI”
(Autoekoizpena, 2007)

“Indigenas! Somos indigenas! Euskaldunak! Eta beste minoritateak! Aizkorak ez badira nahiko karga kanoiak! Hemen zutik aro ero bero diren indigenak! Indigenak! Gira indigenak!” Musika Armatu Komandoko lagunak bueltan dira bigarren diskoarekin eta oraingoan, kolaboratzaileen gudarostea dute ondoan; Aire Ahizpak, Sorkun, Fat Fish, Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariak, Menzo, Mirza, Staff, Moro Bad Sound System eta Txomin Human Beat Box.. Musikalki rap erritmoak dira nagusi (rockaren eragina ezin uka), abesti landuak, sampler ugari eta hezur haragizko musikariak. Zuzenean ere musikariekin osatutako ikuskizuna prestatu dute. Diskoaren osagarri, digitalean, kantuen letrak eta Denok Ala Inor Ez kantuaren bideoklipa.
ARITZ SOUND SYSTEM

MALENTE-RIP IT UP

MALENTE RIP IT UP

Gaur egun egiten den Funk zikinenaren jarraitzaileentzat ezinbesteko erreferentean bilakatu da Unique disketxea. New Testament of Funk izenburupean kaleratutako bildumetan, XXI. mendean, eta makinen laguntzarekin, funk elektroniko zikin eta dotorea egin daitekeela erakutsi digute. Malenterena da horren adibidea. Bi diska kaleratu ditu Uniquekin eta orain, aurreko diska horietako kantu batzuen nahasketa berriak aurkezten dizkigu, gehienak Alemaniako diska jartzaileek eginak. Horretaz gain, hiru kantu berri ere aurkezten dizkigu. Malenteren izpiritua bizirik dirau.


ARITZ SOUND SYSTEM

MANU CHAO-Estacion Mexico

MANU CHAO “ESTACION MEXICO”

Manu Chao errespetu osoa merezi digun abeslaria da. Arrakasta komertziala lortuta ere, independentzi maila handia mantendu izan du beti eta poltsikoaren esanei baino, kasu gehiago egin dio bihotzak markatzen zion bideari. Agian horregatik disko honek ez du aurreko beste diskoek izan duten oihartzuna. Ez da estudioan grabaturiko disko berria, nahiz eta diskoan, orain arte kaleratu ez den kanturen bat entzun daitekeen. Diskoa Mexikoko Foro Alicia aretoan zuzenean eta modu akustikoan eskainitako kontzertuaren grabazioa da eta diskoaren salmentarekin lortutako dirua, Atenco, Oaxaca eta EZLNko preso politikoen alde ari diren erakundeentzako da. Diskoa erosteko: casadrmargil@yahoo.com.mx

ARITZ SOUND SYSTEM

MANU CHAO-La radiolina

MANU CHAO “LA RADIOLINA”
(Because Music, K Industria, 2007)

Mundu zoroan bizi gara eta norabide okerrean doa. Alderantzizko norabidea. Korrontearen kontra igeri egiten dutenek ez dute oihartzun handiegirik izaten. Manu Chao da salbuespena. Nazioarteko musika eta komunikazio enpresa handienen babesa izan gabe ere, mundu osora iristea lortu du. Musikalki, aurreko diskoekin alderatuz, ez dugu aldaketa handiegirik aurkituko (ukitu rockeroagoa agian) baina bere estiloen nahasketa bitxiarekin hasieratik lortu zuen freskotasuna mantentzen du (reggae, rock, folk, afro eta latindar erritmoak, etab.). Itxuraz sinplea den collagea da, koloretsua eta bizia.

ARITZ SOUND SYSTEM

MARC MOULIN-IAMYOU

MARC MOULIN “I AM YOU”

Belgikako musikari honen disko berriak –hirugarrena dagoeneko- ez du ezer berririk eskaintzen. Aurrekoen bideari jarraitzen dio eta jazz musika eta erritmo elektronikoen arteko harremana ederra izan daitekeela berrestera dator. Musika adituek Nu-jazz izena jarri diote harreman honi eta jazz klasikoaren jarraitzaile askok kritikatu dute azalekoa omen delako. Horren zorrotzak ez garenok doinu hauekin gozatzen dugula onartu beharra dugu eta diskoan; jazzarekin, soularekin eta base erritmiko elektronikoekin egiten den jokoa oso txukuna dela deritzogu.

ARITZ SOUND SYSTEM

MARCUS MILLER-Marcus

MARCUS MILLER “MARCUS”
(Concord Records, 2008)

Marcus Miller, hamahiru urte zituela hasi zen baxua jotzen, klarinetea eta pianoarekin batera. Hamabost urte zituela, Aratha Franklin, Roberta Flack, edo Groover Washingtonen estudioko musikaria zen. Baxulari trebea izateaz gain, ekoizle aparta da. Oinarria jazz eta funk doinuetan badu ere, erritmo askorekin jolastea gustatzen zaio. Azken disko hau irekitzen duen kantuan adibidez, ekialde hurbileko musikari egiten dio keinua. Azken diskoetako joerari jarraiki, luxuzko kolaboratzaileak bildu ditu ahotsetan; Corrine Baley, Keb Mo, Lalah Hathaway, etab. Marcus Milleren kantu propioekin batera, Miles Davis, Stevie Woner eta Tower Of Power taldeen bertsioak entzun daitezke diskoan. Oso gomendagarria

ARITZ SOUND SYSTEM

MAYSA-SWEET CLASSIC SOUL

MAYSA “SWEET CLASSIC SOUL”
Maysa Leak soul abeslaria Steve Wonder-en eskutik ezagutu genuen eta Incognito taldearekin lortu du heldutasun musikala. Bakarlari modura kaleratzen duen bosgarren diskoa da hau, eta bertan, gaztetan gustuko zituen soul kantu klasikoen bertsioak egiten ditu. Maysa Leak-ena da, gure ustez, soul musikak azken bi hamarkadetan izan duen ahots interesgarrienetakoa. Incognito taldeko Jean Paul Maunick ekoizlearen eskuetan, ahots horrek, edertasun osoa lortzen du. Beste ekoizleen eskuetan berriz, gehiegizko azukrea duen pastelaren antzera, gozoegi.

ARITZ SOUND SYSTEM

MC TXIRRITA

MC TXIRRITA
Xabier Silveira zirikatzaile amorratua da, ipurtarina. Batzuentzat gaindi ezineko amildegia dena ekidin ezinezko tentazioa da berarentzat; frogatu, dastatu eta esperimentatu beharrekoa. Are gehiago eztabaida eta polemika sortu badezake. Rapa eta bertsolaritza aspaldi ezagutzen ziren, bistaz bada ere. Azken urteotan ordea, bien arteko gerturatzea eman da, elkarrekin hizketan hasi eta harreman ona sortu dela dirudi. Astapenetan dagoen harreman honen atal batzuk jasotzen ditu DVDak. Bertsound systemaren saioak Doka eta Loiolako gaztetxean, parte hartzaile batzuen hitzak, Anitzak Hitzak ekimena eta Unai Muñoak Xabierri egindako elkarrizketa.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD-STAY HUMAN

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD "STAY HUMAN" (Labels, 2001)

The Disposable Heroes Of Hyphoprisy, Spearhead eta orain Michael Franti & Spearhead. Izenaz aldatzen joan den neurrian aldatu da M. Franti-k egin duen musika. Eboluzio horretan hip-hop-a izan da elementu amankomuna, zentzu garratzenean hasieran eta modu goxoenean, soularekin elkartuta, azken diska honetan. Musikalki tresna desberdinak erabili arren, helburua salaketa soziala lau haizeetara zabaltzea izan da beti. Komunikabideen garrantzia azpimarratu eta heriotz zigorraren aurkako mezu zuzena. Ezinbestekoa.

ARITZ "SOUND SYSTEM"

MICHAEL FRANTI AND SPEARHEAD-Everyone deserves Music

MICHAEL FRANTI AND SPEARHEAD "Everyone deserves Music"

Jende guztiak merezi du musika, musika atsegina. Behar hori asetzera dator Michael Franti eta Spearhead, bere taldearekin batera, AEBetan, komunikabide boteretsuek sinistarazi nahi digutena baino musika askoz hobeagoa egiten dela erakustera dator. Hip-hop, soul, jazz, rock eta reggae musiken iturritik edan du Michael Franti-k eta nahasketarekin egindako zukuak, musika estilo bakarraren basamortuak eragindako egarria baretzen lagunduko du. Gift Of Gab, John Butler, Radioactive, Ledisi, Sargento Garcia, Sly & Robbie... diska borobila osatzen lagundu dute. Musika konprometitua jendearentzat. Ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI-All rebel rockers

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD “ALL REBEL ROCKERS”
(Anti, 2008)

AEBetatik iristen zaigun kultur bakarraren erasoa etengabea da. Munduko herrialde “aurreratuena” omen denak nola jantzi, zer jan, nola kontsumitu eta zer pentsatu eta sentitu behar dugun “erakutsi” nahi digu etengabe. Komunikabideetan ikusezinak badira ere, “inperioaren” barruan, pentsamendu bakarraren kontra borrokatzen dutenak egon badaude. Michael Franti da horietako bat. Harrigarria da horrelako maila duen musikaria guztiz ezezaguna izatea gure artean. Disko honetan estilo anitzeko doinuak elkartzen dira nahiz eta azken diskoetako joerari jarraituz, jamaikar kutsuko erritmoek nagusitasuna lortu dute (besteak beste, Cherine Anderson eta Zap Mamaren ahotsen laguntza izan du). Musika ederra AEBetan iraultza haziak landatzeko.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI-All rebel rockers2


MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD ALL REBEL ROCKERS
(Anti, 2008)

AEBetatik iristen zaigun kultur bakarraren erasoa etengabea da. Munduko herrialde aurreratuena omen denak nola jantzi, zer jan, nola kontsumitu eta zer pentsatu eta sentitu behar dugun erakutsi nahi digu etengabe. Komunikabideetan ikusezinak badira ere, inperioaren barruan, pentsamendu bakarraren kontra borrokatzen dutenak egon badaude. Michael Franti da horietako bat. Harrigarria da horrelako maila duen musikaria guztiz ezezaguna izatea gure artean. Disko honetan estilo anitzeko doinuak elkartzen dira nahiz eta azken diskoetako joerari jarraituz, jamaikar kutsuko erritmoek nagusitasuna lortu dute (besteak beste, Cherine Anderson eta Zap Mamaren ahotsen laguntza izan du). Musika ederra AEBetan iraultza haziak landatzeko.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICROGUAGUA-BARRIO SANTO

MICROGUAGUA “BARRIO SANTO”

Bartzelona hiria kultura desberdinen topaleku aparta da gaur egun oraindik ere.. Microguagua taldea 2006. urte amaieran sortu zuten Francesco abeslari eta gitar jole italiarrak eta Coti, baxu jole argentinarrak. 2008. urtean, “Rootside” izeneko disko auto ekoiztua kaleratzen dute. Bigarren disko honetan ere jamaikar doinuak dira nagusi beste erritmoei muzin egin gabe, beti ere. Letrak italieraz, ingelesez eta gazteleraz abestuta daude eta kaleko bizimoduaren isla dira. Musikalki berriz, maila altuegia izan gabe ere, erraz entzuten den musika egiten dute. Kolaborazio batzuk (Che Sudaka, besteak beste) eta bi erremix (Rude Hi-fi eta Andy Morello).

ARITZ SOUND SYSTEM

MIGHTY DIAMONDS-INNA DE YARD

MIGHTY DIAMONDS “INNA DE YARD”
(Makasound, 2008)

Reggae musika biluzik. Reggae musikaren ingurune naturalean abestuta (kalean, hau da, jamaikarrek yard edo ghetto deitzen duten lekuan) eta gitarra akustikoa eta perkusioaz lagunduta, soilik. Horrela sortu dira reggae musikaren (eta baita beste estilo askotan ere) kantu ederrenetakoak. Ahotsa, gitarra eta perkusio batez lagunduta, estudioko ekoizpenetik aske; eta ekoizpenak garrantzia izugarria duen jamaikarra bezalako musikan, luxu handia da Mighty Diamonds bezalako hirukotearen kantu ezagunenak era akustikoan entzun ahal izatea. Toma bakarrean grabatuta. Are gehiago, kantuak taldeak berak sortutakoak direla kontutan izanda (eta ez ekoizle batek eginak).

ARITZ SOUND SYSTEM

MIREN-LAZTANTZEN NAUEN ESKUA

MIREN “LAZTANTZEN NAUEN ESKUA”
Gehiegitan atzera begira dagoen euskal kantagintzaren barruan kasu gutxi egiten zaie ezezagunak diren ahotsei. Ahots horien dira etorkizunean kolorea eta aberastasuna emango diotenak eta behar bezala zaintzen ez badira, itzalean galtzeko arriskua dago. Mirenen kasua izan daiteke. Urte batzuk dira dagoeneko abeslari bezala ari dela eta egiten duen musikagatik (Olatz Zugasti edo Benito Lertxundiren estiloan) jende askoren gustuko izan badaiteke ere, behar bezalako aurkezpena egin ezean, ezezagun izaten jarraitzeko aukera asko ditu. Mirenek berak konposatutako musika goxoa eta Pako Aristi, Andoni Egaña edo Antxon Sarasuaren letrekin osatutako kantuak.

ARITZ SOUND SYSTEM

MOJO PROJECT

MOJO PROJECT

Mojok proiektu bat du baina taldekoak ondo ezagutu gabe zaila da zein de jakitea. Musika entzunda soul, jazz, funk, disco erritmoak maite dituztela esan daiteke eta erritmo horiekin sentitzen dutena bestei sentiarazi nahi dietela pentsa daiteke. Dotore. Zergatik ote Jamiroquairen musikarekin izugarrizko antza somatzen diogula? Partaidetako batek Ramiqoquai izena duelako ote? Haize sekzioa, soka instrumentuak, Watch Tvren ekoizpena... Avila eta Madrilen artean grabatua. Arima beltzaren komunitatea zabaltzen doa.

ARITZ SOUND SYSTEM

MORGAN HERITAGE -THREE IN ONE

MORGAN HERITAGE "THREE IN ONE"

Denroy Morgan jamaikar abeslariaren seme alabek gaur egun, reggae munduan dagoen talde arrakastatsuena osatzen dute. Morgan Heritage taldeak musika mailan lortzen horren zaila den kalitatearen eta komertzialtasunaren arteko oreka lortu du eta diska berri honetan, aurrekoetan bezala, mezu konprometituen artean maitasun kantuak aurki daitezke. Junior Kelly eta Anthony B ragga abeslarien kolaborazioak eta batzutan, "perfektuegia" eta "garbiegia" den soinua. Single formatoan erakusten duten aurpegia botatzen dugu faltan.

ARITZ SOUND SYSTEM

MR T Bone-Sees America

MR. T-BONE SEES AMERICA

Ameriketara begira jarri da Mr. T-Bone eta ez da harritzekoa. Milanen jaio arren, jamaikar musikaren gaixotasunak jota dago aspalditik eta sukar horrek, ska-rocksteady-reggae musika konposatzera eraman du. Talde desberdinekin aritu eta gero, orain, uperbanda osatu du Italiako (Casuino Royale, Africa Unite...9 eta AEB zein Jamaikako ska musikari onenekin (Skatalites, New york Ska Jazz Ensemble, David Hillyard...). Emaitza ezin hobea. Europako Two Tone, Ameriketako ska jazz estiloen arteko maitasun harremana. Dotore.

ARITZ SOUND SYSTEM

Madrid de los Austrias-Playground vol.04

Madrid de los Austrias Playground vol.04

Zoritxarrez ez gara inoiz Vienan egon baina zihur gaude, hiriko turismo txarteletan, museo eta eraikin historiko garrantzitsuenekin batera ez dela Vienako club edo dantza aretorik azalduko. Oker gaude agian baina horrela bada kexatzeko arrazoiak ditugu. Ez dugu zalantzan jarriko Vienak ikusteko gauza asko dituela baina inor gutxik eztabaidatuko du hiri honek ikusteko gauzak edukitzeaz gain entzuteko gauza interesgarriak ere badituela; Kruder & Dorfmeisterrekin hasi eta Madrid de los Austrias arte. Azken hauek, gustoko dituzten kantuekin sesioa osatu dute, adituek lounge, nujazz edo downtempo dioten erritmo lasai dotoreetatik eta house soul dantzagarrietaraino. Erres ahaztuko ez dugun bidaia.

ARITZ SOUND SYSTEM

NAS & DAMIAN MARLEY-DISTANT RELATIVES

NAS & DAMIAN MARLEY “DISTANT RELATIVES”
Arrakasta komertziala duten diskoen aipamenik ez dugu apenas egiten baina disko honetan elkartu diren bi abeslarien garrantzia ikusita salbuespena egingo dugu. Reggae eta rap musikaren arteko harremana aspaldikoa da (raparen sorrera ulertzeko ezinbestekoa da reggaearen garapena ezagutzea, gure ustez ) eta maitasun-gorroto harreman horrek fruitu oparoak utzi dizkigu bi norabideetan. Reggae eta rap abeslarien arteko elkarlana ere aspaldikoa da baina normalean, abesti puntualetara mugatu izan da. Oraingoan, bi estiloetako pisu astunek bat egin dute diskoa osatzeko eta emaitzak, kalitatearen eta komertzialtasunaren arteko oreka lortzen duela dirudi.

ARITZ SOUND SYSTEM

NATACHA ATLAS-ANA HINA

NATACHA ATLAS “ANA HINA”
(World Village, 2008)

Etno Techno delakoaren izar nagusietakoa da eta musikaren bidetik ekialdeko eta mendebaldeko kulturen arteko zubi sendoak eraiki ditu. Transglobal Undergrounden eman zituen lehen pausoak. Herrialde desberdinetako erritmo etnikoak base elektronikoekin nahasten zituzten. 1995. urtean kaleratu zuen lehen diskoa bakarlari modura (Diaspora). Orain aurkezten duen diskoa zortzigarrena da eta azken urteetako joerari jarraikiz, base elektronikoek nagusitasuna galdu dute eta 50 eta 60. hamarkadan egiten zen arabiar musikaren ukitu handiagoa du. Diskoan Mazeeka Ensemble izeneko taldeak parte hartu du, nazioarteko musikariekin osatutako orkestra. Haize eta perkusio landuak, melodia goxoak eta sentikortasun berezia duen Natacharen ahotsa.

ARITZ SOUND SYSTEM

NNEKA-NO LONGER AT EASY

NNEKA NO LONGER AT EASY
(Four Music, 2008)

Aspaldian ez genuen horrelako abeslari sentibera ezagutu. Lehenengo diskoak maitemindu gintuen eta bigarren honekin, urtu egiten gara. Nigerian jaioa, hemeretzi urterekin joan zen Alemaniara (musika eta antropologia ikasketak egitera). Musikalki, Fela Kuti eta Bob Marley ditu erreferentzi nagusiak. Rapa, soula, funkia eta reggaea, oso modu pertsonalean abestuta. Duela aste gutxi zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izan genuen. Neneh Cherryren garai onenak ekarri zizkigun burura. Nigeriako egoeraren larritasunaz aritu zen, eta jendeari zerbait egin behar genuela esaten zigun Nigeria, Afrikan biztanle gehien dituen herrialdea da. 1901. urtetik 1960. urtera ingelesen menpe egon da eta ondoren, bertako jauntxo eta militarrek ustiatzen jarraitu dute.
ARITZ SOUND SYSTEM

NO JAZZ-NO JAZZ

NO JAZZ NO JAZZ
Emakume dotorea da Jazza. Urte asko dituen arren oso ondo zaintzen da eta gutxi dira, behin ezagututa, Jazzarekin erakargarritak sentitzen ez direnak. Gazte, heldu zein agure, aberats edo behartsu. Batzuentzat gau edo denboraldi bateko harremana da eta besteentzat berriz bizitza osorako pasioa. Jazzari harremanak edukitzea gustatzen zaio eta azkenaldian, oso serio ez bada ere, gustora dabil Elektronikarekin. Jazza aspaldi ezagutzen dutenei ez zaie harreman hau gehiegi gustatzen baina Jazzari bost axola dio. Libre da eta gauaren arabera, jantzi bat edo bestea jarri eta kalera doa. Gaurkoa bapore etilikoekin zikindutako gaua izan da eta bihar, egindakoaz damutuko da agian. Edo ez...

ARITZ SOUND SYSTEM

NOUR-Papier Mullat

NOUR “PAPIER MULLAT”
(Kasba, 2007)

Cheb Balowski taldeko Yacine Belahcene abeslariak martxan jarritako egitasmoa da eta lehen disko honetan, Afrika iparraldeko musiken eragina da nagusi, musika elektronikoaren ornamentuekin apainduta (rockari, reggaeari eta rapari muzin egin gabe). Katalanez eta arabiarrez abestutako kantuak (tarteka erdarazko esaldiekin) dira eta, oinarrian, “ongizatearen” gizartearen hipokresia salatzera datoz. Salaketa nagusi. Mezu zuzen eta bortitzak, bitartekorik gabe.. Erritmo aldetik disko lasaia da orokorrean baina taldearen energia guztia zuzenekoan atzeman daiteke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ORTOPHONK-ORTOPHONK

ORTOPHONK "ORTOPHONK"

Ez dut ulertzen. Euskal Herrian musika interesgarrienetakoa lantzen duten talde eta musikari askok diska kaleratu nahi badute dirua boltsikotik jarri eta autoprodukzioa egin behar dute. Nola da posible Ortophonk bezalako maila altua duen talde batek disketxeen babesik jaso ez izatea? Gasteiztar musika adikto hauen burugogorkeriari, gusto ona eta lan izugarriari esker Euskal Herrian egindako FUNK musikaz gozatu dezakegu. Mila esker komertzialtasun eta estilo bakarreko izarren dizdiran iluntasun pixka bat jartzeagatik. Jarraitu itzalaren bideari... www.ortophonk.com.

ARITZ SOUND SYSTEM

PAMA INTERNATIONAL-LOVE FILLED DUB BAND

PAMA INTERNATIONAL “LOVE FILLED DUB BAND”
(Active/Universal, 2008)

80. hamarkadan Jamaikako etorkinek Karibeko irlan sukarra eragiten zuten doinu bizkor eta dantzagarriak ingeles gazte zurien artean zabaldu zituzten eta ska musikaren oinarria zuten taldeak sortu ziren (The Specials, The Madness, etab.). Two Tone garaia zen eta ska doinuak, punk eta pop ukituekin elkartuta Europako hainbat herrialdeetara zabaldu zuen sukarra. Euskal Herrian, Kortatu bezalako taldeak gaixotu zituen. Azken urteotan, beroaldi horretatik sortutako talde interesgarrienetakoa Pama International izenekoa da. Orain aurkezten duten diskoan luxuzko kolaboratzailekin datoz; Rico Rodrigez edo Sir Horace Panter (Specials) adibidez. Ska, dub, pop eta soul freskoa belarrientzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

PINK PANTHERS-PENTHOUSE PARTY

PINK PANTHERS PENTHOUSE PARTY

Nork ez ditu Pantera Arroxaren abenturak ezagutzen? Egia esan, ez dakit, gaur egun telebista kateren batean ematen dituzten baina bere garaian gazteon artean arrakasta gehien zuten marrazki bizidunak ziren. Arrakasta hori ez zen, gaur egun gertatzen den bezala, efekto bereziei eta odol jario beldurgarriei esker lortzen. Irudimen eta komikotasun haundiko marrazkiak ziren, irrifarrea sortzen zuten horietakoak. Zalantzarik gabe, marrazkiekin batera entzun zitekeen musikak zeresan haundia zuen arrakasta horretan eta Henry Mancini maixuak konposatutako sintonia ez dugu inoiz ahaztuko. Bere homenez kaleratutako diska honetan, kantu originalarekin batera, hainbat bertsio eta marrazkiekin bat datozen beste kantuak entzun daitezke, gaur egungo egile ezagunez konposatuta ( Fat Boy Slim, nicola Conte, St. Germain, e.a.).

ARITZ SOUND SYSTEM

PINTXATU

PINTXATU

Donostiako A Fuego Negro jatetxeak eta Talka diskoetxeak elkarlanean kaleratutako disko/errezeta liburuxka honetan musika beltza eta janariaren arteko harremana dastatzen da. Bi osagai horien arteko lotura zuzena aspaldikoa da eta disko liburuxka honekin atal berria idatzi da. Azpimarratzekoa da diskoak duen aurkezpen zaindua eta txukuna eta errezeta zein abestiei buruzko informazio eta irudi osagarriak edukitzea (mp3aren garaian faltan botatzen den zerbait). Edukiari buruz berriz musika beltzaren zaletuak hasetuko dituen menua du; Euskal Herrian erritmo horiek lantzen dituzten lagunekin zein Ferminen ohikoak diren nazioarteko kolaborazioekin.

ARITZ SOUND SYSTEM

PRESSURE DROP-Food Of Love

PRESSURE DROP “Food Of Love”

Nola aldatzen diren gauzak. Atzo Massive attack, Portishead, Tricky eta Bristol herriko taldeak ziren protagonistak eta gaur, nork gogoratzen da beraietaz? Inork gutxi. Bristolgo soinua delakoa ordea egun batetik bestera ahaztu egiten den moda komertziala baino gehiago izan da eta hori horrela dela erakustera dator Pressure Dropeko jendea. Baina ez pentsa talde berria denik, aipatu talde ezagun horietako asko hasi aurretik hor zeuden musika eginez eta festak antolatzen eta gaur egun oraindik ere indarrean jarraitzen dute. Pressure Dropen kasuan egia da gora behera asko izan dituztela eta kaleratu dituzten disken artean denetarik dagoela baina azken honekin Bristolgo doinua delakoaren aberastasuna berrestera datoz. Reggae, dub, soul, funk, rap, drum&bass... eskutik maixuki heldutak. Abeslari desberdinen kolaborazioak eta bigarren diskan lehenengoaren nahasketak. Bizi gara.

ARITZ SOUND SYSTEM

PROMOE-Whites man burden

PROMOE “WHITE´S MAN BURDEN”
Zorionez, Promoek, egun, rap musikak dituen topiko batzuekin apurtzen du. Zuria da eta europarra (hauek ez dira dagoeneko ezaugarri “arraroak”) baina bereziki hip-hop “izarretatik” desberdintzen duena kantuetan zabaltzen dituen mezuak dira. Urre eta haragizko distirak itsutu gabe, gai sozial eta politikoak dira nagusi. Zilborrari etengabe begira egon gabe eta ingurukoak etengabe mehatxatzen ibili gabe, hausnartzerako parada ematen duten letrak lantzen ditu. Eta gainera musika ona egiten du.

ARITZ SOUND SYSTEM

Q-Tip-The Renaissance

Q-TIP “THE RENAISSANCE”

Rap musikaren gainbehera sentitu dugunontzat itxaropenerako arrazoia da Q-Tip-en disko berria. Raparen urrezko aroan (arrakasta zerrendetatik urrun zegoela) A Tribe Call Quest taldeko partaide izan zen eta mugimendu eder horren loratze garaian, rap gordinari, jazzaren magia gehitzen jakin zuen. 1988an taldea desegin eta bakarlari modura hasi zen. Ur nahasiak ezagutu ditu eta orain, hogei urteko ibilbidea eginda, raparen gorengo maila erakusten duen diskoa kaleratzen du. Raphael Saadiq edo D´Angeloren urrezko soul ahotsen laguntza izan du, besteak beste. Estiloen gainetik, musika ederra dastatzeko gai direnentzat, eta bereziki, raparen heldutasuna zalantzan jarri eta raparen irudi okerra eta mugatua dutenentzat aproposa.

ARITZ SOUND SYSTEM

QUINCY JONES-Q Soul Bossa Nostra

QUINCY JONES “Q: Soul Bossa Nostra”
Askorentzat izen ezezaguna bada ere, azken 40 urteotan musika beltza arrakastatsuenaren atzean dagoen izena da. Abeslaria, musikaria (piano eta trompeta jolea), banda zuzendaria eta azken urteotan famatuak egin diren musikari askoren ekoizlea (Dizzy Gillespie, Aaliyah, Michael Jackson, Frank Sinatra, Dinah Washington, Dean Martin, Patti Austin, Marvin Gaye, Stevie Wonder, Will Smith eta abar). 1964ean lehen diskoa kaleratu zuen eta disko horri keinua eginez, bere karrera oparoan konposatutako hainbat abestien bertsioekin dator disko berrian. Kolaborazio ezagun ugari (LL Cool J, John Legend, Snoop Dogg, Wyclef Jean, Q-Tip, Talib Kweli, Akon, Ludacris, Usher, Mary J. Blige, Jamie Foxx) eta komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

RAS COCOMAN-Yo soy Rastaman

RAS COCOMAN “Yo soy Rastaman”

Nork esango luke. Cuba bezalako irla bat, musikarekiko duen zaletasunarekin, Jamaikatik horren gertu egonda eta reggae musikarekin egindako lehen diska kaleratzen da orain. Jakina da, reggae musika eta rasta erlijioaren jarraitzaileak ez daudela ondo ikusiak Cuban (ezta Jamaikan edo orohar Karibean ere) baina harrigarria iruditzen zaigu orain arte reggae diskarik kaleratu ez izana Cuban. Arrazoi asko daude tartean (orain aztertuko ez ditugunak) baina pozteko arrazoiak baditugu, reggae zaletuok garenok, reggae musikaren zuhaitz oparoari adar berria sortu zaiolako. Haundia eta indartsua egin dadila.

ARITZ SOUND SYSTEM

RAS MIGUEL & TAFARI-BUSCANDO UNA SALIDA

RAS MIGUEL & TAFARI “BUSCANDO UNA SALIDA”

Jamaikar musikak geroz eta zaletu gehiago ditu Euskal Herrian. Sareak zabaldu dituen aukerak baliatuta geroz eta gazte gehiago dira doinu horiek ezagutu eta maitatzen dituztenak. Horrek ordea praktikan ez du ekarri, reggae talde berri askoren sorrera. Orain aurkezten dugun taldea urteak darama eszenatokietan kontzertuak eskaintzen baina orain ikusi dute diskoa kaleratzeko aukera aproposa. Horrelako egitasmo baten alde egingo duen diskoetxearen faltan auto-ekoizpenaz baliatu dira eta euren baratzean maitasun eta duintasun handiz loratutako 12 hazi eder eskaintzen dizkigute. Roberto Sanchezek nahastuta eta Ibon Larruzearen laguntzarekin, reggae zuzena gazteleraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

RED SNAPPER-Our Aim Is To Satisfy Red Snapper

DISKA KRITIKA

RED SNAPPER "Our Aim Is To Satisfy Red Snapper" (Warp-Satelite K, 2000)

Red Snapper-ek dagoeneko musika elktronikoaren jarraitzaileen artean ohorezko izena lortu du. 1993an sortu ziren eta egiten duten musika sailkatzea euria ari denean tantak zenbatzea bezain zaila izan daiteke. Taldea osatu aurretik Richard Thair (bateria, perkusio eta platoak), Ali Friend (baxua) eta David Ayers (kitarra, programazioa) amankomunean zuten Eric B & Rakim, breakbeata, hasierako technoa, surf musika eta country-arekiko maitasuna. Honelako gustu musikalak dituen taldeak egin dezakeen musika imagina dezakezu. 1995ean "Reeled And Skinned" bilduma, 1996an "Prince Blimey" eta 1998an "Making Bones". Urriaren 8an berriz diska berriak ikusiko du argia eta guk oraindik gehiagotan entzun beharko dugu diskaz idei garbia ateratzeko.

SOUND SYSTEM

REUBEN WILSON BERNARD PURDIE & GRANT GREEN JR-THE GODFATHERS OF GROOVE

REUBEN WILSON, BERNARD PURDIE & GRANT GREEN JR. “THE GODFATHERS OF GROOVE”

(18th & Vine, 2007)

Reuben Wilson organo jolea, Grant Green jr. gitarra jolea (Grant Green ezagunaren semea) eta Bernard Purdie bateria (munduan gehien grabatzen duen bateri jolea dela diote; Isaac Hayes, B.B. King, Aretha Franklyn, e.a.) disko honetarako elkartu dira. Hirurak soul, jazz, blues eta funk musikaren pisu astunak dira eta bakoitza bere instrumentuan maisu.. Aipatu estilo horien adar instrumentalaren jarraitzaileentzat guztiz aproposa den diskoa da, kalitatea eta esperientzia batera doaz oraingoan.

ARITZ SOUND SYSTEM

RINOCEROSE-Futurino

RINOCEROSE “FUTURINÔ”
(V2-Cooperative music, 2009)

Musika elektronikoaren urrezko aroaren hasieran jaio ziren eta erritmo elektronikoen eta pop eta rockaren arteko nahasketarekin berehala bereganatu zuten entzulegoa (zuzeneko indartsua izateaz gain). Hasieratik kalitatezko musika komertziala egiten jakin dute eta nahiz eta egiten dutena, batzuetan errepikakorra dela iruditu, nolabaiteko garapena bizi izan dute. Musika elektronikoaren bultzadari esker egin ziren ezagunak eta, garaiko talde askok bezala, erritmo elektronikoak bigarren mailan utzi dituzte (baita brasildar ukituak ere) gitarrei protagonismo handiagoa emateko. Disko berri honetan ez dugu gauza berririk aurkituko; ohiko estiloan landutako kantu entzun errazak eta melodia poperoak. Apirilean zehar giran izango dira estatuan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ROY AYERS-Virgin Ubiquity Remixed

ROY AYERS “Virgin Ubiquity Remixed”

Musikak, giroak sortzeko dohain berezia du. Giro goxo eta sentikorrak sortzeko garaian, Roy Ayers musikaria da ezinbesteko erreferentea. 70. hamarkadan kaleratu zituen diskoak, garaiko soul, jazz eta funk erritmoen sentikortasun osoa jasotzen dute. Lau hamarkada eta gero, Roy Ayers-en musikak gaurkotasun eta balore guztia mantentzen du. Diskoak kaleratzen jarraitzen du eta hauetan Erykah Badu, MAW, Mary j Blidge edo Puff Daddy bezalako izen handien laguntza jaso du. Oraingoan, bere kantu ezagun eta ezezagunak, disko jartzaile eta ekoizleen esku jarri ditu kantu horien nahasketa berriak jasotzen dituen diskoa osatzeko. Bueltan da maisua, jantzi berriekin.

ARITZ SOUND SYSTEM



ROY ELLIS-THE BOSS IS BACK

ROY ELLIS “THE BOSS IS BACK”

Asko dira bizitza osoa musikari eskaintzen dioten musikariak eta Jamaikarren artean ohikoa da oso. 1969. urtean Roy Ellisek, Symarip taldearen abeslari bezala, ska musikak 80. hamarkadan Ingalaterran izan zuen arrakasta ulertzeko ezinbestekoa den diskoa kaleratu zuen: “Skinhead Moonsop”. Urteetan soul eta gospel musikan murgildu eta gero, 2007. urtean jamaikar doinuetara bueltatu zen eta orain, etapa berriko bigarren diskoa aurkeztera dator. Ska, rocksteady, reggae eta soul doinuak nagusi dira jamaikar musikaren estilo klasikoan, 60. hamarkadara begira jarriko gaituen abeslari honek gidatuta.

ARITZ SOUND SYSTEM

ROY HARGROVE-Hard Groove

ROY HARGROVE "Hard Groove"

Urteko diska kuttunetakoa. Jazz musika klasikoa ulertzeko gaitasuna ez dugunontzat jazz diska aproposa. Jazz klasikoaren "garbitasunetik" hurrundu eta soul, funk eta raparen putzu zikinean lokaztu da Roy Hargrove. Hamar urteko haurrak bezala guraso eta maixuen esanei muzin egin eta debekatutako eremuetara hurbildu da jolastera. Horretarako jolas lagun aproposak izan ditu; Erykah Badu, Common raperoa, DÁngelo, Q-Tip... Jazz musikaren "puristak" direnen errieta jasoko du zihurrenik baina zein ondo pasa duen eta zein ondo pasa arazi digu. Hargroven musikarekin jolastu nahi?

ARITZ SOUND SYSTEM

SALLY NYOLO-Memorie du monde

SALLY NYOLO “MEMOIRE DU MONDE”

Afrikak bizi duen egoera gogorra izanda ere, betidanik harritu gaitu afrikar musikak duen bizitasuna eta alaitasuna. Erritmoz, ahots joko ederrez eta baikortasunez betetako kantuak iristen zaizkigu Afrikatik eta horren adibide izan daiteke Sally Nyoloren musika. Camerunen jaioa hamabi urte zituela joan zen Parisera bizitzera eta musikalki Zap Mama taldearekin egin bazen ezaguna ere, bakarlari modura kaleratzen dituen diskoetan izugarrizko maila erakutsi du. Memorie du Monde diskoan, afrikar erritmo goxoak entzungo ditugu, ekoizpen korapilatsurik gabe eta reggaea bezalako musiken eragina nabariarekin. Eton hizkuntzan abestutako kantuetan berriz, Afrika eta afrikar emakumeei egindako omenaldia eta herrien arteko elkartasun mezuak entzungo ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

SANTOGOLD-SANTOGOLD

SANTOGOLD “SANTOGOLD”
(Downtown, 2008)

Etengabeko garapenean dagoen musika munduan, tarteka, egunerokotasunaren errutina apurtzen duten musikari eta diskoak azaltzen dira. Santogolden lehen iraupen luzea horrelako dohainak ditu. M.I.A. eta Diplok zabaldutako bideari jarraituz, aurrez ezagutzen ditugun osagaiak era berritzailean nahastuta, haize freskoa dakar. Electro, dancehall, funk, pop eta imajina ezin ditzakegun estiloen eragina, guztia 80. hamarkadako estetikak igurtzia. Spank Rock taldeko Naeem eta Switch edo Trouble Andrew-ren ekoizpenak eta Bad Brains edo Steel Pulse taldekoen kolaborazioak. Linealtasuna gustukoa ez duen entzulearentzat aproposa, kantu bakoitzak bere izaera propioa lortzen du. Bitxia.

ARITZ SOUND SYSTEM

SERGIO MENDES-Encanto

SERGIO MENDES “ENCANTO”
(Universal, 2008)

Sergio Mendes modan dago, berriro ere. 50. hamarkadan hasi zen musika munduan eta 60. hamarkadan, bossa novaren sorrera eta zabalkundearekin batera, konposatu zituen kantu arrakastatsuenak. 1964. urtean, AEBetara joan zen bizitzera eta brasilgo musikatik zekarren oinarriari, jazzaren, funkiaren eta baita raparen eragina gehitu zaio. Black Eyed Peas-eko Will.I.Am-ekin batera, azken urteetan galdutako fama berreskuratzen hasi da, eta “Timeless” izeneko diskoarekin hasitako bideari eutsi dio disko berrian. Luxuzko kolaboratzaileak (Carlinhos Brown, Zap Mama, etab), produkzio koloretsuak eta bere abesti klasikoen berrikuspena. Disko komertzial guztiak horrela balira…

ARITZ SOUND SYSTEM

SERGIO MENDES-Timeless

SERGIO MENDES “TIMELESS”

Nork esan behar zion 65 urteko Sergio Mendes-i, azkeneko diskoan, Brasilgo bossa-nova eta samba erritmoak rap-arekin elkartuko zituenik. Askotan esan izan dugu, Brasilgo musikariek, Brasil kanpoko erritmoak bereak egiteko gaitasun berezia dutela. Sergio Mendes, urteetan “Más que nada” kantuaren egile izateagatik ezaguna (jende askoren artean behintzat), Black Eyed Peas rap talde ezagunaren proposamenari baiezkoa eman dio. BEP-eko Will.I.Am, Sergio Mendes-en jarraitzaile sutsua da eta diskoan, BEP-eko jendearekin batera, Erykah Badu, India Arie eta rap zein soul munduko jende ezagunak parte hartu du. Elkarketa interesgarria.


ARITZ SOUND SYSTEM

SIZZLA-Children of jah

SIZZLA “CHILDREN OF JAH”
(Penitentiary, 2007)

Sizzla izan zen, Garnett Silk-ek zabaldutako bideari jarraiki, 90. hamarkada erdialdean “Roots Reggae” delakoa berreskuratzeko bidean pauso handia eman zuena (Luciano, Tony Rebel eta antzeko abeslariekin batera). Singjay bezala ezagututako abesteko era (melodikoa eta raga-zakarra tartekatzen dituena) famatu egingo zuen eta bere lehen diskoetan, gizartea aldatzeko irrikatan zeuden gazte jamaikarren eredu izan zen. Hamarkada igaro da eta lortu duen ospea handitzen zen neurrian gutxitu da txurroak bezala kaleratzen dituen diskoen maila.

ARITZ SOUND SYSTEM

SKATALITES-On the right track

SKATALITES “ON THE RIGHT TRACK”
(Aim, 2007)

Jamaikar musikaren talde esanguratsuena da. Irlaren independentziak ekarritako alaitasuna eta itxaropena musika bihurtu zuen eta AEBetatik iritsitako Rhythm&bluesa eta Karibeko mentoa eta calypsoa oinarri hartuta ska musika sortu eta reggae musikaren hazia landatu zuen. 60. hamarkadan musika mundua irauli zuen musikarekin datoz berriro eta nahiz eta partaide “original” asko falta diren, testigua jaso dutenek (horietako batzuk hasieratik taldearen kolaboratzaile izandakoak) taldearen maila mantentzen dute. Diskoan instrumental indartsuak eta abestutako kantu (Doreen Shafferen ahots gozoarekin) ederrak aurkituko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

SLY & ROBBIE-RHYTHM DOUBLE

SLY & ROBBIE “RHYTHM DOUBLE”
Sly Dunbar eta Robbie Shakespeare, erritmoaren bikote perfektua dira. Bateria eta baxu joleak, reggae musikaren arima dira; heartbeat, lurraren taupada. Duela urte asko, abeslariak edo taldeak ezagutu gabe ere, musikarien artean Sly & Robbie zituzten reggae disko guztiak erosten nituen. Reggae disko gehienetan parte hartzen zutela konturatuta “selektiboagoa” bihurtu nintzan (poltsikoak aginduta). Egun, izar handiak dira, bai reggaean eta baita rap edo r&baren munduan oso “kotizatuak” daude. Musikari bezala maisu badira ere, Sly & Robbie bezala kaleratzen dituzten diskoek, kutsu “komertzialegia” dute gure gusturako. Izen ezagunen kolaborazioak, eta modan dauden, edo bere garaian arrakastatsuak izan ziren, erritmoen birziklapena egiten dute. Azalekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

SPEECH-SPIRITUAL PEOPLE

SPEECH "SPIRITUAL PEOPLE"
Buff! Zertxobait lasaiago egiten dugu lo orain. Miloika diska saltzen dituen R&B gogaigarritik eta milaka gazte afroamerikar eta azal zurien burmuinak pose ustelekin betetzen dituen rap komertzial eta funtsagabekotik aratago (arnasa hartu), bizitza badela frogatu digu Speech-ek. Urrezko kate, luxuxko ibilgailu, aurpegi kopetilun eta ustez erakargarriak diren abere koipez loditutako giarrekin artifizialki puztutako gorputzez gain (arnasa berriro ere) bada esperantzarik. Arrested Development taldearekin rap musikaren alde positiboa erakutsi zigun; bizi poza eta konpromezua. Bakarlari bezala berriz, Arrested-ekin hasitako bideari eutsi dio.

ARITZ SOUND SYSTEM

STATESIDE HOMBRES-SKANK

STATESIDE HOMBRES “SKANK”

Jostailuzko freestylersak. Skank soinuaren gainean oinarritutako kantuak. Reggae, ska, ragga, breakbeat eta dantza festa. Arrakastarako osagai guztiak ditu diska honek; erritmo dantzagarriak, estribillo errexak, kantu ezagunen sanplerrak ( Sister Nancy-ren `Bam Bam´ edota Skatalites-en `Phoenix City´ eta James Brown `make it funky´), ragga eta soul ahotsak eta modako erritmoak eta hala eta gustiz ere, berehala aspertzen duen horietakoa da. Ideia ona bai baina mamirik ez.

ARITZ SOUND SYSTEM

SUGAR MINOTT-LEAVE OUT A BABY

SUGAR MINOTT “LEAVE OUT A BABYLON”

Originala eta kopia. Zer desberdintasun dago? Sugar Minott-ek urte mordoa darama reggae musika egiten. African Brothers taldearekin hasieran eta bakarlari bezala ondoren, Studio One disketxearentzat grabatu zituen klasiko asko eta disketxe propioa sortu zuen, Black Roots. Youth Promotion izeneko sound systemarekin abeslari gazte askoren bultzatzaile izan da eta dancehall estiloaren sortzaile. Orain, sustraiaz eta kulturaz betetako diska osatu du eta zuzenean diskako kantuak aurkezten dituenean... aurpegiko espresioa ikusi besterik ez dago. Hor dago desberdintasuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

SUGAR MINOTT-Reggae legends

SUGAR MINOTT “REGGAE LEGENDS”
Komunikabide handietan inolako aipamenik egin ez badiote ere, uztailaren 10ean utzi gintuen jamaikar musikaren garapena ulertzeko ezinbestekoa den abeslari handi hau. 54 urte zituen soilik (musikari apalen bizitza gogorra denaren beste adibide) baina bere musika ibilbidean zehar izugarrizko ondarea utzi digu. Reggae musikak izan duen garapenaren adibide, soul musikaren eraginpean beti ere, dancehall estiloaren sorreran ezinbestekoa izen zen. Abeslari eta kantu egileaz gain, ekoizle ere izan zen eta gaur egun jamaikar musikaren izar handi diren abeslari gazteei aukera eman zien. Aurten kaleratutako disko laukoitz honetan 1984 eta 1985 urte artean kaleratutako kantuak jasotzen dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

St GERMAIN-TOURIST

St. GERMAIN "TOURIST" (Jazz-House, 2000)

Jazza eta musika elektronikoa nahasten dituen maixulana. Proiektua gidatzen duen Ludovic Navarrek makinak musikariak baino nahiago izan ditu beti. Musikaria ez denez ez duela hauekin gustora lan egiten dio berak baina esanak esan, an honetarako ordenagailu, sanpler, erritmo kaxa eta teklatuak hezur haragizko lagunekin uztartu ditu eta emaitza inoiz lortu duen maila musikalik altuena izan da. Lehen mailako jazz musikariekin aritu da elkarlanean; horien artean, Pascal Ohze, Edouard Labor eta Claudio De Queiroz haize sekzioan, Carneiro eta Idrissa Diop perkusio eta baterian eta gonbidatu nagusi bezala jamaikar musika zaletuen artean aski ezaguna den Ernest Ranglin gitarjole haundia. Erabilitako sanplerren artean berriz, Marlena Shaw-ren ahotsa, Miles Davis-en tronpeta eta John Lee Hooker-en gitarra. Musikari eta makinen elkarlan horretatik sortu da urteko diskarik onenen artean kokatu beharko duguna. Jazza, reggae-dub, bluesa, funkia eta house erritmoak maixuki uztartzen dituen lana. Derrigorrezkoa.

SOUND SYSTEM

THE BUDOS BAND-III

THE BUDOS BAND “III”

Aspaldidanik esaten ari garenez, 70. hamarkadako funk ilun, zikin eta keotsuaren maitaleak zorionekoak dira. Azken urteotan perretxikoak bezala hazi dira garai haietan oinarritzen diren musika taldeak. New York hirian sortu direnen artean, The Budos Band da ezinbesteko horietako bat. Erritmo instrumental gogor eta azkarrak dira nagusiki eskaintzen dituenak, funk musikaren arima dutenak, tarteka soul eta jazzaren koloreekin goxatuta eta Afrobeat eta New Orleanseko izpirituaz igurtziak daudenak. Lehen entzunaldian baino, denbora eta arreta eskatzen duen diskoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE GLADIATORS-CONTINUATION

THE GLADIATORS “CONTINUATION”

Albert Griffith-ek sortu zuen taldea 1968. urtean eta 70. hamarkadan, sustraizko reggaearen talde indartsuenetako izan zen. Soul musikaren eraginpean, hiru ahotsekin osatutako taldeak izugarri hedatu ziren Jamaikan baina jamaikarrek lortutako ahots jokoek ez dute parekorik beste musika estiloetan. Azken urteotan, Albert Griffithen osasun kaskarra zela eta bere semeak hartu dio lekukoa ahots nagusi lanetan. Diskoan, roots reggae doinuak entzun ahal dira, haize sekzio eta guzti, eta lehen entzunalditik Gladiators taldea badatorkizu burura ere, beste reggae “izarren” semeekin gertatu bezala, lan handia egin beharko du oraindik aitari itzala egin nahi badio behintzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE GRAMOPHONE ALLSTARS-SIMBIOSI

THE GRAMOPHONE ALLSTARS “SIMBIOSI”
Katalunian musika beltzak duen zaletasunaren adibide berria. Simbiosi izenarekin jamaikar musikaren eta jazza eta soularen arteko maitasun harremana landu dute kataluniar musikari gazte hauek diskoan. Diskoa, biniloa balitz modura, bi aldeetan banatu dute eta lehenengoan jamaikar musikaren lurrina baldin bada nagusi bigarren “aldean” jazz eta soula gailentzen dira. Taldekideen kantuekin batera musika beltzaren bertsio klasikoak entzun daitezke (The Spinners I´ll Be Around, Gershwin anaien Summertime, Duke Ellington Sentimental Mood eta abar).

ARITZ SOUND SYSTEM

THE JAZZ STEPPERS-THE NEXT STEP

THE JAZZ STEPPERS " THE NEXT STEP"

Pauso haundiak ematen ari dira jazz musikaren munduan. Jazz klasikoaren zaletu askorentzat bide okerra hartzen ari dira jazz musikari gazte askok eta The Jazz Steppers taldearen kasu, jazzari behar omen duen seriotasuna kendu eta arinkeriaz tratatzen omen dute. Giro bereziak sortzeko duten gaitasuna ordea ez du inork ukatuko. Egia da, "smooth jazz" deitzen duten honek, hasiera batean, itxuraz, ez duela konplexutasun formal haundirik baina jazz klasikoa bere osotasunean ulertzeko gaitasuna ez dugunontzat, jazzaren munduan murgiltzeko lehen pausoa izan daiteke. Pausoz pauso.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE NEW MASTERSOUNDS-TEN YEARS ON

THE NEW MASTERSOUNDS “TEN YEARS ON”

Azken urteotan funk eta soul doinuen loratzen interesgarria bizi izan dugu. Askok esango dute Amy Winehouse eta antzeko “izar berrien” eraginez izan dela baina guk alderantzikoa izan dela esango genuke. Loratze horrek AEB edo Europa eta Japoneko merkatuetan izandako indarraren eraginez, industriak bultzatutako “izar berriak” kaleratzea eta promozionatzea ekarri du, promozio horren miseria guztiekin batera. Zorionez, funk eta soul doinuen berpizte horretan zer esan handia izan dute TNM bezalako taldeak. Hamar urte egurra emanez eta Europan dagoen funk-soul-rock banda interesgarrienetakoak, aurrekoen maila altuari eutsiz, disko berria kaleratu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE PEPPER POTS-NOW

THE PEPPER POTS “NOW”
60. hamarkadako musika beltzaren zaletu amorratu hauek, lehen diskoetan Jamaikara begira bazeuden ere, urte hauetan bizi izan duten garapenak bultzatuta, Detroit hiriko arnas keotsura abiatu dira orain. Harrigarria bada ere, azal zuri hauek, Motown garaiko urrezko aroa gogora ekarriko digun diskoa lortu dute eta horretarako Binky Griptite (Sharon Jones & The Dap-kings, Amy Winehouse eta abar) ekoizlearen ezinbesteko laguntza izan dute. Analogikoan grabatuta, 60. hamarkadan ekoiztutako diskoen soinura asko gerturatu dira eta berrikuntzarik eskaintzen ez badu ere (soul goxo eta gozoa da) taldeak denboran atzerako bidaia egitea lortu du (lehen mailako billetearekin gainera).

ARITZ SOUND SYSTEM

THE SLACKERS-THE GREAT ROCKSTEADY SWINDLE

THE SLACKERS “THE GREAT ROCKSTEADY SWINDLE”

Ska erritmo jamaikarrak 60. hamarkadan izan zuten urrezko aroa (urte gutxi egon zen indarrean) baina erritmo alai eta dantzagarri hauen itzala gaur arte luzatu da. 80. hamarkadan Two Tone garaian estilo honek berpizkundea bizi izan zuen (Ingalaterran bereziki) eta 90. hamarkadatik aurrera etengabe sortu dira talde berriak (Europa eta AEBetan bereziki). Slackers taldea New Yorken sortu zen garai hartan eta lehen diskotik azkenera, jamaikar arimarekin batera rocka, soula, jazza eta beste hainbat estilo uztartu dituzte. Erritmo indartsu eta biziak, estiloen arteko zubiak eraikiz eta zuzeneko zoro eta alaiarekin (Euskal Herrian ere izan ditugu Brixtonen eskutik).

ARITZ SOUND SYSTEM

THE UNDERBELLY-SEVEN FEET UNDER

THE UNDERBELLY “SEVEN FEET UNDER”
Erritmo beltzak lantzen dituen beste talde “zuria”? Azken hilabeteotan (urteak jada) soul, funk eta jazz doinuak biziki jorratzen dituzten taldeen diskoak aipatu ditugu eta horietako asko (gehienak) Europan sortuak eta azal zuria duten musikariek osatutakoak dira. Lehen harridura sortzen zuena normala bilakatu da orain eta gainera, talde hauek izugarrizko maila musikala dute. Horren beste adibide garbia Ingalaterrako The Underbelly taldea da. Lehen disko honetan 70. hamarkadako erritmo beltzak oinarri dituzte eta kantu gehienak instrumentalak badira ere, hiru abestietan Dojo Cuts taldearen Roxie Ray abeslaria dute lagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

THIEVERY CORPORATION-THE OUTERNATIONAL SOUND

THIEVERY CORPORATION THE OUTERNATIONAL SOUND

Urtero diska jartzaile desberdinek egindako milaka sesio kaleratzen dira eta horietan, logikoa denez, denetatik aurkituko dugu. Badira erritmo bat hartu eta sesio osoan erritmo horrekin jokatzen direnak, estilo desberdinetako erritmoak tartekatzen dituztenak, entzulearen harridura bilatzen dutenak, klasikoak, dantzagarriak, lasaiak... Ia gustu eta kolore guztietakoak. Thievery Corporation eko Rob Garza eta Eric Hilton-ek egindako sesioak ezaugarri amankomuna dute: dotorezia. Lounge bezala ezagututako musikaren aintzindari 60/70. hamarkadako doinuak gaur egun egindakoekin tartekatu eta entzulearen harridura sortu gabe musikaren edertasuna bilatzen dute. Bilatu eta lortu.

ARITZ SOUND SYSTEM

THINK OF ONE-CAMPING SHAABI

THINK OF ONE CAMPING SHAABI
(Crammed, 2008)

Belgikako Antwerp zonaldeak ezkutatutako arri bitxi ugari ditu eta horien artean, musikari dagokionez, Think Of One taldea dago. Talde honen musikaren oinarria Marokoko Shaabi erritmoan dago (bereber jatorriko erritmoa) eta erritmo hau, taldeko kideek gustukoak dituzten hainbat doinuekin jantzi dute (jazz, punk, rock, dub, rap). Emaitza musika koloretsua eta bizia da. Taldeko partaideak jatorri desberdinekoak dira eta kantuak abesteko garaian ere, hizkuntza desberdinak uztartzen dituzte (arabiarra, frantsesa eta flandiarra, besteak beste). Aurreko diskoan Brasilgo erritmoak landu zituzten eta disko honetarako Shaabi erritmoak Europa eta Amerikako erritmoen arteko zubiak eraiki nahi zituzten.

ARITZ SOUND SYSTEM

TIKEN JAH FAKOLY-African Revolution

TIKEN JAH FAKOLY “AFRICAN REVOLUTION”

XXI. mendeko musika interesgarriena Afrikan sortuko zela esan izan dugu behin baino gehiagotan. Afrikar musikari gazteak geroz eta eskuragarriago duten teknologi berrien laguntzarekin esperimentatzen eta azkar ikasten ari dira. Reggae musikari dagokionez, Boli Kostako Alpha Blondy izan zen aitzindari eta ondoren asko dira estilo horretan ari direnak. Horien artean Tiken Jah Fakolyk arrakasta izugarria du (frantses estatuan bereziki) eta disko berrian Afrikako gazteei zuzentzen zaie. Iraultza mezuak entzun daitezke diskoan eta, beti bezala, oso kritikoa da Afrikako aberastasunak ustiatzen dituztenekin (bertakoak zein kanpotarrekin). Afrikan sortutako reggae konprometituaren adibide.

ARITZ SOUND SYSTEM

TIKEN JAH FAKOLY-Láfricain

TIKEN JAH FAKOLY “L´AFRICAIN”
(Barclay, 2007)

Tiken Jah Fakoly, Manding (Malinke-Bambara) herriko semea da. Europear kolonizatzaileek indarrez inposatutako lurralde banaketan Manding herria Boli Kosta, Senegal, Mali, Ginea, Gambia eta Mauritania estatuen artean sakabanatu zuten. “Afrikako historia ezagutzen dugunean eta ditugun eskubide eta betebeharretaz kontziente garenean hobe defendatuko gara. Boli Kosta frantsesek sortutako estatua da eta 1960. urtean independentzia lortu zuenetik agintari guztiak agintaldia poltsikoak betetzeko erabili dute. Egoera hau salatzeagatik heriotza mehatxuak eta hainbat atentatu saiakera jaso ditu eta etxea erre diote.


ARITZ SOUND SYSTEM

TINARIWEN-IMIDIWAN COMPANION

TINARIWEN “IMIDIWAN:COMPANIONS”
Izena askotan entzun badugu ere zer dakigu benetan Tuareg herriari buruz? Basamortuan, burua estalita, gameluen gainean irudikatzen ditugu baina hori ote da guztia? Tinariwen taldearen musika bidai lagun hartuta Maliko lurraldean bizi diren Tuaregen historia eta borroka hobeto ezagutzeko aukera dugu. Tuareg herriaren errekonozimendua eta eskubideak lortzeko Maliko gobernuarekin daramaten borroka eta euren lurraldeaz, mendebaldeko enpresa indartsuekin batera egiten den ustiaketa basatia salatzeko erabiltzen dute musika. Kantu hipnotiko, sakon eta melankoliatsuak. Blues landare indartsuaren hazi ederra.


ARITZ SOUND SYSTEM

TIPPA IRIE & THE FAR EAST BAND-STICK TO MY ROOTS

TIPPA IRIE & THE FAR EAST BAND “STICK TO MY ROOTS”

Gentleman izan da reggae abeslari zurien artean Jamaikan oihartzuna izan zuen lehenetarikoa. Irlako ekoizle ezagun eta arrakastatsuen babesa lortu zuen eta horrek gainontzeko reggae izarren parean jarri zuen. Jatorriz Alemaniakoa den abeslariak talde propioa osatu zuen zuzenekoetarako eta banda horrek orain Tippa Irie abeslariarekin diskoa kaleratu du. Tippa Irie Ingalaterrako abeslari ezaguna da, ragga eta dancehall estiloetan nabarmendu dena baina, disko honetan erakusten duen bezala, roots eta lovers estilo klasikoetan ere ederki moldatzen da. Europa mailan (Ingalaterra eta Frantziarekin batera) Alemaniako musikariek reggae munduan lortu duten maila altuaren erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

TOOTS & THE MAYTALS-FLIP AND TWIST

TOOTS & THE MAYTALS “FLIP AND TWIST”
Zer esan talde honi buruz? 1962an Skatalitesekin batera lehen diskoa kaleratu zutenetik etengabe aritu dira musika sortu eta mundu osoan zabaltzen. Oso musikari gutxik lortu ahal duten ibilbide miresgarria. Jamaikar musikaren barruko estilo guztiak jorratu badituzte ere, hasieratik, rhythm & blues musikaren kutsu handia izan duen taldea da eta azken disko honetan ere, eragin horren adibide garbiak entzungo ditugu (R&B, funk ,gospel, blues eta country estiloetan). Erritmo lasaiak jasotzen ditu gehien bat baina hankak dantzan jartzeko modukoak ere ez dira falta. Laburbilduz, horren emaitza onak eman dizkion aurreko diskoen bidetik doala esan daiteke, Jamaikari begira baino, AEB eta Europara begira jarrita.

ARITZ SOUND SYSTEM

TOSCA-No hassle

TOSCA “NO HASSLE”

Abiadura eta bat-batekotasuna nagusi diren egun hauetan, musikalki patxada eta denbora eskatzen duen proposamenarekin gatoz. Massive attackek disko berria kaleratzen du eta 90. hamarkadako trip-hop eta downtempo doinuen “mamua” bueltan da. Mamu horiei beldurrik izan ez dien Tosca egitasmoak bere bidea jarraitu du urte guzti hauetan. Richard Dorfmeister eta Rupert Huberten disko berrian, aurrekoetan bezala, giroak sortzeko gaitasun izugarria duten doinuak landu dituzte, instrumentalak gehienak eta musika askoren eraginarekin (jazza, popa, soula, ambienta, folka, duba eta abar). Diskoa bikoitza da eta lehen zatian estudioko kantuak daude eta bigarrenean berriz zuzenean grabatutakoak.

ARITZ SOUND SYSTEM

TRANGLOBAL UNDERGROUND-Moonshout

TRANGLOBAL UNDERGROUND “MOONSHOUT”
(Mule Satellite, 2007)

Gutxi batzuk mendebalde eta ekialdeko kulturen arteko harremana soilik gatazkatsua izan daitekeela sinistarazi nahi diguten bitartean, beste batzuk, musikaren bidez, hori horrela ez dela erakusten digute. Transglobal Underground mendebaldeko kapitalismoaren bihotzean sortu zen, London hirian. Kultura desberdinen espresio musikalak elkartu eta ordura arte apenas landutako nahasketa osatu zuen (erritmo elektronikoak India eta Pakistaneko erritmoekin, duba eta afrikar perkusioak, etab). Disko berrian bide horri eutsi dio eta nahiz eta orain ez den zerbait “berria” lehen bezain ederra eta aberasgarria izaten jarraitzen du.

ARITZ SOUND SYSTEM

TRUBY TRIO-RETREATED

TRBY TRIO RETREATED

Erremixaren garaian bizi gara. Kantu propioen erremixak ez dituen edota beste taldeen erremixak egiten ez dituen musikaria jokoz kanpo dago?. Ez du zertan horrela izan beharrik baina egia da, erremixen jokoak, jamaikarren asmakizun eder horrek, musikaren sormen prozesuan baliabide berria suposatzen duela. Kantuari bizi berria eskeintzeko ahalmena du eta erabiltzailearen esku dago bizi horren balioa erabakitzea. Louie Vega, Seor Coconut, Nickodemus, Yam Who eta antzeko pribilegiatuek Trby Trio proiektuaren hainbat kantu bernahasteko ohorea izan dute eta emaitzarekin gozatzeko pribilegioa dugu orain.

ARITZ SOUND SYSTEM

TTAKUNPA-Ttakunpa

TTAKUNPA "Ttakunpa" (autoekoizpena) Gutxi izango dira (Gipuzkoan behintzat) Ttakunpakoen emanaldiren bat ikusi ez duten parrandazaleak. Urteak dira herri txikietako festa egitarau alternatiboen parte direla perkusioarekin giroa berotzen duten taldeak eta a zer nolako giroa sortzen duten gainera. Edonor dantzan jartzeko trebezia izugarria dute. Ttakunpakoek gainera, brasilgo batucada erritmoen eremua gainditu eta bertako zein kanpoko instrumentuekin (eta ez soilik perkusioekin baita didgeridoo e.a.ekin) emanaldi dotorea osatu dute, musika eta dantza primeran uztartuaz. Batucada, txalaparta, ahots eta dantza afrikarrak... festa gunean sortu eta gune hori gainditu duen ikuskizuna da orain diska itxura hartu duena. www.ttakunpa.com ARITZ SOUND SYSTEM

TÜSÜRI-HERDOILA

TSRI HERDOILA (Autoekoizpena)

Zer soinu du herdoilak? Herdoilak soinurik ba ote du? Tsriren lan berria entzunda pentsamendu asko datozkigu burura. Oreretar gazte honek kaleratzen duen bigarren erreferentzia da honakoa (aurrekoa sei egun izenekoa iaz kaleratu zuen) eta oraingoan mini cd formatoan hemezortzi minutuko musika dakar. Musika? Askok musika baino zarata dela esango lukete, sensazioak eta giroak sortzen dituen zarata? Musika, soinua, uhinak, zarata... zer da bata eta zer bestea? Non dago muga? Oier_ia@euskalerria.org

ARITZ SOUND SYSTEM

UMALALI-GARIFUNA WOMENS PROJECT

UMALALI “GARIFUNA WOMENS PROJECT”
(Cumbancha, 2008)

Musika, belarrietatik sartzen den zerbait dela esan ohi da, baina, musika horren atzean dagoen mundua ezagutuz gero, normalean, erakargarriagoa eta ederragoa egingo zaigu gustukoa dugun musika. Horren adibidea izan daiteke Garifuna herriko emakumeen abestiak biltzen dituen disko hau. Garifuna, itsasoan galdutako esklabo afrikarren eta Karibeko Arawak eta Carib indioen arteko maitasun harremanetik sortutako herria da. Belice, Nicaragua, Honduras edo Guatemalako kostaldean sakabanatutako herrixka txikietan bizi dira eta bertan, familia osoa aurrera ateratzen duten emakumeek, lanaren zama arintzeko, eguneroko kontuak abesten dituzte. Ederra.


ARITZ SOUND SYSTEM

UP, BUSTLE & OUT-REBEL RADIO MASTER SESSIONS 1 CALLE 23 HAVANA

DISKA KRITIKA

UP, BUSTLE & OUT "REBEL RADIO: MASTER SESSIONS 1, CALLE 23, HAVANA" (NINJA TUNE-SATELITE K, 2000)

Ingaleterrako Bristol hiria da zalantzarik gabe musika elektronikoaren maitaleentzako azken hamarkadako erreferentzi derrigorrezkoa. Bertako hirukote batek osatzen du "Up, Bustle & Out" kolektiboa. Jakina da Bristoleko taldeek hip-hop, soul, jazz eta reggae-dub estiloen arteko nahasketa maite dutela eta nahasketa horretatik sortu dela bere garaian (gaur egun ez du ia inork erabili nahi) trip-hop deitu zena. Up, Bustle & Out taldeak ere ildo hori jarraitzen du nahiz eta hauen kasuan erritmo latinoen eragina geroz eta garrantzi haundiagoa duen. Eta horren adibide garbia da kaleratu duten hirugarren lana, "Rebel Radio" izenpean aurrez aipatu estiloekin batera erritmo kubatarrak nahastu dituzte. Eta ahalik eta soinu egokiena lortu asmoz Havanara joan eta bertako Sonocaribe estudioetan grabatu dute diska. Ricardo Egues flautajolea eta beste musikari kubatarraren laguntzaz musika elektronikoa eta cubatarra nahastu dute. Emaitza bitxia izan da eta honela kantu askotan ez dirudi Bristolekoen esku hartzerik dagoenik. Bitxia.

SOUND SYSTEM

UP, BUSTLE & OUT-URBAN EVACUATION

UP, BUSTLE AND OUT "URBAN EVACUATION"

Bristolgo soinua delakoaren aintzindarietakoak diren Up, Bustle and Out taldekoak Bristol hiria utzi eta ezagunak egin dituen soinuaren sustraiak ezagutzera joan dira. Cubatik pasa eta gero Jamaikara iritsi dira orain, Bristolgo ari musikalaren oinarria den reggae eta dub doinuen jaioterrira. Bertako musikari eta abeslari batzuekin egindako elkarlanak emaitza interesgarria eman du, ez ordea espero genuen bezain ona. Gazi gozo.

ARITZ SOUND SYSTEM

US3-SAY WHAT

US3 “SAY WHAT”


90. hamarkadan Blue Note diskoetxearen arduradunek diskoetxeko jazz katalogo izugarriari haize freskoa eman nahian (eta helburu komertzialak ahaztu gabe), Geoff Wilkilson ekoizlearen esku jarri zuten katalogoa jazz eta raparen arteko elkarketa egin zezan. Saiakera ugari eta gero, “Hand on The Torch” diskoa osatu zen eta nazioarteko kantu arrakastatsua berriz “Cantaloop” ezaguna (Herbie Hancock-en originalean oinarrituta). Eskarmentu handiko musikariekin egindako kantuak eta aurreko diskoan parte hartu zuten bi rap abeslariekin (emakumezko abeslaria gehitu zaie) disko borobila osatzea lortu dute. Osagai nagusiak rapa eta jazza badira ere, brasildar doinuetara ireki dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

VIBRONICS-HEAVYWEIGHT SCOOPS SELECTION

VIBRONICS – HEAVYWEIGHT SCOOPS SELECTION

Urteak dira Ingalaterran jamaikar jatorria duen Dub musika lantzen dela. Kuriosoa da baina lan horretan jamaikarrak ez diren lagun asko ari dira eta honek, Jamaikako dub musikatik desberdintzen duen estiloa sortu du. Garapen horretan zeresan handia izan du Vibronics taldeak. Diskoetxe propioa sortu zutenetik single (7”ko biniloak) ugari kaleratu dituzte eta horretarako hainbat abeslariren laguntza izan dute( Madu, Tenastelin, Jah Manya, e.a.). Disko berri honetan orain arte soilik single formatuan lortu zitezkeen altxor horietako batzuk entzun ahal izango ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

YOUSSOU N DOUR-EGYPT

YOUSSOU NDOUR EGYPT

Youssou NDour, aurpegi anitzeko musikaria da. Iparralde aberatsean bizi garenontzat, Afrikar musika misteriotsu eta hurrunaren izen ezagun bakarrenetakoa da. Gure merkatura iristen diren diskak, pop-aren filtroaz pasatako Senegaldar erritmo goxoak dira. Etxeko merkatura zuzendutako diskak berriz, filtro hori gabe, askoz ere gogor eta tradizionalagoak dira. Afrikar eta Europear belarrien arteko desberdintasunagatik dela diote. Oraingoan berriz, norabidez aldatu eta Egiptora begira jarri da. Bertako musikariekin landutako diska da, orkesta klasikoen antzera kontinente berdinaren aberastasuna isladatzen duten kultur desberdinen arteko zubi lanak eraikiaz.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZAP MAMA-Supermoon

ZAP MAMA “SUPERMOON”
(Heads Up, 2007)

Zap Mama, Afrikako ahots jokoetan oinarritutako taldea da. Musikalki irekia, edozein musika estiloen eragina bereganatzen du. Taldea Marie Daulnek sortu zuen 1990. urtean. Garai bateko Zairen jaioa (gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa), oso gazte zela Belgikara eraman zuten bizitzera (Belgikarrek 1908tik 1960ra indarrez ustiatu zuten Kongo herrialdea). Taldeak sei disko kaleratu ditu eta guztietan afrikar ahots jokoak eta erritmoak soularekin , reggaearekin, raparekin eta musika elektronikoarekin uztartu dira. Azken disko honetan ere bide hori jarraitzen dute eta pop kutsuko doinu goxoekin batera mezu baikorrak zabaltzen dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZORABIOK-Zorabiok

ZORABIOK Zorabiok
Askotan entzun (eta pentsatu) izan dugu Euskal Herrian egiten den musika orohar ausardi gutxi erakusten duela erritmo berriekin esperimemtatzeko garaian. Gutxi dira, gure artean ohikoak diren musika estiloetatik kanpo, jorratzen diren erritmoak. Azken aldian joera hau aldatzen ari dela dirudi eta horren adibide izan daiteke Zorabiok izeneko proiektuarekin Xabier arakama eta Mikel Albisuk egiten ari direna. Txalaparta eta alboka tresna klasikoekin batera programazio elektronikoak, didgeridoo eta kapoeira dantza uztartu dituzte, AfroCelt sound systemeko erritmoak eta guzti. Autoekoizpena: 652 741093 (Xabi).


ARITZ SOUD SYSTEM

ZUCO 103-ONE DOWN, ONE UP

ZUCO 103 "ONE DOWN, ONE UP" (Ziriguiboom/Crammed Discs) Zuco 103. Holanda. Diska bikoitza. Lehenengoa, Up. Zuzenean grabaturiko sei kantu. Nork dio musika elektronikoaren barruan sailkatuak diren taldeak zuzenean kaskarrak direla? Beroketa lanak egin dituzu? Zuzeneko sei kantu eta Tales of high Fever diskako hiru nahasketa berri. Dotore. Bigarren diskoa, Down. Nork dio igotzen den guztia jeitsi beharra duela? Unplugged edo era akustikoan grabaturiko bederatzi kantu. Biluzik jarri eta lotsarik ez. Futbol zaletuak direnek diote jokalari txarrek zelaiaren egoerari botatzen diotela galdu izanaren errua. Zuco 103 koek, musikari onak direnek, edozein zelaietan ondo jokatzen dutela erakusten digute. Musikaren munduan brasildar doinuen adar elektronikoaren ligan jokatzen dute eta azken urteotan, lehen postuengatik borrokan ari dira. Aposturik egin nahi? ARITZ SOUND SYSTEM