WAGON COOKIN-elkarrizketa
WAGON COOKIN
Bilutsik
Iritsi da ordua. Iruñeko Luis eta Xabi Garaialdek bizitzan dituzten bi aurpegiak erakustea erabaki dute. Jekyll doktorea eta Mr. Hyde baliran, egunez aurpegi lasaia eta dotorea erakusten dute eta gauean berriz euren alde basatiena erakustera datoz. Bata ezin da bestea gabe ulertu eta izaera bikoitz horrek jasan duen garapenaren testigu izan gara.

ELKARRIZKETA
Urte asko igaro dira lehen diskoa kaleratu zenutenetik (9 urte). Tartean, bi disko, maxi, nahasketa eta zuzeneko emanaldi ugari. Esperientzia gehiago duzue orain baina lehen bezain ezezagunak zaretela dirudi. Horrek kezkatzen zaituzte?
Xabi: Egia da geroz eta ezagunagoak garela eta oraindik ezagunagoak izateko lanean ari gara etengabe. Musika mundua ez da erreza eta azken aldian gutxiago. Lan asko egin behar da eta zenbat eta lan gehiago egin hobe.
Kuriosoa da baina zuek baina lan gutxiago egin duten hainbat talde, eta gure ustez musikalki maila baxuagoa izan arren, oihartzun izugarria lortzen dute komunikabideetan eta ondorioz errazagoa dute zabalpena. Zuen kasuan ez da hori gertatzen, zergatik ote?
Xabi: Musikaren industriak produktu zehatz bat inposatu nahi du eta produktu horri ematen dio babes osoa. Tristea da baina horrela da. Gustatzen zaiona egiten duen jendea dago zorionez eta gu gustuko dugun musika egin eta musika horretaz bizi ahal izateaz pozik gaude. Pribilegiatu sentitzen gara.
Kuriosoa da baina lurraldeka ere desberdintasunak ematen dira. Zuen musikak gure artean ez du oihartzun handiegirik izan baina Ingalaterra edo Alemanian adibidez arrakasta handia lortu duzue. Egia da, era berean, arrakasta hori musika estilo zehatz batzuen jarraitzaileen artean izan dela. Zergatik ote?
Xabi: Zuk esan bezala, gure arrakasta, bereziki, musika konkretu baten zaletuen artean da eta musika horrek jarraitzaile gehiago ditu Ingalaterra, Alemania edo Italian. Herrialde horietan ohituagoak daude musika berriak, “fusioko” musikak entzutera. Gure artean musika horrek geroz eta zaletu gehiago ditu baina oraindik oso minoritarioa da. Aldaketa nabaritu dugu eta Apettizer diskoa kaleratu genuenetik musika horren jarraitzaileen kopurua asko igo da.
Eta zer musikaz ari gara? Nola definituko zenuke egiten duzuena?
Xabi: Elektronikari esker betidanik gustatu zaizkigun estiloak uztartzen ditugu. Jazzak ematen dio lotura guztiari; aitari esker ezagutu genuen musika hori (aita Iruñeko musika eskolako irakaslea da) eta gure txikitako ikasketak jazzaren ingurukoak izan ziren. Gure gainontzeko eraginen lotura da jazza. Jazzarekin batera gustoko dugun musika; musika latinoa, soula edo funkia uztartzen ditugu eta guztia lapiko elektronikoan prestatzen dugu. Joera berriko musika, dantzarako musika egiten dugu.

Kontserbatorioan egin zenituzten ikasketak baina nola sortu zen Wagon Cookin sortzeko ideia.
Xabi: Taldea osatu aurretik Iruñeko lokal batean sesioak egiten genituen Dj modura. Lokala Cotton Club izena zuen eta jazz musika jartzen zuten. Zuzeneko emanaldiak egiten genituen astean zehar eta asteburuetan berriz diskoak pintxatzen genituen. Garai hartan Acid Jazza zegoen indarrean eta guk jazza beste musikekin nahasten genuen; soula, house, garage, etab. Guztia jazz ukituarekin eta oso souleroa. Musika hori asko gustatzen zitzaigun eta horrelako musika egin nahi genuela erabaki genuen. Horretarako, familiak Gredoseko mendizerran zuen tren bagoi batera joan ginen bizitzera. Bagoi hori bizitzeko prestatuta dago eta leku horrek duen lasaitasuna eta edertasuna behar genuen musika egiteko. Nekatuta geunden lokalaren martxaz eta gau giroaz. Aparailu elektronikoak erabiltzen ikasi genuen eta gure musika nolakoa izatea nahi genuen definitu genuen. Lehen maxi singelak grabatu genituen eta oso harrera ona izan zuten Europako hainbat disko jartzaileen artean. Nahiko elektronikoak ziren baina guk gauza lasaiagoak ere bagenituen eta horiekin kaleratu genuen lehen diskoa “Appetizer”. Izen bereko diskoetxea osatu genuen horretarako eta oso harrera ona izan zuen.
Eta lehen disko hori kaleratu eta gero Brasilera joatea erabaki zenuten. Zergatik?
Xabi: Lehen diskoak, esan bezala, oso harrera ona jaso zuen Europan eta Japonen. Ondorioz, zuzeneko asko egin behar izan genituen eta bi urtez etengabe batetik bestera ibili ginen. Era berean, beste artista askorentzat nahasketa edo erremixak egin genituen, Compost zigiluarekin etab. Zoramena izan zen eta oporrak behar genituela erabaki genuen. Brasilera joan ginen zoramena horretatik ihesi nahian eta izugarri gustatu zitzaigun. Musikalki izugarrizko aberastasuna dago eta bigarren diskoa bertan kaleratzea erabaki genuen.
Beti esan da Brasil oso herrialde musikala dela. Gu harrituta geratzen gara brasildarrak eurek sortu ez dituzten erritmoak bereganatzeko duten trebezia. Drum & bass erritmoa adibidez, Ingalaterran sortu arren brasildarrek izugarrizko erraztasuna dute erritmo horrekin jokatzeko eta euren musikekin uztartzeko.
Xabi: Are gehiago. Gaur egun, drum and bass musika brasildarrei esker bizirik mantentzen dela esan daiteke. Brasilen gehien entzuten den musika elektronikoa da. Euren ahalbideratu dute musika horren garapena eta iraupena. Egia esan, brasildarrak oso musikalak dira eta horregatik gustatu zitzaigun horrenbeste lurralde hura. Diskoa kaleratzea erabaki genuen eta bertako musikari askok hartu zuten parte diskoan.
Besteekin alderatuta diskoa alaiagoa dela esango genuke. Brasilgo argitasunak zerikusia ote du horretan?
Xabi: Diskoa askoz ere tropikalagoa da zalantzarik gabe. Baina Two Faces diskoa ere oso alaia dela deritzogu nahiz eta kantu batzuetan gai serioak jorratzen ditugun. “What´s it Like” kantuan adibidez arrazakeriaren gaia jorratzen dugu; nola sentitzen zaren besteek azalaren kolorearen arabera baloratzen zaituztenean, oinarrian berdinak izan arren.

Two Faceseko lehen diskoa oso bokala da. Abeslari askok hartu dute parte bertan. Edukiei dagokionez, nork konposatzen ditu letrak?
Xabi: Abesti batzuen letrak Luis eta biok egiten ditugu eta gero abeslariei erakusten diegu eta gustatzen bazaie baseen gainean abesten dute. Beste kantu batzuetan berriz abeslariak dira, musika entzun eta gero, letrak egiten dituztenak.
Diskoan kolaboratzaile asko izan dituzue. Nolakoa da eurekin harremana.
Xabi: Oso modu naturalean doa dena. Abeslari bakoitza modu batean ezagutu dugu. Batzuetan zuzenekoetan ezagutzen ditugu, besteetan gure lana gustatu zaielako gurekin lan egin nahi dutela esaten digute eta beste batzuetan berriz gu gara euren kolaborazioa eskatzen dugunak. Guztiekin oso harreman ona dugu. Musikariekin ere gauza bera da.
Disko berria cd bikoitza da. Izenburuak dioen bezala Wagon Cookin-en bi aurpegiak erakusten ditu; lehenengoa, souleroena, lasaiena eta bigarrena berriz elektronikoena eta dantzagarriena. Horrela da? Zergatik?
Xabi: Horrela da bai. Orain arte kaleratu ditugun diskoetan gure aurpegi lasaiena erakutsi dugu; jazza soularekin, funkiarekin eta elektronikarekin baina beti nahiko lasaia; house goxoa, brasildarra, etab. Disko jartzaile modura ari garenean berriz gure aurpegi elektronikoena erakusten dugu eta jende asko harritzen zen hori ez zela diskoetan entzuten zutena esanez. Oraingoan, diskoan gure bi aurpegiak erakutsi nahi izan ditugu.
Disko berria estatuan zuen zigiluarekin kaleratu duzue (Apettizer) eta nazioartean berriz Compost zigilu alemanarekin. Zergatik?
Xabi: Aurreko diskoa multinazional batekin atera genuen baina gaur egun musika munduan gauzak dauden bezala gure zigiluarekin kaleratzea erabaki genuen. Azken finean, gure zigiluarekin diskoa gehiago zainduko genuela argi genuen eta, salmenta izugarriak ez ditugunez, ez zaizkigu multinazionalak interesatzen. Era berean, Compost-ekin urteak dira lanean ari garela eta oso harreman ona dugu. Oso ondo zaintzen gaituzte.
Zuzenean, Donostiuako haizearen orrazean...
Orain, disko berriaren promozioarekin ari zarete; prentsa, zuzenekoak, etab. Aurrera begira zer duzue buruan? Diskoaren kantuen nahasketak adibidez?
Xabi: Bai, dagoeneko hasi zaizkigu nahasketak egiten eta pixkanaka kaleratuko ditugu biniloan soilik. Gure kantuen nahasketak egiten dituztenei aurrerago guk egingo diegu nahasketak (At Jazz, Llorca, Osunlade, Bugz In The Attics, Jabi Pez, etab.). Posible da datorren urteko udaberrirako nahasketen disko osoa kaleratzea (hau bai CD-an).
ARITZ SOUND SYSTEM

Lehenengo diskoaren azala...
WAGON COOKIN-elkarrizketa2-diskoakbananbana
WAGON COOKIN
DISKOAK
1- “Appetizers”
Garaialde anaien lehen disko hau ez zen hasiera izan. Aurretik, Iruñeako musika eskolan urteetan egindako ikasketak, Cotton Club aretoan emandako jazz zuzenekoak eta disko jartzaile modura osatutako sesioak, Gredoseko mendizerran aparilu elektronikoekin egindako ikasketak eta binilo formatuan kaleratutako maxiak zeuden. Urteetan bildutako esperientzien emaitza izan zen lehen diskoa eta oso emaitza ona zen. Jazza, jantzi elektronikoarekin apaindu eta soula, funkia, edo brasildar erritmoz lagunduta osatu zuten. Gure artean ez zuen apenas oihartzunik izan bin nazioartean arrasto garrantzitsua utzi zuen.

2- “Everyday Life”
Lehenengo diskoaren zurrunbilotik ihesi Brasilen aurkitu zuten lasaitasuna. Lasaitasuna eta disko berrirako inspirazioa. Eguzkiaren argiak berotuta eta eguneroko esperientzien bidetik osatu zuten bigarren diskoa. Lehenengoaren osagaiei Brasilgo samba eta bossa novaren presentzia handiagoa gehitu zioten. Bizi poza eta energia batean.
3- “Two Faces”
Garaialde anaien aurpegi argia ezagutzen genuen eta orain, aurpegi argitsuarekin batera, alde iluna erakustera datoz. Disko bikoitz honen lehen aldean, aurreko diskoen jarraipena den diskoa aurkituko dugu. Jazza eta musika elektronikoaren arteko maitasun harremana urteekin sendotzen eta garatzen joan da. Hasierako berotasuna galdu gabe sendoagoa eta trinkoagoa da orain. Kolaboratzaile andana eta ahots ikusgarriak. Bigarren diskoan berriz, aurpegi iluna dator, musikalki ez horren aberatsa baina oso indartsua eta erritmikoa. Dantzalekuetarako aproposa.
ARITZ SOUND SYSTEM


