AFRIKAR MUSIKA

AFRIKA

AFRIKA

AFRIKA 

Afrika, ama lurra. Afrika hitza askotan entzuten dugu komunikabideetan. Baina, zer dakigu benetan Afrikari buruz? Komunikabideetatik jasotzen dugunaren arabera, “ama lurra”, infernuaren parekoa da; gudak, heriotza, gaixotasunak eta sufrimendua nonahi. Ezagutzen ez duguna sinplifikatzeko joerari jarraiki, Afrikaren irudi estereotipatua dugu buruan. Irudi horren arabera, orotar, Afrikarrak txiroak eta ez ikasiak dira, bizimaila baxua dute eta atzeratuak bizi dira. Afrikar gaixoak. Txiroak? Atzeratuak?

Irudia: elordenmundial.com

Gutxi dira munduan afrikarra bezalako aberastasun kulturala duten kontinenteak. Europar kolonoek indarrez inposatutako muga, legedi, hizkuntza eta erlijioek, aberastasun hori murriztu bazuten ere, afrikar kontinenteak duen aberastasuna izugarria da. Afrikar kontinenteaz baino afrikar herrietaz hitz egin beharko genuke agian. Milaka hizkuntza, ohitura, erlijio, sinismen, dantza eta musika biltzen dira lurralde izugarri horretan, eta bakoitzak, bere berezitasuna eta historia du (nahiko lukete AEBetan horrelako kolore aniztasuna eta aberastasuna. Edo agian, nahiago dute”pentsamendu bakarra”ren grisa. Nork daki). Afrikako iparralde arabiar eta musulmanak ez du zer ikusirik erdi eta hegoaldeko afrika “beltzarekin”. Aniztasuna da afrikarren ezaugarri komuna eta aniztasun horretan dago afrikarren aberastasunik handiena. Asko dugu ikasteko oraindik. 

AFRIKAR MUSIKA 

Afrikar musikaz hitz egiten dugu maiz; Afrikan dagoen aniztasun musikalak, “afrikar musikaz” hitz egitea ezinezkoa egiten duen arren. Afrikar musikaz hitz egiten dugunean, musika “tribala”, “tradizionala” datorkigu burura, eta berehala, lau trapu soinean dituztela, danborrak zoro modura astintzen dituzten beltzak saltoka ikusten ditugu irudimenean. Zorionez, irudi hori, gure ezjakintasunaren ondorio besterik ez da. XXI. Mendeko Afrikan, zorionez edo zoritxarrez, aurre-historia eta “modernitatea” eskutik doaz. Poliki bada ere, ordenagailu eta aparailu elektronikoak geroz eta ohikoagoak dira hiri handietan eta hiri horietako gazteei, musika mailan ere, ate berriak ireki zaizkie. Hiriak Afrikan? Ba bai. Agian ez dute ur edangarririk izango baina ziur irrati aparailuak eta satelite bidezko telebistak nonahi topatuko ditugula (MTV-ko irudiak, afrikar gazte askoren begi eta burmuinetan. Kuriosoa ezta? Ala ez). Modernoak iruditzen zaizkigun musika estiloak (hip-hop, reggae-dancehall eta erritmo elektronikoak orotar) geroz eta jarraitzaile gehiago dituzte Afrikan. Afrikan sustraiak dituzten doinuek etxera bueltan dira. 

Esklabutza garaia. Marrazkia: Mikel Barreiro.

MUSIKA BELTZA 

Musika “Beltza” diogunean, Afrikatik indarrez kanporatu eta esklabo bihurtu zituzten afrikarren ondorengoek sortutako musiketaz ari gara; ahozko tradizioan erroturik dauden blues, gospel, soul, funk, reggae, rap, jazz, bossa, e.a. Nazioarte mailan estilo hauek landu dituzten abeslari eta musikari gehienek, estilo hauen sustraiak Afrikan daudela onartu dute. Estilo hauetako asko, hirietan sortu eta garatu dira eta leku askotan “urban music” (hiriko musika) bezala ezagunak dira. Egun, geroz eta ugariagoak dira hiriak Afrikan eta bertako gazteek, TB eta interneteko sarbideei esker, mundu osoko hirietan egiten den musika ezagutzeko aukera dute orain. Erakarpen handia sentitzen dute “urban music” delakoagatik; bai musikari dagokionez eta baita musika horren atzean dagoen irudi eta estetikari dagokionez ere. Ama lurrean sustraiak dituzten musikak Afrikara itzuli dira belaunaldi gazteen eskutik. Kwaito, Bongo Flava, Senerap edo Hiplife bezalako izenak erabiltzen dituzte musika berri horiek izendatzeko (eta saltzeko). Afrikan “betidanik” egin da musika baina orain, teknologi berriek eskaintzen dituzten aukerei esker (eta teknologi horiek geroz eta zabalduago dauden neurrian) musika grabatu eta zabaltzeko aukerak biderkatu egin dira. Eta musika bera ere, etengabe aldatzen eta garatzen ari da. 

Bongomuffin.

JARRERA BERRIA 

Musika “berrien” garapenarekin batera, musika horien atzean dagoen jarrera ere aldatzen doa. Orotar, Afrikar musika tradizionalak, lotura estua izan du sinismen eta erlijio desberdinekin eta orotar, kantu horietan, eskerrak eman dira, eskerrak eman zaizkio ahalguztidunari. Sineslearen esker oneko edo erregu kantuak izan ohi dira. Gazte belaunaldi berria, hirietan hezia eta (batzuetan) eskolatua, inguruan duen miseriaz eta injustiziaz nazkatuta, aldaketaren beharra ikusten du. Gazteek, gobernu buru eta agintarien hipokresiaz eta faltsukeriaz nazkatuta, salaketa kantuak idazten dituzte. Gutxi batzuk herriko aberastasunak nola ustiatzen eta lapurtzen dituzten ikusita, egoera hori aldatu nahi dute eta egoera aldatzeko tresna ezin hobea da musika. Aldaketaren bila dabiltza, iraultzaren bila dabiltza. Mezu zuzenak erabiltzen dituzte eta kaleko hizkeran hitz egiten dute. Jende askorengana iristen dira eta agintariak urduritzen hasiak dira. Belaunaldi kontzientea omen da eta “boul falé” belaunaldia deitzen diote (kanpoko laguntzaren zain egoteaz nazkatu eta laguntza horri itxaron gabe, zuzena dela uste dutena egiteko prest dagoen belaunaldia). Beste batzuek belaunaldi galdua deitzen diote. Munduari lotuta dagoen belaunaldia da, munduko berri duen gaztedia da eta adi daude, erne. Nazioartean zabaltzeko modua delakoan ingelesez eta frantsesez abesten dute batzuetan, baina jakin badakite, euren lurraldean oihartzuna (eta arrakasta) nahi badute, tokian tokiko hizkuntza erabili behar dutela. 

XXI. mende honetako musikarik interesgarrienetakoa Afrikan sortuko dela esan dugu behin baino gehiagotan eta dagoeneko, esandakoa frogatu dezakeen hainbat adibide aurki ditzakegu. Zertxobait arakatu besterik ez dago. Teknologi berriek zabaltzen dituzten aukerak hobeto menperatzen dituztenean geldiezina izango da Afrikako abeslari eta musikari gazteen indarra. Ireki ditzagun belarriak eta eman diezaiegun aukera bat. Afrikan, egun egiten den musika hobe ulertzeko saiakera txikia besterik ez da izan hau. Mundu liluragarri honetan murgildu ahala, saiakera gehiagoren beharra nabarituko dugu berehala. Bidai on. 

ARITZ SOUND SYSTEM 

Afrikar abeslari gazteen biografiak

TIKEN JAH FAKOLY 
Reggae musikak eragin handia du Afrika osoan. Bob Marley-ren musika oso ezaguna da kontinentean eta asko dira jamaikar doinuak lantzen dituzten musikari eta abeslariak. Horien artean, Boli Kostako Alpha Blondy eta Hego Afrikako Lucky Dube dira noski ezagunenak. Baina badira gehiago. Horren ezagunak ez direnen artean, Tiken Jah Fakoly azpimarratu daiteke. 1968an, Boli Kostan jaio zen eta 90. hamarkadan hasi zen reggae abeslari bezala ezaguna izaten. 1996an kaleratu zuen “Mangercratie” diskoa (jende guztiak jateko duen estatuaren desira adierazten du hitzak) eta soilik afrika Mendebaldean 500.000 disko saldu zituen (kopia piratak kontutan izan gabe). 1998an lehen kontzertua eman zuen Frantzian eta oso ezaguna bilakatu da bertan. Nazioarteko reggae izarra da egun eta “Francafrique” diskoa Jamaikan grabatu zuen Sly & Robbie musikariekin. 1960tik Boli Kostako presidentea izandako Houphouët Boigny, 1993an hil zenetik, iskanbila ugari izan dira herrialdean. Tiken Jah Fakoly-k gai sozial eta politikoak lantzen ditu kantuetan eta egungo presidentea kritikatzeagatik heriotza mehatxuak jaso eta Malira joan behar izan du bizitzera. 

POSITIVE BLACK SOUL 
Senegalen emandako hip-hop leherketaren adibide ezaguna da taldea. 60. hamarkadan Dakar hirian jaiotako Doug E. Tee eta Dj Awadi-k sortutako taldea egun, nazioarte mailan (Frantzian bereziki), Afrikar rap talde ezagunena izango da ziurrenik. Izenak dioen bezala jarrera positiboaren defendatzaile sutsuak dira eta arazoei jarrera horrekin aurre egitearen aldekoak dira. Kantuen letretan, inguruan bizi duten egoera politiko eta soziala salatzen dute. Musikari dagokionez berriz raparen erritmoekin batera Senegaleko instrumentu tradizionalak erabiltzen dituzte (kora, sabar, riti, tama, djembé, e.a.). Wolof hizkuntzarekin batera frantsesez eta ingelesez abesten dute. 

BONGOMUFFIN 
Senegalekin batera Hego Afrika izango da ziurrenik Afrikan musika estilo “berriekin” gehien jolasten duen lurraldea. 90. hamarkada erdialdera, irratien bidez iritsitako kanpoko estiloen eraginpean (rap, reggae, house eta musika elektronikoa orotar) Kwaito izeneko estilo-mugimendua sortuko da hirietan. Estilo honen erreferente dira Bongomuffin. Oso musika dantzagarria egiten dute; reggae, rap eta house musiken arteko nahasketari Hego Afrika bertako musiken eragina gehitu behar diogu; mbaqanga erritmoak, gospel eta iscathamiya ahotsak eta mezu positiboak. Taldeko abeslaria den Thandiswa-k bakarlari bezala diskoa kaleratu du. 

LEO MUNTU 
Musika munduan 1996an hasi zen, Zambian, Kalifunku Kings taldearekin eta orain bakarlari modura ari da. Hip-Hop, R´n´B, Kalindula eta Funkutu dantza tradizionalen nahasketa lantzen zuen hasieran eta 2004ean bere bakarkako lehen diskoan Kwaito eta ragga erritmoen eragina ere nabari zaio. Kantuetan esaera zaharrak askotan erabiltzen ditu gobernuaren zentsura ekidin nahian. 

ARITZ SOUND SYSTEM

Marrazkia: Mikel Barreiro.

OHARRA: Erreportai hau 2006 urtean kaleratu genuen garai hartan genuen ezagutza mugatuarekin :-)