EUSKAL HERRIA ZUZENEAN JAIALDIA

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN

2005/06/03

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
EZAGUTU BEHARREKO JAIALDIA

Nork ez ditu, izenez bada ere, Viñarock, Festimad, Sonar eta antzeko jaialdiak ezagutzen. Urtean behin, udara partean normalean, milaka gazte musikaren aitzakipean elkartzen dira asteburu pasa jaialdi hauetan. Hego aldean, Euskal Herria Zuzenean izeneko jaialdiaz galdetuko bagenu berriz, zihurrenik, inork gutxik jakingo luke zertaz ari garen. Eta dakitenek, gehienek, prentsan irakurritakoaz dakite. 90. hamarkada hasieran, gutxi ziren, estatu mailan, antolatzen ziren jaialdi erraldoiak. Garai hartan, musika zaletu askok Europara begira jartzen ziren eta Ingaleterran, Frantzian edo Alemanian egiten ziren bi-hiru egunetako jaialdiekin amesten zuten. Azken urteotan berriz, perretxikuak bezala ugaritu dira jaialdiok eta nahi eta ahal izanez gero, udara osoa pasa dezakezu estatuan zehar jaialdiz jaialdi. Euskal Herrian zuzeneko emanaldiak ugari izan dira azken hogeita bost urtetan, kontzertuak nonahi aurkituko ditugu eta haundia da musikarekiko zaletasuna (musika estilo batzuekiko behintzat). Dena den, bi eta hiru egunetako jaialdi gutxi dira eta jaialdi erraldoiak antolatzeko egin diren saiakerak, gehienetan, ez dute arrakasta haundirik izan. Zergatik ote? Ipar Euskal Herriko herrixka txiki eta menditxu batean ordea, salbuespena aurkituko dugu. Arrosa izeneko nekazal herrian, Piztu elkarteko langile nekaezinek . Irulegi irratiko lagunekin batera, Europa mailan parekorik ez duen jaialdia antolatu dute azken urteotan: Euskal Herria Zuzenean.

AZALA ETA MAMIA

Hernaniko Molotoff Irrati Libreko (99.2FM) kide bezala iritsi zitzaidan Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren berri. Munduko beste puntan zegoela zirudien herrixka ezezagun batean “kultur gutxituak, irratigintza eta musika estilo desberdinak” uztartu nahi zituen jaialdia antolatu zuten eta irratiko lagunei jaialdira joan eta parte hartzeko gonbitea luzatzen ziguten. Nola ez. Gidatzeko karneta estreinatu berria, aitari furgoneta eskatu eta abentura bila joan ginen irratiko ordezkaritza taldetxoa. Garai hartan, Iparraldera joatea, milaka kilometroko bidai arriskutsuaren antzeko esperientzia zen; kontrolez gainezka zegoen muga igaro behar genuen, txanponez aldatu eta mapa eskuetan, herri galduaren bila abiatu. Hizkuntzarekin ere zailtasunak, zerbait galdetu behar izanez gero, zoritxarrez, frantsesa zelako gehienetan aukera bakarra. Atzerrian egongo bagina bezala. Buruko muga imposatuak fisikoak baino indar haundiagoa dute gaur egun oraindik ere. Amaituezina zirudien bidea eta gero iritsi ginen Arrosara. Paradisua zen hura. Mendi ederrez inguratutako bailara eta berdearen artean izkutatuta, herrixka. Sarreran bertan jaialdiko antolaketa taldeek kotxea eroso uzteko aparkalekura gidatu gintuzten eta aparkalekutik jaialdiko karpa erraldoiera zegoen tartea egiteko berriz traktorebusak erabili genituen. Pelikula zirudien hura. Artaldeak bezala eramaten gintuzten, duintasun osoz eta doain. Jaialdiaren sarreran irratira bidalitako gonbidapen txartela erakutsi eta barrura.

IZAR HAUNDIAK BEZALA

Euskal Herria Zuzenean jaialdian lana eta aisialdia primeran uztartzen dira. Lana haundia egiten da jendea informatu eta antolatu dadin. Informatu, Europan dauden kultur gutxituen egoeraz informatzen da eta informazio hori bideratzeko tresna oso baliagarriak diren irrati libreak antolatzeko oinarriak bilatu dira. Irratikide bezala, jaialdiaren lehen orduetan ospatzen ziren irratien arteko topaketetan parte hartzen genuen. Bilera amaigabe horietatik eta bereziki gutxi batzuen lan eskerga eta burugogorkeriaren ondorioz sortuko zen beranduago Arrosako Ekoizpen zentroa izeneko egitasmoa. Lanaren ondoren zetorren aisialdia. Jaialdiaren lehen edizioa aparta izan zen. Jaialdira “lana” egitera joandakoei tratu berezia ematen ziguten. Gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko “self service” modukoa antolatua zegoen; nahi adina janari eta edari doain. Kontzertu eta esposaketa eremuetarako sarrera librea genuen eta irratiko materialarekin postu bat jarri nahi izanez gero errestasun guztiak genituen azpiegitura zein mantenimendu aldetik. Izugarria! Txunditutak geunden. Arratsalde partean kontzertuak eta sesioak hasten ziren eta goizeko jardunaldietan ezagututako jendearekin, garagardoaren konpainian, goizean amaitugabe utzitako eztabaida-solasaldietan sakontzen genuen, goizalderarte. Nork dio munduko arazoek irtenbiderik ez dutela? 

ABERASTASUN MUSIKALA

Musika emanaldie dagokionez, azpimarratzekoa da Euskal Herrian zuzenean jaialdiko arduradunen gusto ona. Kartelak beteko dituzten izen haundiko “izarrak” bilatu gabe, estiloen aniztasuna eta aberastasuna zihurtatzen dituzten taldeak eraman dituzte beti, kalidade haundikoak denak. Jaialdiaren filosofiari jarraituz, kultur gutxituetako eskeintza kulturalak izan dute lehentasuna, komunikabide ofizialetan azaldu ez arren, maila izugarria duten eskeintza musikalak ugari direla berretsiz.

Laburbilduz, musikaz aratago doan jaialdia da Arrosa; mamiari dagokionez, kultur gutxituen bultzatzaile eta gizarte eredu honekin kritiko eta eraldatzaile da eta azalari dagokionez, itxutuko gaituzten etxaferoetatik kanpo, txukun eta duintasun osoarekin aurkeztutakoa. Jaialdira “lan” egitera doazenak lanerako baldintzak aurkituko dituzte eta musikarekin gozatzera doazenak  pertsona bezala eta ez abere bezala tratatuak izango dira, jaialdiko kordinazio guneak “arditegia izena badu ere.
                        ARITZ SOUND SYSTEM

 

INFO GEHIAGO: HEMEN