HIP-HOP IKUSPEGI OROKORRA
HIP-HOP IKUSPEGI OROKORRA
Oharra: Hip-Hopari buruzko erreportaje hau 2007 urteko otsailean kaleratu zen Gaztezulo aldizkarian.
HIP-HOP. HISTORIA
Hip-Hopa kultur mugimendua da. 70. hamarkadan AEBetako New York hiriko afroamerikar auzoetan jaio zen ( Brooklyn, Bronx eta Queensen bereziki). Auzo hauetan “Block Party” deritzan festak antolatzen ziren eta festa hauetan, auzotarrak kultur ekitaldiak ikusteko elkartzen ziren. Musikak, garrantzia handia zuen eta antolatzen ziren festen artean, Kool Herc disko jartzaileak antolatutakoak, arrakasta handia zuten.
Block Party jaiak. Arg: Urban Roosters.
Kool Herc, Jamaikar jatorriko etorkina zen eta Jamaikako sound systemen erara antolatzen zuen festa. Reggae musikarekin batera; funk, soul eta disko musikak nahasten zituen eta jendea dantzan mantentzearren, kantuen zati erritmiko eta instrumentalen gainean hitz egiten zuen, jendea zirikatuz eta dantzara animatuz (Jamaikako Toaster-en erara). Zati erritmiko edo instrumental hauek nahiko laburrak zirenez, Herc-ek, bi plato eta nahasketa mahaia erabiliaz, zati hauek luzatzen hasi zen. Horretarako, teknika desberdinak erabiltzen zituen; bi disko berdin bata bestearen ondoren ipini, kantuaren perkusio zatia behin eta berriro errepikatu (scratcharen teknikaren lehen pausoak) eta isiluneekin ere jokatzen zuen. Tarte oso laburrak izaten zirenez hizlariak oso azkar hitz egin behar zuen eta bere hitz jarioa musikaren doinura moldatzen saiatu behar zuen.
Horrela sortu zen Rap-a, abesteko era bezala. Kool Herc oso ezaguna egiten hasi zen eta berarekin batera joaten ziren bi abeslariekin (Coke La Rock eta Clark Kent “MC”-ak; Master of Ceremony) batera, Kool Herc & The Herculoids kolektiboa osatu zuen. Pixkanaka, rap abeslariak edo MC-ak, perretxikoak bezala ugaritzen hasi ziren. Bakoitzak berezko ezaugarriak eta abesteko era zituen. Bata bestetik desberdintzearren hizkera eta gai desberdinak erabiltzen zituzten, baina guztiek, jendearen arreta deitzea zuten helburu. Horien artean, The Dozens izeneko ohitura erabiltzen zutenek arrakasta handia zuten. Honen arabera, bi aurkari (gizonezkoak normalean) aurrez aurre jarri eta bata besteari irainka hasten ziren. Normalean, bestearen familiari dagozkion irainak izaten ziren, bestearen ama iraintzea helburu zutenak bereziki. Irainka zeinek zuen trebezi handiagoa erakutsi behar zuten eta haserretzen zen lehenak galtzen zuen. Dirudienez, hitz joko hauek New Orleanseko esklabo merkatuan omen dute jatorria.

Eta musika bakoitzak bere dantzatzeko era duenez, 70. hamarkada hasieran, breakdance izeneko dantzak arrakasta handia lortu zuen “block party”-etan. Era berean, kalean, mugimendu honi lotuta, sprayen bidez zabaldutako arte mota berria indartzen hasi zen; graffitia (hip-hop mugimenduaren bi adar hauek; rap musikatik bananduta aztertuko ditugu).
Break dancers. Iturria: Pinterest. Sergio Leon.
70. hamarkada erdialderako, musikalki, bi joera nagusi zeuden hip-hopean. Bata, disko musikan oinarritutakoa, dantza zuen helburu eta disko musikaren erritmoen gainean rapeatzen zuten abeslariez osatuta zegoen; horien artean, arrakastatsuenak: Eddie Cheeba, Pete Dj Jones, Dj Hollywood edo Love Bug Starsky. Bestea berriz, erritmoan oinarrituta, erritmo joko bitxiekin eta hizlari azkarrekin. Hauen artean nagusi; Afrika Bambaataa, Paul Winley, Grandmaster Flash edo Bobby Robinson. Musika honen arrakastarekin batera hasi ziren lehen grabaketak. Hasiera batean, estudioko musikariek jotzen zituzten doinuen gainean rapeatzen zuten abeslariek eta musikalki funk eta disko musikaren eragina izugarria zen. Horren adibide dira Fatback Band taldearen “ King Tim III”, Grandmaster Flash-en “Super Rappin´” edo Sugarhill Gang taldearen “Rappers Delight” kantu klasikoa. Azken hau, Chic taldearen base erritmiko ezaguna zuen oinarri eta nahiz eta hasieran Sugarhill Gang-ekoek base erritmikoa kopiatu zutela onartu ez, azkenean, epaitegiak medio, onartu beharra izan zuten.

80. hamarkadarekin batera, grabazio teknikak aldatzen joango ziren eta scratcharen teknikaren garapenaz eta aparailu elektroniko berrien agerpenari esker, rap musika, gaur egun ulertzen dugun bezala sortuko zen. Afrika Bambaataaren “Planet Rock” edo Run DMC taldearen “ Sucker MC´s” eta “Peter Piper” abestiek, estiloaren norabidea markatuko zuten. Dagoeneko, funk eta disko musikaren gainean egindako rapeatuak gainditu eta musika estilo propioa sortzen ari zen. Hip-Hopa AEBetako hiri askotan sustraitzen hasi zen baina berrikuntza hauek, hip-hoparen sorlekuan, New York hirian egin ziren eta hori dela eta ekialdeko kostako rapa bezala ezagutzen hasi zen.

80. hamarkadan hip-hopak izugarrizko garapena ezagutuko zuen. Rap abeslariek teknikak hobetzen joango ziren eta mezuei dagokionez geroz eta politikoagoak ziren (Grandmaster Flash & The Furious Five taldearen “The Message” kantua adibidez, 1982an). Grabazio teknikak garatzen joan ziren eta 1984an Marley Marl ekoizleak bateria sampleatu eta Elektro, musikaren oinarriak jarri zituen.
GHETTOETATIK IZARRETARA
80. hamarkada erdialdean, rap musikak ghettoetako iluntasuna utzi eta arrakasta zerrenden distirara gerturatzen hasi zen. Horren “errudunak”, besteak beste, LL Cool J abeslariaren “ Radio” diskoa, Run DMC-ren “ Raising Hell” eta Kurtis Blow-ren “Kurtis Blow” diskoak izan ziren. Pop musikako abeslariak rap musikara gerturatzen hasi ziren (Blondie taldeko Debbie Harry-ren “Rapture”) eta 1986an, lehen aldiz, bi rap abesti Billboard arrakasta zerrendaren lehen postuak lortu zituzten; Beastie boys-en “Right! (To Party)” eta Run DMC-ren “Walk This Way” kantuak. Azken honetan, Aerosmith rock taldeak parte hartu zuen eta hip-hop eta hardrock estiloen arteko lehen nahasketa izan zen.

Emakumeak, beste musika estilo gehienetan bezala, baztertuak egon ziren hasieran. Lady B izan zen 1980-ean kantu bat grabatzea lortu zuen lehen emakumezko rapera; “To The Beat Y´All” zen kantua. Baina ez zen 1985. urterarte, emakumezko raperoek arrakasta lortuko zuten arte. Salt-N-Pepa taldea izan zen “The Show Stoppa” kantuarekin arrakasta lortuko zuen emakumezko lehen rap taldea.

1986an, Ice T abeslariak arrakasta lortuko du “6n´ Seminal Da Mornin” kantuarekin, eta mendebaldeko kostaldean rap musikari batek lortzen duen lehen arrakasta omen da eta “gansta rap” bezala ezagutuko zen estiloaren sorrera (LLCool J, Schoolly D eta N.W.A taldekoen baimenarekin).
1987. urtean Public Enemy-k lehen diskoa kaleratzen du “Yo! Bum Rush The Show” (Def Jam) eta Boogie Down Productions taldeak “ By All Means necessary” 1988an. Konpromezu politiko eta rap militantearen adibide garbiak ziren eta musikaren hezurdura dardarka jarriko zuten; gaiei dagokionez mezu iraultzaile eta borrokalariak zabaltzen zituztelako eta musikalki, Public Enemy-ren kasuan, samplerrak erabiltzeko teknika berritzaileak landu zituztelako (Eric b & Rakim eta Prince Paul-en laguntzaz).

90.HAMARKADA. GANSTA MONEY
90. hamarkadaren lehen urteak oso bortitzak izan ziren rap musikaren munduan. 1988an N.W.A taldeak “Straight Outta Compton” diskoa kaleratzen du eta arrakasta izugarria lortzen du. Kantuetako gai nagusiak bortizkeria, drogak eta sexua dira eta adituen esanetan, arrakasta lortu zuen lehen “gansta rap” estiloko diskoa izan zen. “Fuck The Police” (Polizia izorratu dadila) kantua oso ezaguna egin zen eta arazo ugari ekarri zizkien poliziarekin (F.B.I. ak, taldea gaitzesten zuen komunikatua zabaldu zuen).

Mendebalde kostaldeko rapak prestigioa lortzen du. N.W.A. taldea desagertu eta gero, Dr. Dre izeneko taldekideak, “The Chronic” diskoa kaleratzen du 1992an. G Funk bezala ezagutuko zen raparen oinarriak jarri zituen disko honetan eta rap musikak gaur egun duen arrakasta komertziala ulertzeko ezinbestekoa da. G Funk estiloak P Funk doinuen eragina zuen (George Clinton, Parliament, e.a.); funk erritmiko eta sikodelikoa rapeatzeko era goxo eta lasaiarekin elkartuaz. Death Row izeneko diskoetxeak kaleratuko zituen estilo honetako disko ugari eta urte batzuetan, ekialdeko kostako nagusitasunari aurre hartu zioten.

Estilo honetako artista ezagunenak Snoop Doogy Dogg, 2 Pac eta Dr. Dre izan dira (azken hau, era berean, arrakasta handia lortu duten abeslarien ekoizlea izan da). Ekialdeko kostan, Bad Boy Records zigiluak, rap musikan izandako nagusitasuna berreskuratu nahian, Puff Daddy edo Mase bezalako abeslarien diskoak kaleratuko zituen. Arrakasta lortu bazuten ere, kritika gogorrak jaso zituzten, oso poperoak omen zirelako. Hauetaz gain, Nas, Busta Rhymes edo Wu-Tang-Clan taldeek ere oihartzuna lortu zuten. Bi kostaldeetako diskoetxe eta abeslarien arteko leia geroz eta bortitzagoa bilakatu zen eta, azkenean, besteak beste, 2 Pac Shakur eta Notorious B.I.G abeslarien heriotzak eragin zituen.

Wu-Tang-Clan logoa.
XXI. MENDEA
Rap musika negozio handi batean bihurtu da. 80. hamarkadan, hiri gutxi batzuetako auzo txiroetan entzun zitekeen musika izatetik, munduko edozein txokotan entzun eta egiten den musika izatera pasa da. Munduko edozein hiritan, rap musika egiten duten abeslari eta taldeak topatuko ditugu, eta bakoitzak, berezko ezaugarriak gehitu dizkio musikari. Europa, Asia edo Afrikan milaka dira rap musika egiten duten taldeak eta milioika dira musika honen doinuekin erakarrita sentitu diren gazteak. Raparen sorterrian, AEB-etan, egun, gehien saltzen duen musika estiloa da eta zoritxarrez, musika industria boteretsuak, bere gustura moldatu eta menperatu duen estiloa da. Eminem bezalako abeslariek (Dr. Dre-ren babespean), milioika disko saltzen dituzte, eta azaleko itxura “errebeldearen” azpian, gizarte kontserbadorearen idealak bizirik mantentzen dituzte. Horren adibide dira ere; 50 Cent, Nelly eta antzekoak.

Do the Right Thing, Spike Lee-ren filmea.
Eskerrak, rap musikak, musika industria boteretsuaren atzaparretatik ihes egin eta mundu osoan zabaldu den. Mundu osoko kultura eta musika estiloekin elkartzeko gai izan da eta garapen horretatik dator egun duen aberastasunik handiena (amaigabea litzateke zerrenda baina oso kontutan hartzekoak dira adibidez Afrikan sortu diren rap taldeak.Senegalen edo Hego Afrikan adibidez oso talde interesgarriak daude eta hauetako batzuk, nazioarte mailako errekonozimendua lortu dute. Eta historiak jarraitzen du.

ADARREZ ADAR
1-Breakdantza
Breakdantza kaleko dantza da. Dirudienez, AEBetako hirietako ghettoetan, etsaiak ziren taldeak, lurraldea banatzeko erabilitako metodoa zen breakdantza. Gorputzaren bidez egindako mugimendu ikusgarriekin lehiatzen zuten, txandaka, eta irabazlea lurraldearen jabe egiten zen. Arte Martzialekin, gimnasiako mugimenduekin eta Brasilgo capoeira bezalako dantzekin lotura du eta James Brown bezalako funk abeslarietatik ere hartu du inspirazioa. Denborarekin rap eta elektro musikei lotutako dantzan bihurtu da eta dantza hori egiten dutenei b-boy edo b-girl deitzen zaie (orotar hip-hop zaletua denari ere horrela deitzen zaio).

Mende hasieran Hernanin egindako lehen break dantza erakustaldiak. Argazkian Txino ankaz gora :-)
Break hitza hausturarekin du zerikusia, kantuaren zati azkar eta erritmikoenari dagokio eta rap abeslariak zati hori erabiltzen zuten errimatzeko. Rap musikariaren aitzindari den kool Herc-en esanetan, break hitza, dantzarien “buru hausketarekin” edo zoramenarekin zerikusia du. 80. hamarkada hasieran oso famatua egin zen Breakin, Beat Street, Wild Style edo Flashdance bezalako filmei esker (azken hau ez da break filma baina dantza honen eragin handia du).

Dantza honen barruan mugimendu desberdinak daude. Toprock bezala ezagutzen dena, zutik egiten da eta funk estiloaren dantzarekin zerikusia du, oso erritmikoa da. Normalean dantza honekin hasten dira breakerren pausoak. Bestea, Downrock izenekoa, gerriari dagokio eta gimnasia mugimendu batzuen bidez gorputza lurrarekin harremanetan jartze da. Freezing izenekoan egiten diren mugimendu ikusgarriak berriz, gorputza lurretik altxatzea dute helburu. Guzti hauen elkartzetik dator break erakustaldia (mugimendu gehiago ere badira; adib. Gorputza argi indar kable baten pareko bihurtzen duena, mugimendu elektrikoekin edo erroboten mugimenduak irudikatzen dituena). Erakustaldia lehiaketan bilakatzen da partaide desberdinak borobilean elkarren aurka lehiatzen direnean.

Hernaniko Hip-Hop eguna (2010), tailer borobila :-)
2-Scratch-turnablism
Turnablim-a musika “pintxatzeko” modu berezia da. Kantuak bata bestearen ondoren jartzen dituzten Dj-ak ez bezala, turnablimean, platoak instrumentuetan bihurtzen dira. Teknika hau garatzen lehena, lehen aipaturiko, Kool Herc jamaikarra izan zen, festetan, kantuen zati erritmikoa luzatu nahian, zati hori errepikatzen hasi zenean. Horretarako teknika desberdinak garatu zituen eta modu horretan kantuen manipulaziotik (edo bi disko batera erabilita), kantu “berria” lortzen zuen. Denborarekin teknika hauek garatzen joan ziren eta gaur egun, scratch bezala ezagutzen duguna sortuko zen; hau da, diskoaren zati baten errepikapenaz, beste instrumentu bat balitz bezala, musikan eragina duten soinuak sortzea da scrath-a.
/ARGAZKI%20AUKERATUAK/Kamio-DZ.jpg)
Zigor DZ, eskratxaren magiaz inguratuta :-)
Scratch-ak egiteko teknika desberdinak daude, eta nahasketa mahien eta teknologiaren garapenari esker, era askotakoak izan daitezke. Crossfaderra, ekualizazioak edo diskoen abiadura aldatzeko aukera ematen duten teknikei esker asko garatu da scratch-a. Gaur egun, turnablism teknika erabiltzen duten dj-en arteko lehiaketa asko antolatzen dira, baina ziurrenik, ezagunena, DMC izenekoa da, mundu mailakoa delako.

3- Graffitia
Rotuladorearekin edo sprayarekin margotzeari deitzen zaio graffitia egitea. Normalean egilearen ezizena margotzen da baina edozein motatako irudi eta marrazkiak egin ohi dira. Margotzeko lekua berriz hiria bera izaten da; hiriko paretak edo hiriko altzariak erabiltzen dira normalean baina edozein leku balio dezake. Garai batean, AEBetan bereziki, metroko trenetan margotzea zen ohikoena. Graffitiaren historia luzea da eta beti izan da gatazkatsua. Batzuentzat artea dena besteentzat delitua da eta egun, Euskal Herriko herri askotan, kalean, baimenik gabe, graffitiak egitea oso arriskutsua izan daiteke (debekatua dago eta isunak jartzen dituzte). Orokorrean, sozialki, ondo ikusia dago eta diseinatzaile askorentzat adibidez, eredu izan da graffitia.

uRBAN 13 KOLEKTIBOA. bREAK ETA GRAFFITIA eUSKAL hERRIAN ZABALTZEN :-)
HIP-HOPA EUSKAL HERRIAN
1999. urtean, izugarrizko aurrerapausoa ematen da Euskal Herrian Hip-Hop mugimendua zabaltzeko bidean. Euskal Herriko txoko desberdinetatik iritsitako bost gaztek, Selektah Kolektiboaren lehen diskoa kaleratzen dute. Diskoa, Esan Ozenki diskoetxearen babespean kaleratzen da eta lehen aldia da, euskaraz abestutako rap kantuekin diskoa plazaratzen dela.

Diskoak, oihartzun handia lortuko du eta rap musika, eta orotar, hip-hop mugimendua, euskal kulturaren parte bilakatzen du. Aurretik, rap musikaren eta hip-hop mugimenduaren eragina oso mugatua zen Euskal Herrian; rap musikarekin zeharka jolasten zuten talde gutxi batzuk zeuden (horien artean, ezagunena, Negu Gorriak), komunikabideetan inolako oihartzunik lortzen ez zuten festa eta sound systemak eta oraindik, teknikoki, nahiko mugatuak zeuden break dantzari eta graffiti margolari gutxi batzuk. Egia esan, 80. hamarkadan sortu zenetik hona, Hip-Hop mugimenduak izan duen garapen itzela kontutan izanda, zaila da ulertzea Euskal Herrian izan duen oihartzun eskasa. Egia ote euskaldunak itxiak garela kanpotik datozen eragin berrietara? Hori baino konplexuagoa izango da erantzuna.

Negu Gorriak eta Selektah Kolektiboa bat eginik zuzenean :-)
RAP MUSIKA
Esan bezala, Selektah Kolektiboak diskoa kaleratu arte, gutxi dira rap musika landu duten euskal taldeak. Selektah Kolektiboa izan zen, Euskal Herrian, rap diskoa kaleratzen lehen taldea eta mundu mailan, euskaraz abestutako rap diskoa kaleratzen lehena. Ez da gauza makala beraz.
Selektah Kolektiboa eta M.A.K
1998. urteko San Joan jaiak, Hernani, Molotoff Irrati librearen txosna. Garai hartan Lasarten bizi zen Zigor Dz biniloetan eta Hendaian bizi zen Daddy Jeff mikrofonoan. Baseak kasetean. Aritz Sound System antolaketan eta disko jartzaile lanetan. Hau bai kaosa. Lehen pauso horren ondoren elkarrekin emanaldiak ematen hasten dira taberna, kobazulo, txosna eta gaztetxeetan. Iruñeako Wanka eta Lasarteko Molte gehituko dira mikrofonoan eta handik gutxira, Selektah Kolektiboan osatuta, Metak diskoetxearen gonbidapena. Selektah dira, musika beltza Euskal Herrian zabaltzeko helburua dutelako eta Kolektiboa dira, elkarrekin gauzak eginda ere, bakoitzak bere aldetik gauzak egiten jarraitzen duelako, eta edozein unean, jende berriari irekia dagoelako.
/ARGAZKI%20AUKERATUAK/Kamio-SelektahSS.jpg)
Selektah Sound Systema Pasaiako jaietan (Kamio tabernak antolatuta). Molte Mc, DZ, Aritz eta Daddy Jeff.
Emaitza, bi disko kalean (bigarrena Metak diskoetxearekin), ehunka kontzertu, emanaldi eta sound system (baita bertsorap estiloan ere), hainbat irrati saio, idatzi eta hitzaldi. Lagun asko eta une ederrak.

Selektah kolektiboak zabaldutako bidetik dator M.A.K. taldea. 2003. urtean sortzen da Iparraldean (Ziburu inguruko herrietan) eta Mikrofon Addikt Klanek, rap gogorra lantzen du, hardcore eta jazz musiken eraginpean. Helburu bikoitza du taldeak; Euskal Herrian hip-hopa zabaldu batetik eta bestetik, kanpoan euren esperientzien berri eman. Guzti hori, euskaraz, frantsesez, katalaneraz eta gaztelaniaz abestutako kantuekin. Taldeak, 2005. urtean, “Suari Darion Kea” izeneko diskoa kaleratzen du eta zuzeneko emanaldi batzuk eman eta gero desegiten da.

Didier DJ Alf ezkerrean eta Jon Mak mikroan. Oroitzapen berezia Didiernentzat...
--
OHARRA: Erreportajea hau idazteko garaian, rapa euskera hutsez egiten zuten talde gehiago ez genituen ezagutzen. Zorionez, hortik gutxira (2005etik aurrera) 121 Krew, Maisha MC, edo Norte Apache taldeak ezagutzeko ziona izan genuen eta eurekin esperientzia ederrak bizi ere. Web orrian zehar eurei buruzko informazio eta irudiak ikusteko aukera dago. Hemen azaltzen ez direnak, barka gaitzatela, beraz.
--

Marta Urban 13 eta Diego Stamenr, Euskal Herriko break dantza eta graffitia ulertzeko ezinbestekoak :-)
BREAK DANTZA ETA GRAFFITIA
Zorionez, break dantzak eta graffitiak gorakada nabarmena ezagutu dute azken urteotan, bai dantzari eta margolarien kopuruari dagokionez eta baita ere hauen mailari dagokionez ere. Break dantzaz ari garela Iruñea dugu Euskal Herriko erreferente nagusia. Bertan dago dantzari kopuru handiena eta teknikoki maila altuena dutenak dira. Bertakoak dira Team Rockers taldekoak, Euskal Herrian ezinbesteko erreferente direnak.

Iruñeako Team Rocker break dantzariak, Selektah Kolektiboarekin Katalunian 2001. urtean.
----
OHARRA: Erreportajea egin eta gutxira ezagutu genituen Txino eta Naked Iruñeako break dantzariak eta gerora guekin ariko ziren Angel, Amaia, Alain Txiki, Chimid, Jaifun eta gainontzekoak. Web orrian zehar eurei buruzko informazio eta irudiak ikusteko aukera dago. Hemen azaltzen ez direnak, barka gaitzatela, beraz.
----
Gipuzkoan eta Bizkaian ere badira dantzari finak, hiriburuetan kokatutakoak gehienak, eta horien artean, Intxaurbreak taldea da beteranoenetakoa. Graffitiri dagokionez, sakabanatuagoak daude margolariak, nahiz eta gehienak, hirietan kokatzen diren. Graffitiarekin gauza bitxia gertatzen da; batetik, arte bezala kontsideratua dago, eta une zehatz batzuetan, instituzio publikoek babestua da (Euskal Herriko Graffiti lehiaketa adibidez) eta bestetik, legalki zigortua dagoen ekimena da. Kalean baimenik gabe margotzen harrapatzen bazaituzte izugarrizko isuna jaso dezakezu (3.000 euro edo gehiago).

Hip-Hop egunetan graffiti tailerrak eta erakustaldiak antolatzen genituen.
AURRERA BEGIRA
Pixkanaka bada ere, Hip-Hopa Euskal Herrian errotzen ari da eta nahiz eta askori gustatu ez, euskal kulturaren parte da dagoeneko. Musikari dagokionez, Selektah Kolektiboa eta M.A.K. en bideari jarraiki, euskaraz abestutako rap taldeak perretxikoak bezala ugarituko zirela uste genuenok oker ginen
(Oharra: Zorionez erreportajea egin eta gutxira, euskaraz rapa egiten zuten abeslari eta taldeak asko ugarituko ziren).

Erreportajea idatzi eta urte batzuk beranduago kaleratuko zen Rap-Herria, euskal raparen aberastasunaren adierazle :-)
Frantses eta espainiar estatuetan hip-hop mugimenduak izugarrizko gorakada bizi badu ere, Euskal Herrian askoz ere mantsoago doa dena. Rap musika jorratzen duten gazte asko badaude ere, gehienak erdaraz egiten dute. Egun, rapa euskaraz egiten duen talderik ezean eta komunikabide handiak gazteleraz edo frantsesez direnez, gazteek jasotzen dituzten eraginak ere hortik datoz. Gure esku dago hori aldatzea. Breakdantza eta graffitiari dagokionez berriz, pausoak ematen ari dira eta hauek ere pixkanaka ematen badira ere, pauso sendoak dira. Hip-Hopa erakargarria da gazteentzat eta gure esku dago, hip-hopa euskal kulturaren barruan modu egokienean kokatzea.
ARITZ SOUND SYSTEM