NINJATune
NINJA TUNE, ITSASOKO BARETASUNA ASTINTZEN 
Musika elektronikoak bizi duen abiadura ikusita ez da errexa disketxe batek hamar urte betetzea. Ingaleterrako Ninja Tune zigiluak lortu du eta musika elektronikoaren jarraitzaileen artean ezinbesteko erreferentean bilakatu da. Hip-hop eta jazzaren arteko nahasketa baino zerbait gehiago eskeintzen digute eta moden gainetik eboluzionatzen jakin dutelako daude oraindik ere gure artean. Zorionak eta urte askotarako. 
Disketxeko hamar urteak ospatzeko bilduma.
1990. urtea hamarkada itxaropentsu baten hasiera izateaz gain, musika munduan, iraultza ekarriko zuten erritmo berrien sorrera izan zen. Jungle eta drum & bass-a Londoneko auzo txiroetan forma hartzen hasiko den garai honetan sortuko da Ninja Tune zigilua. Musika munduan hip-hop doinuak elektronikarekin uztartzeagaitik ezagunak ziren Coldcut proiektuko Matt Black eta Jonathan More, Pete Quicke-kin batera elkartu eta b-boy guztien eskema musikalak apurtuko zituen zigilua sortuko dute. "Hasieratik oso garbi izan genuen hip-hop berria, desberdina egin nahi genuela. Gansta rap zikinaren garaia zen eta guk kontrako norabidea jarraitu nahi genuen. Hip-hop berezia, jazz eta techno ikutuekin egin nahi genuen, guztia nahastuta. Gaur egun kaleratzen ditugun diskak eta disketxea sortu zenean kaleratzen genituenak desberdintasun haundiak dauzkate. Erabilitako osagaiak berdinak dira bainan elementu horiek nahasteko eta konbinatzeko modua aldatu da. Beraz desberdinak gara orain nahiz eta izpiritua berdina den oraindik ere". Pete Quicke-ren hitzak dira horiek eta arrazoi du.

Zigiluak gaur egun kaleratzen duen musikak soinu desberdina du, eboluzionatu du eta agian horregaitik mantentzen da oraindik ere indarrean. "Zalantzarik gabe Ninja Tune asko aldatu da bainan hori izan behar du disketxe baten funtzioa. Disketxeko musikariak aldatzen eta eboluzionatzen duten moduan aldatu behar duzu zuk ere, ezin zara geldirik geratu. Funki Porcini edo Herbalizer-ek beraien musika aldatu dute eta guk ere aldaketa horiekin bat egin behar dugu. Inoiz ez dugu estilo itxi baten barruan mantendu nahi izan". 
BIG DADA / NTONE
Gaur egun dagoeneko "modan" ez dagoen zigilua izan arren Ninja Tune-k izen ona mantentzen du oraindik ere hip-hop eta orohar musika elektronikoaren jarraitzaileen artean. 90. hamarkadaren erdialdean ikutu zuen gailur komertziala Coldcut, Dj Food, Funki Porcini, Up, Bustle & Out eta antzeko piztiekin. Orain berriz "komertzialtasunera" pasa direla eta antzeko kritika asko jaso dituzten arren oraindik ere berritzeko gaitasuna galdu ez dutela argi geratu da bereziki disketxeak dituen azpizigiluei esker.

Ntone izenekoan hip-hip eta musika esperimentalari egiten diote tartea. "Ambient musika oso gustokoa dugu eta antzeko musika jorratuko zuen zigilua sortu nahi genuen, hori izan zen Ntone sortzeko arrazoia. Azkenean Ninja Tune "soinua"-rekin antzekotasun haundia ez duten erritmoak kaleratzen ditugu bertan".
Journeyman, Rhys Chatham, Neotropic edota Animals of Wheels bezalako artista eta taldeen gotorlekua da. Bestalde oinarrian hip-hop musika kaleratzen zuen disketxea izan arren hip-hop musikaren jarraitzaile askori ez zitzaion Ninja Tune-k kaleratzen zuena gustatzen, berritzaileegia omen zen eta. Big Dada azpizigiluak konpondu du hori eta orain Ingaleterrako rap talderik "underground"-enak kaleratzen dute beraien musika bertan.

Entzun bestela Roots Manuva-ren "Brand New Second Hand" diska. Izugarria. Bete berri dituen urteak ospatzeko opari ederra egin digu jarraitzaile guztiei eta Ninja Tune disketxeak 10 urte hauetan kaleratutako altxorren bilduma eskeintzen digute KD bikoitz batean. Era berean konpakto hirukoitza kaleratuko dute, edizio mugatuan, aurreko bi disketaz gain kantu ezezagunak, ineditoak eta bitxikeriak jasotzen dituen hirugarren batekin. On egin eta zorionak.
SOUND SYSTEM