UDAKO KANTUA

UDAKO KANTUA

UDAKO KANTUA

Azken aldian, ohi baino urduriago nagoela nabaritu dut. Inoiz ez dut lo egiteko arazorik izan baina, egun hauetan, loa arina dut eta askotan esnatzen naiz gauean zehar. Loak hartzea lortzen dudanean berriz, sekulako amesgaiztoak ditut. Ametsetan ez dut ezer entzuten baina nire burua ikus dezaket, eskuak belarrietan ditut eta garrasika ari naiz. Zerbaitek belarrietan min egingo balira bezala. Kezkatzen hasi naiz. Medikuak udaberriko alergia baten ondorioa izango dela esan dit, baina nik, ez dut uste nire egonezina, udaberriko loratzearekin zerikusia duenik. Azken urteotan, udararen gerturatzearekin batera gertatzen zait, eta sasoi honetan entzuten ditugun kantuekin zerikusia duela uste dut. Udako kantuen fenomenoarekin alegia. Iaz oso gaizki pasa nuen eta aurten ez nuke berdin gertatzea nahi. Baina, denbora gelditzea ezinezkoa da eta konturatzerako udara gainean dugu. Iazko udaran bizitakoak oraindik buruan fresko ditugula, bueltan dira eguzkia, beroa, oporrak (dituztenentzat behintzat), herrietako festak eta festekin batera, festetako musika eta udarako kantua(k). Urtaro honetako ezinbesteko osagai bihurtu da udako kantua. Ezinbestekoa? Zergatik bilakatu da ohikoa udako kantua eta nor dago kantu horien atzean?

Zer da udako kantua?
Gustatu ala ez, nahi eta nahi ez, behin eta berriro belarria zulatuko dizun kantua da udako kantua. Udako kantuen titulua lortzen duten abestien artean berriz, mailakatzea dago. Kanpotik datozkigunak (espainiar estatutik bereziki) dira ohikoenak. “Latino” zigiluarekin datoz, gazteleraz, erritmo biziekin eta leku guztietatik putrearen kiratsa darie. Melodia bera, letra eta kantua aurkezteko modua. Horretan, “profesionalak” dira Georgie Dann, Los del Rio, King Africa (nork jarriko zion izen hau?) eta antzeko “artistak”. Kuriosoa da baina kantu hauek ez ditu inongo entitate ofizialik izendatzen, komunikabideak dira (indartsuenak noski) “udako kantuaren” titulua ematen dietenak. Azken hamarkadetan, batzuentzat harrigarria izango bada ere, Alaska eta bere proiektu desberdinek, eman dituzte “udako kantu” gehien; “Horror en el hipermercado” (1980), “Bailando” (1982), “Perlas ensangrentadas” (1983), “Ni tú ni nadie” (1984), “Cómo pudiste hacerme esto a mí?” (1984), “A quién el importa” (1986), “Mi novio es un zombie” (1989), e.a.
Euskal labeldun “udako kantuak” ere izan ditugu nahiz eta hauek beste zentzu bat izan ohi dute. Ala ez?

Nondik dator?
Udako kantua, herrietako jaietan erregina izan ohi da (salbuespenak salbuespen). Musika, parrandaren ezinbesteko osagaia da baina parrandetan zer nolako musika entzuten den ez da jendearen esku egoten (salbuespenak salbuespen). Jendeak, orotar, musika komunikabideetatik jasotzen du; TB zein irrati kate indartsuenek jartzen dutena da entzuten duena. Jendeak ez du musika bilatzen, jendea eskaintzen dioten musikaren hartzaile pasibo izan ohi da eta “modako” kanta zein izan behar duen, gehien bat, komunikabide ahalguztidunek erabakitzen dute. Komunikabide horien atzean noski, enpresa boteretsuak daude eta enpresa horien esku; banketxe, komunikabide, disko eta liburu banatzaile, e.a. Edozein produkturekin bezala, musikarekin ere antzeko zerbait bilatzen da. Kostu txikia duen produktu bakarra ahalik eta erosle kopuru handienera iritsi dadila. Azken finean, guztiak musika berdina entzun, janari bera jan, arropa berdina jantzi eta modu berdinean pentsatzea nahiko lukete batzuk. Ez gaitezen artaldeko ardi bat gehiago izan. Aniztasunean dago aberastasuna eta musika mailan aberastasuna nahi badugu, hartzaile pasibo izatetik, bilatzaile aktibo izatera pasa behar gara. Milaka dira urtero “udako kantu” izan daitezken abestiak; erritmikoak, alaiak, dantzagarriak eta festarako aproposak (mezu konprometituarekin ala ez). Euskaraz zein beste edozein hizkuntzan. Bilatu dezagun gure “udako kantua”. Ahaztu gabe, udazkenak, neguak eta udaberriak eta baita astelehenak, astearteak, asteazkenak, ostegunak, ostiralak, larunbatak eta igandeak ere, bere kantuak behar dituztela.

ARITZ SOUND SYSTEM