LONE ARK

LONE ARK

 

Estudio zaharrean...

Reggaearen altxorrean arri bitxi berria 

Lone Ark izenpean arimaren kutxa zabaldu eta barruan duen onena dakar Roberto Sanchez-ek. Urteetako esperientziak eta maila altueneko musikariak lagunduta, irrifarra ahoan duela, hirietako plastiko eta porlan itogarritik nekazal guneko freskotasunera garamatza. 

E!: Nondik datorkio Santandergo gazte zuri bati reggae musikarekiko maitasun haundi hori (gure buruari behin baino gehiagotan egin diogun galdera da eta oraindik ez dugu erantzunik aurkitu). 

Roberto: Egia esan, ez dakit. Bob Marleyren musika entzuten hasi nintzen eta azkenean pasioan bihurtu da. Musikarien sendi batean hezitakoa naiz eta reggaea ezagutu nuenetik mundu honetan sakontzen joan naiz, diskak erosten, informazioa eskuratzen eta azkenik musika egiten. 

E!: Musikari lanetan proiektu desberdinetan aritu zara. Gure artean Loud & Lone izenarekin kaleratutakoa da ezagunena (BDFrekin batera azken diskan) baina badira beste batzuk baina guztietan Lone hitza erabili duzu. 

R: Bai, asko gustatzen zaidan soinua du. 

E!: Lone Ark izena Lee Perry-ren Black Ark estudioari erreferentzia egiñez agian? 

R: Horrela da, Lee Perry izan da nere erreferentzi nagusienetakoa. Congoes, Junior Marvin eta antzeko musikari eta abeslariak eta Black Ark estudioaren garaia eta soinua magikoa izan dira niretzat eta eragin izugarria izan dute egin dudan guztian. 

E!: Diska osatzerako garaian zuk ere ez zara edonolako musikariekin elkartu. Gehienak gainera aurreko proiektuetan modu batera edo bestera aritutakoak. 

R: Bai, azken finean ia ia kolektibo bati buruz hitzegin daiteke. Hamabost musikari biltzen gara kolektibo honetan eta honen barruan bakoitzak bere proiektua du eta gero diskak grabatzeko eta zuzenekoak eskeintzeko elkartzen gara. Proiektuaren arabera zuzendari lana batek edo besteak egingo du eta Lone Ark izenekoan ni naiz zuzendaria. 

E!: Eta nola egiten duzue elkartzeko? Kolektibo horren barruan Euskal Herriko, Santandergo eta Londongo jendea elkartzen zarete eta ez du batere errexa izan behar entsaiatzeko geratzea. 

R: Oso zaila da. Gutxitan ellkartzen gara. Normalean diska grabatu behar denean edo zuzenekoak eskeintzeko biltzen gara eta aurretik entsaio bat edo bi egiteko astirik baino ez dugu. Dena den, reggaeak musikari bakoitzak bere aldetik gauzak prestatzeko aukera asko ematen dizkizu eta honela, kantuaren basea erabakita dagoenean grabatu eta cd-an besteei bidaltzen diogu gero bakoitzak bere instrumentua egokien deritzon moduan sartu dezan. Horrela, entsaiatzeko geratzen garenean bakoitzak oso garbi du zer egin behar duen. Dena den, nahigo genuke astean behin edo bitan elkartu ahal izatea. 


 

E!: Diskaren izenburua ikusita ez dirudi hiriak asko maite dituzunik ezta? 

R: Hiriak ez dute errua, bertan bizi den jendea baizik. Urte batzutan bizi izan nahiz hiri haundi batean eta herri txiki edo komunitate txikietako bizimodua aldarrikatu nahi dut, naturarekiko gertutasuna eta jendearen arteko harreman estuagoa. 

E!: Diskarekin batera datorren liburuxkan kantuen letrak azaltzen dira eta nahiz eta ingelesa ez dugun menperatzen, guztietan, sentimendu positibo haundia atzeman diegu. 

R: Bai letra guztiak eta kantuen melodiak eta arregloak nik komposatutakoak dira eta egia da guztietan sentimendu positibo hori zabaltzen saiatu nahiz. Egia esan, rastafarismoaren ezaugarrietako bat dela esan daiteke. Ni ez nahiz Rasta kontsideratzen baina errespeto haundia dut Rasta kulturarekiko eta kultur honek musikaren bidez mezu positiboa zabaltzen erakutsi dit eta horrek asko betetzen nau. 


Sentimendu positibo honekin agurtzen dugu oraingoz (elkarrizketa askoz ere gehiago luzatu zen arren) Roberto berak eta bere lagunek egindako lan izugarria eskertuz eta hemendik gutxira gure artean berriro izango direnaren esperantzaz. Gaur egun Europan egiten den maila altueneko roots reggaea zalantzarik gabe.

Begirunea eta maitasuna. 

 

ARITZ SOUND SYSTEM