MAKALA
SARRERA
Zer esan Mikel Makalari buruz. Musikalki, anaia izan dela urte askotan eta zorte haundia izan degula bera eazagutu eta berarekin hainbat ekimenetan elkarrekin aritzeagatik. Pertsona zintzo eta jatorra iruditu zaigu beti. Gertuko eta atsegina harremanean. Umiltasunez, proposatutako edozein ekimen zoroan parte hartzeko prest beti:-)
Musikalki militante eta hiperaktibo :-)
Web orri honetan azaltzen diren antzeko artixta askorekin gertatu bezala, zorretan gaude berarerik. Euskal kultura aberasteko bidean izugarrizko lana egin duen beste laguna.
Eskerrik asko Mikel.

MAKALA – HONDARTZAN
Euskal Herria lurralde txikia izanda ere oparoa da musika sorkuntzari dagokionez. Aberastasun horren adibide berria da Mikel Unzurrunzaga, Makalak, dakarkiena. Mikelen pasioa (ezaguna) musika da eta urteak darama musika munduan gustiz murgildua. Gehien bat diska jartzaile lanetan aritzeagatik ezaguna bada ere, Makalak beste aurpegi anitz ditu; musikaria da (baxua eta beste hainbat tresna jotzen ditu), produktorea, kontzertu eta festa antolatzailea (Getariko Ketarri aretoan), Elektronikaldia musika elektronikoari eskeinitako jaialdiaren antolatzaile, e.a. Orohar oso zaila da musikaz bizitzea eta are zailago Euskal Herrian musika beltza eta elektronikoa landuz gero. Makalaren hondartza musikalean itzala da nagusi, arrakasta komertzialaren dizdirak ez dira paraisu txiki honetara iritsi. Nork daki, agian urte gutxi barru? Metak diskoetxearekin kaleratu du lehen diskoa berak dionez “Aspaldidanik nik konposatutako musikarekin diskoa kaleratzeko gogoa nuen eta orain, Metak zigiluari esker diskoa kaleratzeko aukera sortu zait eta ez dut aukera galdu. Egia esan, Metakeko jendearekin harremana ona dut aspaldidanik eta nahiz eta nik egiten dudan musika ez den diskoetxean normalean kaleratzen diren diskoen estilokoa aukera eman didate bere garaian Selektah Kolektiboa edo Afrikarekin gertatu bezala”. Onartu beharra dago Metak zigilua dela Euskal Herrian ohikoak ez diren musika estiloen alde lan izugarria egiten duen diskoetxea beti ere kalitatezko diskoak kaleratuaz.
GRABAKETA PROZESUA
Makalarentzat diskoa grabatzeko prozesua ez da berria. Bere garaian, Novophonic diskoetxeko katalogoari astindu ederra eman zion diskoetxeko hainbat diskoekin sesioa osatu zuenean. Oraingoan berriz, azken bi urtetan konposatutako kantuak eraman ditu estudiora eta nahiz eta kantu guztiak berak konposatu dituen musikari askoren laguntza izan du kantua grabatzeko garaian: “kolaboratzaile asko izan ditu diskoak. Zerrenda luzea da eta talde desberdinetako jendea aritu da.. Ttatunpa perkusio taldeko Aran eta Mikel, 12 Tribu reggae taldeko Ladis baxuan, Borja saxofoia, Txato bateria, Javi Pez orquestrako Jon Tronbon, Ferminekin ibilitakoa, Basque Dub Foundationekin haize sekzioa osatu duten lagunak, e.a. Lagun asko benetan”. Azpimarratzekoa da diskoaren produkzio lanetan Roberto Sanchez aritu dela. Roberto, estatu mailan eta Europan orohar, maila altueneko reggae musika egiten duten taldeen partaide da; hala nola, Basque Dub Foundation, Lone Ark, Nortones, e.a. Santanderren grabazio txikia du eta bertan grabatu ditu Makalak diskoko kantuak: “Roberto maixua da grabazio kontuetan, soinu berezia eman dio diskoari eta bere estudioan astindu haundia eman diegu kantuei, desberdintasun haundia dago lehenengo maketa eta azken emaitzaren artean”.
ESTILOEN ANIZTASUNA
Makalaren disko berritik zerbait azpimarratu beharko bagenu hori estiloen aniztasuna litzateke. Gutxi dira Euskal Herrian horrelako musika desberdinak diska berdinean elkartzen dituztenak. Logikoa denez, Makalak, gustoko dituen musikaekin osatu du diskoa eta bertan kolore beltza da nagusi: Betidanik esan dut eklektizismoa dela nire gaixotasuna eta ezin dut disko bat norabide bakarrean eraman. Nire etxeko zigilua da estilo aniztasuna eta azken finean, pintxatzen ditudan musika estiloak nabarmendu daitezke diskoan; latin, disko, reggae, funk, afro-funk, e.a”. Estilo hauek Euskal Herrian oraindik ezezagunak direla jakinda ere (edo agian horregatik) kantuak zuzenean aurkezteko asmoa du noski eta horretarako bi formatu desberdin erabiliko ditu zuzenekoetan: “lehenik eta behin biratxoa egingo dut disko jartzaile modura. Raslarekin batera sound systema osatuko dugu eta Euskal Herriko hiriburu eta hainbat txoko, Bartzelona, Madril eta Alemanian ere zerbait egitea gustatuko litzaidake. Hiru hilabetetan, bi astebururo emanaldiak eta prentsarekin harremana. Datorren urtean berriz taldetxoa osatuko nuke, boskotea edo seikotea gehienez, bateriarik gabe, zerbait sinplea leku txikietan jotzeko”. Makalaren hondartzako ur ilunetan murgiltzeko gogoz gaude beraz.
ARITZ SOUND SYSTEM


