NENAS DA REVOLTA

NENAS

GALIZIAR IRAULTZAREN HAURRAK

SARRERA
Santiagoko bidea, Fraga, Anton Reixa, Siniestro Total eta bertako futbol taldeez gain zer dakigu benetan  Galiziari buruz. Irudi folkloriko eta euritsua datorkigu burura, inposatutako aurreritziez betetakoa. Eskerrak Galizian ere gazte jende konprometitua dagoela, musika ona egiten dakiena gainera.

INFO
1993an gazte elkarte eta kolektibo desberdinetan militatzen zuten hiru gazte elkartu eta musika taldea osatzea erabakitzen dute. Euskal Herrian ohikoa eta arrunta iruditzen zaiguna lan gogorra izan daiteke Galizia bezalako herri batean. Eta are gehiago rock eta folk musikarekin harreman gutxi duen taldearentzat. Nen@s Da Revolta izena dute gure gaurko protagonistak eta Oscarri esker Galizia hobe ezagutzeko parada izango dugu.

E!: "As vozes roubadas" izeneko diska ez da zuen lehen iraupen luzea izan. Kontaiguzu nola sortu den diska grabatzeko aukera eta nola izan den grabazio prozesua.

Oscar: "Boa disketxea eta banatzailea zuzentzen duen jendea galiziarra da eta horrek asko erreztu zizkigun gauzak. Galizia herri txikia izanda guztiok elkar ezagutzen dugula esan daiteke eta Boa-koak rock eta folk musikaz gain zerbait desberdina egiten zuen talde galiziar bat kaleratu nahi zuten. Guk oso musika estilo desberdinak nahasten ditugu eta guk egindako musika oso aproposa iruditu zitzaien Boa-koei. Diskaren grabazioa Casa de Tolos izeneko estudio berrian egin zen eta Sinistro Total-eko Segundo Grandio aritu zen teknikari lanetan."

E!: Diska Galizian grabatua izan da eta masterizaio prozesua berriz EEBB-etan. Ez al da hori nahiko bitxia?

O: "Bai, egia esan, EEBBetan Galizian edota estatuan masterizatzea baino merkeago ateratzen zitzaigun eta horregatik egin dugu horrela. Honek duen alde txarra da ezin duzula gainean egon eta masterizazioko gauza batzuk asko gustatu zaizkigu eta beste batzuk gutxiago". 

E!: Diskan entzun daiteken musikari dagokionez oso estilo desberdinak landu dituzue ezta? 

O: Bai, orohar taldekideon gustu musikalak jasotzen dira diskan. Kantu batzutan reggae-dub erritmoak dira nagusi besteetan jazz, folk, hip-hop eta baita dantza erritmoak ere. Hasieran beldur ginen jarraikortasuna ez ore genion emango bainan azkenean emaitza ikusita oso gustora geratu gara. Sanplerrak eta ahots desberdinak erabili ditugu, baita telebistako informatiboetatik ateratakoak ere. Denbora gehiago izan bagenu auskalo zer aterako zitzaigun".

E!: Fusio musikala lantzen duzue zuek, ohikoa al da Galizian zuena bezalako musika egiten duen taldea? Nola dago Galiziako eszena musikala gaur egun.

O: Orohar Galiziako musikaz jendeak duen irudia folkarekin erlazioantutakoa da. Zeintzuk dira zuri burura etortzen zaizkizun Galiziar taldeak?

E: Beno, ba (nere ezjakintasuna onartuta) horrela bapatean Siniestro Total edota Anton Reixa datokit burura.

O: Ohikoa. Anton Reixak adibidez arrakasta haundiagoa lortu du Galiziatik kanpo bertan baino. Hemen telebistan egindakoagitik da ezagunagoa. Euskal Herrian Anton Reixa oso pertsona erradikala bezala ikusita dago bainan ez da horrenbesterako. Konpromezu maila haundiagoa duen jende asko dago hemen nahiz eta ez diren batere ezagunak. Dena den, bertako taldeei buruz ari ginenez hemen ska musika lantzen duten talde asko daude eta baita Ragga egiten dutenak ere nahiz eta hauek egiten dutena ez duen jamaikako dancehall-arekin zerikusirik. Gehien bat horrelako erritmoa fusionatzen dituen jendea da. 
Egia esan, bertako taldeek zailtasun haundiak dauzkate kanpoan ezagutarazteko eta traba haundiena hizkuntzaren aldetik dator. Galizieraz kantatzeak ate asko ixten dizkizu".

 

E!: Eta hizkuntza aipatu duzula arreta deitu digu zuek reintegrazionistak zaretenaren aldarrikapen hori. Azalduko al zeniguke kontzeptu horren esanahia?

O: "Galiziar hizkuntzaren barruan bi korronte daude; batetik korronte ofiziala dena gaztelerarekiko gertutasun haundiagoa duena eta arrazoi politiko garbiengaitik españolistek inposatu nahi izan digutena eta bestetik "reintegrazionista" delakoen korrontea dago, hau da, galiziera eta portugesa hizkuntza berdina dela aldarrikatzen duena. Ezkertiar eta independentziaren aldeko mugimenduek bigarren honekin egiten dugu bat". 

E!: Komunikabideek Galiziako irudi folklorikoa eta erlijiosoa azpimarratzen dute etengabean, Fraga ahalguztidunaren esku dagoen lurralde modura. Dena den, Galizian antolatu eta mobilizatzen den gazte jendea dagoela sinistu nahiko genuke ere. Zein da Galiziako gazte mugimenduaren egoera gaur egun?


O: "Komunikabideen papera oso garrantzitsua da Galizian. Orohar PP-ren esku daudela esan daiteke eta horrek asko zailtzen du bertako mugimendu alternatiboen berri kanpoan ematea. Gazte mugimendua egon badago eta nahiko indartsua gainera bereziki BNG alderdiaren ildotik. Talde honen gazteria Galizia Nova oso gazteri konprometitua da, ezkertiarra eta independentista. Nahiz eta BNG-ak PNV-rekin harremanak dituen ezin dira bi alderdiak parekatu. Noski, BNG baino konprometituagoa den talderik bada baina gaur egun BNG da PP-ri aurre egin diezaiokeen bakarra. PSOE-PSGak oso indar gutxi du Galizian eta horri esker udaletxe askotan BNG dago agintean eta nahi ta nahi ez hori aurrerapen haundia suposatu du gazte jendearentzat. Guk aurrera egin nahi badugu, BNGren barruan dauden kontradikzioak azalerazten saiatzen gara bainan ala ere egoera asko hobeagoa da gobernuan dauden udaletxeetan".


E!: Zuen kantuetan guzti honetaz hitzegiten duzue eta eskertzekoa da letren itzulpena irakur ahal izatea KD-arekin doan liburuxkan. 

O: "Bai, gure kantuetan Galiziako egoera politikoari buruz hitzegiten dugu baina baita gartzeletako egoeraz, emakumeen diskriminazioaz eta baita animaliekiko basakeriaz ere. Gure gizartearekin eta ingurunearekin erlazioa duten gaiak lantzen ditugu eta liburuxkan kantuen letraz gain gai hauekiko informazioa eta dugun iritzia plazaratzen dugu". 

E!: Gai hauetaz horren garbi hitzegiteak ate asko itxiko dizkizuela uste duzue? Ez zarete horren beldur?

O: Nik uste gaiak berak baino galizieraz kantatzeak ixten dizkigula ate gehiago. Estatuan adibidez horrelako gaiak lantzen dituzten taldeak egon badaude eta nahiko arrakasta lortu dute. Gure kasuan berriz hizkuntzatik traba gehiago ditugula uste dugu, gaien tratamenduak agian hemen Galizian bai zailtasun batzuk ekarriko dizkigula bainan ez kanpoan". 

Gure kasuan berriz ez dute ateak itxiko dizkiogularen beldurrik edukiko eta badakite esku zabalik jasoko ditugula. Oraingoz ez dute Euskal Herria bisitatzeko aukerarik nahiz eta horretarako gogo haundia dutela onartu diguten. Diska entzutearekin konformatu behar oraingoz. Estatuan BOA-k banatzen du eta lortzeko zailtasunik izango bazenu deitu telefono honetara: 902-151380.

                               ARITZ  SOUND SYSTEM