RAUL BLACK JIKO

RAUL BLACK JIKO ELKARRIZKETA

SARRERA
Aurreko mende amaieran ezagutu nuen Raul Black Jiko, eta hasieratik, reggae musikarekiko genuen zaletasunak elkartu gintuen. Baina ez zen hori bakarrik... Hernanin bizi zen etorkin kubatarra izatetik, gure artean guztiz integratuta dagoen euskal kubatarra izatera pasa zen, eta lagun zintzoa. Selektah Sound Systemaren abeslarietako bat izan zen urteetan, eta ahal zituen saio guztietara etortzen zen. Bere aldetik, egitasmo propioak ere garatu ditu, beti prest oholtza gainera igo eta bere letrak eta aldarriak lau haizeetara zabaltzeko.

Aupa Raul :-)

Jarraian, 21. mende hasiera honetan egindako elkarrizketa irakurri ahal da:

Raul Black Jiko, Selektah Sound System Zizurkilgo plazan.

---ELKARRIZKETA

REGGAE-KUBA 

Kubako irlaz hitzegiterakoan irudi konkretu batzuk datozkigu guztioi burura; karibea, eguzkia, Fidel Castro, habanoak eta orohar egunero egunero bizirauteko borrokatzen duen herriaren duintasuna. Musikalki berriz salsa eta son doinuak dira Kubako erreferentzi nagusia baina ez bakarra. Jamaikatik oso gertu dagoen irla izanik reggae-ak ere baditu jarraitzaileak; nahiz eta munduko leku gehienetan geratzen den bezala, hemen ere gutxiengo marginala dira. 

INFO 
Bost urte darama Raul gure artean bizitzen. Euskal-Kubatarra da bera eta reggae musika maite du. Gabonetan jaioterrira itzuli zen sendia ikusi ahal izateko eta bertatik indarberriturik bueltatzeaz gain Kuban reggae musika lantzen duten hainbat lagunen grabazioak ekarri zituen. Grabazioen kalitateaz (teknikoa baino musikala gehiago) harriturik berarekin elkartu ginen Hernaniko Molotoff Irrati librearen egoitzean guretzat gustiz ezezaguna den Kubako reggae-az hitzegin asmoz: 


E!: Kubatik salsa eta son doinuak ezagutzen ditugu gehienbat; Compay Segundo, Eliades Ochoa eta antzeko jendea oso ezaguna egiten ari da gure artean baina Kubako reggae-az ez dakigu ezer. Zeintzuk dira Kuban dauden reggae talde esanguratsuenak? 

RAUL: Havanan adibidez hiru talde daude; %100 to, Insurrectos eta Remanente. Horretaz gain, ragga abeslariak eta sound system batzuk daude. Insurrectos-ekoek roots egiten dute nahiz eta kantu batzutan ragga ikutuak sartzen dituzten. Remanentekoek berriz reggae-aren barruko estilo desberdinak lantzen dituzte eta baita soca edota karibeko beste erritmoak ere. Abeslari gazteen artean ragga eta hip-hop doinuek indar asko dute. Ala eta gustiz ere oso medio gutxi dituzte. 

Elkarrizketa egin eta denbora batera Raulen Ras Cocoman lagunak diskoa kaleratu zuen :-)


E!: Kubatik ekarri dituzun grabazioetan entzun ahal izan dugunez zuk esandakoa baieztatzen da. Ala ere medio gutxi izan arren nahiko maila altua dagoela esan daiteke ezta? 

Raul: Bai, oso medio gutxi eduki arren musika barruan daraman jendea da eta dauzkaten instrumentu eskaxei oso etekin haundia ateratzen diete. Kuban musika hauek ez dituzte inolako laguntza ofizialik jasotzen eta oso baliabide murritzekin jotzen dute. Kubako musika tradizionaletatik ateratzen den guztia gaizki ikusia dago rock, soul, hip-hop, reggae egiten dutenek arazoak izaten dituzte agintariekin. Batzutan izkutuan egin behar dira gauzak. Hauek bidaltzen dituzten mezuak gogorrak dira eta ez zaizkie gustatzen. 

E! Eta zein mezu bidaltzen dute ba? 

R: Beno, salsa abeslariek maitasunari, dantzari, festari kantatzen diote. Generazio berriek berriz errepresioaren aurkako mezuak zabaltzen dituzte, "esclavitud cientifica" deritzonaren aurka; hau da, ikusi ezin daitekeen errepresioa, buruaren barruan duzun esklabutzaren aurkakoa. Mugimendu berria sortzen ari da Kuban. 

E!: Eta entsaiatu edota kontzertuak ematerako orduan, nola moldatzen dira? 

R: Beno, badira kultur etxe batzuk eta gehienbat bertan entsaiatu eta ematen dituzte kontzertuak. Bestela lagunen batek utzitako lokalean edo horrelakoetan. Oso zaila dago beraiek nahi duten musika egitea. 

Txistulari inprobisatzailea, Black jiko eta Daddy Jeff. Selektah sound system power...

E!: Eta festa eta sound system-ei dagokionez? 

R: Beno, badakizue kubatarra beti dantzatzeko prest dagoela. Asteburuetan lagunen baten etxean edota terrazaren batean elkartzen gara. Lokala jartzen duenak batzutan sarrera kobratzen du edota garagardo batzuk saltzen ditu eta bertan antolatzen ditugu sound system-ak. Juan Carlos izeneko DJa da musika aukeratzen duena, 70. hamarkada bukaeratik badil horretan. Batzutan mikroak zabaldu eta jendea abesten eta inprobisatzen hasten da. 

E!: Eta nondik lortzen da musika? 

R: Cuban ez dago apenas dendarik eta are gutxiago reggae musika saltzen duenik. Beraz musika gehien bat irratietatik grabatutakoa da. Miamiko irrati batek reggae jartzen zuen gauez eta gau osoa esna igarotzen genuen zintak grabatzen. 


E!: Musika entzun ahal izateko gainera musika aparatuak behar dira eta erakutsi dizkidazun argazkietan ikusi daitekenez ez zabiltzate hauekin soberan. 

R: Ez, dauden musika aparatuak oso zaharrak dira, kubako ikasleak Alemania eta Txekoslobakiara ikasketak burutzera joan zirenean aparatu asko ekarri zituzten. Gaur egun oraindik ere horrelako tresnak erabiltzen dira. Imaginazio asko jarri behar da. 

E!: Tresna aldetik ez zabiltzate oso fin bainan Kubatik ekarri dituzun zintetan entzun ahal izan dugunez oso maila altua dago bertako musikarien artean. 

R: Bai, hala da. Jende gehienak bere kabuz ikasten du musika jotzen eta gutxiengo batek bakarrik jaso ditu klaseak. Erreztasun haundia dauka han jendeak musika egiteko eta jotzeko. 

E!: Eta diskak grabatzeko orduan? 

R: Oso zaila da eta orain artean ez da Kuban reggae diskarik grabatu. Zintetan bai grabazio xumeak egiten dira bainan ez estudioetan. Kanpoko norbait etorri beharko luke horretarako. 

E!: Reggae-arekin batera doan topikoetako bat marihuana edota ganja erretzeko ohitura da. Kubatik ekarri dituzun argazkietan ikusi ahal izan dugunez bertan ere jendeak erretzeko ohitura du. 

R: Bai, baina kontu haundiz ibili behar duzu marihuana erretzea oso gaizki ikusia bait dago eta gainera oso penalizatua dago. Kantuetan gainera ezin duzu gaia ikutu zentsura haundia dagoelako, ez soilik marihuanarekin baita rasta erlijioaren inguruan ere. 

Mikel MC mikroan, Raul Black Jiko eta Kurando. Molotoffeko magia...​​​​​​​

E!: Eta azkenik Raul, bost urte daramatzazu gure artean. Nola ikusten duzu Euskal Herrian reggae musikaren egoera. 

R: Beno, hemen ere oso jende gutxi da benetan reggae zalea. Atzerapen haundia dago zentzu honetan eta jendeak oso gutxi daki musika honi buruz eta are gutxiago musika honen atzean dagoen filosofiari buruz. Eta soilik reggaearekin baita orohar musika beltzarekin ere. 

Raul agurtu dugu eta nahiz eta berak honi buruz hitzegin nahi ez, reggae taldea osatu du Raulek Euskal Herrian. Black Jico izena dute beraiek eta nahiz eta orain gutxi hasi diren kontzertu batzuk emanak dituzte dagoeneko eta zihur gaude aurrerantzean zer esana emango dutela. 

 

ARITZ SOUND SYSTEM