REVOLUTONARY BROTHERS ELKARRIZKETA

REVOLUTIONARY BROTHERS-elkarrizketa

SARRERA

Zer esan Iker eta Unairi buruz. Musikalki, anaiak izan direla urte askotan eta zorte haundia izan degula beraiek eazagutu eta beraiekin hainbat ekimenetan elkarrekin aritzeagatik. Pertsona zintzo eta jatorrak iruditu zaizkigu beti. Gertukoak eta atseginak harremanean. Umiltasunez, proposatutako edozein ekimen zoroan parte hartzeko prest beti:-)

Musikalki militante eta hiperaktibo :-)

Web orri honetan azaltzen diren antzeko artixta askorekin gertatu bezala, zorretan gaude beraierkin. Euskal kultura aberasteko bidean izugarrizko lana egin duten beste lagunak dira, ea noizbait merezi duten errekonozimendua jasotzen duten. Revolutionary Brothers-ekin lotura estua izan duten Konsul eta Maese Trucco ere ezin aipatu gabe utzi, noski :-)

Eskerrik asko Iker eta Unai.

REVOLUTIONARY BROTHERS 
IRAULTZAREN BIDEAN PAUSOAK EMANEZ 


Euskal Herrian sound systemaren fenomenoa berria da oso. 1991. urtean Molotoff Irrati librean egiten dugun irratiko saioari izen hori jarri genionetik adibidez, jendeak izenaren zentzuagatik galdetzen digu etengabe. Egun, asko entzuten den hitza da nahiz eta oraindik hitz horren atzean dagoen mundua nahiko ezezaguna izan. Iluntasunari argi pixka bat ematen lagunduko digute Revolutionary Brotherseko lagunak. Duela bost bat urte hasi ziren reggae musika festetan zabaltzen eta egun, etengabe ari dira jamaikar doinuak ezagutarazten. Euskal Herrian lan horretan ari diren sound systemak ugaritzen ari dira zorionez (Bad Sound System, Jah Inity, Dreadrive, Bombass Hi-Fi, Equal Brothers, etab. Barkatu dezatela aipatu ez ditugunak).

Guztiekin gai hauetaz hitz egitea gustatuko litzaiguke baina gaurkoan Revolutionary Brotherseko Iker eta Unairen txanda da. Hernaniko Molotoff Irratian elkartu gara. 

Aritz: Zergatik Revolutionary Brothers izena? 


Unai: Revolutionary Brothers Iker eta bion sound system-a da. Brothers izena jarri diogu anaiak garelako, nahiz eta jende asko harritzen den anaiak garela esaten diogunean, eta Revolutionary izena jarri diogu Donostialdean eta oro har Euskal Herrian iraultza musikala ekarri nahi dugulako. 


Aritz: Iraultza musikala diozu baina ze zentzutan? 


Unai: Iraultza musikala, musika beltzaren inguruan eta bereziki Jamaikar musikaren inguruan. Soula edo hip-hopa nahiko zabalduta daude baina reggaea ez. 


Aritz: Rapa sartzen ari da bai nahiz eta oraingoz euskaraz egiten dena gutxiengoa izan (Mak taldeak disko berria kalean du) baina soularekin ez dugu erantzun berdina ikusten oraingoz. 


Unai: Gure artean ez baina Europa mailan gehiago entzuten da. Europan hemen baino maila handiagoa dago musikalki eta musika beltzaren estiloak gehiago sartu dira. 


Aritz: Zer da zuentzako sound systema eta nola antolatzen duzue festa? 


Unai: Gure sound systemak bi formatu ditu; batetik, anaiak eta biok egiten duguna, musika aukeraketa eta nahasketak, gure diskoak, nahasketa mahaia eta efektuak eramaten ditugu eta bestetik, abeslariekin batera egiten duguna. Azken hau ikusgarriagoa da eta jendearentzat politagoa agian baina zailagoa da jende gehiagorekin koordinatu behar zarelako. Dena den guk leku ezberdinetara mugitzen gara (Euskal Herriatik, Espainatik eta Frantzia eta Belgikan ere egon izan gea), gure sound systemarekin, diskak hartu, platerak… eta prest gaude soinua egiteko! 


Aritz: Zailagoa da baina balore gehigarria ematen dio sound systemari. Jendeak ere eskertzen du eszenatokian abeslariak edukitzea. Zeintzuk dira zuekin batera doazen abeslariak? 


Unai: Azken aldian lan asko egiten ari gara Konsul eta Maese Trucco-rekin eta azkeneko emanaldietara Irungo Sistah Kata ere gerturatu da. Konsul, 12 Tribu reggae taldeko abeslaria da, gure ustez Euskal Herriko ahots onenena reggae mailan dudarik gabe eta Maese Trucco Lugoko abeslari gaztea da, raparen munduan hezi da, hemendik eta handik bizi da eta bere letrak horren lekuko dira. Erdaraz abesten du eta bere bizitzako pasarteetaz hitz egiten du. Hamar urteko esperientzia bere bizkarrean darama. 


Aritz: Rap mundutik dator baina harreman oso estua dago reggae eta hip-hoparen artean. Aspalditik reggae abeslariak rap baseen gainean abestu dute eta alderantziz. Maeseren kasuan erres moldatu da reggae estilora? 


Unai: Bai, konbinazio ona egiten dute bi estiloek eta Maese errez moldatzen da. Eta reggaea abesten hasi zenetik arrakasta gehiago izan du! 


Aritz: Sistah Kata ere aipatu duzu eta abeslari txukuna da, ezta? 


Unai: Bai, Irungo abeslari oso gaztea da eta ahots ona du. Oso souleroa izan daiteke. Tarteka 12 Triburen zuzenekoetan parte hartzen du bi edo hiru abestietan ahotsa jarriaz. 


Aritz: 12 Tribu taldea aipatu dugu eta zoritxarrez hori da Euskal Herrian reggae musika egiten duen gutxienetakoa. Orain Bizkaia aldean talde gaztea sortu da (Chalwa) baina oraindik, guk dakigula, ez dute ezer grabatuta. Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera reggae taldeei dagokionez? 


Unai: Nahiko gaizki dago. Talde gutxi daude. 12 Tribu, Chalwa eta gutxi gehiago. 


Aritz: BDF, Ambassah eta Potato ere jarraitzen dute. 


Unai: Bai baina BDF nazioarteko musikariekin osatuta dago gehien bat eta Ambassah ez dakit talde bezala kontsideratu daitekeen. Potato ere jarraitzen du eta agian ez da guri gehien gustatzen zaigun reggaea baina bere aportazioa egin dute. 


Aritz: Zaila da talde bat mantentzea, ezta? Normalean reggae taldeetan partaide asko izaten dira eta horrek zailtzen du taldearen iraupena. Horretaz gain, reggaeak oraindik jarraitzaile gutxi ditu eta salmentei dagokionez ez da batere errentagarria. Sound System formatura bueltatuta, nola ikusten duzue Euskal Herrian sound systemen osasuna? 


Iker: Gure aurretik jende asko aritu da; Aritz Sound System, Irungo Bad Sound System reggae eta hip-hop doinuekin, Donostiko Dreadrive UK estiloarekin eta orain, jaio berri den sound systema, Rude Kanka. Donostiakoak dira eta bi edo hiru festetan hartu dute parte. 


Unai: Pozten gara sound system berriak jaiotzen direnean jamaikar musika zabaltzen lagunduko dutelako. 


Aritz: Poztekoa da bai. Azken aldian talde berri asko ez, baina badirudi sound system formatuak indarra hartzen ari duela. Zergatik izan daiteke hori? Taldearena baino formatu sinpleagoa izatea eta teknikoki ere baliabide gutxiago behar izatea lagundu dezake? 


Iker: Geroz eta reggae gehiago entzuten da eta reggaeak garrantzia hartzen ari da gure artean. Azken hamar urteetan lan handia egin da eta orain fruituak jasotzen ari da. Guk duela bost urte hasi ginen eta gorakada nabaritu dugu. 


Aritz: Zuei dagokionez geroz eta emanaldi gehiago ematen dituzue. Nolakoa izan da jendearen erantzuna, eta bestetik, zer moduzkoak dira antolaketari dagokionez emanaldia egiteko baldintzak? 


Iker: Jendearen aldetik nahiko harrera ona izan dugu beti. Antolatzaileekin harremana berriz oraindik ez dago oso garatua. Daudenen artean bussines handia dago eta zaila da harreman ona edukitzea. 
Unai: Zaila da musikan mugitzea eta bereziki reggae musikarekin. Leku desberdinetan gauzak egiten saiatzen gara baina antolatzaile handiekin harremana izatea zaila da. 


Aritz: Bide horretan promozioaren lana garrantzitsua izango da, ezta? Zuek zuen buruaren promozioa egiten duzue? 


Unai: Bai, saiatzen gara. Azkenean jendeak ezagutzen ez bazaitu zure burua aurkeztu behar duzu, egiten duzuna azaldu, zure sesioren bat entzun dezaten pasa, web orria eman etab. Lan handia eskatzen du horrek. 


Aritz: Eta irakurleen artean bere sound systema antolatu nahi duen norbait balego, zer aholkatuko zeniokete? 


Iker: Ahal duen leku guztietara joan dadila. Hori erresa da esaten baina gero lan handia eskatzen du. Jendearekin hitz egin behar da, lokalak bilatu, akordioetara iritsi, etab. 


Aritz: Sound Systemaren munduan ere mailakatzea dago eta dirudienez, goiko mailan egoteko zure dubplate edo grabazio propioak eduki behar dituzu. Hori negozioa da ere. Nola ikusten duzue gai hau? 


Unai: Dubplaten mundua eromena da. Dirua dago tartean eta arraroa da. Bakoitzak bere erabakiak hartu behar ditu eta ikusi produkzio propioak baditu gustuko dituen abeslariekin lan egiteko aukera duen edo jamaikar erritmo ospetsuekin lan egin nahi duen. Guk egin izan ditugu eta egingo ditugu baina badakigu noraino iritsi gaitezkeen. Ez ditugu egiteagatik egiten, aurretik artistarekin harremana eduki behar izan dugu eta bakoitzari bere tartea eman nahi diogu gure saioetan promozio modura. 
Iker: Badirudi goi mailako sound systema izateko mila dubplate eduki behar dituzula. Gure ustez sound systemaren maila antolatzen dituen festetan dago eta jendeak ematen dion erantzunean. Jendeak esaten du sound systemak ze maila daukan. 


Aritz: Dena den, festa batean giroa egotea ez dago soilik sound systemaren esku. Tartean faktore asko daude. Reggaea Euskal Herrian ez da festarako musika kontsideratua izan, normalean porroak erretzearekin eta “botata” egotearekin erlazionatu izan da. Zer esango zeniokete hori pentsatzen duenari? 


Iker: Ba, benetan ez duela reggaea zer den ezagutzen. Edozein musikak sortu dezake lasaitasuna eta reggaeak, bere barruan, badu horrelako izpiritu polita eta lasaitasuna sortzen duena. Hala ere, badu bere iraultza eta indar zentzua eta horrek ere asko mugitzen du musika hau. 


Aritz: Eta reggaeaz ari garela estilo bezala, reggae guztia berdina dela pentsatzen duen jendea dago oraindik. Zuen kasuan zer reggae mota jartzen duzue? 


Iker: Roots reggaearekin hasi ginen eta ondoren dub eta dancehall doinuak landu ditugu, 80. hamarkada hasieran egiten zen dancehall reggaea. Hip-Hoparekin harreman handia duen dancehall berria ere lantzen dugu. Pixka bat denetatik jartzen dugula esan daiteke. 
Unai: Reggae dantzagarria jartzen dugu festetan hori behar delako. Roots eta ska doinuak ere jartzen ditugu. Nahasketa bat egiten dugu, ez dago proportzioa eta festaren arabera aldatzen dugu. 


Aritz: Eta oro har. Nola ikusten duzue nazioartean egiten den reggaearen egoera. 


Iker: Europa mailan oso osasuna ona du. Jendea mugitzen ari da reggaearen inguruan; diskoak erosten dira, sound systemak antolatzen dira. Goraka doa. 


Aritz: Zuen kasuan reggaea sound systemaren bitartez baina baita ere irrati bidez zabaltzen duzue, Ttan Ttakun irrati librean egiten duzuen saioaren bidez, ezta? 


Unai: Donostiako Ttan ttakun irratian bi urte daramagu asteazkenero “Are you reggae?” saioa eginez. Anaia eta biok egiten dugu, tarteka gonbidatuak ditugu eta gure diskoak jartzen ditugu. Reggaea ezagutzeko elkargunea bezala erabiltzen dugu. 

ARITZ SOUND SYSTEM