SOULJAZZ
REGGAE LEHERKETA
Eskerrak Ahalguztidunari! Sinisten dut! Nere barruan, leku sakon eta izkutu batean nituen zalantzak uxatu, eta orain bai, oso garbi daukat, reggae musika munduan dauden beste musiken tratamendua jaso dezakeela. Ghettoa utzi eta rasta, alper, zoro eta ganja errezale amorratuen esparrua gainditu du, azkenean. Eskerrak, Soul Jazz disketxeari.
/Katalogoa1.jpg)
Reggae musika bigarren mailakoa kontsideratua izateari utzi al dio? Ez nuke baiezko borobila esango, baina, badirudi, "normalizazio" bide horretan pauso garrantzitsuak eman direla. Horretara lagundu du, zalantzarik gabe, Soul Jazz disketxeak. Dynamite izeneko seriarekin bi gauza lortu dira, gutxienez; batetik, bere garaian soilik singel formatoan kaleratutako eta gaur egun aurkitzen oso zailak ziren kantuak berreskuratu, eta bestetik, lortutako bildumen maila altuarekin (baita aurkezpenari dagokionez ere), ez soilik reggae zaletuen artean, baita musika ona maite duten guztien interesa piztu. Reggae-ak merezi duen eta betidanik ukatu zaion harreta lortu du komunikabideen artean, Europa mailan behintzat, nahiz eta Euskal Herrian zaila izango den disketxe honi erreferentzia egiten dioten informazioak aurkitzea, salbuespenak salbuespen.
SOUL JAZZ RECORDS
Soul Jazz Records London hiriko diska denda bezala jaio zen. Musika beltzean espezializatua (Soul, Jazz, Rocksteady, Funk, Ska, Samba, Blaxplotation, eta abar). Gaur egun, oraindik ere, Ingaleterrako hiriburura joanez gero (eta musika onaren maitale izanez gero), derrigorrezkoa da bisita. Musika mota honetako diska asko dagoeneko deskatalogatuak edo lortu ezinak zirela ikusirik, disketxe propioa sortzea erabaki zuten, Universal Sound Records bezala hasieran, eta Soul Jazz Records bezala, 1991 urtean.
Hasiera batean, disketxea 70. hamarkadan kaleratutako diskak berreskuratzen hasiko da. Zigiluko lehen bost urteetan, Doug Carn, Calvin Keys edota Walter Bishop belako musikarien diskak berreskuratu eta reeditatuko dituzte, 20 Cd eta Lp guztira. Zigiluaren ezaugarrietako bat multinazional haundiekiko mantentzen zuen independentzia zen eta honek sormen haundiko lanak kaleratzeko aukera eman zion.
Honetaz gain, Soul Jazz disketxeak "Nu Yorica" izenpean, 70. hamarkadan New York-eko cubatar eta portorikoar komunitateak egindako musika asko josotzen duten bi bilduma kaleratu ditu, afroamerikar eta latinoen arteko soinu nahasketek inoiz eman duten emaitza onenak jasoaz. Baita ere Brasilgo erritmo beroak, eta nola ez, soul eta funk doinuez betetako diska beroak ere./Katalogoa2.jpg)
DYNAMITE ETA STUDIO ONE
Musika beltzaren maitale amorratuak izanda, reggae doinuak tratamendu berezia izan du Soul Jazz-en. Batetik, Dynamite izenpean bost diska bilduma kaleratu dituzte "%100 Dynamite" lehenengoa eta "%500 Dynamite" azkena, oraingoz (jarraipena izatea espero dugu). Izenburuaren azpian datorren leloak diska barruan aurkituko dugunaren ideia ematen digu "Ska, Soul, RockSteady, Funk & Dub In Jamaica". Ezin argiago esan. Reggae musika dena berdina dela pentsatzen dutenentzat opari aproposa, reggae-aren barruan dagoen estilo aberastasunaren adierazgarri. Adibidez, lehenengo alean, Shark Wilson abeslaria James Brown-en bertsioa eginez aurkituko dugu, ondoan Wayne Smith-en ragga doinuak, Byron Lee-ren rocksteady-a edo Johnny Clarke-n roots militantea.
Soul Jazz zigiluan arkeologi lana egiten dute. Bere garaian binilo formatoan atera ziren eta gaur egun lortzen oso zailak diren kantuak berreskuratu eta formato digitalean eskeintzen dizkigute. Hori egiten dute Dynamite seriean eta baita ere Studio One izenekoan. Studio One, 60-70. hamarkadan Jamaikako disketxe garrantzitsuena izan zen. Clement "Cosxone" Dodd produktore, mafioso eta negozio gizonaren gidaritzapean reggae-ak eman dituen izarrik haundienek beraien lehen kantuak grabatu zituzten (Bob Marley, Burning Spear, Horace Andy, Dennis Brown, Gladiators, Freddie Mc Gregor...eta burura datozkizun izen haundi gehienak). Orain, reggae zaletuon gozamenerako, Soul Jazz-ek Studio One-ko artxibategietan arakatu eta hiru diska bilduma kaleratu ditu.
/Singelak.jpg)
STUDIO ONE SOUL
EEBBetako soulak jamaikar musikarien artean izan zuen eragin izugarriaren adibide garbia. Reggae abeslariak, soul musikaren kantu klasikoak, batzuk, eta ez horren ezagunak besteak, bertsioneatzen. Leroy Sibbles, The Heptones, Ken Boothe, Alton Ellis, Jackie Mittoo, Sound Dimension... Reggae-rocksteady-soul konexioa.
/StudioOneSoul.jpg)
STUDIO ONE ROCKERS
Gure ustetan, reggae musikak bizi izan duen urrezko aroaren erakusgarri. 70. hamarkadaren amaieran Jamaikan egiten zen musika militante eta konprometituaren adibide garbia. Afrikar izaeraren aldarrikapena eta mendeetan ukatutako eskubideen defentsa musikatua. Johnny Osbourne, Marcia Griffiths, Freddie Mc Gregor, Prince Jazzbo eta abar. Sustraiak eta Kultura.
/StudioOneRockers.jpg)
STUDIO ONE ROOTS
Jamaika eta Afrikaren arteko konexioa. Reggae musikariak ama lurra gogoratuaz. Bihotzeko taupadak, erritmo bihurtuta. Cornell Campbell, Count Ossie, Leroy Wallace, Winston Jarrett, Black Brothers eta abar. Nyahbingi drums. Afrika, 1983an izan behar zen aske...
/StudioOneroots.jpg)
SOUL JAZZ SOUND SYSTEM
Baina ez pentsa guztia diska denda edo disketxean geratzen denik. Musika onaren maitale amorratuak izanda, musika horrekin dantza egitea ere oso gustoko dute, eta horregaitik montatu dute beraien Sound System mugikorra. Diska aukeraketan, selektorearen paperean, Steve Barrow aurkituko dugu, gaur egun reggae musikaren hiztegi biziduna dena. Berak jarritako biniloen gainean, berriz, Jamaikak eman dituen toaster edo hizlari trebeenak; U-Brown edo Trinity bezalakoak, musika munduan bizitza eman dutenak eta esperientzi horren emaitzak zuzenean erakusten dituzte. Izugarria.
/Diska.jpg)
Disketxe honetako altxorrak lortu nahi eta horretarako zailtasunak badituzu ez ezazu zure buruaz beste egin, lasai, telefonoa hartu eta jarri zaitez gurekin harremanetan. Arima salduko lukete askok diska hauek edukitzeagaitik. Guk aspaldi egin genuen aukeraketa.







