2007-09-28 KRONIKA
Artixten topaketako lehen edizioak hiru gune izango ditu Urbieta kalean2007/09/28 - Ostirala
Artixten Topaketa izango da urriaren 6an Hernanin, aurten lehenengo aldiz. Hernanin gauza desberdinak egiten dituen jendea elkartu nahi izan dute egun batean, eta gune berean, bakoitzak egiten dakien hori jende aurrean erakutsi eta gozatzeko. Bertan musikariak, disko jartzaileak, margolariak, grafitilariak, musikaren laguntzaz margotzen dutenak... elkartuko dira. Eta oraindik izenik eman ez duen, baina animatu nahi duen edonork du aukera. Izena eman edo informazio gehiagorako: 675 70 32 76 edo ixa74@hotmail.com.
Urbieta kalean
Aritz Usandizaga da egitasmo hau aurrera ateratzeko ideia izan eta lan egin duena. Bere hitzetan, leku luze bat iruditu zaio egokiena, gune desberdinak jartzeko aukera ematen duena. Urriaren 6an, larunbatarekin, trafikoarentzat moztu egingo dute Urbieta kalea goizeko 11:00etatik 20:00etara eta bertan 3 gune desberdin jarriko dituzte. Eszenatoki haundia Urbieta kale bukaeran egongo da, Sound System gunea Karobieta aldera dagoen kioskoan eta kalean ibiliko den bat ere izango da.
2007-10-05 KRONIKA
Artixten Topaketa bihar Urbieta kalean2007/10/05 - Ostirala
ARTIXTEN topaketa izango da bihar Urbieta kalean, bertan bilduko dira Hernani zein inguruko herrietako musikari, margolari, graffiti-gile, break dantzari eta musika jartzaileak. Emanaldiak goiz eta arratsalde izango dira eta hiru gune ezberdinetan banatu dituzte: -Eszenatoki haundia: Morau (12:00-13:00), dantza garaikide taldea (13:00), Black Jico (17:00-18:00), Ania (18:00-19:00) eta Impio (19:00-20:00). -Kalean barrena: TTP musika eta dantza performantza (12:30-14:30), graffitiak (11:00-20:00), break dantzariak +Aritz Sound System (17:00) eta postuak. -Sound System gunea: DJ Prest (15:00-16:00), Jah Inity Sound (16:00-17:00), eta Revolutionary Brothers (18:00-19:00), Aritz Sound System eta rap abeslariak (19:00-20:00). Ekimen honen helburua da arte disziplina ezberdinetan aritzen diren pertsonak elkar topatzea eta elkar ezagutzea. Eguraldi txarra egingo balu ekitaldiak Atsegindegin egingo dira.
2007-10-06 GARA
2007 octubre 06
GARA > Idatzia > Kultura
Hernani eta inguruko herrietako «artixtek» Urbieta kalea berreskuratuko dute gaur
Artixten Topaketak ekimen berria da. Artearen hainbat alorretan lan egiten duten Hernaniko eta inguruetako artistak biltzeko antolatutakoa. Egun osoan herriko Urbieta kalean bilduko dira guztiak.
Rebeka CALVO | HERNANI
Hernaniko kaleak hainbat arte diziplinatan aritzen diren «artixtekin» beteko dira gaur. Izan ere, Artixten Topaketak «kalea berreskuratu» nahi du, antolaketa arduradunetako kide Aritz Sound Systemen hitzetan. Hala, horretarako hiru gune prestatu dituzte, guztiak Urbieta kalean. Antolatzaileak gainera, parte-hartzaileak ez direla «oso famatuak» ere argitu du: «Horregatik diogu artixtak, eta ez artistak». Horiek hala, ekintza guztiak 11.00etan hasiko dira eta 20.00etan bukatu.
«Ideia oso sinplea da. Artearen alor desberdinetan ari garen lagunak elkartzea da gure nahia. Normalean bakoitza bere aldetik ibiltzen gara-eta», esan du Aritz Sound Systemek.
Artixten Topaketak gainera, badu berezitasun gehiagorik, ez baita jaialdi itxia. «Normalean antolatzaileek edozein jaialditan egitarau itxia egiten dute. Gure nahia, ordea, deialdi irekia egitea zen, horrela parte hartu nahi duen edonork aukera izateko. Parte-hartzaileek bere borondatez eman dute izena topaketetan», azaldu du. Jaialdi xumea da beraz gaurkoa, baina askotariko ekintzak biltzen dituena, hala ere. Agertokiak hiru dira: Agertoki Handia, Urbieta kaleko mutur batean izango dena; Kaleko Agertokia, Urbieta kalea osoan barna; eta Sound System gunea, Urbieta kalearen erdian dagoen kioskoan. Euria egiten badu, Atsegindegi plazan egingo dituzte ekintza guztiak, Urbieta kalearen ondoan, hain zuzen.
Hala, Agertoki Handian 12.00etan Morau kantautorea izango da; 17.00etan, Black Jiko, hau da, Raul Kubatarraren taldea; 18.00etan, Ania kantautorea ;eta 19.00etan, black death metal egiten duen Impio taldea. Kalean zehar graffiti egileak, postuak, TTP taldea (musika eta margoaren performantza eta dantza garaikidea) egiten duen Hernaniko taldea arituko dira. Eta Sound System gunean, berriz, disko jartzaileen sesioak: Reggae Sound Systemak eta Rap abeslariak izango dira.