KITTO

KITTO aldizkarian

Probintzia osoko 400 bat bertsolaritza ikasle batuko dira Eibarren domekan. Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna egingo da herrian eta bertsolari gazteek hartuko dute herria. Ekintza ugari egingo dira egun osoan zehar eta arratsaldean (16.30etan) Bertsound System ikuskizuna egongo da ikusgai Coliseoan.

ARITZ SOUND SYSTEM, BERTSOUND SYSTEM eko kidea:


“Bertsolaritza mugatzea tristea da”
“Bertsolaritzan esperimentazioak aberastasuna dakar”
.

-Zer da Bertsound System?


Maitasun-gorroto harreman bat. Kultura biren arteko erlazioa jorratzen du. Batetik, musika beltzaren barruan dauden rap, (hip-hop) eta reggaea. Eta bestetik, bertsolaritza. Esperimentatzen dihardugu harreman horretan. Egia esan erlazioak dituzten kultura bi dira. Ea zer irtetzen den harreman hortatik.


-Aurretik egin izan duzue, bada, horrelako probarik.


Bai eta gauza ezberdinak irten dira hartatik. Batzutan pasioa eta besteetan ez, egoerak baldintzatzen du emaitza, baina normalean ona izaten da. Zaila da gauza biak nahastea, nahiz eta hainbat gauza amankomunean izan, hori guztia praktikara eramatea gaitza delako. Base erritmiko baten gainean bertsotan ibiltzea zaila da, baita inprobisatzea ere. Bertsolaria, adibidez, horrelako gauzetara ohituta egon behar da, belarria eginda eduki behar du eta irekitasuna ere.

Donostiako Tabakaleran (berriru aurretik) egindako emanaldia, Gaztezulo aldizkariaren festan. Viñaspre eta Silbeira bertsolariak, Invert aurkari...


-Nola sortu zenuten taldea?

Gurea ez da taldea, izatekotan kolektibo irekia da...
Istorio luzea da. Aurretik saiakerak egon ziren, Negu Gorriakek egin zuen (zerbait) kantua honen gainean, adibidez. Selektah Kolektibotik nator ni eta bertsolaritza ere gustuko dut, beraz, zergatik ez rapa (hip-hopa) bertsolaritzarekin nahastu? Gustuko elementuak dira hauek eta ez gara ezertara mugatzen. Alde biek amankomunean dituzte elementuak eta aukerak ezberdinak eskaintzen dituzte. Bilbo inguruan eskaini genuen lehen saioa, eta bertsolari eta rapero ezberdinek hartu izan dute parte ekimenean ordutik hona.


-Zein da zure papera Bertsound Systemen barruan?


Saioetan erritmoak ipintzen ditu eta koordinazioaz arduratzen naiz. Esan, bestetik, istorio irekia dela hau eta partehartzaile ezberdinak aritzen direla saioetan. Horrela, tokian tokiko baten batek parte-hartzen saiatzen gara.


-Eibarko kiderik arituko da Eibarren?


Tamalez ez dut ezagutzen Eibarren estilo honekin aritzera animatuko litzatekeen bertsolaririk, ezta euskeraz aritzen den raperorik. Euskal Herrian rapero asko irten da azken urteetan, baina %90ak gazteleraz egiten du. Bertsolarien artean, bestetik, gutxi ausartzen dira horrelakoetan parte-hartzera. Saioen puntuaketa egingo bagenu, hala ere, bertsolariek irabaziko luketeela esango nuke.


-Nolakoa izango da Eibarko saioa?


Jamaikako estiloan egingo dugu, soundsystem eran. Inprobisazioa izango da nagusi, elkartu egingo gara eta ez dugu gidoi zehatzik jarraituko. Auskalo zer irtetzen den, hori abeslarien motibazioaren eta ikuslegoaren jarreraren araberakoa izango da. Bestetik, bertso-eskoletako gazte asko egongo dira eta honek balio dezake ikusteko bertsolaritzan bide asko hartu daitezkeela. (Mugatzea tristea da). Ez dezagun gure burua mugatu.
 

Oharra: Eibarren egindako saioaren argazkirik ez daukagu. Bideo bat grabatu zen baina hori ere ez degu oraingoz lortu. Saiakerak aurrera darrai :-)