ARTIXTA

Azalpen laburra

Artixta. X-rekin. 

Zergatik?

X-a letra, ezezagunaren adierazle da (besteen artean). Artista hitza (S-rekin) entzuten dugunean berriz, komunikabideetan oiartzuna duten artista ezagunak datozkigu burura, famatuak alegia. Horietako artista ezagun askok duten aura/argitasun/protagonismotik kanpo kokatu dugu geure burua beti. Horregatik artixta "X"-rekin. 

IZEN ARTIXTIKOA

Euren burua aurkezteko garaian berriz, izen ponpoxoak bilatzen ditu artistak. Egia esan, joera handia dago izen artistiko anglosajoiak jartzeko. Seriotasun, garrantzi gehiago ematen duela pentsatuta, agian? Ez da nire kasu. Ez zaizkit izen anglosajoiak gehiegi gustatzen. Are gutxiago Sound System bezalako hitzak, ahozkatzeko zailak direnak. 

Nire kasuan, egiten nuenarekin harremana zuen izena bilatzen nuen, eta Jamaikako Sound Systemak etorri zitzaizkidan burura, nola ez. Aritz Sound System. Aritz, nire izena delako (sustraiak) eta Sound System (kultur desberdinen eragina, maitasun harremana), Jamaikar dantzaleku mugikorren eraginez. 
Izen horren atzean dagoen kontzeptuak nik egiten nuena oso ondo adierazten zuelako aukeratu nuen. Gure artean Sound Systemen kultura zabaltzeko asmoz.


SOUND SYSTEM 

Sound Systemak, soinu ekipoak dira (bafle, anplifikagailu, etab). 
Jamaikan horrela deitzen diete dantzaleku mugikorrei. Auzo batetik bestera mugitzen dira, musikaren uhinak lau haizeetara zabalduaz. Nire kasuan, Ford Courier zaharra hartu eta soinu ekipoarekin Euskal Herriko txoko ugari zeharkatu ditut, gustokoa dudan musika zabalduaz.
Disko jartzaile bezala aritu naiz bereziki, bakarka zein lagun/artixta haundiz inguratuta. Bakarka batzuetan eta Selektah Kolektiboa edo Bertsound System bezalako egitasmoen barruan, besteetan. Baina beti, bihotzean ditudan lagun ederrez inguratuta.


Jamaikako sound systema. Dubdem y FabDub   [2], CC POR 2.0, via Wikimedia Commons

 

---------------------------------

Sound System azalpena liburutik

BOB MARLEY. BEGIRUNEA, MAITASUNA ETA ASKATASUNA” (Txalaparta, 2002) liburutik aterata: 


1959an Jamaikako lehen irratia jarri zen martxan, JBC edo Jamaican Broadcasting Corporation izenarekin. Garai hartako teknologia "aurreratuenaz" hornituriko grabazio estudioa zuen, eta hari esker irlan egiten zen musika grabatzeko aukera egon zen lehen aldiz. 
Mento deitzen zioten jamaikarrek orduan egiten zen musikari. Karibean entzun zitezkeen musiken arteko nahasketa zen. 


Irrati aparailuen zabalkundeak AEBetako beltz afroamerikarrek egindako musika ezagutzeko aukera eman zien jamaikarrei. Rhytm & Bluesa Floridako irratiei esker iristen zitzaien jamaikarrei, eta musika hark sukarra eragiten zuen gazteen artean. Pixkanaka musika hura Jamaikako erritmoekin nahastu eta inoiz ezagutu den musikarik dantzagarriena izan zen emaitza: Ska musika. 

Mendeetan barrena ingelesen menpe egon eta gero, 1962an Jamaikak independentzia lortu zuen. Hala ere, praktikan gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Izan ere, ingelesen kolonia ohiak biltzen zituen Commonwealth erakundearen barruan zegoen Jamaika, eta ekonomikoki dependentzia handia zuen Ingalaterrarekiko. Baina independentzia lortu ondorengo urteak "zoriontsuak" izan ziren jamaikarrentzat. Lehen bezain pobre izan arren pozik zeuden lortutako "askatasunarekin", eta etorkizuna hobea izango zen esperantza indartu egin zen biztanleen artean. Ska musika bihurtu zen egoera haren ispilu. 
Ska musika deabruaren musika zen, zoratzeko modukoa, azkarra eta geldiezina. Erritmoak irla osoa bereganatu zuen eta gazteak saltoka jartzen zituen nonahi. 1964an, Millie izeneko abeslariaren My Boy Lollipop kantuari esker, ska musikaren sukarrak irlaren mugak gainditu zituen, eta Europa zein AEBetara zabaldu zen. Chris Blackwell gaztea zen produktorea. 

Garai hartan sortu ziren lehen Sound Systemak, Jamaikako dantzaleku mugikorrak. 
 

Jamaikako sound systema. Marrazki egilea: Mikel Barreiro.


SOUND SYSTEM CLASH 

Gose zara, tripa-zorriak garrasika dituzu eta egunak daramatzazu fundamentuz jan gabe. Sargoriak eta hezetasunak hankak asfaltora itsasten dizkizu, eta biriketan duzun ganja keak itsutzen zaitu. Nork jarri du harri handi hau nire buru gainean? Eta zu? Zeri begira zaude? Zureak ez dira begiak, lagun… zureak gorri koloreko harramazkak dira. Burmuinari aginduak bidali arren ez duzu erantzunik jaso, baina laaasai... ez dago presarik. Edan dituzun garagardoek ez dizute egarria kendu, eta agian ronarekin emaitza hobea lortuko duzula pentsatzen duzu. Beharbada bai. Zorabioa, berriz, gero eta handiagoa da, baina zu gustura zaude. Laino artean gauzak desberdin ikusten dira, ezta? Nork jarri du soinu ekipo erraldoi hau nire aurrean? Eta bafle izugarri horiek? Kea darie leku guztietatik, eta ekipoa edozein unetan lehertuko dela dirudi. Ez nau harritzen… a zer nolako bolumenean dagoen! Egia esan, horri esker mantentzen zara mugimenduan. Ez duzu gelditu nahi, baina nahiko bazenu ere, agindua eman eta gorputzak agindua beteko balu ere, baxuen dardarek mugimenduan mantenduko zintuzkete. Musika aukeratzen duena gorroto duzu, leher eginda zaude eta hala ere dantzan jarraitzera behartzen zaitu. Masoka zara ala? Kantuen doinuek bularra astintzen dizute, singelak bata bestearen atzetik jartzen ditu, maisuki, segundo gutxi batzuk eta kantua aldatzen du sirenen artean. Hau bai zoramena! Isilunerik ez, eta bolumena ozen. Jendea dantzan dago eta neska ederrak daude inguruan. Pussy, punnanyak nonahi eta zu... pozik. Nonbait paradisurik bada honen antzekoa behar duela pentsatu duzu. Astiro. Presarik gabe. 

Kingston hiriburuko kaleak sutan daude. AEBetatik iritsitako Rhythm & Bluesaren urrezko garaia (1945-1960) amaitu da eta erritmoak mantsoak, geldoak, melengak otzanak dira orain. Mantsoegiak, geldoegiak, melengegiak eta otzanegiak jamaikar gazteentzat. Ghettoko kaleek astindua behar dute eta sound systemen motorrak bero daude. Dantzalekuak, berriz, edonon. Itsasoa eta zerua dira muga bakarrak 

Kaleak ilun daude eta Duke The Trojan Reid eta Clement Coxsone Dodd dira kaleko nagusiak 

* * * 

Duke Reid mafioso arriskutsua zen. Kingston hiriburuko downtown edo beheko auzo txiroan alkoholdun edarien denda zuen, Treasure Isle Liquors izenekoa. Gizon altua zen, begirada zatarrekoa eta, esaten zenez, New York eta Miamiko mafiekin harreman estua zuena. Beldurra zioten denek. Janzkeran Chicagoko gangsterren, mendebalde basatiko pistoleroen eta Karibeko piraten antza zuen. Sound systemetara kortsarioen moduan jantzita azaltzen zen: kapa handia soinean, zilarrezko ezproiak eta autoen gurpiletako gomaz egindako bota beltzak oinetan, balen kartutxo-uhalak bularrean eta koipez ondo igurtzitako pistola gerrian zintzilik. 
Lepoan eta behatzetan, berriz, urrezko eta zilarrezko bitxi piloa zituen eta, gauez, bitxiek distira berezia egin zezaten, zuzien artean azaltzen zen, kopetilun. Etsaien etsai amorratua zen eta konpetentzia egiten zioten sound systemek heriotza mehatxuak jasotzen zituzten. Asko izan ziren Jamaikatik ihes egin behar izan zuten toaster eta DJak, eta asko izan ziren hildakoak ere. 
Denborarekin, Treasure Isle –Altxorraren Uhartea– izeneko diskoetxea jarri zuen martxan eta Clement Coxsone Dodd-en Studio One diskoetxearekin batera irlako garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. Ska, rocksteady eta reggae abeslarien kantuak eta diskoak kaleratzen aitzindari izan ziren. 

Clement Coxsone Dodd ere oso arriskutsua zen, baina askoz ere burutsuagoa. Musikak gazteen artean zuen indarraz jabetuta, hainbat urtez aurreztutako sosekin soinu ekipoa erosi zuen, eta ez edonolakoa. Ekipoaren bafleak ikusgarriak ziren, pilatzerakoan etxe baten altuera hartzen omen zuten eta ekipoaren anplifikadorea, nahasketa mahaia eta mikrofonoak irlako onenak eta indartsuenak ziren. Baina hura ez zen dantzaleku mugikorra soilik, atzean ondo antolatutako erakundea zuen. Sound systemak festa arruntak izatetik negozio izatera pasa ziren berehala, eta txantxa gutxi onartzen zuten negozio bihurtu ziren. 

Coxsonek inportazio bidez lortzen zituen diskoak, AEBetatik gehienak. Azken nobedadeak eta arrakasta handiena zutenak erosten zituen soilik. Gainontzeko sound systemek zein disko ziren jakin ez zezaten diskoari gailetak (diskoaren erdian dauden eta artistaren zein diskoaren izena adierazten duten pegatinak) kentzen zizkien. Sound System bakoitzak bere espioiak zituen eta horrela arrakasta lortzen zuten kantuak, abeslariak, musika estiloak, nahasteko teknikak eta abar kopiatzen zituzten. Guda zen hura, atsedenik gabeko guda. Sound system batzuk besteak izorratzearren hiltzaileak bidaltzen zituzten iskanbilak sortu eta festa geldiaraz zezaten, eta azkenean festa guztiak amaitzen ziren kolpeka, polizia etortzen zen eta jendea atxilotzen zuen. Sirena hotsak ohikoak ziren. 

Coxsone Dodden sound systemak erakartzen zuen jendetza handiena. A zer nolako festak antolatzen zituen! Arrakasta handiena zuten diskoak edukitzeaz gain, disko horiek trebezia handiz jarri eta ekualizazioarekin jokatuz kantuen soinua maisuki manipulatzen zuten selektoreak zituen. Hau gutxi balitz, jendea zirikatzen eta giroa berotzen ere trebezia handia zuten DJ edo toaster onenak zituen. Horien artean famatuak izan ziren Winston Count Natchuki (toastinga egiten lehena izan omen zena), King Sporty eta King Stitt. Mikrofonoa eskuetan hartuta, jendea dantzan mantentzea zuten helburu DJ edo toasterrek. Horretarako edozerk balio zuen: kantuen aurkezpen ironikoak, egoera politikoari buruzko hausnarketak, konpetentziarekiko irainak... garrantzitsuena ez zen esaten zena, esateko modua baizik. Grazia eta hitz jario berezia behar zuten izan. Izugarrizko arrakasta izan zuten, eta denborarekin reggae barruko azpiestiloan bilakatu zen toastinga, U-Roy, Dillinger, U-Brown, I-Roy eta antzeko maisuei esker. Jamaikar asko AEBetara joan ziren urte haietan, New Yorkera bereziki. Han antolatutako festak historikoak izateaz gain, musika estilo berri baten hazia ere izan ziren: geroago hip-hop mugimenduaren oinarria izango zen rap musikarena. 


Nuh matter wha a people say, dese sounds lead da way! 
It¥s order a da day from yar boss DJ! 
I king Sporty! I King Stitt! 
Up to de top fe de very last drop! 


(Bost axola jendeak esaten duenak, bidea zuzentzen duten soinuak dira hauek! 
Zuen nagusiaren, DJaren, eguneroko aginduak dira! 
Ni naiz King Sporty, ni naiz King Stitt! 
Gailurrera zuzenean, azken tanta isuri artean!) 

Egilea: Aritz Usandizaga.