KRONIKA

Kronikan

“Musikak sentiarazten didana jendeari sentiarazteko beharra daukat”

Aritz Usandizaga musikarekin lotutako kontu ezberdinetan sartuta ibili da azken urteetan: irratia, DJ, musika aldizkaria...
Gaztetxoei zuzendutako liburu bat idatzi zuen iazko udaran, Bob Marley eta bere inguruari buruzkoa da.
‘Ni ez naiz musika aditua, musika adiktua baizik’ dio Aritz Usandizagak musikak beretzat duen garrantziari buruz hitz egitean.

 

 

ARITZ Usandizagak iazko Durangoko Azokara begira   bere  aurreneko liburua aurkeztu zuen, ‘Bob Marley, begirunea, maitasuna eta askatasuna’ tituluarekin. Hori aitzakiatzat hartuta bere musika dendara hurbildu eta azkeneko urteetan bere pasioa izan denari buruz galdetu diogu: musika. Izan ere musikaren inguruko hamaika kontutan ibili da: Egin Irratian eta Molotoff Irratian musika saioak eginez,  Aritz Sound System ezizenenarekin DJ lanetan aritzen da, Entzun musika aldizkarian ere sartuta dabil,   musika denda, Selektah Kolektiboa, eta abar. 

 

HERNANIKO KRONIKA: Zer da musikaz hainbeste erakartzen zaituena?


ARITZ USANDIZAGA: musikak sentimenduak sorrarazten dizkit. Gauza bat da  musikak sentiarazten dizuna pribatuan bizitzea, baina nire kasuan beharra daukat musikak sentiarazten dudan hori zabaltzeko. Argi dagoena da musikarekin daukaten harremana ez dela diruagatik, saiatzen naiz musika ogibide izaten, gustatzen zaidana egin nahi dudalako, baina ez da erraza. 

Kronikan 2007an egindako elkarrizketa, Artxiten Topaketa ekimenaren inguruan.

 

‘Musika beltza’ etiketa jartzen diozu esku artean ibiltzen duzun musikari. Zer da hori?


Musika era askotakoa izan daiteke eta sailkatu egiten da zertaz ari garen ulertzeko. Izen horren azpian dauden musika estiloak batzen dituena da, Afrikatik kanporatuak izan ziren beltzen ondorengoek sortutako musika dela. Beraien kultura indarrez alde batera uztera behartu zituzten eta musikaren bidez espresio bide berriak sortu zituzten, ahozko tradizioarekin lotutakoak. Horrela sortu zen musika beltza eta hortik beste estilo batzuk garatu dira.

 

Musika errebindikaziorako bidea dela pentsatzen duzu?


Reggaearen kasuan oso garbi dago, baita Bob Marleyren kasuan eta Jamaikan. Han gehienek ez zekiten irakurtzen , ezta idazten ere. Berdina gertatzen zen esklaboen garaian. Musika izan da askotan kultura transmititzeko modu hoberena, erraza da ulertzeko eta gogoratzeko. Nik ez dut musika egiten, hori izan daiteke errebindikatzeko modurik hoberena,  nik egina dagoen musika zabaltzen dut.

Jendeak gustura entzuten al du zuk jartzen duzun musika?


Orokorrean bai, oso gustura. Hala ere konturatu naiz jende askok ez duela musika hau ezagutzen. Kontua da, musika merkatu baten barruan sartuta dagoela eta merkatuaren kontrola enpresa indartsu batzuk dutela. Enpresa horiek bide jakin bat  markatzen dute egiten dutenetik irabaziak ateratzeko. Musika beltza ez dago bide horretan eta ni saiatzen naiz jendeari aukera ematen beste zerbait entzuteko.

 

Zer iritzi duzu Euskal Herrian egiten den musikari buruz?


Esperantzarekin ikusten dut, dena daukagu eta deskubritzeko. Euskal Herrian musikalki jaioberriak garela iruditzen zait baina dena daukagu ikasteko eta hori oso ona iruditzen zait. 

 

 

Kronikan 200 urtean egindako elkarrizketa.

 

Jendeak dantza asko egiten al du Euskal Herrian?


Dantzan gutxiengoa aritzen da, jaso dugun hezkuntzagatik izan daiteke neurri handi batean. Dantza espresio bide bat da eta gero eta gehiago bultzatzen dena da, sentimenduak ez adieraztea. Bestalde, norbait dantzan dagoenean drogatua dagoela pentsatu ohi du jendeak, badirudi drogak behar ditugula askatzeko eta sentimenduak adierazteko.

 

Ingelesezko hitz pila bat erabiltzen da musikaren munduan, zer dela eta?


Argi dago gizarte anglosaxoi batean bizi garela. Zenbait jendek esaten dit euskal musika bakarrik jarri behar nukeela, baina hori nire buruari mugak jartzea dela iruditzen zait. Bakoitzak argi izan behar du non bizi den eta zein den bere kultura, hori da azkenean garrantzitsua dena.

 

OHARRA: Mila esker Kronikari eta bertan urteetan egindako lanagatik.