DONOSTI ILUNBE (Manu Chao)

Info

Selektah Kolektiboak eman zituen kontzertu ugarien artean, garrantzia berezia izan zuen Donostiako Ilunbe aretoan Manu Chaorekin batera eskeini zuena. Batera diogu baina egokiagoa litzateke, aurretik esatea (telonero gisa, alegia). Azken finean, kartela konpartitu arren, Manu Chao eta bere taldearekin ez zelako inungo harremanik egon kontzertu hartan. 

Soinu froga egiten...


Hori bai, jendetza mugitzen duten emanaldi arrakastatsu asko antolatzeko modua nolakoa den hobeto ezagutzeko aukera eman zigun. Kasu honetan, kontzertu haundiak antolatzen dituen promotora haundi batek funtzionatzeko modua hobeto ezagutzeko aukera. Guri dagokionez, hutsaren hurrengoa bezala sentitu ginen. Antolatzaileen harremana gurekiko oso hotza izan zen hasieratik. Ilunbeko plaza monstruoso horretan, gela hotz bat jarri ziguten backstage modura, supermerkatuko edari eta jangarri gutxi batzuekin (jangarriak diot, eta ez elikagaiak, gaileta industrialak, sobreko patata frijituak eta antzekoak zirelako). Soinu froga lotsagarria izan zen. Ilunbeko akustika txarra da benetan eta gainera, soinu ekipoko arduradunek gurea lehen bait lehen gainetik kentzeko gogoz zeudela argi geratu zitzaigun hasieratik. Lotsagarria. Antolatzaileetako inor ez zen ea zer moduz ginen edo zerbait behar genuen galdetzera gerturatu. Fermin Muguruza izan zen guregana gerturatu zen bakarra, eta gure kexuen aurrean, kasualitatez handik pasatzen zen antolatzaileetako bat lepotik heldu eta kasu pixka bat ereklamatu zuen bakarra. 

Backstage delako gelan, lagunez inguratuta...


Zorionez, gure bizitza artixtikoan egin ditugun ehundaka emanaldietatik, gehien gehienak emanaldi xumeak izan dira; hau da, komunikabide komertzialen harreta bereganatzen ez dutenak eta dirutza edo jendetza haundiak mugitzen ez dituzten horietakoak. Giza kalitatearen aldetik berriz, askoz ere aberatsagoak dira, zalantzarik gabe. Hobekien tratatu gaituztn lekuak, baliabide xumeenak zituztenak izan dira beti. Gaztetxe, txosna, herri elkarte xume, taberna txiki eta antzekoak. Hauetan, tratua gertukoa eta goxoa izan da beti, eta antolatzaileek euren esku zegoen guztia egin dute gu ahalik eta gustoen egotearren. Eskura zuten guztia eskeini digute beti, eta babestuak sentitu gara hasieratik. Horregatik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, beste behin ere, antolatzaile txiki eta xume guzti horiei (webean zehar behin eta berriro adoierazten degun bezala).