Aritz Sound System-i elkarrizketa
ELKARRIZKETA: ARITZ USANDIZAGA (Aritz Sound System)
1. Gaur egun Euskal Herrian nolako tokia du rapak? Garrantzia al du gazteen artean?
Rapak eta Hip-Hop mugimenduak oro har izugarrizko hedapena izan du mundu osoan eta
gazteen artean, bereziki. Euskal Herrian ere, beste lekuetan baino beranduago bada ere,
zabaltzen eta indartzen ari da. Estatu espainiar eta frantsesean duen indarrak bultzatuta
eremu erdaldunetan zabaldu da lehenik eta, pixkanaka bada ere, eremu euskaldunetara
ere hedatzen ari da.
2. Euskara ez al da erakargarria rapa egiteko garaian? Errazagoa da gaztelania
erabiltzea?
Euskal Herriko gazteek, komunikabideen eraginez bereziki, rapa erdaraz jasotzen dute
(ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, gehien bat) eta ondorioz, hizkuntza horiekin
erlazionatzen dute. Rapa musikaren bidezko komunikazio tresna da eta komunikazio
tresna guztiak bezala edozein hizkuntzatan garatu daiteke. Rapa euskaraz egitea ez da
beste hizkuntzatan egitea baino zailagoa edo errazagoa. Euskara beste edozein
hizkuntza bezain erakargarria izan daiteke rapa egiteko garaian; beste gauzen artean,
musikarien trebeziaren, entzuleen gustuen eta ohituren araberakoa izango da hori (baita
belarrien “ohituren” araberakoa ere).
3. Saiakera desberdinak ikusi ditugu, Bertso-hopa adibidez, edo MAK eta Selektah
bezalako taldeak, euskaraz, rap ona eta adierazkorra egin daitekeela. Nola
bultzatu daiteke hip-hop munduan bizi den jendea euskara erabiltzera?
Modu naturalean izan behar du. Euskaraz hitz egin eta pentsatzera ohituta dagoenak
euskaraz abestuko du eta eroso sentituko da horrela. Euskara menperatu ez baina
euskararen alde egin nahi duenak ere saiakerak egingo ditu euskaraz abesteko.
4. Eta euskal rapa kontsumitzeko aukerarik dago? Erraztasuna al dute kontsumitu
nahi duten horiek rapa aurkitzeko?
Zorionez, geroz eta rap gehiago egiten eta abesten da euskaraz. Gaur egun, rapa
euskaraz entzun nahi duenak inoiz baino aukera gehiago ditu (zuzenekoak, internet,
diskoak eta abar).
5. Euskara artifiziala al da raparen bidez transmititu nahi dena adierazteko garaian?
Galdera xelebrea gero. Ez, noski. Hizkuntzek ez dute mezu bat artifizial egiten, mezua
bera izan daiteke artifiziala edo agian euskara ezagutu edo errespetatzen ez duenaren
pertzepzioa izan daiteke. Beste batzuetan, hizkuntza horretan musika entzuteko ohitura
falta izan daiteke sentsazio hori (batzuengan) sortzen duena. 80. hamarkada amaieran
rapa gazteleraz edo frantsesez entzutea arraroa zen (eta artifiziala) batzuentzat. Gaur
egun gutxik esango dute hori.
6. Zeren beharra ikusten duzu gazte batzuek sentitzen duten artifizialtasun hau
deuseztatzeko?
Ezagutza, errespetua eta denbora (belarria ohitzea).
7. Nolako gaiak transmititu nahi izaten dituzte euskal raperoek?
Kantuen letretan entzungo ditugun gaiak anitzak dira. Euskal Herrian bizi direnez
inguruan bizi duten egoeraren berri ematen dute, normalean. Hori bai, zorionez,
gehienetan, gai horiek sakonean tratatzen dira eta ez azalekoan.
8. Gaur egun munduan gailentzen den rap irudi horretatik aldenduta sumatu
ditzakegu euskal raperoak. Ezta?
Zorionez, munduan zehar era askotako rap musika egiten da eta mezuak ere anitzak
dira. Egia da, musikaren industria zuzentzen dutenek, euren ideologiak eta interes
ekonomikoek bultzatuta, irudi mugatua eskaintzen dutela. Kuriosoa bada ere, egiten den
raparen parte txikia da hau nahiz eta komunikabide enpresa handien eraginez,
alderantzikoa iruditu. Euskal Herrian zorionez euskaraz ari diren rap abeslariek
konpromiso garbia dute gizartearekiko eta ikuspuntu ezkertiar batetik ari dira gauzak
aldatu eta hobetu nahian.
9. Nolatan etorri zitzaizuen Bertso-Hopa egiteko ideia? Nolako arrera izan du
gazteen artean? Bertsolariek nola erantzun dute? Eta Raperoek?
Ez zen bat bateko “fletxazoa” izan. Antzekotasun handiak daude bertso eta raparen artean eta
biak ezagutu, errespetatu eta maitatzen ditugunez, harremanetan jarri genituen, besterik gabe.
Hasieran zaila zirudien bertatik zerbait serioa sortzea baina badirudi harremana sendotzen ari
dela. Askatasunean, independentzian eta elkar errespetuan oinarritutako harremana lantzen
saiatzen gara eta, gehiegi baldintzatu gabe, bere bidea egin dezala nahi dugu. Orain arteko
harrera oso ona izan da adin desberdineko entzuleen artean. Abeslarientzako zaila da eta nahiko
esfortzu suposatzen die baina gustura ari dira.
EGILEAK:
Oihana Etxebarrieta
Eider Lopez de Arregi
Ane Gisasola
Igone Mendez