Babylondon
Babylondon
BABYLONDON
London historia luzeko hiria da. Jamaikar etorkinek Babylondon deitzen zuten, rasta erlijioaren jarraitzaileentzat, Babylon (Babilonia) , munduko gauza txar guztiak biltzen dituen lekua delako (infernuaren antzekoa). Eta egia esan, erlijio ikuspegi batetik, London, gizakiontzat, bide zuzenetik desbideratzeko tentazio guztiak eskaintzen ditu. Hori bai, poltsikoa diruz gainezka dutenentzat soilik. Ibaiaren korrontea jarraitzeari aspaldi utzi genionak eroso senti gaitezke horrelako hiri batean, eta zer esanik ez musika zaletua bazara (infernuan sartzeko ezinbesteko baldintza). Etorri nahi?

HISTORIO LABURRA
Historia liburu gehienetan azaltzen ez den arren, London, Ingalaterrak indarrez menperatutako herriak ustiatuaz aberastutako hiria da. Britainiar inperioa deitutako horrek, ahal izan zituen herri guztiak odolustu zituen eta herri hauen aberastasun guztiak lapurtu zituen. London hiri ederra da bai, gizakien sufrimenduaren gainean eraikitako hiri boteretsua.
Ingeles inperialistak herri zuluaren kontrako sarraskian. Picture of the Battle of Isandlwana. Zulu War pictures from the Illustrated London News and The Graphic"
Ustiatuak izan ziren herrietako biztanle asko, Ingalaterrara joan behar izan zuten ogi bila eta horietako asko, Londonen aurkitu zuten lana. Lanaren baldintzak berriz, penagarriak. Ghettoetan pilatuak, egunero hamabi orduko lan gogorrak eginez soldata miserable baten truke. Egun, egoera zerbait aldatu bada ere, miseriaren aztarnak nonahi topatuko ditugu, eraikin ikusgarrien atzean ezkutatuta. Etorkinak dira, gure ustez, Londonek egun duen aberastasunik handienaren sortzaileak. Etorkinek, lan esku merkearekin batera, jaioterriko ohiturak eta kultura eraman zituzten eta urteen poderioz, hiri horretan pilatutako kultura desberdinen artean, aberastasun izugarria osatu dute (ez soilik materiala). Londonen, ingelesak baino munduko beste edozein kulturako pertsonak aurkitzea erresagoa dela esan ohi da.
Jamaikar etorkinak London bidean 1948an, Empire Windrush itxasontzian. Getty Images.
MUSIKAZALETUON PARADISUA
Ingelesek ustiatutako lurraldeen artean Karibeko hainbat irla daude. 50. hamarkadatik aurrera, industrializazio basatiaren garaian, irletako milaka etorkin abiatu ziren Londonera lan bila. Etorkin hauek, Notting Hilleko zonaldean pilatuak, Karibeko inauteriaren ohitura bizirik mantentzea erabaki zuten. Hasiera batean, steel bands edo metalezko perkusioekin osatutako taldeak aritzen ziren soilik, soca eta calypso erritmoen harira. Karroza handi batzuen gainean, hamarnaka perkusiolari eta atzetik, jantzi koloretsu eta distiratsuekin, deabruak bereganatutako dantzari taldeak. 70. hamarkadan, Jamaikar etorkinen etorrerarekin, ska eta reggae doinuak indarra hartzen joan ziren eta ibilbide bat osatzen zuten karrozekin batera, leku finkoan kokatutako sound systemak perretxikoen modura ugaritu ziren. Sound System hauek soinu ekipo erraldoiekin osatzen ziren, bi pisutako altuera duten bafle dorreak eta musikari indarra emateko, eskuz egindako anplifikadore boteretsuak.
Notting Hilleko inauteriak, 70. hamarkadan. Arg: Richard Baine #soundsystemculture
Musika aukeratzen zuen selektorearekin batera, mikroa eskutan, jendea zirikatu eta animatzen zuen Dj edo toasterra zegoen. Musikarekin, ondo pasatzeko aukera izateaz gain, mezuak eta aldarrikapenak zabaltzeko tresna aproposa denez, istilu ugari izan ziren poliziarekin eta urte batzuetan, hildakoak ere izan ziren poliziarekin izandako borroken ondorioz. Urteekin, aldarrikapen kutsua galtzen joan da, eta gaur egun, festa da nagusi. Inauteriak irauten duen egunetan milaka lagun gerturatzen da Notting Hillera eta abuztuaren azken asteburuan ospatzen denez, turistentzako gune bilakatu da. Musikari dagokionez, egun, Karibeko etorkinen generazio desberdinak biltzen dira; perkusio erritmo tradizionalekin hasi, reggaeren barruko estilo desberdinak (gazteenak ragga eta dancehall doinuekin zoratzen dira) eta urban music edo hiriko musika delakoa; hau da, rap, funk, soul eta doinu elektronikoak (jungle, drum&bass, house, broken beats, e.a.). Egun argiz musika beltzarekin gozatzeko aukera paregabea.
.jpg)
Aba Shantiren txokoa. baxuen dardarak dantzan jarriko zaitu :-)
Notting Hilleko inauteriarena adibidea besterik ez da. Musika beltzaren zaletuak garenontzat, bizitzan behin gutxienez, ikusi beharreko ikuskizuna. Dena den, Londonek, musikalki, nahi adina aukera eskaintzen ditu. Zuzeneko emanaldiak gustuko badituzu, taberna edo pub gehienetan aurkituko dituzu taldeen kontzertuak, eta ez soilik asteburuan. Taberna askotan, ia egunero antolatzen dituzte emanaldiak, dohainik eta musika estilo desberdinekin. Hori bai, egarri bazara, hobe duzu aretoan sartu aurretik eztarria ondo bustitzea, garesti aterako zaizu bestela. Taberna giroaz gain, festa ugari antolatzen dira (legalak zein legez kanpokoak) eta horietako asko, ikusgarriak dira, festagatik baino, festa egiten den egoitzagatik (erortzear dauden fabrika zaharrak, elizak, e.a.). Ateratzeko gogorik ez baduzu, musikarekin etxean gozatzeko aukera ugari duzu irrati aparailu batekin soilik. Izugarria da irrati legal eta piraten eskaintza. Musika estiloetan espezializatutako irratiak eta maila altuko irratsaio eta esatariak ( Manasseh, Gilles Peterson, Norman Jay, Rodigan, e.a.) Zorionez gaur egun internetez hauetako asko entzuteko aukera dago.

Mr Scruff eta Manasseh, Kiss Fm irratiko estudioan. Arg: Nick Manasseh.
Diskoak erosten dituen zoro burugabe horietakoa bazara, eskaintza ere, paregabea (biniloa zein cd-an). Hiri erdian, munduko disko denda kate garrantzitsuenak topatuko dituzu (Virgin, Borders, HMV, e.a.) eta hauetan, musika industria boteretsuak kaleratutako eta zabaldutako musika gehiena. Eskaintza haundia eta prezioak are haundiagoak. Gauza bereziagoak prezio merkeagoan bilatzen badituzu, hiri osoa zehar denda txikiak topatuko dituzu. Gehienetan Cd eta biniloa eskaintzen dute eta pazientziaz begiratuta, urteetan bilatutako altxorra aurkituko duzu. Musika denda asko (baita bigarren eskukoak ere) Sohon daude (Berwick Street eta inguruko kaleetan). Hiriko zentroan. Tentagarria ezta?

Dub Vendor reggae denda. Singelen paradisua... Arg: Dubvendor.co.uk
GOMENDIO PRAKTIKOAK (2000 urte inguruan)
Nola iritsi: Londonera joatea erresa da. Garraiobide guztien artean aukeratu dezakezu. Guk hegazkina erabiltzea gomendatuko genizuke. Azkarra, merkea eta erosoa da. Bilbotik abiatuta Easyjet enpresak oso prezio interesgarriak ditu eta Biarritzetik berri Ryanair da merkeena. Billetea denborarekin hartuta oso merke atera daiteke. Hegazkina baldintza onean egotea besterik ez da falta. Zorte on.

Bidaia ordu eta erdikoa da eta Londonera iristean erlojua ordubete atzeratu behar duzula kontutan izan. Aipatu bidai agentziak aukeratzen badituzu Stanted-eko aireportuan utziko zaituzte (beste batzuk Heathrow-era doaz, hiritik gertuago) eta trena edo autobusa hartu beharko duzu Londonera joateko. Trena azkarragoa da baina oso garestia. Autobusa berriz (Terravision adibidez) prezio erdian aterako zaizu (Liverpool Street-era 7 libra eta Victoria Stationera 8 libra) eta trena baino hamar minutu gehiago besterik ez duzu beharko zentrora iristeko. Behin aipatu lekuetara iritsita hiri osotik mugitzeko autobus eta tren (metro) sare zabala duzu. London hiria gune edo zonetan banatua dago eta zentroa lehenengo bi zonak osatzen dute. Aste osorako Travelcard txartela ateratzen baduzu, astebetez, nahi adina tren eta autobus hartu ahal dituzu (autobusetan txartelik gabe bidaiatzea ere nahiko erresa izaten da).
Hiriak eskaintzen duenaz informatuta egoteko Time Out aldizkaria gomendatzen dugu, agenda osatuena aurkituko duzu bertan. Portobello eta Candem town-eko merkatuak ikusgarriak dira. Gogoratu euroak ez duela baliorik Londonen eta librak beharko dituzula (asko gainera gauzak hemen baino garestiago daude eta). Konpainia ere garrantzitsua da. Korrika eta presaka egindako “gida” hau nahikoa izango ez denez interneten informazio gaindosia eskura duzu. Ondo ibili.
ARITZ SOUND SYSTEM