BDF
BDF meets LOUD & LONE
Bidea zein izan behar den argi duten musikariak elkar ezagutzen dutenean ezin emaitza txarrik eman. BDF-ek Loud & Lone ezagutu eta elkarrekin reggae musikaren urrezko garaia berpiztu dute Europan dagoen talderik sendoenetakoa osatuz.
Iñaki Yarritu, BDF-ko sortzaile eta buru, diska berria aurkezteko Oiartzungo Pagoa aretoan eman behar duten kontzertuaren aurretik harrapatu dugu. Soinu froga hastear dago eta oso denbora gutxi izango dugu berarekin egoteko. Bateria montatzen ari direla, eta gainantzeko taldekideak futbolean jokatzen duten bitartean, Iñaki-rekin elkartu eta hitz egitea lortu dugu. Denbora urre bihurtzen da orain.
E: Diska berria aurkezteko kontzertuak eman dituzue estatu mailan, zer moduzkoa izan da jendearen harrera?
I: Desberdina lekuaren arabera. Bilbon eta Bartzelonan oso harrera ona izan dugu, jendeak reggae musika ezagutzen du eta egiten ditugun bertsioekin gehiago disfrutatzen du. Iruñeakoa hotzagoa izan da.
E: Kontzertu hauek taldearen elkarlana sendotzeko balioko dute, oso talde berezia osatzen bait duzue.
I: Bai, hala da. Taldearen erdia Londonetik gatoz eta gainantzekoak Euskal Herri eta Santandertik, beraz ezin dugu ensaiorik egin. Zuzenekoak dira elkarrekin jotzeko dugun aukera bakarra. Hamalau hilabete daramagu proiektu honekin eta denbora guzti honetan ez dugu elkar ikusteko aukerarik izan, beraz hori da behar duguna, elkarrekin jo ahal dugun guztietan.
E: Zeintzuk osatzen duzue BDF zuzenean?
I: Roberto teklatu, melodika eta ahotsak sartzen ditu eta Borjak kitarra jotzen du. Biak Loud & Lone-koak dira. Koroak egiten dituzten bi abeslariak, berriz, Super Ape taldekoak dira, Santander-eko beste reggae taldeko partaideak. Gainantzeko musikariak Londondik datoz eta urte asko dira beraiekin lanean ari naizela. Soinu teknikaria Derek Demondo da, talde askorekin aritutakoa; Culture, Twinkle Brothers, Mighty Diamonds eta baita Potatorekin ere. Aaron-ek teklatuak jotzen ditu eta Prince Malachi eta antzeko jende berriarekin jotzen du. Baterian, berriz, Dani dago; Culture, Ijahman, Wailing Souls, Musical Youth eta talde jamaikar askorekin aritutakoa. Eta azkenik, Dabby Ambassah perkusioetan, Bizkaiko reggae zaletu mitikoa, datorren urtean diska kaleratuko du roots digitala eginez eta gure kolaborazioak izango ditu diskak.
E: Nola ezagutu zuen BDF-k Loud & Lone?
I: Duela lau urte ezagutu genuen elkar. Loud & Lone-koak Santanderrekoak eta ni Bilbotarra izan arren, Londonen ezagutu ginen, Augustus Pablo-k eskeinitako kontzertu batean. Aurrez, bata bestearen lana ezagutzen genuen, baina ez ginen inoiz elkarrekin egon. Loud & Lone-koak denboraldi bat pasa zuten Londonen eta elkarrekin egoteko aukera izan genuen, nik bertako musikariekin aritzen nintzen eta kantu berriak prest nituen, Loud & Lonekoek ere kantuak zituzten eta elkarrekin diska ateratzea erabaki genuen. Lau urtetako prozesua izan arren, azken urtean egin ditugu grabaketak.
E: BDF-ren lehen diskarekin alderatuta, oraingo honek, reggae-aren sustraiak mantentzen baditu ere, soinu digitaletik aldendu da. Soinu aldaketa horretan zer ikusia izango zuen Santandergo A-Lone Muzik estudioetan grabatu izana ezta?
I: Nahita egindakoa da. BDF-ren lehen lana 90. hamarkadako reggae-aren izpilu zen, reggae digitala. Steppers doinu ingelesa zuen. Kantu gehienak nik jotzen nituen eta estudioko musikarien laguntza izan nuen. Duela hiru urtetik ona, banda osatu eta banda baten soinua bilatu dugu. Soinu zaharra eman nahi genion diskari, 70. hamarkada bukaera eta 80. hamarkada hasieran Jamaikan egiten zena. Hori da reggae-aren barruan gehien gustatzen zaigun soinua. Garai hartan hasi nintzen nik reggae musika entzuten eta soinu hori izan zen reggae-az maitemintzeko arrazoia. Gustokoak ditugun disken antzeko soinua duen diska egitea zen gure helburua eta horregaitik eman diogu soinu hori, 70. hamarkadako reggae soinua.
E: Eta nola lortzen da soinu berezi hori?
I: Nola lortzen den? Lan asko eginda. Guri behintzat lan haundia suposatu digu horrelako soinua lortzea eta ez dakit azkenean lortu dugun, bainan nahiko txukun atera zaigula uste dut. Diska erdia Santandergo estudioetan grabatu dugu eta beste erdia Londonen. Santandergo estudioa analogikoa da eta horrek egiten du soinua zikinagoa izatea, 70. hamarkadan grabatzen zen reggae-a, aparailu analogikoekin grabatzen zen, eta soinu hori lortu nahi baduzu, teknika berdinak erabili behar dituzu. Gezurra badirudi ere, gaur egun Jamaikan ez du inork horrelako soinurik erabiltzen, galdu egin da guztiz. Estudio guztiak digitalak dira orain eta garai hartako produktoreek, Yabby You, Lee Perry, Augustus Pablo... eta abarrek duela asko galdu zuten. Azken finean soinua ez dute soilik produktoreek lortzen, musikariek, estudioak eta erabilitako aparailuek ematen diote soinu berezi hori. Gaur egun, garaiko estudioak itxita daude, Randy´s itxita dago, Channel One itxita dago, eta baita Studio One ere. Mantendu direnak berriz, aparailu digitalak dituzte, Tuff Gong-en kasu. Jazzarekin edota funk musikarekin gauza bera gertatu da.
E: Aurreko diskarekin alderatuta aurkitu daitekeen beste desberdintasun nabarmena ahotsaren erabilpena da.
I: Argi dago. Nik ez dut kantatzen eta horregaitik lehenengo diskan kantuak instrumentalak dira. Orain, kantuen letrak idazten hasi naiz, eta letra horiek kantatuko dituen abeslariak aurkitu ditut.
E: Beraz kantuetako letrak zuk idatzitakoa dira? Zertaz hitzegiten dute?
I: Letra gehienak nik egindakoak dira, baina Loud & Lone-ko Roberto-k ere idatzi ditu. Abesti asko erdibana egindakoak dira, eta horregaitik, diska bi proiektuen arteko kolaborazioa da. Bitxia da, Loud & Loneko zuzenekoetan BDF-koek parte hartzen dugu, eta alderantziz. Jamaikan oso ohikoa da hori. Adibidez, Agrovators, Revolutionaries eta Professionals taldeetan musikari berdinak aritzen ziren, baina soinu desberdina zuten. Hori da guk bilatzen duguna, elkarrekin jo baina soinu desberdina eduki. Azken emaitza produktorearen araberakoa da. Loud & Lone-n beraiek ekoizten dute eta BDF-en nik.
E: Dena den, base musikal gehienak zuk egindakoak dira.
I: Horrela da. Baseak nik egindakoak dira eta base horien gainean Loud & Lone-koek ahotsak sartzen dituzte. Kantu batzuk erdi inprobisatuak dira, ia ia bapatean egindakoak, Judgement Time kantua, adibidez. Beste batzuk, ordea, hilabeteak behar dituzu amaitzeko.
E: Bertsioak ere entzun daitezke diskan.
I: Izugarri gustatzen zaigu bertsioak egitea, eta ahalegin haundiak egin behar ditugu bertsio gehiago ez sartzeko. Diska honetan hiru bertsio ditugu: Heptones taldearena bat eta Lloyd Park-enak besteak.
E: Horrelako talde eta abeslarien bertsioak egitera ausartzea ere ez da erronka makala.
I: Guk oso garbi dugu. Umila izan behar zara eta ikasteko kopiatu egin behar duzu. Beatles taldekoak, adibidez, kantu bat konposatu aurretik lau urte aritu ziren bertsioak egiten, eta nik urte asko daramatzat bertsioak egiten. Hogeitabi urte daramatzat reggae musika egiten, eta iaz konposatu nuen nere lehen kantua. Reggae musika sei hilabetez entzun eta reggae kantuak konposatzera ausartzen den jendea dagoela ikusteak asko arritzen nau.
E. Oso ohikoa da reggae-an bertsioak egitea ezta?
I: Kultura horren barruan dago hori.
E: Eta legalki arazoren bat izan duzue horrekin?
I: Kantuen egileen izenak aipatzen ditugu beti. Ez dugu inoiz beste musikari baten bertsioa egin eta gure izenean jarriko. Letrak gureak badira, erdibana aurkeztuko dugu kantua. Dena den, kantu gehienak gureak dira, eta horrela adierazi dugu. Datorren diskan, agian, kantu gehienak bertsioak izango dira, nork daki.
E: Letrak zuk idatzitakoak direla esan duzu. Zertaz mintzo dira?
I: Oso irekiak dira eta bakoitzak modu desberdinean ulertuko ditu. Txiste baten zentzua esplikatzea bezalakoa da, txistea ez baduzu hasieratik ulertzen ez du grazia haundirik gero zertaz doan azaltzea. Reggae musikan letrak oso sinpleak eta ulerterrazak izan ohi dira, eta horregaitik gustatzen zaizkit. Interpretazio askotara irekiak daude eta horren adibide garbia da Bob Marley-k idatzitako letrak. Altxor txikiak dira, bakoitzak bere gustora interpetatu ditzazke, baina kultur desberdinetako jendea izanda ere, denek identifikatzen dira letra horiekin.
E: Diska berria kalean da eta aurrekoarekin gertatu bezala atzerrian etxean baino ohiartzun haundiagoa izango duela uste duzu?
I: Diska Brixton disketxearekin kaleratu dugu eta Euskal Herrian aurrekoa baino gehiago zabaltzea espero dugu. Dena den, oso argi dugu gure musikaren entzule "naturala" hemendik kanpo dagoela; Frantzian, Ingaleterran... hemen oso eremu txikia dago. Guk, gustatzen zaigun musika egiten dugu, kontzesiorik gabe. Ez gara mozorratzen eta ez dugu ez garenaren itxura eman nahi. Gure musika hemen entzutea eta zabaltzea gustatuko litzaiguke, baina salmentak ez digu gehiegi kezkatzen, jendearengana iristea nahi dugu eta gero jendeak aukeratu dezala diska erosten duen ala ez.
E: Diska Augustus Pablo eta BIxente Iriart-i eskeini diozue. Bata, reggae musika ulertzeko ezinbestekoa, eta bestea, horren ezaguna izan ez arren, Euskal Herrian musika elektronikoa sartzen ahalegin berezia egindakoa.
I: Bixente Iriart Basque Electronic Diaspora proiektua sortu zuen, Ima Suarez eta nirekin batera. Ezin dut sinistu Bixente bezalako gazte batek heriotza aurkitu izana, txundituta geratu ginen. Bizitza bera planteatzen duzu. Oso gogorra izan da. Diska eskeintzen diogu, eta baita Augustus Pablori ere. Augustus Pablo-k gure lehen diskan parte hartu behar zuen, baina osasun arazoak zirela eta, ezineskoa egin zitzaion. Tamalgarria izan zen.
E: Dena den, Augustus Pablo Bilbora ekartzea lortu zenuten, eta ez zen batere erraza izango, oso gutxitan ateratzen baita Jamaikatik, ezta?
I: Europan emandako azken kontzertua izan zela uste dut. Ordurako gaixo zegoen, baina ez genuen horren goiz utziko gintuenik espero.
E: Jendeak agian ez du jakingo, baina musika egiteaz gain, reggae kontzertuak antolatzen dituen promotora duzue.
I: Bai, Massive Promotions izenekoa. Hamar urte daramagu reggae kontzertuak antolatzen eta azken urteetan Euskal Herrian egindako reggae kontzertu gehienak antolatu ditugu. Horretaz gain, diska denda dugu, Bilbon Massive Sound izenekoa.
Euskal Herrian reggae musikaren gaixotasuna zabaltzearen errudun nagusiak beraz. Loud & Lone-rekin batera osatutako taldearekin gainera Europa mailan dagoen zuzeneko indartsuenetakoa osatu eta gaixotasunaren adar garrantzitsuan bilakatu dira. Horrelako "bajak" artu nahi ditugu guk. Errespeto osoa.