Bertso-Hop eta Aritzi elkarrizketa
3. BERTSO HOP
Bertsolaritzak eta rapak behin baino gehiagotan egin dute bat azken urteotan. Bertsohop,
bertsolaritza eta raparen arteko harremana da. Harreman hauek “intuitiboki” hasi
ziren. Unai Muñoa bertsolariaren arabera: “Ikusten genuen bertsoak eta rapak
oinarrian bazeuzkatela oso komunak ziren elementuak, eta, aldi berean, gaur egungo
gizartean eta gaur egungo gazte mugimenduetan erakargarria izan zitekeela”.
Bertsolaritzan egitura batzuk, arau batzuk daude, eta raparen munduak horrekin
hautsi egiten du: musika da neurria eta erritmoa markatzen duena. Musikak erritmoa
eta neurria markatzeak, arreta bi gunetan, testuan eta musikan, izan beharra dakar.
Bertsolaritzak oso neurri zehatzak ditu, rapak ez ditu; errimak ere oso zehatzak izan
behar dira, eta rapean ez du errimatu behar, belarrira ondo ematen badu, ondo
errimatuta dago, eta batzuetan errimatu gabe ere utz daiteke. Errimetan dago
antzekotasunik handiena, nahiz hori ere desberdin egiten den.
Bertsolaritzak rapetik “ikusgarritasuna” har dezake Maisha MCaren ustez: «Hip hop
saio batean break dance-a egon daiteke, graffitia egon daiteke... eta hori oso
ikusgarria da. Bertsolaritzan edukia oso ona izan arren, ikusgarritasuna oso txikia da.
Gazteak erakartzeko ikusgarritasun ukitu hori hip-hopean aurki dezake
bertsolaritzak».
Rapak bertsolaritzatik errimak ditu hartzeko (errima ugari eta oso aberatsak baititu)
baina neurria ez. Maishak dioenez “Izugarria da niretzat bertsolaritzaren neurria.
Niretzat ezinezkoa da eskatzea rap bat neurri jakin batean eta silaba kopuru batekin
botatzea.”
Aritz Sound System izan da azken urte hauetan Bertso Hopa oholtzara berriro
ekartzeaz arduratu dena. Bera, Selektah Kolektiboarekin hasi zen lanean nahiz eta
lehenagotik disko jartzaile ibili zen festarik festa. Selektaharekin, Euskal Herrian
oraindik ezezaguna den musika beltza zabaldu eta ezagutarazi nahi zuten.
“Konpromiso politiko” batetik abiatuta, musika beltza euskaraz egin daitekeela
erakutsi nahi zuten. Selektah Kolektiboaren proiektua eten zenean, aurrera jarraitu
zuen, jaialdi desberdinetan musika beltza jarriz. Azken urte hauetan, Euskal Herriko
euskal raperoak batu, eta bertsolariekin batera Bertso Hop jaialdiak antolatu ditu.
Euskal Herriko txoko desberdinetan raparen eta bertsoaren kultura erabat uztargarriak
direla erakutsi dute. Honela ere, euskal rapa indartu eta bertsolaritzak duen
jariotasunaz ornitu du.
Hala ere hip-hopa eta bertsoak nahastea ez da gauza berria. 1990. urtean Negu
Gorriak taldeak rap bihurtutako ondorengo bertsoak har ditzakegu kontuan:
Bertso Hop (Negu Gorriak, Esan Ozenki)
GAIA:
Peñagarikanok gaur
egundoko parranda bota du,
edo zu Peñagarikano bota duzu,
eta etxera etortzean
emaztearen ohean sartu ordez,
Egaña, amonaren ohean sartu da.
EGAÑA:
Batetikan korrozka,
bestetik herrena,
oiha okupatu du
hori da txarrena
ez da pinta kabala
honek dakarrena,
kantzontzilorik gabe
ohean barrena,
pixkat gutxio edan
ezazu hurrena.
PEÑAGARIKANO
Gaur parrandan jo ta ke
hor dabil gizona,
lehenen pasiloa jo
ta gero komona,
uste nuen hau zala
nik nere moñoña,
laztantzen hasi naiz ta
ez da horren ona,
mozkorra nator eta
barkatu amona.
EGAÑA:
Ez diot txartzat hartu
muxuka hastea,
naiz oraindik ez egon
holako gaztea,
ez da gauza ederra
buru eskastea,
hari tokatu behar
holako trastea,
martiri bihurtu du
bere emaztea.
PEÑAGARIKANO:
Nun ibili naizen ni
esan det lehenago
amonaren ondoan
ederki ez nago,
izan ere edan det
horrenbeste ardo,
gutxienez bazitun
hoitazazpi grado,
bota egin behar det eta
oñala nun dago?
EGAÑA:
Ohean sartu zaigu
kolpera onduan,
lapur gaizto ta trakets
hoietxen moduan,
pixa egin ezazu
toki seguruan;
kordea banatzeko
hemen inguruan,
poltsa beroarekin
joko det buruan.
PEÑAGARIKANO:
Poltsa beroarekin
hortxe jo nau danba!
Ni ez naiz lotsatuko
egia esanda,
amonan errezoa
holaxe izan da:
"Requiem est domine
irgo veneranda"
gehio ez naiz etorriko
amona edanda.
Negu Gorriakek bertso hauek raparekin nahastuz lehen Bertso Hopa sortu zuen.
Aipagarria da gainera, abestiaren izena horixe izatea: Bertso Hop.
4. ONDORIOAK
– Gaur egun ez dira asko euskaraz rapa egiten duten taldeak. Hala ere geroz eta
gazte gehiagok bat egiten dute estilo honekin, eta hau euskaraz egitea
hautatzen dute.
– Gaur egun euskal rapa egitea hautatu duten horiek, euskara bizia eta gaztea
erabiltzen dute. Zailtasunak zailtasun, euskara hutsez egindako mezu argi eta
zuzenak egiten dituzte. Gainera, euskarari bultzada garrantzitsua eman ahal
dion generoa dela uste dugu. Gazteek eginda, gazteentzako denez,
egunerokotasunean erabiltzen diren gaiak euskara hutsez hitz egin ahal izatea
ahalbideratuko baitu. Horretarako hitz jokoak, eta hitz berriak erabiltzen
dituzte. Euskararekin jolasteko tresna da rapa.
– Alderdi guztien (Instituzio, gazte, komunikabide, rapero...) inplikazioa
beharrezkoa da genero hau euskaraz egiten jarraitu dadin. Honela lortuko baita
euskara aberastu eta gazte hizkera ez-artifiziala sortzea.
– Bertso Hopa euskal kultura tradizionala eta modernoa batzen dituen estilo
berria da. Honi esker, hain desberdinak ez diren bi estiloak batu eta rapa
ezagutaraztea lortzen ari da. Gazteek, jariotasun eta bizkortasun handia duen
generoa geroz eta gehiago ikustera ohituko dituen emankizuna da hau.
ELKARRIZKETA: ARITZ USANDIZAGA (Aritz Sound System)
1. Gaur egun Euskal Herrian nolako tokia du rapak? Garrantzia al du gazteen artean?
Rapak eta Hip-Hop mugimenduak oro har izugarrizko hedapena izan du mundu osoan eta
gazteen artean, bereziki. Euskal Herrian ere, beste lekuetan baino beranduago bada ere,
zabaltzen eta indartzen ari da. Estatu espainiar eta frantsesean duen indarrak bultzatuta
eremu erdaldunetan zabaldu da lehenik eta, pixkanaka bada ere, eremu euskaldunetara
ere hedatzen ari da.
2. Euskara ez al da erakargarria rapa egiteko garaian? Errazagoa da gaztelania
erabiltzea?
Euskal Herriko gazteek, komunikabideen eraginez bereziki, rapa erdaraz jasotzen dute
(ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, gehien bat) eta ondorioz, hizkuntza horiekin
erlazionatzen dute. Rapa musikaren bidezko komunikazio tresna da eta komunikazio
tresna guztiak bezala edozein hizkuntzatan garatu daiteke. Rapa euskaraz egitea ez da
beste hizkuntzatan egitea baino zailagoa edo errazagoa. Euskara beste edozein
hizkuntza bezain erakargarria izan daiteke rapa egiteko garaian; beste gauzen artean,
musikarien trebeziaren, entzuleen gustuen eta ohituren araberakoa izango da hori (baita
belarrien “ohituren” araberakoa ere).
3. Saiakera desberdinak ikusi ditugu, Bertso-hopa adibidez, edo MAK eta Selektah
bezalako taldeak, euskaraz, rap ona eta adierazkorra egin daitekeela. Nola
bultzatu daiteke hip-hop munduan bizi den jendea euskara erabiltzera?
Modu naturalean izan behar du. Euskaraz hitz egin eta pentsatzera ohituta dagoenak
euskaraz abestuko du eta eroso sentituko da horrela. Euskara menperatu ez baina
euskararen alde egin nahi duenak ere saiakerak egingo ditu euskaraz abesteko.
4. Eta euskal rapa kontsumitzeko aukerarik dago? Erraztasuna al dute kontsumitu
nahi duten horiek rapa aurkitzeko?
Zorionez, geroz eta rap gehiago egiten eta abesten da euskaraz. Gaur egun, rapa
euskaraz entzun nahi duenak inoiz baino aukera gehiago ditu (zuzenekoak, internet,
diskoak eta abar).
5. Euskara artifiziala al da raparen bidez transmititu nahi dena adierazteko garaian?
Galdera xelebrea gero. Ez, noski. Hizkuntzek ez dute mezu bat artifizial egiten, mezua
bera izan daiteke artifiziala edo agian euskara ezagutu edo errespetatzen ez duenaren
pertzepzioa izan daiteke. Beste batzuetan, hizkuntza horretan musika entzuteko ohitura
falta izan daiteke sentsazio hori (batzuengan) sortzen duena. 80. hamarkada amaieran
rapa gazteleraz edo frantsesez entzutea arraroa zen (eta artifiziala) batzuentzat. Gaur
egun gutxik esango dute hori.
6. Zeren beharra ikusten duzu gazte batzuek sentitzen duten artifizialtasun hau
deuseztatzeko?
Ezagutza, errespetua eta denbora (belarria ohitzea).
7. Nolako gaiak transmititu nahi izaten dituzte euskal raperoek?
Kantuen letretan entzungo ditugun gaiak anitzak dira. Euskal Herrian bizi direnez
inguruan bizi duten egoeraren berri ematen dute, normalean. Hori bai, zorionez,
gehienetan, gai horiek sakonean tratatzen dira eta ez azalekoan.
8. Gaur egun munduan gailentzen den rap irudi horretatik aldenduta sumatu
ditzakegu euskal raperoak. Ezta?
Zorionez, munduan zehar era askotako rap musika egiten da eta mezuak ere anitzak
dira. Egia da, musikaren industria zuzentzen dutenek, euren ideologiak eta interes
ekonomikoek bultzatuta, irudi mugatua eskaintzen dutela. Kuriosoa bada ere, egiten den
raparen parte txikia da hau nahiz eta komunikabide enpresa handien eraginez,
alderantzikoa iruditu. Euskal Herrian zorionez euskaraz ari diren rap abeslariek
konpromiso garbia dute gizartearekiko eta ikuspuntu ezkertiar batetik ari dira gauzak
aldatu eta hobetu nahian.
9. Nolatan etorri zitzaizuen Bertso-Hopa egiteko ideia? Nolako arrera izan du
gazteen artean? Bertsolariek nola erantzun dute? Eta Raperoek?
Ez zen bat bateko “fletxazoa” izan. Antzekotasun handiak daude bertso eta raparen artean eta
biak ezagutu, errespetatu eta maitatzen ditugunez, harremanetan jarri genituen, besterik gabe.
Hasieran zaila zirudien bertatik zerbait serioa sortzea baina badirudi harremana sendotzen ari
dela. Askatasunean, independentzian eta elkar errespetuan oinarritutako harremana lantzen
saiatzen gara eta, gehiegi baldintzatu gabe, bere bidea egin dezala nahi dugu. Orain arteko
harrera oso ona izan da adin desberdineko entzuleen artean. Abeslarientzako zaila da eta nahiko
esfortzu suposatzen die baina gustura ari dira.
EGILEAK:
Oihana Etxebarrieta
Eider Lopez de Arregi
Ane Gisasola
Igone Mendez