DJ

DJ

DJ

DJ

Dj-a. Azken urteotan askotan entzun dugun hitza da. Dantza musikarekin erlazionatu ohi da eta topikoz beteta dago. Euskal Herrian Dj fenomenoa berri xamarra dela esan daiteke eta orohar nahiko ezezaguna da. Datozen lerroetan Dj hitzaren inguruan egindako hausnarketa batzuk irakurri ahal izango ditugu.

 

Dj-a. Discjockey-a ala disko-jartzailea? Jamaikarrentzat, sound system edo dantzaleku mugikorretan, mikrofonoa eskutan duela, jendea zirikatu eta animatzen duena da Dj-a. Hitz jario musikatu eta, neurri haundi batean, bapateko hori, reggae musikaren azpi-estiloan bilakatu da. Gurean berriz, bestelako esanahia du. Askorentzat, Dj-a, diskoteka ilun, keotsu eta “kutreetan” bakailua pintxatzen duen drogadikto “pastillero” nazkantea da. Beste askorentzat berriz, Dj-a jainkoa da. “Bart Dj-ak bizitza salbatu zidan” diote askok. 

 

 

Historia laburra


60. hamarkadako festa edo guatekeetan, neskekin ligatzen ez zuena arduratzen zen musikaz. Festetan neskekin arrakastarik ez zuen mutil “tonto” eta “itsusia” zen kantuak jartzen zituena. Hasiera batean, festa egiten zen etxeko singelak erabiltzen zituen (garai hartan iraupen luzeko diskorik ez zegoen oraindik) eta festa asko luzatzen bazen, kantuak behin eta berriro errepikatu behar zituen. Neskekin zereginik ez zuenez, denbora nolabait betetzearren, diskoak jartzeko erarekin jokatzen hasi zen. Disko bat bukatu eta bestea jarri bitartean isilunea izaten zen eta jendearen haserrea jasan behar izaten zuen gaixoak.  

 

Neskekin zereginik ez zuenez,  oparietan, zinemarako sarreretan edota gozoetan gastatzen ez zuen dirua diskoak erosteko erabiltzen zuen. Pixkanaka disko sorta ederra osatzen joan zen eta orain, guatekeetara, bere diskoak eramaten zituen. Teknologiaren aurrerapenek bi disko batera jartzeko aukera ekarri zuenean gauzak aldatzen hasi ziren. Eskuak libre zituenez, diskoekin malabareak egiten hasi zen eta pixkanaka, jendearen (baita neskena ere) arreta lortzen joango zen. Guatekeetako mutiko aspergarria festetako protagonistan bilakatzen hasi zen, hain zen graziosoa.

 

(Oharra: Ikusten denez, historikoki, disko jartzaileen munduan ere gizonezkoak izan du rol nagusia, gaur egun emakume disko jartzaile asko badaude, zorionez)

 

Dj God


Gaur egun berriz, hori uste dute askok behintzat, neska guztiek Dj-arekin ligatu nahi dute eta mutil asko (zergatik dira Dj-ak beti mutilak?) Dj izan nahi dute neskekin errazago ligatuko dutelakoan. Interesgarria ezta? Dj-a festetako erregea da. Guztiek izan nahi dute Dj-aren laguna. Dj-a, festarako musika onena jartzeaz gain, festako txistosoena da. Aktualitateko edozein gai menperatzen du eta arrazoi du beti. Musikaz hitz egiten denean berriz, berak du azken hitza. Dj-ak, inor baino gehiago daki gai honetaz. Estilo berrienak ezagutzen ditu (hizkuntza asko menperatzen ditu eta estiloen izen exotikoak primeran ahoskatzen ditu). Dj-ak ez du modan dagoena jartzen, berak pintxatzen duena dago modan. London, Paris, Lisboa, New York eta Tokiora joaten da musika erostera eta beti erosten ditu disko onenak eta merkeenak (besteentzat disko arraro eta garestienak dira noski).


Zein da Dj-ari inoiz egin behar ez zaion galdera? “Talde, disko edo kantu hau ezagutzen al duzu?”. Erantzuna baiezkoa izango da beti. Nola edukiko dut nik Dj-ak ezagutzen ez duen talde, disko edo kanturik? Dj-aren fonoteka izugarria da. Zuk ehun disko badituzu berak berrehun ditu. Eta zuk berrehun badituzu berak mila ditu (irribarre batekin esango dizu gainera). Urteetan saiatu arren ez duzu inoiz berak baino disko gehiago edukitzea lortuko. Eta kopurua ez da garrantzitsuena. Ziur berak beste inork ez dituen edizio bitxiak dauzkala. Originalak eta taldeko kideek sinatutakoak. Sinatzerakoan disko azalaren gainean eroritako kafe zipriztina eta guzti.

 

Dj Makina


Dj-ak musikaz gain, musika aparailuetaz jakin behar du derrigorrez. Edo behintzat itxura hori eman behar du. Horretarako ezinbestekoa da hiztegi aberatsa edukitzea. RCA, Canon eta Jack dira Dj onaren hiztegian falta ezin diren hitzak. Horietaz gain, adibidez;  biniloa, orratza, adaptadore, monitore, ekualizazio, grabe, ertain, agudo, pitch, crossfader, ganantzia, aurre-entzuketa,  mp3, wav, e.a. Noizko Dj-aren hiztegia?

 


Egun osoa kable artean ematen du eta ziur soinu kaxkarrena duen soinu ekipoari ere ahalik eta etekin handiena aterako diola. Eta zer esan ezinezko konexioetaz? Ezinezko lotura duten konexioei  loturak bilatzen trebea da Dj-a. Dj magoa.


Hauxe Dj-aren mundua hobe ezagutzeko oinarrizko gidaren lehen atala. Hurrengoan, besteen artean,  Dj Sikologo, Dj Droga eta Dj Negozio gizon ezagutuko ditugu. Festa perfektuaren bidean aurrera pauso berria.

 

                        ARITZ SOUND SYSTEM

Marvin Gayren I Want you diskako ilustrazioa. Festa ondorengo biaramunerako disko kuttuna :-)

---

Zer da Dj on bat? Jende asko erakartzen duena? Jendeak entzun nahi duena jartzen duena? ...