Azalpen laburra
Euskaraz idatzitako lehen egunkariarekin lan egitea ohorea izan zen niretzat. Hainbat kolaborazio egin arren, disko aipamen bakarra dut gordeta, soilik.
Nire oroitzapenean daude Egunkariako lagunak (alde positiboan), eta guardia zibilak egunkaria itxi eta hainbat kazetari atxilotutako eguna (alde negatiboan).
Besarkada guztiontzat!

Hauxe Egunkarirako egindako disko aipamena (gordeta dudan material bakarra):

ASKOREN ARTEAN "STUDIO ONE STORY" (Soul Jazz records, 2002)
Kaixo! Ongi etorriak musika beltzaren itsasoa zeharkatzen duen itsasontzi xume honetara. Musika adituak baino musika adiktoak garenontzat, munduko urre, zilar, pitxi eta paperezko diru guztia baino garrantzitsuagoa da musika. Abestiak dira, maite dugun jendearekin batera, mundu honetan dugun altxorrik preziatuena eta beste musika estiloen gainetik, reggae musika maite dugunontzat, Jamaika da, zalantzarik gabe, altxorraren uhartea. Urteak dira reggae musikaren maitale garela eta harreman estu honen sugarra bero mantentzen laguntzen duten diska horietakoa da orain aurkezten duguna. Jamaika, hondartzak, palmondoak eta eguzkia baino askoz ere gehiago den bezala, reggae musika, Bob Marley, txurroak eta marihuana baino askoz ere gehiago da. "Sentitzen duenak ezagutzen du" dio atsotitzak eta reggae musika ezagutzeko aukera paregabea da Soul Jazz disketxeak hemen eskeintzen diguna. Hiru formato desberdinetan, Jamaikar musikaren azken 40 urteetako historioa hobe ezagutzeko aukera ematen zaigu. Lau orduko iraupena duen DVD-an, historio horren protagonistak izan direnak ikusi eta entzungo ditugu, hamasei kantuz osatutako CD-an reggae-aren barruan dauden azpiestilo, musikari eta abeslari desberdinekin gozatuko dugu, eta azkenik, ehun orrialde dituen liburuxkan, Studio One disketxeko eta orohar reggae musikaren historioa irakurtzeko aukera izango dugu. Altxorraren uharteko sekretuak ezagutu nahi? Ongi etorriak musika beltzaren itsasoa zehartkatzen duen itsasontzi xume honetara.
ARITZ SOUND SYSTEM