GaraKaleidos-iritzi zutabea

2007RI ESKAERA 2007-01-05

2007RI ESKAERA

Egun hauetan, iragan urteko balantzea egin ohi dute askok. Zorionez, burmuinak, gertatutako gauza “txarrak” ezkutatzeko eta “onak” gogoratzeko joera du (ez beti). Musikari dagokionez, Euskal Herrian disko mordoa kaleratzen dira urtero, eta zuzeneko emanaldiak ere, asko dira. Inguruko herriekin alderatuta, aberastasun handia omen dugu. Lantzen diren musika estiloei eta musikari ematen zaion baloreari dagokionez berriz, hutsune nabarmena dugu oraindik. Eta zer esan gure artean ditugun “inkisidoreetaz”. Musikak eta musikariak, hori baino errespetu gehiago merezi dute. Musika, gehiago ezagutu beharko genuke. Eta musikarekin ikasi eta irakatsi behar dugu. Kritikoak izan behar gara musikarekin eta inguruan duen guztiarekin. Eta argi eduki behar dugu, guzti hau ez zaigula Olentzerok ekarrita etorriko, eta are gutxiago magiarik ez duten erregeen eskutik. Eta datorren urtean, guzti hau lortuko ez dugunez, musikari garrantzia ematen diogunei, borrokatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Borroka berri on.

ARITZ SOUND SYSTEM


ABESTU NAHI (XX0922)

ABESTU NAHI?
Selektah Kolektiboaren proiektua martxan jarri genuenean, Euskal Herrian rapa eta orotar “Musika Beltza” zabaltzeko eta ezagutarazteko pauso handia eman zen. Lehen diskoa kaleratu eta gutxira, euskaraz abesten zuten rap talde eta abeslariak, perretxikoak modura, aterako zirela uste genuen. Zazpi urte igaro dira eta ehunka kontzertu, emanaldi, festa, sesio eta sound system egin ditugu. Egia da, urte hauetan, “Musika Beltza” geroz eta ezagunagoa dela gure artean eta “gureak” ez diren musiketara zabaltzen ari garela pixkanaka. Baina, zer gertatzen da musika horiek euskaraz abestuko dituzten abeslariekin? Non ezkutatzen dira rap, reggae, soul edo funk bezalako erritmoak, gogo biziz, euskaraz abestuko dituzten abeslariak? Zutabe honen bidez, itzalean dauden abeslari horiei deialdia egin nahi diegu. Itzaletik irten eta antolatzen ditugun musika emanaldietan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Nork dio “musika beltza” ezin dela euskaraz abestu? Gehien sentiarazten diguten doinuak gehien sentiarazten digun hizkuntzan abestu ditzagun. Erantzunak: ixa74@hotmail.com.

ARITZ SOUND SYSTEM

AHAZTU GABE (100723)

AHAZTU GABE (eta aukera posibleak)
Iragan zutabean herritar elkarteek gauzak antolatzeko garaian dituzten zailtasunak aipatzen genituen. Instituzioen aldetik geroz eta traba gehiago jartzen direla esaten genuen eta horren adibide dira azken aldian onartzen ari diren normatiba berriak non geroz eta baldintza gogorragoak eta murriztaileagoak eskatzen diren. Ekitaldi horietan parte hartu behar duten artistentzat ere gauzak ez dira xamurrak. Edozein gauzarako faktura eskatzen da eta artista horietako askok ezin dute fakturarik igorri. Enpresa bezala eratuta ez dauden eta enpresa sortu nahi ez duten artista hauentzat zein irtenbide egon daiteke? Egokiena agian hauentzako aproposa den legedia sortzea litzateke; hau da, legez artista hauen jarduera arautu (hauen egoera berezia kontutan izango duena) eta, autonomo edo enpresa bezala eratzera behartu baino, baldintza xamurragoak dituena (zerga kontuetan, adibidez) sortu. Legedi berri hori lortzeko bidea luzea eta korapilatsua litzateke eta gauzak dauden bezala ez dirudi gure agintari “legalen” artean horretarako inolako borondate politikoa dagoenik. Beste aukera litzateke, agian, (Katalunian egin dute, adibidez), antolatzaile eta artisten arteko elkarte edo enpresa bitartekoa eratzea. Elkarte hori arduratuko zen antolatzaile eta artisten arteko tramite legalak eta fakturazio kontuak egiteaz. Oker ez bagaude behintzat, Euskal Herrian, bertsolari batzuek Lanku bidez egiten dute (Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako enpresa da). Bide hori ere aztertu beharko litzateke. Lerro hauen bidez, bide batez, Euskal Herriko bizitza kulturala aberasten duten artista “pirata” guzti hauei gure elkartasun eta besarkada handiena bidali nahi diegu. Konturatzen ote gara, nahiko, lagun hauek egiten duten lanaz? “Profesional” izan gabe baina askotan profesionalek baino gogo eta fundamentu gehiagorekin aritzen dira eta hauei esker Euskal Herrian herritar elkarte xume askok aurrera eraman ditzakete euren ekimenak. Herri guztietan festak puri-purian diren garai honetan euren lana behar bezala baloratu eta eskertu beharko genuke, ahaztu gabe. Artista hauetako askori esker, besteak beste, posible dira iragan berri den Euskal Herrian Zuzenean bezalako jaialdiak. Militantzia eta konpromiso sozialean oinarritutako jaialdi hau eredugarria da zentzu askotan eta, ala ere (edo horregatik, agian), ez du instituzioen aldetik behar bezalako babesa jasotzen. Guztion esku dago sugarra piztuta mantentzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

AHOZKOTASUNAREN INDARRA (071025)


AHOZKOTASUNAREN INDARRA. ENTZUTEN IKASI.

Musika, gustu kontua dela esan izan dugu. Musika ulertzeko garaian ordea desberdintasun handiak daude herrialdeen (edo gizarte ereduaren) arabera. Europa “aberatsean” aisialdi eta denbora librea betetzeko zerbait izan ohi da, dibertsio eta ondo pasatzeko lagungarria. Afrikar kontinenteko gizarteetan berriz eremu hori gainditzen du; musika, festa eta ospakizunaren parte garrantzitsua da noski baina, Afrikan, musika, heziketaren eta baloreen transmisiorako ezinbestekoa da. Afrikako herrialdeen kultura ahozkotasunean oinarrituta dago eta musikak izugarrizko erakargarritasuna ematen dio mezuari. Musika da Afrikako lehen hizkuntza. Hizkuntza unibertsala da eta hizkuntza horren bitartez zabaltzen dituzte mezuak, baita nazioartera ere. Europarrek afrikarren mezuak musikaren bitartez jasotzen ditugu gehienbat; jaso bai baina entzun ez. Europarrek ez diegu inoiz afrikarrei hitza eman. Afrikar lurraldeak ustiatu eta bertako aberastasunak lapurtu ditugu eta afrikarrak esku lan merke bezala erabili ditugu. Orain berriz, afrikar gaixoak “laguntzera” goaz. Kolonizazio garaian afrikar “basatiei” zibilizazioa eta erlijio zintzoak eraman genizkien, bide zuzena erakutsi genien. Ondoren, guk erakutsitakoa ondo ikasi zuten buruzagi afrikarrak jarri genituen agintean. Eta orain, miseria eta pobreziatik ateratzen “lagunduko” dieten erakundeak bidaltzen ditugu. Giza laguntza eta hazi transgenikoak nonahi. “Salbatzaile” gara baina afrikarrak entzun gabe jarraitzen dugu. Musika da afrikarren lehen hizkuntza. Musikaren bidez afrikarrek mezuak zabaltzen dizkiote munduari. Afrikar kultura ahozkotasunaren bidez zabaldu eta mantendu da. Afrikarra entzutera ohituta dago. Ez du irakurtzen, entzuten du. Erritmoarekin entzun eta hitz egiten da Afrikan; horregatik dute erritmoa horren barneratuta. Melodia berdina edukita ere, kantu bera modu desberdinean ulertzen dugu. Europan, musika entzuteari utzi diogu. Haur eta gazte kontua omen da hori. Folklorea besteetan. Agian autoan gaudela, irratia piztuta dugula, kanturen bat jarriko dute tarteka, betegarri modura. Tabernetan gaudela ari musikala edukiko dute agian, fondoan galdurik. Eta etxean, telebista jarriko dugu, irudiaren magiak harrapaturik. Zer mezu dute gehien entzuten diren kantu arrakastatsuek? Zertaz ari dira? Gizarte hutsa bilatzen duen ideologiaren menpeko, agian? Izokinei eskerrak.

ARITZ SOUND SYSTEM

ALBISTEGIAK (071227)

URTE BERRI, ALBISTE ZAHAR

Kristauek inposaturiko egutegiaren arabera datorren urte “berriari” gauzak eskatzeko garaia omen da. Hausnartzeko denbora izan gabe, komunikabideek gure arreta eskatzen dute. 18/98 sasi epaiketaren epaia kaleratu da, eta azken mendeetan gertatu bezala, Espainiako jauntxoen in-justiziak Euskal Herriaren alde (benetan) lan egiten duen oro zigortzen jarraitzen du, jauntxo autonomikoen oniritziarekin. Babes eta elkartasun osoa epaituei. Abiadura osoan doaz albisteak. Kanon digitala dela eta, kopia egiteko balio duten euskarri guztiei, zerga (zigor) berezia ezarriko zaie egiten diren legez kanpoko kopien ordainetan. Ez ote ginen ba errugabeak kontrakoa frogatzen ez den bitartean? Jendea zigortzeko erabiltzen diren frogak ikusita, egia esan, berdin dio legez errugabeak garen ala ez. Martxa honetan, jaiotzen den haur bakoitzeko fidantza eskatuko zaie gurasoei, aurrerago haur horietako batek egin dezakeen delituaren kalte ordainetan. SGAE-koak oso “lanpetuta” daude egile eskubideen “defentsan” baina urteetan ezer gutxi egin dute, saltzen zen disko bakoitzeko, disko horren egileek soilik %6a jasotzen zutenean (jasotzen bazuten behintzat). Eta zer esan herriko festetan gertatzen denarekin. Hernani bezalako herri batek, inauteri jaietan, SGAE-ri 2.100€ ordaindu behar dizkio, eta inork ez daki oso ondo zergatik. Inauterietan ekitaldiak antolatzen dituen herriko edozein taldek baino diru gehiago jasotzen du SGAE-k. Udaletxeak, tabernak, kontzertu antolatzaileak, komunikabideak, etab. Denok ordaindu behar dugu. SGAE-k estatuko egile guztien “eskubideengatik” jasotzen du dirua nahiz eta horietako asko, SGAE-ko bazkide ez izan (bazkideek soilik jasotzen dute “limosna” eta banaketaren irizpideak SGAE-k erabakitzen ditu). Guzti hau ez da albistean azaldu noski. Hori bai, ETB-ko albistegietan, “kulturari” eskaintzen zaion mini tartean (kirolaren atalaren aurreko segundoak), Liza Minnelli aktore eta abeslariari “eskaini” diote tartea. Albisteak zioen abeslaria mozkortuta atera dela eszenatokira eta bere irudi “penagarriak” erakutsi dituzte. Benetan penagarria dena albiste hori eta era horretan eskaini izana da. Nola liteke? Eta Donostiako alkatea eta Galdos diputatua irribarretsu Bruce Springsteen-en kontzerturako 300.000€ jarriko dituztela esanez (diru publikoa noski). Sarrera merkeenak 61€ balio ditu. Urte berriari gauzak eskatu baino gauzak aldatu beharko dizkiogu. Behartuta gaude.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMETS GAIZTOA (090319)

AMETS GAIZTOA

Gaur amets gaiztoa izan dut. Askotan bezala, herri mugimendu batek antolatutako jaialdi batera gonbidatzen gintuzten. Bertsound system deitzen dugun saioa egin behar genuen; hau da, bertsolariak, rap abeslariak, disko jartzaile eta break dantzariak elkar lanean, eta horretarako bederatzi lagun elkartzen ginen. Gaueko hamarretan zen saioa (hori pentsatzen genuen behintzat) eta arratsaldeko bost eta erdietan martxan jartzen gara, trastuak kotxean sartu eta ordubeteko bidaia egiteko prest. Jaialdia ospatu behar deneko gunera iritsi eta, beti bezala, soinu frogak egiteko komeriak. Talde gehiago daude eta zaila da guztiak koordinatzea. Pixkanaka, Bertsound systemean parte hartu behar duen jendea gerturatzen hasten da; Bilbo eta Barakaldotik batzuk, Legazpitik besteak, Lesaka, Iruñea, Donosti eta Hernanitik. Antolatzaileek, agian, ordutegiarekin larri ibiliko garela eta hamarretan beharrean bederatzietan hasi gintezkeen galdetzen digute. Abeslarietako bat falta zaigu, arratsaldean beste saioa zuen eta ezinezkoa izango du hamarrak aurretik iristea. Antolatzaileei jaialdian parte hartu behar duen beste taldeetako batek hastea proposatzen diegu baina itxarotea erabakitzen da. Bokatak hamarretan ematen dizkigute. Azkenean, falta dugun abeslaria hamar eta erdietan iristen da eta afaltzeko denborarik gabe, eszenatokira igo eta saioarekin hasten gara. Antolatzaileek, saioa berrogeita hamar minutura mugatu dezagula eskatzen digute. Arazorik ez. Saioa ondo ateratzen da, lokalak oso akustika txarra du eta abeslariak ez dira euren artean ulertzen, baina tira. Jendea gustura geratu dela dirudi. Trastuak jasotzen ari garela, antolatzaileek, saioari buruzko inongo aipamenik egin gabe, jaialdiak atzerapen handia daramala eta horrek ondorio kaltegarriak eragingo dituela (taldeek denbora gutxiago jo, agian udalarekin arazoak ordutegiengatik, eta abar) eta, gure erruz berandu hasi garenez, agindutako dirua baino gutxiago ematea pentsatzen dutela esaten digute. Zur eta lur geratzen gara. Dirua? Zer ikusia du diruak kontu honetan? Diru gutxiago jasotzeak atzerapenak eragindako arazoak konponduko ditu? “Kontratoa” ez dugu bete eta isun edo penalizazio antzekoa da? Hasieratik, dirua, arazoa ez zela izango esan genien (gurekin gauzak egin dituztenek ondo dakite hori) eta atzerapenaren arazoak murrizteko proposamena egin genien (ordena aldaketa). Instituzio eta enpresen mentalitatea bereganatzen ari gara, agian? Lehenengo aldia da horrelako ametsa dudala eta ez errepikatzea espero dut. Errealitateak, fikzioa gainditzen omen du batzuetan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ANTOLATZAILE LANETAN (080807)

ANTOLATZAILE LANETAN

Kontzertuak. Ze ondo pasatzen dugu kontzertuetan. Lagunekin (edo bakarrik), gustuko (edo guztiz ezezaguna) dugun talde edo bakarlari baten zuzeneko emanaldia ikustea eta entzutea gustatzen zaigu. Eszenatokia, soinu ekipoa eta barra. Edateko zerbait hartu eta musikaz gozatu. Azken urteotan jaialdi erraldoiak ugaritzen ari dira (estatu mailan bereziki). Izen handiko taldeekin kartela osatzen da milaka lagun elkartzeko asmoz. Negozio ederra (batzuetan) enpresa bilakatu diren antolatzaile profesionalentzat. Euskal Herrian, horrelako jaialdiak badaude ere, askoz ugariagoak dira maila txikiko kontzertuak. Kanpotik ikusita, erraza dirudi kontzertu bat antolatzea. Egia esan, edozeinek antolatu dezake kontzertua (lerro hauetatik musika zaletuak kontzertuak eta musika emanaldiak antolatzera gonbidatzen ditugu; besteek gure gustuko saioa noiz antolatu zai egon gabe). Dena den, kontzertu bat antolatzeko asmo ona izatea ez da nahikoa. Aurreko batean, talde desberdinekin batera musika emanaldi batean parte hartzera gonbidatu ninduten. Antolatzaileek borondate ona zeukaten baina inongo esperientziarik ez, eta horrelakoetan, zerbait gaizki atera gero, jaialdia hondamendi bilakatu daiteke. Ikus entzuleak antolatzaileekin haserre, antolatzaileak soinu teknikariekin haserre, soinu teknikariak antolatzaileekin haserre eta taldeek antolatzaile eta soinu teknikariekin haserre. Hau bai nahaste borrastea. Lehenago esan bezala, musika emanaldia antolatzea ez da zaila baina, gauza batzuk kontutan hartzea garrantzitsua da, jaialdia ondo atera dadin. Guztiak aipatzea ezinezkoa litzaiguke baina, bi zutabeetan, garrantzitsuenak iruditzen zaizkigunak aipatzen saiatuko gara, eta horrelako saiorik inoiz antolatu ez duenarentzat lagungarri izatea espero dugu. Garbi izan, kontzertu bat antolatzeak lana handia suposatzen duela, ez soilik emanaldiaren egunean baita aurretik eta ondoren ere. Lehenik eta behin, zer egin nahi dugun garbi eduki behar dugu. Zeintzuk dira gure helburuak eta helburu horiek betetzeko ze bitarteko ditugu. Askotan, kartela ahalik eta beteena edukitzen saiatzen dira antolatzaileak, beste gauzei jaramon handirik egin gabe. Talde asko edukitzea ez du jende asko joatea ziurtatuko baina zenbat eta talde gehiago orduan eta lan gehiago antolatzaileentzat. Antolatzen dugun lehenengo kontzertua bada hobe helburu xumeak edukitzea, errazago izango zaigu horrela.

ARITZ SOUND SYSTEM


ANTOLATZAILE LANETAN 2 (080904)

ANTOLATZAILE LANETAN (II)

Iragan zutabean kontzertua lehen aldiz antolatu nahi dutenentzat baliagarriak izan daitezkeen kontuak aipatuko genituela genioen. Gure lehenengo kontzertua bada zerbait xumearekin hastea komeni dela esaten genuen. Ez gaitezen hasieratik bi egunetako jaialdi erraldoia antolatzen saiatu. Bi edo hiru taldeekin kontzertua antolatzea nahikoa lana da eta. Ikus dezagun. Lehenenik eta behin helburua zehaztu eta ondoren eskura ditugun baliabideak zeintzuk diren ikusi beharko dugu. Baliabide propioak izan ezean instituzioen inplikazioa bilatu dezakegu. Instituzioekin elkarlana ia ezinbestekoa izango zaigu baimenak lortzeko garaian, emanaldia egingo den lekua, eguna eta ordutegia negoziatu beharko ditugu. Udaletxe gehienek dute eszenatoki estalia eta argi indarra ere euren kontura joan daiteke. Instituzioekin negoziatzeko garaian pazientzia handia behar dela ez ahaztu. Bilerak egiteari gustu hartu diotela dirudi eta azken uneko aldaketak ere ohikoak dira. Instituzioekin kontu horiek borrokatzen ari garen bitartean taldeekin eta soinu eta argi teknikariekin ere harremanetan egon beharko gara. Baldintzak negoziatu beharko ditugu; eskatzen duten diru kopurua, behar duten azpiegitura teknikoa (riderra), egin asmo duten saioaren iraupena eta ezaugarriak, taldeen ordena eta soinu froga, etab. Teknikariei informazio hori pasa beharko diegu eta soinu frogarako orduak zehaztu. Kontutan izan teknikariek denbora behar dutela ekipoa muntatzeko eta horretaz gain, talde bakoitzari tartea eman behar zaiola soinu frogak egiteko. Soinu frogen ordena kontzertuaren ordenaren alderantzizkoa izaten da normalean; hau da, lehenengo taldeak azkena frogatzen du. Afarirako tartea kalkulatu beharko dugu eta soinu teknikariek ere jan behar dutela ez ahaztu. Soinu ekipoek arazoak emateko joera dute eta horrek atzerapenak ere ekarri ditzake. Ezustekoetarako denbora utzi. Taldeen artean materiala konpartitzen badute askoz errazagoa izango da dena. Kontzertu ederra antolatzearekin ez da nahikoa eta emanaldia garaiz eta ondo iragartzea oso garrantzitsua da; horretarako eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu (kartelak, komunikabideak, ahoz ahokoa, etab.). Eszenatokitik gertu barra jartzeak ere asko laguntzen du jendea gerturatzeko garaian (eta diru iturri garrantzitsua ere izan daiteke). Azkenik, ez ahaztu, antolatzaileak, jaialdi osoan, guztien beharretara adi egon beharko duela, eta azkenean, gutxien disfrutatzen duena izaten dela. Hau martitzea!

ARITZ SOUND SYSTEM


ARTIXTEN TOPAKETA (071004)

ARTIXTEN TOPAKETA

Larunbatean I. Artixten Topaketa ospatuko da Hernanin. Aspaldidanik genuen horrelako zerbait egiteko gogoa. Hernani eta inguruko herrietan, artearen adar desberdinetan ari diren lagunak elkartu eta denbora eta espazio berean eguna pasa. Maila ez profesionalean aritzen diren artixtak dira eta ez dute komunikabideetan oihartzun handirik izaten. Normalean, bakoitzak, bere esparruaren barruan antolatzen ditu ekitaldiak eta ez dira esparru desberdinetako artixtak ekitaldi berean ikusten (eta daudenean antolatzaile batek egin du aukeraketa). Larunbatekoan artixtak berak dira parte hartuko duten edo ez aukeratzen dutenak, guztiak gonbidatuta daudelako. Ideia polita izan badaiteke ere, praktikan bere zailtasunak ditu. Lehenik eta behin, interesatuekin harremanetan jartzea ez da batere erraza. Harreman zuzena, ahoz ahokoa eta komunikabideen bidez egindako deialdiak ez dira nahiko izaten. Denbora asko eta esfortzu handia behar da (bereziki antolaketan lagun gutxi egonda). Ekimen berria antolatzen den lehen aldia denean zaila izaten da jendearengana iristea. Era berean, lehen aldia izanda, jendeari kosta egiten zaio parte hartzea, “zer den ikusi arte” askok ez dute inplikatu nahi izaten. Lehen aldiaren beldurrak. Bestetik, esparru desberdinetan ari diren lagunak elkarren ondoan aritzea koordinazio zailtasunak ekartzen ditu, bata besteari traba egin ez diezaion neurriak hartu behar bai dira. Larunbateko ekitaldia kalean egingo da egun argiz. Urbieta kale luzearen zati bat trafikora itxiko da, eta automobilen ordez, musikak, dantzak eta marrazkiek bereganatuko dute kalea. Artixta batzuek ohikoak dituzten gordelekuen babesa utzi beharko dute kalearen oihanean murgiltzeko. Horietako batzuek gainera, gordelekuen segurtasunaz gain gauak ematen duen babesa galduko dute ekitaldia egun argiz egingo delako. Musikari askorentzat ez da “giro” izango; teorian egunez jendea ez dagoelako “girotuta”. Aurpegiak argiago ikusten omen dira. Dena den, ez dugu ekitaldi jendetsua izatea espero. Gure mugak ezagutzen ditugu eta ekitaldi xumea izango da. Zailtasunak zailtasun; musikarekin, dantzarekin, margoarekin eta gizakiak espresatzeko asmatu duen edozein tresnarekin aterako gara kalera. Jendea, ikusle edo entzule hutsa izatetik, sortzaile izatera gonbidatu nahi dugu. Kalera irten eta sentimenduak nahi duen bitarteko erabilita espresatu dezala nahi dugu. Hernanin, Urnieta, Astigarragan, Gorlizen edo Maulen. Gonbidatuta zaude.

ARITZ SOUND SYSTEM

AURREKONTUPARTE HARTZAILEAK (080117)

AURREKONTU PARTE HARTZAILEAK

Urtarrileko aldapa iritsi da eta, kasualitatea (edo ez), batzuentzat beti gorako norabidea dauka. Politikoki, azken urteotako joerari jarraituaz, geroz eta malkartsuagoa aurkezten da (torturak, “ilegalizazioak”, etab.) eta ekonomikoki, krisi hitza aipatzen hasi da, batzuentzat krisia amaigabea denean. Politika eta ekonomia eskutik helduta datoz (baita kultura ere). Urte hasierarekin batera, udaletxeetan (ere), kontuak egiteko garaia da eta egun hauetan, 2008 urtean diru publikoak zertan eta nola banatuko diren erabaki behar da. Politiko guztiak berdinak direla esan ohi da, eta, teorian behintzat, alderdien artean desberdintasunak dauden arren, praktikan, egia da, politikoek antzera jokatzen dutela, eskuindar zein ezkertiar direla esan arren. Zorionez, salbuespenak daude. Hernanin adibidez (eta ezker abertzaleak gidatzen dituen hainbat herrietan), herritarron diruak banatzeko garaian, herritarren iritzia ezagutu eta parte hartzea bultzatzen da (logikoa dirudi, ezta?). Hitzez, agintean dauden politiko guztiek herritarren nahiak eta beharrak kontutan hartzen dituztela diote baina praktikan, gutxi dira, aurrekontuena bezalako gai garrantzitsuenetan, herritarren hitza entzun eta parte hartzea bultzatzen dutenak. Hernanin, azaroa eta abenduan zehar 2008 urteko aurrekontuei buruz hitz egin eta proposamenak egiteko bilera irekiak egin dira. Bilerak gaika banatu dira; politika soziala, euskara, ongintza, zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, kirolak eta kultura. Herritar guztiek nahi zuen atalean (edo guztietan) iritzia eman eta proposamenak aurkezteko aukera izan dugu. Ondoren, egindako proposamen guztiak mahai gainean jarri eta hiru irizpideen arabera bozkatu dira. Emaitzak ikusita, kulturaren atalean kokatzen diren gaiak herritar askorentzat duten garrantzia nabarmendu da. Egindako eta bozkatutako proposamenak aurrekontuetan izango duten islada nolakoa izango den, azkenean, politikoen esku geratzen da baina behintzat, bileretan parte hartu dugun herritarren iritzia ezagutzeko aukera izan dute. Horrelako ekimenak nahiko berriak dira guztiontzat eta argi dago, denborarekin (aukera hori badago behintzat) sistemak dituen gabeziak zuzentzen saiatu beharko garela. Askotan esan dugu, tabernetan gauzak kritikatzea erraza dela baina, benetan gauza horiek aldatu nahi baditugu, lanean jarri beharko garela. Leku batzuetan baliabideak jartzen ari dira eta horrela ez den lekuetan, tresna horiek eskuratzeko lanean jarraitu beharko da.

ARITZ SOUND SYSTEM

AZKENA IZAN DADILA (091030)

AZKENA, MESEDEZ, AZKENA IZAN DADILA

2009ko irailaren 25a, ostirala. Barakaldoko hiru rap taldek kontzertua eskaini behar dute Bilboko Azkena aretoan (aretoa alokatu dute horretarako). Sarrera 3€-tan jarri dute. Eszenatokira igotzen lehen taldea 121 Krew da (http://www.myspace.com/121krewhiphop). Euskal presoak Euskal Herrira dioen banderola dj-aren mahaian jarri eta hasi dira emanaldiarekin. Rap baseen gainean euskaraz abestutako letra zorrotzak ditu taldeak. Bigarren abestia amaituta, beste taldeko lagun batek (aretoa alokatu duenak) esaten die aretoko arduradunak presoen aldeko banderola kendu ezean, kontzertua suspendituko duela (aretoko arduradunak banderola derrigorrez kendu behar zutela esan omen zion “sí o sí”, egin ezean hartuko ziren neurriak zehaztu gabe). Taldekoak harriduraz euren artean hitz egin eta kontzertuarekin ez jarraitzea erabakitzen dute. Gertatutakoaren berri eman, barkamenak eskatu eta, norbaitek horrela nahiko balu, dirua itzultzeko prest daudela esaten diote jendeari. Hurrengo taldeek (Bitxos Raros K eta Betto Snay), 121 Krew-koekin hitz egin eta gero, kontzertuarekin jarraitzea erabakitzen dute. Nola liteke? Informazio guztia eduki asmoz taldeko abeslariarekin, kontzertua antolatu zuenarekin, gau horretan aretoko arduraduna zenarekin eta aretoko nagusiarekin hitz egiten dugu. Hasieratik azken bi hauen bertsio kontrajarriak jasotzen ditugu. Aretoko arduradunak horrelako sinbologia politikorik onartzen ez direla dio eta horregatik exijitu ziela banderola kentzea (behin kontzertua hasita zegoela); aretoko nagusiak berriz dio taldeek sinbologia politikoak erakutsi ditzaketela baina behin kontzertua hasi dela. Aretoak ez die aurrez, taldeei baldintza horien berri ematen. Taldekoek zentsura jaso dutela salatzen dute eta euren adierazpen askatasuna zapuztua izan dela. Aretoko nagusiak berriz, kontzertua suspenditzea taldearen erabakia izan zela dio eta garrantzirik ez duen gertaera bati gehiegizko bonboa ematen ari zaiola. Harriduraz entzun ditugu azken hitz hauek, are gehiago musikaria izandako norbaiten ahotik. Arreta jarri behar diegu horrelako gertaerei edo besterik gabe pasatzen utzi? Sufritzen ari garen betekada errepresiboaren ondorioz izua eta beldurra zabaldu da jendearen artean. Besteak beste, euskal presoen aldeko elkartasun adierazpide oro zentsuratuta, kriminalizatuta eta zigortua izaten ari da sistematikoki eta, askotan, errepresio horren beldurrez, horrelako neurriak hartzen dira. Negu Gorriak-en Borreroak baditu milaka aurpegi kantua hedatzen doa…


ARITZ SOUND SYSTEM


AZPIEGITURAK (XX0301)

AZPIEGITUREN MUGAK

Poztekoa da gurea bezalako herri txikian ematen den sorkuntza aberatsa. Musika arloan soilik, milaka dira estilo desberdinetako egitasmoetan ari diren lagunak. Sorkuntza hori kaleratzeko garaian ordea, askoren artean, azpiegitura egokien oztopoarekin egiten dute aurrez aurre. Egia da gauza asko egiten direla. Asteburuetan bereziki, komunikabideetako agendak musika ekitaldiekin beteta azaltzen zaizkigu. Egiten diren ekitaldi horietako askok hala ere, ez dira baldintza egokienetan egiten. Erabiltzen diren azpiegiturei erreparatzen badiegu, asko dira erabiltzen diren lokalak, baina horietako gutxik eskaintzen dituzte baldintza egokiak (kokapena, azpiegiturak, baldintza teknikoak, segurtasuna, e.a.). Hernani bezalako tamaina ertaineko herri batean adibidez, ez dago sortzaileen eta hartzaileen beharrak aseko dituen kultur azpiegitura egokirik. Dauden azpiegituren artean, publikoak direnak muga asko dituzte. Mugak azpiegiturei dagokionez, mugak baldintza teknikoei dagokionez eta mugak, bereziki, erabilpenari dagokionez. Ordutegia oso mugatua dute (astean zehar eta eguneko ordutegia) eta lokal horietan ekitaldi batzuk planteatzea ezinezkoa da (gazteekin eta gauarekin lotura dutenak bereziki eta baita norabide politiko zehatz bat dutenak ere). Antolatzaileen eta antolatzen denaren araberako mugak. Pribatuak diren lokaletan berriz, helburu ekonomikoa da nagusi, eta jakina da, musikak ez duela dirurik ematen (musika merkantzia bezala ulertzen ez bada behintzat). Muga hauen aurrean, herri askotan, herritarrak zuzenean gestionatutako lokalak bultzatu dira (gaztetxeak adibidez). Hauek ordea, instituzioen aldetik bereziki, izugarrizko trabak jasotzen dituzte eta ondorioz, zaila da, lokal hauetan baldintza egokiak edukitzea (argi indar mozketak, lokalaren egoera kaskarra, baimenik eza, poliziaren eta legediaren mehatxua, e.a.). Eta guzti hau gutxi balitz, antolatzaileak askotan, borondate onena edukita ere, esperientzi gutxi dute eta ondorioz, ekitaldiak ez dira baldintza onenetan egiten (animu, bidea eginez ikasten da eta). Honen aurrean zer egin dezakegu? Lehenik eta behin, behar hori ikusten dugunok elkartu beharko genuke. Mahai gainean beharrak eta proposamenak jarri eta, behin irtenbide posibleak bilatuta, lanean jarraitu. Jakina da, herri bakoitzak bere beharrak eta ezaugarriak dituela, eta ziurrenik, eredu bakarrak ez dituela behar guztiak aseko. Proposamenik?

ARITZ SOUND SYSTEM

BERRESKURATU DEZAGUN KALEA (070510)

BERRESKURATU DEZAGUN KALEA

Aldaketa klimatikoa guztion ahotan dagoen gaia da. Berotegi efektuak aldaketa larriak ekarriko dizkio lurrari eta dagoeneko lurraren beroketaren ondorioak jasaten hasiak gara. Gauza txar guztiek bere alde ona dutela esaten da, eta dirudienez, gizakiok sortutako kutsaduraren ondorioz, azkenean, urteetan amestutako Euskal Herria “tropikala” izango dugu aurki. Euskal Herri gris eta euritsua gure oroimenaren parte izango da eta berde kolorea paperean edo pantailan ikusiko dugu soilik. Euskal Herria basamortua bihurtu ez dadin ordea neurriak hartu beharko ditugu noski baina, Euskal Herri tropikalean gauzak mantso doazenez, neurri horiek hartu eta emaitzak lortzen ditugun bitartean, goza dezagun gure eguzki “berriaz”. Negua desagertzeko zorian dagoen honetan, udaberri eta udara luzeak ditugu aurretik. Egunak luzeagoak eta argitsuagok dira. Eta orain, eguraldia “alde” dugula, ez dugu aitzakiarik. Atera gaitezen kalera, berreskuratu dezagun kalea. Euskal Herrian antolatzen diren musika emanaldi gehienak leku itxietan egiten dira, euriaren eta hotzaren babespean. Hemendik aurrera izango dugun eguraldi “pribilegiatuarekin” ez dugu aitzakiarik izango. Atera dezagun musika kalera, gau zein egunez. Zergatik ez. Antolatu ditzagun musika kontzertuak (elektrikoak zein akustikoak), txarangak, disko jartzaileen sesioak eta bururatzen zaigun guztia eta egin dezagun kalean eta egun argiz (edo ilargi argiz). Eta beste inork ez badu egiten izan zaitez zu zeu antolatzaile. Egin ezazu zu zeu. Ez da batere zaila. Hori bai, udaletxeek jarritako traba burokratiko guztiak gainditu beharko dituzu aurretik (gauzak “baimenik2 gabe antolatzen ez badituzu behintzat) eta kontutan izan, talde lanean erresago gainditzen direla oztopoak. Berreskuratu dezagun kalea. Ordezkatu dezagun autoen zarata eta kea bafleen dardarekin. Zabaldu ditzagun lau haizeetara gustuko ditugun doinuak eta alai ditzagun musikarekin herriko kale, plaza eta txokoak. Bizia eman diezaiogun herriari eta borrokatu dezagun zarata. Hori bai, eguzkitako betaurreko ilunak, txapela eta babes faktore altua duen eguzkitako krema eskura eduki beharko ditugu beti, ez diezagula eguzki irradiazioak festa nahi baino lehenago bukatzera behartu.

ARITZ SOUND SYSTEM

BERTSO RAP CLASH (XX0407)

BERTSO-RAP CLASH

Jamaikarren hizkeran “clash” hitza (talka edo topaketa ingelesez) lehiaketa adierazten du. Jamaikar sound system-en arteko lehia gogorra izan da betidanik (eta odoltsua batzuetan). Sound system-ak Jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. Furgoneta gainean soinu ekipoa igo eta auzoz auzo festa antolatzen dabiltza, kale gorrian. Musika aukeratzaileak edo selektoreak (selecta), diskoak jartzen ditu eta toaster edo animatzaileak, mikroa eskuan duela, jendea zirikatu eta kantuak aurkezten ditu. Hitz jario inprobisatu eta oso musikala da toasterrarena. Jamaikar sound systemen hazitik jaio zen rap musika AEB-etan. Euskal Herrian, bertsolariak dira, inprobisatzearen haritik, plaza animatzaile eta zirikatzaileak. Sound systemak, rapak eta bertsolaritzak bat egingo dute gaur arratsaldean Bilboko Azkena aretoan, 19:30etatik aurrera. Jon Maia, Igor Elorza eta Unai Iturriak Selektah Kolektiboko Daddy Jeff eta M.A.K.-eko Jon Eyherabide izango dituzte aurrez aurre, Selektah-ko DZ eta Aritz Sound Systemen musika eta soinuen erasopean. Talka, topaketa ala lehiaketa? Berritasuna, garapena eta aberastasuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

BERTSOLARITZA ETA RAPA (XX1111)

Bertsolaritza eta Rapa

Gaztetxulo aldizkariak 5. urteurrena ospatzeko antolatu ekitaldien barruan, “Bertsolaritza eta Rapa” izeneko solasaldian, Sustrai Kolina eta Amets Arzallus bertsolariak, Jon Eiherabide rap abeslaria eta gu geu izan ginen, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle lagunekin batera. Hona hemen solasaldiko hausnarketa batzuk. Bertsolaritzak eta rapak, milaka kilometrotako distantzia tartean eta jatorrian kultura desberdinetan sortuak, gauza asko dituzte komunean (Adib. esklaboen artean ahozko tradizioa funtsezkoa izan da afrikar izaera bizirik mantentzeko garaian). Bertso eta rap hitzak gure bizitzan oso ohikoak bilakatu badira ere praktikan oso gutxi dakigu hitz hauen atzean dagoen mundu konplexuaz (Adib. Rap eta Hip-Hop hitzak sinonimotzat ditugu). Elkarrekin ikasteko eta elkarri erakusteko asko dute (Adib. Rap inprobisatzaileek asko ikasiko lukete bertsolarietaz eta hauek asko ikasiko lukete raperoen musikalidadeaz). Kritika merke gutxiago eta solasaldi, hitzaldi, eztabaida eta hausnarketa gehiago behar ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

BIZITZA ANITZEKO ARRAIAK (080228)

BIZITZA ANITZEKO ARRAIAK

Soilik bizirik dauden arraiek egiten dute igeri korrontearen aurka. Nelson Mandelak zioen borroka zela bere bizitza eta egia esan, gizartearen korronteak daraman norabidea ikusita ez dirudi aukera askorik dagoenik. Iragan astean, agintariek (indarra legez erabili dezaketen horiek), urtebete bizirik zeraman Zazpi Katu gaztetxea ixten saiatu ziren. Polizia espainiar autonomikoa, polizia munizipala (polizi “osoa” izateko merituak egiten?), epaitegiak eta udal agintariak bat egin zuten etsai arriskutsuaren aurka. Komunikabide “ofizialek” berriz ez zuten apenas informaziorik zabaldu, albiste “garrantzitsuagoak” izango zituzten, noski. Zorionez, gaztetxea indarrez itxi eta gutxira zabaldu zuten berriro. Gaztetxeak gazteak elkartu eta gauzak antolatzeko espazioak dira; kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, tailerrak, ikastaroak, etab. Musika zaletuak garenontzat, ezinbesteko erreferente dira. Hartzaile modura beste inon topatuko ez dugun eskaintza dutelako, baina bereziki, emaile bezala, egiten ditugunak erakusteko aukera aparta eskaintzen dutelako. Ez dituzte azken aldian perretxikoak bezala zabaltzen ari diren areto ofizial ponpoxo horien baldintza teknikoak izango (ezta ekonomikoak ere) baina gaztetxeetako jendearen berotasunak eta abegikortasunak ez du parekorik. Musika zaletuak zorretan gaude gaztetxeekin, eta era berean, behartuta gaude haien alde egitera. Baina ez soilik musikazaleak. Gaztetxeek gazteen eta musikazaleen eremua gainditzen du. Gizartea ulertzeko modua dira. Gune askeak dira, diruaren (i)logikatik at eta proposamenetara irekiak. Egun bizi garen gizartean oasiak dira, etengabe erein, landu eta hobetu beharreko oasiak. Zertan ari gara? Gazteak taberna eta dantzaleku pribatuetan pilatu nahi ditugu, ala? Gazteak, koadrila itxietan, alokairuzko garajeetan play stationean jolasten nahi ditugu? Uneoro zer egin daitekeen (behar den) esaten duten hezitzaile adituen menpe nahi ditugu? Enpresa handiek, enpresa handien interesean antolatutako musika jaialdi handietako eremu itxi handietan pilatuta nahi ditugu, ala? Gazteak, eta ez horren gazteak, elkartzeko, antolatzeko, esperimentatzeko, ikasteko eta hanka sartzeko espazioak behar ditugu. Independente eta autogestionatuak. Artzainen zaintzarik behar izan gabe. Horregatik (eta gehiagogatik) elkartasuna erakutsi behar diegu (beste behin ere) eremu askeen alde lanean ari direnei. Korronteak ez du etenik.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOB MARLEY (XX0208)

BOB MARLEY
62 URTEKO IZAR DIZDIRATSUA

Robert Nesta Marley, 1945eko otsailaren 06an jaio zen Jamaikako St. Ann´s nekazal gunean eta 1981. urteko maiatzaren 11ean hil zen Miamin. Hasiera batean, jamaikar gazte askok bezala, musikaz bizitzea zuen ametsa (Jamaikako gizartean ghettoetako gazteek miseriatik irteteko zuten aukera bakarrenetakoa zen). Denborarekin eta lehen helburu hori lortuta (kostata), musika, gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dela konturatuko zen (bereziki idazten eta irakurtzen ez dakien gizarte batean). Gaur egungo ikuspegitik aztertuta, eta Jamaika milaka kilometrotik begiratuta, oso kritikoak izan gaitezke Bob Marley eta bere lagunek zabaltzen zituzten mezu askorekin (Rasta erlijioa, Haile Selassie diktadorea, Jamaikar gizarte matxistaren eragina, e.a.). Oinarrian ordea, nahiz eta bere garai eta inguruneagatik baldintzatuta egon, zintzoki, pertsonen arteko berdintasuna eta errespetua bilatzen zuela pentsatzen dugu. Bob Marley-k, arrakastaren maila gorenera iristen ari zela utzi gintuen; eta hil eta gero, nazioarteko errekonozimendua handitzen joan da etengabe. Gaur egun, mundu mailan ezaguna den abeslaria da, reggae musikaren eremua gainditu du eta milaka gazteen erreferentea da oraindik. Askotan galdetu diogu gure buruari zer gertatuko litzateke Bob Marley bizirik balego. Musika egiten jarraituko luke ala, garai batean famatu izan diren abeslari askok egin bezala, oroitzapenen kontura biziko litzateke. Diskoak kaleratzen jarraituko balu, zer musika egingo luke? Reggae musikara mugatuko litzateke? Beste estiloekin nahastuko luke reggaea? Reggaearen bilakaerarekin bat egingo luke? Zer jarrera edukiko luke bere musika merkantzia gisa erabiltzen dutenekin? Hil eta gero lortutako fama edukiko luke? Musika, gizartea aldatzeko tresna bezala ulertuko luke oraindik? Zer pentsatuko luke egungo Jamaikar gizarteari buruz? Eta munduaren egoerari buruz? Kontzertuak ematen jarraituko luke? Eta hemen kontzertua emango balu, jendea agurtzeko garaian, automata modura, “greetings Spain” esango luke? Basque Country-ko egoerari buruz interesa erakutsiko luke? Zinbawerekin egin bezala, Euskal Herriaren askatasun egarriari kantua eskainiko lioke? Erantzunik gabeko galderak dira baina pentsarazten gaituzte. Eta erantzunak bilatzen badizkiegu, bakoitzaren nahiaren araberakoak izango dira ziurrenik. Ez gaitzala inoren distirak itsutu.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOB MARLEY (XX0519)txt

BOB MARLEY
Astebete igaro da Bob Marleyren heriotzaren urteurrena bete zenetik. Komunikabide gehienak eskaini zioten tartetxoa. Bere irudia leku gehienetan ikusi genuen, eta hitz edo lerro batzuk eskaini zizkioten denek, baina ia inork ez zuen gaia modu sakonean aztertu. B. M.ren musika jende askori gustatzen zaio eta bere irudia, orrazkera bitxi horrekin eta irribarrea ahoan duela, oso erakargarria suertatzen da. Irudia. Jimmy Hendrix, James Brown, edo beste maila batean, Malcolm X edo Che Guevara. Berehala geratzen gara irudiarekin, baina zer dakigu benetan irudiaren atzean dagoen munduaz? Denek ezagutzen dugu B. M., B. M. ezagutu gabe. Denek dakigu reggaeaz eta Jamaikaz, Jamaikaz eta reggaeaz tutik jakin gabe. Denek dakigu musikaz, musikaz ia ezer jakin gabe. Gutxi dira musika gaiak modu sakonean jorratzen dituzten komunikabideak eta are gutxiago eztabaida eta mahai inguruak bultzatzen dituztenak. Egia bada musikaz zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta gehiago disfrutatzen dugula, jarri ditzagun bitartekoak. Zeren zain gaude. Gozatu dezagun musikaz. Ixa74@hotmail.com

ARITZ SOUND SYSTEM

DIRU KONTUAK 1 (080501)

DIRU KONTUAK

Euskal Herrian, ehunka dira astebururo antolatzen diren musika emanaldiak. Modu azkar eta oso orokorrean esanda, hiru eratako emanaldiak izan ohi dira. Guztietan, era batera edo bestera, musikarekiko zaletasuna dago, baina, helburu desberdinak dituzte. Horietako batzuk helburu ekonomikoa dute nagusiki; hau da, saioarekin negozioa egin eta dirua ateratzea bilatzen dute. Ekimen pribatuak izaten dira, maila profesionalean aritzen dira eta arrakasta lortu duten musikariekin antolatzen dituzte emanaldiak. Harremana komertziala izaten da eta nahiko arautua dago. Beste emanaldi batzuetan helburu nagusia musikaren zabalkundea da; hau da, musika zaletu talde batek (edo bakarka), gustukoak dituen musikariekin saioa antolatzen du. Antolatzailearen asmo nagusia, gustuko dituen doinuak ezagutaraztea izaten da, eta emanaldian parte hartzen duten musikariena berriz, egiten dutena jendeari erakustea (musikari ez profesionalak izan ohi dira). Hauetan, diruak ez du horrenbesteko garrantzirik; antolatzaileak ez du dirua irabazteko asmorik (askotan dirua ez galtzeko era guztietako malabareak egin behar ditu) eta musikariak ere ez du diruagatik egiten. Hirugarren motatako emanaldietan helburu nagusia ez da musikaren zabalkundea, ezta dirua ateratzea ere (nahiz eta batzuetan honek garrantzia handia izan). Hauen barruan kokatu ditzakegu helburu politiko edo sozialekin bultzatutako emanaldiak non musikak bere tartea izaten duen, eta musika, mezu zehatz batzuk zabaltzeko, jendea emanaldira erakartzeko edo beste eratako ekitaldien osagarri bezala erabiltzen den. Modu orokorrean aipatu ditugun hiru eredu hauetaz gain, badira gehiago, noski, eta askotan, hiru ereduetako osagaiak elkartzen dira emanaldi batzuetan. Maila profesionalean ari diren musikariek nahiko arautua dute euren jarduera (bitartekariak daude, kontratuak, fakturak, etab). Maila ez profesionalean aritzen diren musikarien artean ordea (gehiengo nagusia), gauzak ez daude horren argi. Hauen artean, borondate ona eta sortutakoa erakusteko beharra da nagusi, eta bigarren maila batean geratzen dira emanaldia egiteko dauden baldintzak (teknikoak, ekonomikoak, etab). Gaia konplexua da horrelako tarte laburrean behar bezala aztertzeko, baina, gure artean antolatzen diren musika emanaldi kopurua ikusita, antolatzaileen eta sortzaileen artean hausnarketa sakonagoa mereziko lukeela uste dugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

DIRU KONTUAK 2 (080522)

DIRU KONTUAK (2)

Iragan zutabean, Euskal Herrian musikarekin antolatzen diren emanaldien ezaugarriak oso modu orokorrean aipatu genituen. Emanaldi hauetan musikarekin bilatzen denaz aritu ginen, eta maila ez profesionalean aritzen diren musikariek, zuzenekoak eskaintzeko garaian dituzten baldintzetaz hitz egiten hasi ginen. Diru kontuetaz ari garenean, musikariek jaso beharreko diru sariaren gaia bigarren mailan geratzen da, maiz. Musikariei, gehiegitan, musu-truk jotzea eskatzen zaie eta horretarako bi arrazoi nagusi izan ohi dira; batetik, musika emanaldiak antolatzeko garaian, antolatzaileek zailtasun handiak izaten dituzte diruak lortzeko. Emanaldiek gastu asko izaten dituzte; soinu eta argi ekipoak direla, kartelak eta propaganda, eszenatoki eta azpiegiturak, etab. Garestia da emanaldia antolatzea eta dagoen diru apurra, azpiegitura kontuetan gastatzen denez, askotan musikariei musu-truk aritzea eskatzen zaie. Besteetan berriz, helburu politiko edo soziala duten emanaldietan, musikariaren konpromisoa bilatzen da. Zorionez, gure artean, asko dira (gehienak), konpromisoa eta musikarekiko maitasuna, diruaren gainetik jartzen dutenak. Ezin ahaztu ordea, egun bizi garen gizartean, diruak duen garrantzia, eta gizarte eredua aldatzen ez den bitartean, musikariek ere, bizitzeko dirua behar dutela (nahiz eta musikari profesionalak ez izan). Musikari ez profesionalen lana ez dago batere arautua; are gehiago, behar baino gutxiago baloratua dagoela esango genuke. Askotan, saioa egiteko aukerarekin nahikoa dela dirudi, musikaria eskertua egon behar duela aukera hori izateagatik (eta eskertzekoa da noski, baina hori nahikoa ote da?). Emanaldia antolatzeko garaian, soinu eta argi teknikariak diru saria behar duenik ez da zalantzan jartzen (horrela behar du gainera) eta musikariari berriz, batzuetan, ez zaizkio ezta bidai gastuak ordaintzen. Gertatu izan da, helburu politiko edo soziala duten emanaldi batzuetan, bertako musikariekin batera, kanpotik sona handiko musikariak ekartzea, eta kanpokoei diru sari ederrak ematen zaizkien bitartean, bertakoei sosik ere ez ematea. Gaia konplexua dela badakigu baina hausnarketa merezi du. Ondo legoke gutxieneko batzuk adostea, eta gutxieneko horietatik aurrera, emanaldiak dituen ezaugarriak kontutan izanda, baldintza batzuk edo besteak adostea (beti ere antolatzaile eta musikariaren artean gauzak argi hitz egin eta gero).

ARITZ SOUND SYSTEM

DIRU ZURIKETAK eta JAI HERRIKOIAK (100625)

DIRU ZURIKETAK ETA JAI HERRIKOIAK
Aurreko zutabe batean Rodolfo Ares (Barne saila) eta Jokin Bildarratzek (Eudel) adostutako txosnen normatibari buruz aritu ginen. Azken urteetan asko dira herri mugimenduen jarduera kontrolatzeko eta oztopatzeko martxan jarri diren ekimenak (legedi, arau zein neurri errepresiboak). Krisiaren aitzakiapean bide berria bilatu dute hainbat agintarik. Herrietan ekimenak antolatzen dituzten herri taldeei diru laguntzak ematen zaizkienean diru horien zuriketa eskatzen zaie eta, logikoa denez, diru laguntza publikoa jasotzen duenak diru hori zertan gastatu duen justifikatu beharko du. Gauza da, dirudienez, legediak diru justifikazio horiek fakturen bitartez egin behar direla agintzen duela eta hor datoz komeriak. Orain arte, nolabaiteko “permisibilidadea” egon izan da eta fakturak egin ez zitezkeen kasuetan “recibi” edo antzeko formalismoen bidez egiten zen (diru kopuru handiak ez zirenean behintzat) ; hau da, dirua jaso duenak (artistak edo dena delakoak) diru hori jaso duela ziurtatzen duen agiria sinatzen zuen (bere datuekin batera) eta paper hori aurkezten zen justifikazio modura. Diru hori ez zen nonbait deklaratzen eta hortik datoz ere arazoak. Orain ordea gauzak aldatzen ari dira (azken urteetako joera izan arren krisiarekin areagotu da) eta jasotzen den diru laguntzaren azken xentimoraino ere faktura bidez justifikatu beharra dago. Herrietan egiten diren ekitaldi askoren antolatzaileak ez daude enpresa modura egituratuta eta antolatzen dituzten ekitaldi askotan parte hartzen duten “artistek” ere enpresa edo autonomo ez direnez ezin dute fakturarik igorri. Egoera berriak bi ondorio garbi ditu; batetik, edozertarako faktura behar bada, orain arte faktura gabe egiten ziren ekitaldiak izugarri garestituko direla, eta bestetik, faktura igortzeko aukera ez duten artistek (enpresa bezala eratuta ez daudenak, alegia) ezin izango dutela instituzioak tartean dauden ekitaldietan parte hartu. Era berean, irabazi asmorik ez duten herritar talde antolatzaileek ere beste zailtasun bat edukiko dute gauzak antolatzeko garaian (horrela egin ezean diru laguntzak galtzeko edo isun gogorrak jasotzeko arriskuarekin, gainera). Azken urteetako joera da talde antolatzaileei baldintzak gogortzearena eta honen aurrean, erantzuna ezin du isolatua edo banakoa izan (hiri, herri edo auzo mailakoa soilik). Irabazi asmorik ez duten herritarren talde antolatzaileek erantzun bateratua bilatu beharko dute eta bide horretan ari den Jai Herrikoiak Bultzatuz bezalako ekimenak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

ARITZ SOUND SYSTEM

DISKO BEREZIKI MAMITSUAK (100604)

MAMIA DUTEN DISKOAK

Azken hilabeteotan tematika eta aurkezpen berezia duten disko dezente iritsi dira gure eskuetara. Normalean, abeslari edo talde batek diskoa kaleratzen duenean, konposatutako azken kantuen bilduma izaten da eta, hauen artean, tematika eta motibazio desberdina duten kantuak aurki daitezke. Gai edo helburu zehatz batekin kaleratutako disko “tematikoak” berriz balore gehigarria dute, gure ustez, elkartasuna bezalako baloreak motibaturik sortu badira, bereziki. Horren adibide garbia izan daiteke Musikherriak diskoetxeak kaleratutako Bi herri, irrintzi bat diskoa eta komunikabideetan merezi duen arreta jaso ez duena. Musikari euskaldun eta sahararren arteko zubia da, elkarlanean eraikita. Basamortuaren lehorrean irudikatutako ideiak fruitu mamitsua eman du urtebeteko lanean. Musika eta hitz ederrak jasotzen ditu, informazio osatua dakar eta aurkezpen txukuna du. Irabazi asmorik gabeko proiektua da, musu truk aritu diren lagunek osatuta eta diskoaren salmentatik lortzen den diru guztia errefuxiatuen kanpamenduetako oinarrizko beharretara bideratzen duena. Sukran. Adibide gehiago ere badira gure artean, noski, eta azkenetakoen artean Fermin Muguruzaren Checkpoint Rock disko-dvda aurki daiteke. Palestinar herriarekiko elkartasun oihua, palestinarrekin elkarlanean eta palestinarren doinuak eta borroka ezagutarazteko asmoz. Azken aldian Ferminek parte hartu duen disko tematikoen artean Pintxoak izenekoa ere badago. Bertan, musikaren eta pintxo formatua duen janariaren arteko harremana zirikatzen da eta, ideia horri tiraka, jaten dugunaren eta nola jaten dugunaren gaia sakonago eta jarrera kritikoarekin arakatzen duen diskoa faltan botatzen dugu. Estetika, nobedade edo zaporearen gainetik jaten duguna gurean eta inguruan duen eragina landuko duen diskoa, adibidez. Elkartasunarena balore ederra dela esan dugu eta musikarien artean oso ohikoa da, zorionez. Zentzu honetan azpimarragarria da ere, duen berezitasunagatik bereziki; Pirritx, Porrotx, Mari Motots eta euren lagun koadrila handiak egiten duten lana. Bizi pozaren irakaskuntza musikaren bidez eskainia. Adin guztietako haur eta gazteen artean gai desberdinak (minbizia bezalako gai zail eta delikatuak ere), naturaltasun osoz azalduta. Aupa zuek. Disko gehiago ere badira gure artean baina ez gara gehiago luzatuko. Musikariei gonbidapena luzatu baino ez, horrelako diskoetan parte hartuta (edo bultzatuta), esperientzia pare gabean parte hartzeaz gain, euren musika ederrari balore gehigarria emango diotelako, zalantzarik gabe.


ARITZ SOUND SYSTEM

DISKO BERRIEN AIPAMENAK (080918)

DISKO BERRIEN AIPAMENAK

Udara amaituta denboraldi berriari hasiera eman diogu eta denboraldi hasierarekin, hobetzeko asmoz beti ere, aldaketak datoz maila askotan. Urrutira joan behar izan gabe, egunkari honetan bertan, kultura atala eraberritzeko asmoa dago. Kulturaren atal berrian disko berrien tartea mantentzea edo ez, eta mantentzekotan, atalak beharko lukeen tartea aztertzen ari da. Urte batzuk badira disko berrien aipamenak egiten ditudala eta beraz, niri galdetuz gero, argi dago erantzuna baiezkoa litzatekeela. Nire iritzia inolaz ere objektiboa ez dela izango jakinda ere nire buruari galdetzen diot: Beharrezkoa ote da disko berrien atala? Zergatik? Eguneroko dosiaren bila dabilen musika adiktoa naizen aldetik, disko berrien, disko aipamenen edo disko kritiken atalak (izena gutxienekoa da), nire ustez, atal interesgarrienetakoak dira edozein komunikabideko kultura orrialdeetan. Batetik, kaleratzen diren kantu, disko, talde zein musika estiloen berri ematen digutelako (beste era batera agian horien berri ez genuke inoiz izango) eta bestetik, kantu horiek entzun eta zurearekin bat etorri beharrik ez duen norbaiten iritzia eduki dezakegulako (nahiz eta iritzi hori ez litzateke inolaz ere erabakiorra izan beharko diskoa eskuratu edo entzuteko garaian). Argi dago, jende arruntak ez duela musika adiktoak dugun musika egarria baina, hala eta guztiz ere, jende gehienari gustatzen zaio musika eta ondo dago, modu orokorrean bada ere, musika mailan kaleratzen diren proposamenen berri edukitzea. Gaur egun, internet bezalako tresnei esker, guztion esku dago disko berrien informazioa eskuratzea. Dena den, bilaketa horrek askotan denbora handia eskatzen du eta gainera, bilaketa horrek, soilik, dagoeneko ezagutzen ditugun musikarietara mugatzeko arriskua du. Gara bezalako egunkari batean disko berrien atala edukitzeak beste komunikabideen bidez ezagutuko ez ditugun taldeen musika ezagutzea suposatu dezake eta gainera, beste baten belarriek aukeratuta. Honek bere alde txarrak ere eduki ditzake noski; espazioa oso mugatua dela batetik eta bestetik, jai duzula zure gustuak diskoak aukeratzen dituenaren gustuekin bat ez badatoz.
Garako disko berrien ataleko irakurleen iritzia jakin nahiko genuke. Zer iruditzen zaizue atala? Beharrezkoa ikusten duzue? Alde onak? Alde txarrak? Zer aldatu, kendu edo gehituko zenukete? Ez da lehiaketa baina zuen iritzia jakin nahiko genuke.

ARITZ SOUND SYSTEM

DISKO BERRIEN AIPAMENAK 2 (XX0809)

DISKO BERRIEN AIPAMENAK (2)

Iragan zutabean, disko berriak izeneko atalari buruz aritu ginen. Komunikabide orokorretan duten garrantzia aipatzen genuen eta betetzen duten funtzioaz. Behin beharrezkoak direla erabakita, nolakoak izan beharko lirateke? Lehenik eta behin, musikan espezializatuak diren komunikabideen eta komunikabide “orokorren” artean desberdindu beharko litzateke. Logikoa denez, espezializatuetan tarte eta garrantzi handiagoa emango zaio atalari eta “orokorretan” berriz espazioa askoz ere mugatuagoa izango da. Guk, azken hauetaz arituko gara eta espazio horren mugak kontutan izango ditugu. Nola izendatu behar dugu tarte hau? Komunikabide gehienetan disko kritikak izenarekin aurkezten dute. Niri dagokidanez, disko aipamenak bezala izendatzea gustatzen zait. Disko kritika bat egiten denean, normalean idazten duenak diskoa aztertu eta bere iritzia ematen du. Musikarena oinarrian gustu kontua dela pentsatzen dudanez diskoari buruzko informazioa ematea nahiago dut (normalean) eta irakurleak, diskoa zertaz doan jakinda, diskoa entzutea erabakitzen badu, ona edo txarra iruditu zaion esango du. Diskoaren informazioa ematea diogunean, taldearen ibilbideari buruzko informazioaz ari gara, musika egiteko garaian dituzten inspirazio iturriez eta bizi diren gizarteko egoeraz eta historiaz. Azkenean, musika horren sorreran osagai anitz aurkituko ditugu eta zenbat eta osagai gehiago ezagutu orduan eta egokiago baloratuko dugu musika hori. Taldea oso ezaguna bada, ibilbidearen eta ingurunearen informazioa sobera egongo zen agian, baina guri dagokigunez, Euskal Herrian oso ezagunak ez diren proposamenak gerturatzen ditugu eta horregatik, disko baten edo bestearen azalpen zehatzak baino, musikarien aurkezpenak du lehentasuna. Disko aipamenei eskaintzen zaion tarte mugatuarekin, diskoaren analisi sakona baino, lehentasuna, musika horren sortzaileei buruzko informazioa ematea da, egiten duten musikaren azalpen laburrarekin batera, noski. Tarte laburraz kexu gara beti baina, egia da, testu luzeegiak idatziko balira inork gutxik irakurriko lituzkeela. Eta estiloei dagokionez, zer? Estilo bakarrera mugatu gabe, aniztasuna bilatzen dugu, gure gustu musikalen muga bakarrarekin. Era berean, kultura aniztasuna zaindu beharko genuke eta musika industrian kultura anglosajoia nagusi dela jakinda ere, beste hizkuntza eta kulturei arreta ematen saiatzen gara.

ARITZ SOUND SYSTEM

DROGA PUBLIKOAK (XX1223)

DROGA PUBLIKOAK

Durangoko azoka. Entzun! musika aldizkariaren festa. Atxo Fun Fun taberna. Giro ederra. Goizeko zazpietan Bilbora joateko lehen trena. Euskotren. Kola egin ostean makinara iritsi eta billeteak irensten dituen sarrailak ez ditu billeteak irentsi nahi. Kaka. Kabina itxita dago eta barruan sei “langile”. Bati egoera azaldu ostean beste makinan saiatzeko esaten digu (erdaraz noski). Ados. Berriro kola egitera. Makina honek ere ez ditu billeteak onartu nahi. Trena geltokian dago eta jendea urduritzen hasi da. Berriro kabinako langilearengana joan eta tiketik ezin digula saldu dio. Galdera logikoa. Eta zer egin dezakegu? Erantzuna: “Denuntzia jarri nahi baduzue?”. Imajina ezazue egoera. Nork dio Euskal Herrian, aluzinatzeko, drogak behar direnik? Azkenean barrera saltatu eta tiketik gabe egiten dugu bidaia. Bilbora iristean ordea berriro “ordaintokia”. Segurtasuna (norena?) zaintzen duten morroskoekin. Eta guk tiketik gabe. Gaua, festa eta autoa arriskutsuak direla esaten zaigu behin eta berriz. Garraio publikoak berriz gaizkile bihurtzen gaitu. Hau komeria!

ARITZ SOUND SYSTEM

ESKATZEA LIBRE (XX1013)

ESKATZEA LIBRE
Herriko festak. Goizaldea. “¿Oye, no tienes algo kañero?, “Pon bacalau, pon algo conocido, pon esto, pon lo otro…”. Musika jartzen ibiltzen garenok behin eta berriro entzun beharreko eskaerak dira. Normala omen da. Jendearen gustuak anitzak dira eta zaila da, jende guztiaren nahiak asetzea. Honen aurrean, Musika Jartzaileen Sindikatuko Lagunok zera adierazi nahi dugu: 1- Jendea uneoro kontutan hartzen badugu ere, guk aukeratutako musika jartzeko gaude (horretarako deitu gaituzte). 2- Eskaera, errespetuz egiten bada, eta jartzen ari garenarekin bat egiten duela uste badugu, gustura jarriko dugu. 3- Zure gustuko musika aurkitzen ez baduzu, animatu zaitez eta gustuko musikarekin festa antolatu. 4- Gazteleraz ulertzen dugun arren, euskaraz bizitzen saiatzen gara. 5- Musika, ez dugu hizkuntzaren arabera aukeratzen. 6- Sindikatuko lagunok, ez gara festetan jartzen dugun musikak eragin ditzakeen ondorioen erantzule egiten. 7- Hemen idatzitakoak ez dira egi absolutuak eta denborarekin edo diruaren eraginez aldatu daitezke. Ixa74@hotmail.com

ARITZ SOUND SYSTEM

ESKERRAK (070913)

UDARA AMAITZEAR, ESKERRAK EMATEKO GARAIA

Badoa udara. Eguzkia, euri zaparradak, hondartzak, aterkia, bidaiak, kontrolak, lagun zaharrak, berriak, gertu daudenak, indarrez urruti egon behar dutenak, oporrak, langabezia eta herrietako jaiak, nonahi. Zenbat argazki digital eta zenbat oroitzapen. Udararen errepasoa egiteko garaian ziur askorentzat herrietako jaiek tarte berezia izango dutela. Egun gutxi izan ohi dira baina intentsitate handikoak dira. Lagunekin parrandak, txosnak, musika emanaldiak, suak, zezenketak, etab. Bakoitzak bere erara biziko ditu noski. Oroitzapen guzti horien errepasoa egiteko garaian ordea ziur festetan ezinbestekoa den osagai bat ahaztu dugula. Nor gogoratzen da jaiak ondo atera daitezen lanean egon diren ehunka lagunez. Jaiak dirauten bitartean berehala atzemango ditugu akatsak. Urtero egitarau berdina dela, nolako usai txarra eta zikinkeria dagoen, txosnetako soinu eta zerbitzu kaskarra, ordutegi mugatua, etab. Primerako kritikoak gara. Eta gauzak hobetu nahi baditugu kritikoak izan behar dugu nahitaez. Hori bai, gauzak hobetzeko bidean lan egiteko prest baldin bagaude behintzat. Erreza da kritikatzea, edonork egin dezake. Kritika txukunak egitea ordea ez da horren erraza, aurretik kritikatzen ari garena ezagutzea komeni da eta horretarako horretan aritu izana funtsezkoa da. Eskerrak emateko garaian berriz alperragoak gara oraindik. Gauzak ondo ateratzen direnean berez atera direla dirudi. Beno, ba lerro hauen bitartez herrietako jaiak ondo atera daitezen lanean aritzen diren lagun guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Gainontzekoak ondo pasa dezaten lan gogorra egiten duten guztiak gogoan izan nahi ditugu. Ez gara soldata edo diru sari baten truke ari direnetaz ari (kasu batzuetan agian), baizik eta bereziki, ordainean dirurik jaso gabe, lan gogorra egiten duten militante eta boluntarioetaz ari gara. Jai batzordeetan bilera aspergarri eta amaigabeak agoantatzen dituztenei, tokian tokiko politiko profesionalak agoantatu behar dituztenei, egun gutxi irauten duten festen aurretik, hilabeteak buruari bueltak ematen pasatzen dituztenei, bere poltsikotik telefono deien faktura eta autoaren gasolina ordaintzen dutenei, besteak parrandan dauden bitartean dena ondo egoteaz arduratzen direnei, txosnetan txanda egin eta goitik behera alkoholaz blai eginak bukatzen dutenei, txosna itxi eta guztia txukuntzen geratzen direnei, bere txanda izan gabe laguntzera sartzen direnei, etab. Zuena bai meritua.

ARITZ SOUND SYSTEM

ETA ORAIN LAPURKETA (101015)

ETA ORAIN, LAPURRETA
Zorigaitzak ez omen datoz bakarka. Aurreko zutabean zilborrari begira jarri eta, zeharka bada ere, azken hilabeteotan dugun osasun pattalaren berri ematen genuen. Beno ba orain lapurreta baten berri eman behar dizuegu. Duela bi aste ezezagun batzuek, azken hamar urteetan gure bizitzaren parte garrantzitsua izan den soinu ekipoa lapurtu digute. Bafle, anplifikagailu, nahasketa mahai, soinu irakurgailuak, mikrofonoak, kableatua eta abar. Sinistear gaude oraindik. Europa mailan biztanleko polizi gehien duen lurraldean furgoneta bete soinu ekipoa lapurtu eta inongo arrastorik uzten omen ez duten gertaerak ematen dira (polizi gehiago izateak ez duela “delitu” gutxiago egoteak eragiten erakusten du, besteak beste). Lapurreta ondoren eman beharreko pausuak berriz ez dira batere atseginak izaten; polizia-etxean denuntzia jarri, inplikatutako jendeari azalpenak eman, seguruaren (izatekotan) amesgaiztoa eta ekipo berria lortu behar izatea (alokatuta edo erosita). Seguruarena bereziki ez atsegina izaten da. Urteetan kuota potoloak zintzo ordaindu eta gero, teorian lagun behar zuena etsai bilakatu daiteke. Tramite eta burokrazia astun eta amaigabea, oztopo eta trabak nonahi, mesfidantza (gaizkilea zu bazina bezala) eta indemnizazioa ordaintzeko garaian trikimailu legal guztiak erabiliko dituzte ahalik eta diru gutxien berreskuratu dezazun. Zorionez, azken urteotan soinu ekipoak lortzea geroz eta errazagoa da (prezioak –kalitatearekin batera- merkatu dira eta geroz eta jende gehiagok ditu) eta jende askok esan dezake, alde horretatik, ez dela horrenbesterako kontua. Soinu ekipoa zure tresna denean ordea gauzak desberdin ikusten dira. Musikari bati urteetan erabili eta landu duen instrumentua lapurtzen badiote galera ekonomikoaz baino zerbait gehiagoz ari gara. Sound System formatua lantzen dugunontzat soinu ekipoa da gure instrumentua eta, beste ekipoa lortu ahal izanda ere, ez da gauza bera. Urteetan landu eta prestatutako soinua ordezkatzea ez da egun batetik bestera egiten. Tontakeria izango da askorentzat eta ez da erraza azaltzen baina potentzia eta bolumenaz gain soinuari garrantzia ematen dionak badaki zertaz ari garen. Galera ekonomikoari dagokionez berriz, askotan aipatu izan dugu saioak ordaintzeko garaian ez direla normalean horrelako gauzak kontutan hartzen. Ekipoak (onak) garestiak dira eta urteetako inbertsioa izaten dira, erabilpenarekin apurtzen doaz eta mantenua eta konponketak garestiak dira. Zer esan milaka euroko lapurreta gertatzen denean eta horri buelta eman behar diozunean. Musikarien (eta bereziki disko jartzaileen) munduan kontutan edukitzeko beste kontua, beraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

EUSKAL KULTURARENZAINDARIAK (XX1215)

EUSKAL KULTURAREN “ZAINDARIAK”
Durangoko Azoka, euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsuena dela diote komunikabideek. Ez nekien ordea, azokaren berotasunean, euskal kulturaren “zinpeko zaindariak” aurki genitzakeela. Ustekabean izan zen, modu txarrez gerturatu eta nire gustu musikalak “usaindu” eta gero, inongo errespeturik erakutsi gabe, gustatzen zaidan musika “puta mierda” dela esan zidaten. Gustatzen zaidan musikak ez zuela ezertarako balio eta, azken finean, ez nintzela euskaldun zintzoa, “puroa” (eta fededuna). Ezin nuen sinetsi. Elkarren ondoan egon ginen tarte laburrean, “ezkertiarrez” jantzitako gazte hauek, euskaldun “zintzoak” zer musika entzun dezakeen (eta zer ez), eta zerk balio duen (eta zerk ez) esan zidaten. Euskal kulturaren “tenpluan”, inkisidorez jantzita irudikatu nituen, euskal kulturaren konstituzioa eskutan zutela. Horrelako “zaindariekin” nork behar ditu etsaiak? Berriro diot, musikari (edo beste edozein kultur adierazpideei) buruzko eztabaida eta mahai inguru gehiago behar ditugu. Eta errespetua.

ARITZ SOUND SYSTEM

EUSKARAREN OLATUA MUSIKAREKIN ABERASTEN (XX0322)

EUSKARAREN OLATUA MUSIKAREKIN ABERASTEN

Euskararen aldeko olatuak Euskal Herriko txokoak bustitzen ditu egunotan. Milaka lagun korrika euskararen alde, milaka lagun euskararen aldeko pausoak emateko prest (bakoitzak ahal duen abiaduran). Eta ibilbide osoan zehar musikak lagunduta, musikaren erritmoarekin batera korrika. Asko dira oraindik musika batzuk, arrotzak direlakoan, etsaitzat dituztenak. Musika “arrotz” horiek euskararen kontrakoak direlakoan, “demonizatu” egiten dituzte. Musika ordea, ez da berez inoren etsai. Musika komunikatzeko tresna da; sentimenduak eta ideiak zabaltzeko modu ederra da. Eta idei edo sentimendu horien araberakoa izango da musika. Gustatuko zaigu edo ez, ulertuko dugu edo ez eta esaten denarekin ados egongo gara edo ez, baina musika ez da inoren etsai. Hizkuntzak berez inoren etsai ez diren bezala. Hizkuntza bat bestearen gainetik inposatu nahi dutenekin izango dugu arazoa baina ez hizkuntzarekin berarekin. Euskarak, zoritxarrez, erasoak jasaten ditu etengabe. Euskararen alde lan egiten dutenek erasoak jasaten dituzte etengabe. Eraso horiek ordea ez dituzte hizkuntzek edo musikek egiten, hizkuntza eta musikak erasotzaileen tresna izan daitezke agian baina ez erasotzaile. Euskaraz egiten den musikak euskara aberasten du eta berdin dio musika hori “bertakoa” edo “arrotza” den. Ingelesez, frantsesez, arabiarrez, gazteleraz edo edozein beste hizkuntzan egiten den musikak euskalduna aberastu dezake eta ez da berez euskararen etsai. Musika horrekin zabaltzen den mezua izan daiteke erasotzaile eta kritikoak izan beharko gara musikaren bidez zabaltzen diren mezuekin (baita euskaraz abesten direnekin ere). Musika berriz, gustatuko zaigu edo ez, baina gustu kontua izango da hori. Euskara ez da hizkuntza normalizatua eta euskararen alde lan egitera behartuta gaude. Euskara bizirautea nahi badugu ez dugu beste aukerarik. Euskaldunon esku dago euskararen biziraupena eta “arrotzak” omen diren musiken zaletuok izan beharko gara, musika horiekin euskara aberastu dadin lanean aritu beharko garenak. Ez dezagun musika estiloen kontra egin, estilo horren zaletuak kontra jarri nahi ez baditugu behintzat. Lan asko dugu aurretik, eta bide horretan, besteen laguntza ez da soberan egongo eta ongi etorria izango da.

ARITZ SOUND SYSTEM

EZKER ABERTZALEAREN MUSIKA (061103)

“EZKER ABERTZALEAREN MUSIKA”
2006ko, urriaren 20a. San Estebaneko festak, Tolosa. Goizaldeko laurak. Dj Talo eta biok musika aukeraketan. Lagun bat gerturatzen zaigu eta horrela dio: “Aizue, jarriko al duzue ezker abertzalekoontzat musika?”. Zur eta lur geratzen naiz. Erantzuna: “Eta, zein da ba “ezker abertzalekoentzat musika”?”. “Beno, badakizu, euskal musika, euskaraz egindako musika”. Malezia pixkarekin galdera: “La Polla, Barricada eta horrelakoetaz ari zara?”. Erantzuna: “Bai, bai, “betiko” taldeak”. Horrelako eskaeren aurrean bururatzen zaizkidan galdera batzuk: 1- Ezker abertzaleak “bere” musika du? 2- Zein da E. A.-aren musika? 3- E. A.-ak “bere” musika badu, musika bakarra da? 4- Eta horrela balitz, ezker abertzale sentitzen den orok musika hori entzun beharko luke? 5- Beste musikarik entzun dezake? 6- Posible ote da euskal kultura defendatu eta bultzatu eta era berean “beste” musikak entzun eta zabaldu? 7- Posible ote da euskal kultura bultzatu “beste” musikak entzun eta ezagutu gabe?. (jarraituko du). Ixa74@hotmail.com


ARITZ SOUND SYSTEM

FESTA GAU ARRUNTA (070823)

FESTA GAU “ARRUNTA”

Abuztuak 10, Zarauzko Azken Portu auzoko festak. Gaueko egitaraua; Neu eta Root System taldeen kontzertua eta ondoren ni musika jartzen. Auzoan sartzeko arazoak ditut (bidea moztuta dago baina soinu ekipo pisutsua daramat) eta txosna ondoko espaloian aparkatu dut (multatuko ote naute?). 20:30ak. Eszenatokian Neu taldearen soinu froga. Antolatzaileekin ekipoa afaldu ostean muntatzea erabakitzen dugu. Afaria Root´ System Iparraldeko lagunekin egiten dut. Batzuekin ulertzeko arazoak ditut baina nazioarteko hizkuntza ederra da irribarrea. Ederra oso afaria eta tabernakoen tratua, eta ederra gau giroa. 23:30ak. Euskal puntualitatea berriro ez puntuala. Ederrak kontzertuak. Plaza eta txosnak jendez gainezka daude. Gustura. Ekipoa txosna ondoan muntatzen dugu (eszenatokian jarri nintekeen baina ez dut ezer ikusgarririk egiten eta “hotz” gera daiteke. Nahiago dut jendearen “berotasunean” egon). Kostata baina lortu dugu dena muntatzea (hau jende mordoa, eskerrak antolatzaileak finak diren). Dena prest. 03:15. Neska gazte eder batek tripak hustu ditu kableen gainean. Klinexaren GKE-a dirudit. 03:30ak. Heldu da nire txanda. Giro aparta dago eta batzuk (neskak gehien bat) dantzan (miraria ote?). Haserre aurpegidun morrosko batek euskal rocka jartzeko eskatzen dit. Bi orduz beste erritmo batzuk entzuteko aukera izango dela azaltzen diot (begirunea euskal rockari). Garrasika auzo horretan “amerikar musika modernoa” gustatzen ez zaiela esaten dit, bafleetatik Nigeriar talde batek duela hamar urte grabatutako kantua entzuten den bitartean. Jende guztiaren gustuko musika jartzeko “eskatzen” dit. Hori bai erronka. Igandean Tapia eta Leturiaren emanaldia dagoela eta beraiei “Pakito el Chocolatero” eskatzen badie joko dutela esaten dit. Nik ez dudala hori egiten azaltzen diot (begirunea Tapia eta Leturiari). Hori bai berekoikeria nirea! Jendearen zerbitzura bai baina ez aginduetara. Bitartean, gauean zehar hamabost bat lagun gerturatu zaizkit jartzen ari naizenagatik interesatuak eta eskertuak. Batzuk taldeen izenak apuntatu eta interneteko “mirari”ari esker lortuko dute diskoa; beste batzuei berriz diskoaren grabazioa posta bidez bidaliko diet. Ederra da jendearekin harremana. 05:00ak. Festa amaitzeko unea da. Antolatzaileak pozik daude gaua ederra izan delako eta datorren urterako gonbidatu naute. Ekipoa jaso eta etxera noa. 07:00ak. Gosaldu ondoren oheratzen naiz ederra hitza zenbat aldiz errepikatuko nuen kontatzen dudan bitartean.

ARITZ SOUND SYSTEM

FESTAK (XX0120)

FESTAK

Pasa dira Gabonak. Egutegi kristauaren arabera ospakizunerako eta festarako egunak dira. Familia artean bapo jan eta bapo edan. Petroliozko opariak. Taberna zuloak lepo. Jendea gustura dago. Gustura?. Zoriontsuak izateko zer egin behar dugun, nolakoak izan behar garen eta nola bizi behar dugun dio telebistak. Parranda ederra bota behar dut gaur. Berdin dio nire buruarekin gustura ez banago, berdin dio lagunak baino “kolegak” baditut eta berdin dio, itolarria ematen didan taberna zuloko musikak, giro nahasiarekin batera, botagura sortzen badit ere. Alkoholak (edo beste edozein drogak) egingo nau zoriontsu (denbora tarte batean behintzat). Euro batzuen truke zoriontasuna nire esku dago. Paradisuan bizi gara lagun! Festa, ospatzeko zerbait dudanean egin nahi dut, maite ditudan eta maite nauten lagunekin elkartu eta baldintza duinetan, gustuko musikarekin gozatu nahi dut. Eta drogak? Behar ditugu? Nahi ditugu? Neurrian? Hau dilema. Ibaiaren korronteari itsu-itsu jarraitu baino hobe genuke nahi dugun bidea eraikitzen hasiko bagina.

ARITZ SOUND SYSTEM

GAZTETXEAK MARTXAN (XX0428)

GAZTETXEAK MARTXAN

Gaztetxeen aurkako erasoa gogorra da azken aldian eta gaztetxe asko itxi dituzte indarrez. Instituzioen aldetik, pribatizatzeko joera nabaria da; sortzaile aktibo baino hartzaile pasibo nahi gaituzte. Zer gertatzen ari da kultur etxeekin eta antolatzen diren kultur ekintzekin? Eta herriko jaiekin? Geroz eta gehiago, enpresa pribatuen esku uzten dira. Prezioa negoziatu eta ekitaldia erosi. Erraza ezta? Interes ekonomiko eta partidistetatik kanpo, autogestioan oinarritutako taldeak eta lokalak behar ditugu. Zergatik? (Beste gauza askoren artean) Irekiak direlako, edonork parte hartu eta gauzak proposatu ditzakeelako eta erabakiak, goitik behera baino, denen artean hartzen direlako. Ardurak hartu eta antolatzen diren gauzak batzuetan ondo eta besteetan ez horren ondo ateratzen direlako. Akatsetatik ikasi eta borondate ona dugulako. Diru saririk bilatu gabe, lan egiteko prest dagoen jendea dagoelako eta musikari dagokionez, “ohiko” lokaletan ateak itxita dituzten sortzaileek ateak zabalik dituztelako. Solomo bokata hotza eta zurito epela eta guzti!

ARITZ SOUND SYSTEM

HAUSNARKETARAKO JAIAK (090514)

HAUSNARKETARAKO JAIAK
Uhmm... Gogorra aurten bizi izan dugun negua, ezta? Uzta oparoak ekarriko ditu, behintzat. Eguraldiaren gaia ezin falta edozein solasaldian, gure zutabeetan herrietako jaien gaia falta ezin duen bezala. Urteroko kontua da, udara gerturatu eta horretan jartzen gara buru belarri. Jaiak hasi dira herri batzuetan eta besteetan berriz, jaiak prestatzeko bilera amaigabeekin dabiltza aspaldi. Egun, aste edo hilabete gutxiren buruan festa eta algara izango da nonahi; festa, musika eta dantza. Egunerokotasunarekin apurtzeko aitzakia ederra eta, batzuen ustetan, jendea lokartuta, apalduta edukitzeko beste trikimailua besterik ez (telebista, drogak edo futbola bezala?). Festak bizitzeko modu desberdinak daude, hauek antolatzeko ereduak ere desberdinak diren bezala; herritarren, herriaren eta une bakoitzean dauden agintari politikoen araberakoa izaten da. Hori bai, guk dakigula, herri askotan jaiak “pribatizatzeko” joera (beste gauza askorekin bezala) geroz eta nabariagoa da. Festetako egitarauak enpresa pribatuen bidez antolatzen dira, herritarren parte hartzearen kaltetan. Herrietako jaiak izan dira herritarrak udal gobernuan era zuzenean parte hartzeko zuten “zirrikitu” bakarrenetakoa. Azken urteotan, parte hartze hori geroz eta gehiago mugatu da. Araudiak geroz eta zorrotzagoak dira eta herritar “antolatzaileari” jartzen zaizkion oztopoak geroz eta handiagoak. Segurtasuna, profesionaltasuna, esperientzia, eta horrelakoak aipatzen dira. Pentsamendu bakarraren politikoek inoiz onartuko ez badute ere, ez zaizkie herritar “aktiboak” komeni; are gutxiago talde, elkarte, asanblada edo batzordeetan elkartzeko gai badira. Askoz erosoagoa da, zuk banatutako diru publikoaren menpe dagoen enpresa bateko profesionalekin aritzea. Munduko ikuskizun “koloretsuena” salduko dizute, edozein itsutzeko moduko “etxaferuekin” hornituta. Guztia egina eskainiko dizute eta gainera, zerbaitekin ados ez bazaude, ez du zurekin diskutituko, agindutakoa ordaintzen duzun bitartean. Herritar antolatzaileak berriz ez du horren errez amen egingo, ezta gutxiago ere. Bere ustez egokia dena defendatuko du eta beste taldeekin batera elkartuta badoa, are eta indar gehiago edukiko du. Nolako festak ditugu? Nolakoak nahi ditugu? Herritarrak ikus entzule soilak diren kontsumitzaileak bilakatzen dituen festak nahi ditugu ala herritarrok herritarrontzat antolatutako festa parte hartzaileak nahi ditugu? Egitarauak eta diru banaketak eztabaidatu aurretik hausnartzeko kontua izan daiteke.


ARITZ SOUND SYSTEM

HAUSNARKETARAKO JAIAK 2 (090611)

HAUSNARKETARAKO JAIAK (II)
Iragan zutabean jaien gaiarekin hasi ginen berriro. Behin baino gehiagotan aipatutako gaia da baina, hil ala biziko kontua ez bada ere, herri baten osasuna nolakoa den ezagutzeko garrantzitsua izan daiteke. Herriko jaietan herritarrek protagonismoa hartzen ez badute, seinale txarra da. Azken urteotan herritarrek era zuzenean parte hartu zezaketen eremuetakoa zen (ia bakarra herri askotan) eta honetan ere, atzera pauso handiak eman dira pribatizazioaren mesedetan. Zorionez, udaletxe gutxi batzuk, herritarren parte hartzea bultzatu nahian, bilerak antolatu dituzte jaietan herritarren parte hartzea nolakoa izan behar duen eztabaidatzeko. Udal gobernuaren aldetik aldeko jarrera edukitzea ordea ez da nahikoa. Hausnarketa sakona behar da gai hauen inguruan. Zer nolako jaiak nahi ditugu? Zein izan behar du antolatzaileen papera? Antolatzaileak bere ekitaldia antolatzeaz gain, oro har herriko jaien inguruan erabaki behar du? Antolatzaileak Jai Batzordeetan antolatu behar dira? Zein funtzionamendu eduki behar du Jai Batzordeak? Nola osatu behar dira egitarauak? Zein ekitaldi nahi dugu eta zein ez? Nola banatzen dira diruak? Nork erabakitzen du egitarauaren inguruan? Eta diru banaketen inguruan? Gai potoloak dira horiek, bereziki seriotasunez landu nahi badira.
Herri batzuetan, jaietan gauzak antolatzen dituzten taldeek osatutako jai batzordea dago. Normalean, organo kontsultiboa izaten da; hau da, jai batzordean esandakoak kontutan hartzen dira (teorian) baina erabakiak agintean dauden politikoek hartzen dituzte. Agintean dagoen udal gobernuaren arabera jaramon gehiago edo egiten zaio jai batzordeari baina herri askotan jai batzordearen papera ahuldu duten neurriak hartzen ditu udalak. Antolatzaile izan nahi duenari oztopoz betetako araudia inposatzen zaio, taldeekin banan banako negoziazioa bilatzen da, enpresekin gauzak antolatu eta abar. Bestetik, txikitatik aho, begi eta belarrietatik sartu nahi diguten gizarte eredu indibidualista honetan jaso dugun heziketak, ez gaitu talde lanean aritzeko prestatu eta horrek, praktikan, jende anitza biltzen duen batzorde baten lana zailtzen du (bileretako metodologiak ez dira egokienak izaten; moderatzailerik gabe, berehala sortzen dira eztabaidak, jendeak bilerak egiteko ohitura falta du, jende aurrean hitz egiteko lotsak, gai batetik besterako saltoak, eta abar). Era berean, antolatzaile lanetan ari dena bolondresa izaten dela ezin ahaztu horrek dituen muga guztiekin. Herriko jaiak prestatu aurreko egunak aproposak izan daitezke hausnarketarako, jaien eremua gainditu eta udal eremu guztietara zabaldu beharko litzatekeen hausnarketa.

ARITZ SOUND SYSTEM

HAUTESKUNDE MUSIKATUAK (070531)

HAUTESKUNDE MUSIKATUAK

Demokrazian bizi omen gara eta hauteskundeak omen dira “demokraziaren festa” handiena. Demokrazia eta festa hitzak ordea zalantzan daude aspaldian. Herriaren gobernua omen da demokrazia eta bertan herritar guztiak aske dira eta berdinak legearen aurrean. Jende “ilegala” eta “kutsatuta” dagoen gizartean ez dago ez askatasuna ezta berdintasuna ere. Are gutxiago erabakitzeko ahalmena indarrez mugatuta duen gizartean. Festarena berriz broma kontua dirudi. Bizi ditugun hauteskundeak zerbaiten festa izatekotan hipokresiaren festa dira non hautesle gehienek betetzeko inongo asmorik ez duten hitza ematen duten. Kuriosoa da, era berean, festa izan behar duen honetan, festaren protagonistek (hautesle gaiak eta ez hautesleak edo boto-emaileak) etengabe elkar erasotzen eta iraintzen aritzea (antzerkirako gaitasun handia erakusten dute batzuk). Eta harrigarria da, era berean, hauteskundeak amaituta batzuek berehala adiskidetzeko duten gaitasuna. Azkenik, deigarria iruditzen zaigu “demokraziaren festan” musikak duen garrantzi eskasa. Gizakia gizaki denetik musikaz lagundu du ospatu beharreko guztia. Posible ote festa musikarik gabe? Hauteskundeetan etengabekoa da alderdiek (zentsura “demokratikoa” jasotzen ez dutenek behintzat) komunikabideen bidez egiten duten erasoa. Irudiari garrantzi itzela ematen zaion garai honetan, musika, isiluneak betetzeko besterik ez da erabiltzen, irudiaren laguntzaile pobrea da. Baina hau ez da beti horrela izan. Munduko hainbat herrialdetan (Jamaikan adibidez) hauteskundeak irabazi nahi zituen hautagaiak kantua egin behar zuen derrigor. Musika erabakigarria zen hauteskundeetan (zoritxarrez kantu eder batek ez du gobernu justua, zuzena eta duina ziurtatzen). Gogoan al du norbaitek igaro berri den kanpainan alderdiek erabilitako musikarik? Eta musika diogu nolabait esatearren. Normala da, burmuinak, alderdi gehienek kanpainan erabiltzen duten ari musikal hotz eta inpertsonal hori berehala ahaztea. Musika soilik aisialdiaren osagarri bezala ulertzen duen gizarterantz goaz abiadura handian. Musika, ideiak eta sentimenduak zabaltzeko tresna ezin hobea dela uste dugu, eta “normala” da, ideiei (pentsamendu bakarra) eta sentimenduei geroz eta garrantzi gutxiago eman nahi zaion sisteman, musika (merkantzia ez denean) geroz eta alboratuagoa egotea.


ARITZ SOUND SYSTEM

HERRITARRON PARTE HARTZEA (091119)

HERRITARRON PARTE HARTZEA
Batzuei ahoa demokraziaz eta herritarren parte hartzeaz betetzen zaien bitartean, beste batzuek praktikan jartzen dute. Hernanin adibidez, hilabeteak dira herriak behar dituen azpiegituren inguruan prozesua zabaldu zela. Hasieratik, herritar guztiek, azpiegituren inguruan ikusten zuten beharraz iritzia emateko aukera izan dute eta bilera horietatik sortu diren hiru proposamen nagusiekin galdeketa egingo da datorren astean. Aste osoan zehar (asteburua barne) eta ordutegi zabal batean, 16 urtetik gorakoek herrirako beharrezkoen ikusten duten azpiegitura bozkatzeko aukera izango dute. Zentsuaren %20ak baino gehiagok bozkatzen badu, udalak bozkatuen ateratzen den egitasmoa ahalik eta azkarren egingarri egiteko urrats guztiak emateko konpromisoa hartu du. Hiru proposamen horietako bat kultur gune baten eraikitzea da. Musika zaletu eta antolatzaile garenok askotan eskatu dugu horrelako azpiegitura bat. Harrigarria bada ere, Hernani bezalako herri biziak, ez du baldintza duinak eskaintzen dituen kultur azpiegiturarik. Urteetan dagoenarekin moldatu behar izan gara eta, oztopoak oztopo, ahalik eta modu txukunenean gauzak egin dira. Azken urteotan, auditorio ponpoxoen eraikuntza ezagutu dugu herri askotan, eta horietako askok, herritarren beharrari baino itxurakeriari erreparatu diote. Hernanin herritarren parte hartzeak bultzatuta auditorioaren beharra ikusi da baina instituzioetatik antolatutako ikuskizunen erakusleihoa baino haratago doan azpiegitura eskatzen da. Udala eta herriko taldeen arteko kudeaketa partekatua eskatzen da, parte hartzea ardatz izango duen funtzionamendua, heziketari garrantzi berezia emango diona eta euskara ardatz izanda ere, munduko kulturei atea zabalduko diena. Hastapenak besterik ez dira, eta azkenean Kultur Gunea bozkatuena ateratzen bada ere, oztopoz betetako prozesu luzea izango da baina gutxienez herritarren parte hartzean oinarrituta egotea espero dugu. Lehen aldia da 30 urtetan Hernanin horrelako galdeketa egiten dela, eta prozedura hobetu behar bada ere, aukera paregabea da horrenbeste aldarrikatutako parte hartzea praktikan jartzeko. Azkenean, %20ra iristen ez bada, askok, galdeketak eta herritarren parte hartzeak zalantzan jartzeko aitzakiatzat hartuko dute. Parte hartzean benetan sinisten duenak ordea, ez du beste aukerarik, eta bide horretan sakontzen eta prozesua hobetzen saiatu beharko du. Ea Hernaniko adibidea beste herrietara zabaltzen den aurki.

ARITZ SOUND SYSTEM


HIP HOP EGUNAK (XX0609)

KALEIDOS. HIP-HOP
Hip-Hopa 80. hamarkadan AEB-etako auzo txiroetan sortutako mugimendua da, espresiobidea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da Hip-Hopa, eta horretarako, baliabide desberdinak erabiltzen ditu: Rap musikak, doinu eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Gorputza, lurrarekin harreman estuan eta musikaren laguntzaz, espresio tresna bilakatzen da. Grafitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknikaz baliatuz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute. Bizitzako edozein arlotan bezala, hemen ere, asko dira apurtu beharreko topikoak. Hip-Hop komertzialaren irudia saltzen zaigu. Kotxe dotoreak, panpina “ederrak” eta tipo gogorren itxura. Ni eta nire “kolegak” beste guztien aurka borrokan. Euskal Herrian geroz eta gehiago dira Hip-Hoparengatik erakarrita sentitzen diren gazteak eta irudi faltsu horrekin gera ez daitezen antolatzen ditugu Hip-Hop egunak. Bihar Hernanin. Gonbidatuak zaudete.

ARITZ SOUND SYSTEM

HIPHOPA EUSKALDUNA DA (090806)

HIP-HOPA EUSKALDUNA DA

Aurten Gipuzkoako ikastolen festa, Kilometroak jaia, urriaren 04ean ospatuko da Donostian. Ohikoa denez, oinez egin beharreko ibilbidea edukiko du eta ibilbide horretan zehar, ekitaldiz jositako guneak. Aurten, lehen aldiz (guk dakigula behintzat), Hip-Hopari garrantzi berezia emango zaio horietako gune batean, eta bertan, Hip-Hop izeneko zuhaitz handiaren adar desberdinak ezagutu ahal izango dira. Goiz partean, graffiti, scratch eta break dantza tailerrak egingo dira eta, nahi duenak, espresio bide horien oinarrizko ezagutza jasotzeaz gain, modu aktiboan parte hartzeko aukera izango du. Eguerditik aurrera berriz, adar horietan ari direnen erakustaldiak ikusi eta entzun ahal izango dira (Bertsounda tartean). Hip-Hop dantza eta rap lehiaketak ere antolatu dira, mundu honetan interesa dutenek baina jende aurrean erakustaldiak egiteko aukera gutxi dutenek, urriaren 04ean, saioa eskaini dezaten. Rap lehiaketaren kasuan, euskaraz egindako rapa bultzatu nahi da, rap musikan interesa dutenek euskaraz abestera animatu daitezen. Bai rap eta baita Hip-Hop dantza lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta informazio guztia www.kilometroak.net orrian aurki daiteke. Aurkezteko epea abuztuaren 17an amaitzen da eta beraz, interesa dutenek arin ibili beharko dira. Euskalgintzatik Hip-Hopari horrelako garrantzia ematea aurrerapauso handia iruditzen zaigu. Kanpotik heldu zaizkigun eragin asko mesfidantzaz ikusi izan dira eta, egia esan, euskarak historian zehar jaso dituen erasoak ikusita (gaur egun jasotzen dituenak ere), ez da harritzekoa. Duela gutxi arte, Hip-Hopa arrotza izan da gure artean; ingelesarekin, gaztelerarekin eta frantsesarekin erlazionatu izan da eta euskararentzat mehatxu bezala ikusi izan da leku askotan. Hip-Hopa, ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da, tresna, eta horretarako, bitarteko desberdinak erabiltzen ditu: Rap musikak, doinu, erritmo, errima eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Graffitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknika erabiliaz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute. Hip-Hopa edozein hizkuntzatan adierazi daiteke eta euskarak ezin du horrelako tresna baliotsua baztertu. Gustatu ala ez, Hip-Hopa gure artean dago eta oso erakargarria da. Hip-Hopa, normaltasun osoz, euskararen tresna izan dadin bitarteko guztiak jarri behar ditugu. Ez diezaiogun euskarari muga gehiago jarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

IKUSI MAKUSI (XX1014)

KALEIDOS- 2005 URRIAK 14

IKUSI MAKUSI

Kristalezko bola esku artean dudala aldaketa garaiak atzematen ditut. Musikalki trantsizio garaia bizi dugu. Jostailu elektronikoei opari papera kendu genieneko lilura galdu da eta zaharkituta ziruditen gitarra eta bateriari hautsa kendu zaie. Egiturak behin eta berriro errepikatzen dira. Kristalezko bolak odolez gainditzen diren harresi ideologikoak erakusten dizkit. Paper tindatuaren boterea. Basamortu hegoaldeko arimak ihesi doaz. Arriskutsuak direla diote eta aurki ditugu gure artean. Ezagutu nahi ditut; historia, kultura, musika duten arimak dira. Entzun ditzagun. Ikasi eta elkartrukatu, inposaketarik gabe, errespetuz, sustraiak ahaztu gabe. Haize freskoa musikarentzat. Kristalezko bola itzali da. Badakit gertuko errealitate asko ezkutatu dizkidala (Sahara, presoak, e.a.). Bizilagunak, etxe azpiko dendara kristalezko bolaren modelo berriak iritsi direla esan dit, eta nahi badut, gauean lapurtuko ditugula. Ezetz esan diot eta banoa kalera.

ARITZ SOUND SYSTEM

INAUTERIAK (080131)

INAUTERIAK
EUSKALDUN, AFRIKAR ETA INDIOEN KONTUAK
Hemen dira Inauteriak. Ituren, Zalduondo, Uztaritze, Arizkun edo Tolosa bezalako herrietan ospakizun eta festa bereziak dituzte. Euskal Herriko txoko askotan egiten dira inauteriak, baina ez bakarrik Euskal Herrian. Inauteriak “mendebaldeko” herrietako festa nagusiak direla esan daiteke. Europan hasi eta Amerikara zabaldu den ospakizuna da. Venezia, Cadiz, Tenerife, Trinidad eta Tobago, Sao Paulo, New Orleans, etab. ospetsuak dira euren inauteriengatik. Leku bakoitzean ezaugarri propioak ditu baina leku guztietan osagai komunak aurki daitezke; hala nola, musika eta dantza kalean, mozorroa, sua, edari eta janari oparoa eta oro har, aldaketarako eta askatasunerako beharra (hasiera batean behintzat). Dena den, inauteriek ez dute zentzu bera izan historian zehar. Euskal Herrian adibidez, hiru garai nabarmendu daitezke. Lehenengoan, kristautasunaren inposaketaren aurrekoa, udaberriaren etorrera ospatzen zen, naturaren berpiztea. Amaitzear zegoen aro ilunaren gauza txarrak erre eta garai berriari ongi etorria egiten zitzaion. Eliza nagusi egin zenean, festa debekatu nahi izan zuen eta bere gustura moldatzen saiatu zen. Naturaren aro berriak zuen garrantzia Pazko jaiari eman nahi izan zion eta inauteriaren ospakizuna garizuma aurreko egunetara pasa zen. Gaur egun, parranda eta mozorro festa den arren, zoritxarrez, aldaketarako eta askatasunerako zentzua galdu du neurri handi batean. Zentzu horrekin jaio zen adibidez New Orleanseko inauteria. New Orleans frantses kolonizatzaileek sortu zuten Missisipi ibaiaren ertzean. Espainiarrek, portugesek, ingelesek, holandesek eta hainbatek egin bezala, beltzak esklabo bezala erabili zituzten. Frantses jauntxoek inauteriaren ohitura mantendu zuten eta, Veneziakoen antzera, maskaren festak antolatzen zituzten jauregietan. Garizuma aurreko asteartean ospatzen zuten eta Mardi Gras (astearte koipetsua) deitzen zuten. Esklabutza ezabatu zenean, esklabo izandakoek, ohitura hori bereganatu zuten, kalera irten eta jauntxoen parodia eginez mozorratu eta dantzatzen zuten. Denborarekin, Brass Band delakoen laguntzarekin (kaleko txaranga bitxiak) konpartsak antolatu zituzten. Konpartsa horietako batzuk indioz janzten dira, lur horietan bizi izan ziren eta ihes egiten zuten esklaboei babesa eman zieten Seminola tribuko indioen omenez. Bitxia, ezta? Eta imajinatzen hasita, nolakoa litzateke euskal afro-indioen inauteria?

ARITZ SOUND SYSTEM

INAUTERIAK OHITURAK ETA MODAK (100205)

INAUTERIAK, OHITURAK ETA MODAK

Ate joka ditugu Inauteriak. Naturarekin geroz eta harreman gutxiago duen gure gizarte honetan, inauteriek ere, zentzua galdu dute neurri handi batean. Azkenean, egutegi kristauean, eta ezaugarri mugatu zehatz batzuekin, inposatutako “festa” bilakatu dela dirudi (salbuespenak salbuespen). Haur eta gaztetxoak mozorro dendan erositako jantzi garestiekin apaindu eta kaleetatik eskaparate modura paseatzeko egunak dira. Parrandarako aitzakia berria. Herrietan jaiak antolatzen dituztenek berriz, askotan, zailtasunak dituzte programazioa osatzeko. Bere garaian, hamar hamabost urteko gaztetxoentzat ekitaldi gutxi zegoela eta, musika jartzea proposatu zidaten. Ikus entzule paper hori gainditu eta, agian, egokiago, gazte horiek elkartu eta eurek zer egingo luketen galdetzea aproposagoa zela aipatu nuen. Nire burua, gaztetxoek antolatu nahi duten horretan laguntzaile aurkeztu nuen eta aurreko prestaketa bileretan eta azpiegitura kontuetan (eszenatoki, soinu ekipoa eta antzekoak) lagunduko niela esan nuen. Bide horri jarraituz, urte batzuk dira deialdi irekiari erantzunez gaztetxoak elkartu eta kantu baten inguruan koreografia prestatzen dutela (Fama eta antzekoen eragina izugarria da). Aukera zabala dute (antzerki, dantza, abestu, txisteak kontatu eta abar) baina gehienek (neskak) dantza egitea nahigo dute. Adin horretan gorputzaren bidez espresatzeko beharra puri purian dago eta dantzak aukera ederra eskaintzen du horretarako. Dena den, beste espresio bideak ere landu nahiko genituzke eta azken urteetan musika kontzertuak eta abeslariren bat ere animatu zaigu. Urtero eskema berdinak errepikatzen dituzte ordea. Arrakastatsua den kantu komertzial batekin aurrez telebistan ikusitako dantza pausoak prestatzen dituzte. Normala da, ezta? Aurten Shakira, Lady Gaga eta Hannah abeslari komertzialen kanturen bat aukeratu dute gehienek eta aukeratutako kantuak errepikatu dira batzuetan. Nola liteke? Milaka abeslarien eta milioika abestien artean aukeratu dezakete eta hamabi taldeen artean kantu bera errepikatuta? Kasualitatea ote? Nork bultzatzen ditu abeslari eta kantu horiek eta ze mezu eta bizitza eredu bultzatzen da horien bidez? Zaila da guzti honetaz beraiekin hitz egitea eta ez dugu sermoirik behar. Gehienez, beste musika batzuk erakusten dizkien aldizkari edo diskoren bat oparitzen diegu baina, guzti hau normala izateak zer pentsa arazi beharko liguke. Ideiaren bat bururatzen?

ARITZ SOUND SYSTEM

INFO METAK (XX0203)

INFO-METAK

Musika, izaki bizidunen antzera, etengabeko garapenean dago. Musika aldatzen da; musika egiteko eta musika ulertu eta bizitzeko erak aldatzen doaz, eta baita musika zabaltzeko moduak ere (azken hauek bereziki). Aldaketa horien ondorioa da Metaken adioa. Zorionak eman nahi dizkiegu Metakeko lagunei, urte guzti hauetan, irizpide merkantilisten gainetik, musika duintasunez bizi eta musikarekin era duinean lan egin daitekeela erakutsi digutelako. Zorionak, komunikabideekin izan duzuen arretagatik, zorionak zigiluko talde eta musikariekin zintzo (garbi eta argi) jokatu izanagatik, zorionak diskoen prezioetan oreka bilatzen saiatzeagatik eta orohar, zorionak Euskal Herriko aberastasun musikala handitzeko eta aberasteko egin duzuen lan izugarriagatik. Pozik gaude non ikasi dugulako eta pozik gaude, ziur gaudelako, batera zein bestera, musika duinaren alde lan egiten jarraituko duzuela. Begirunea. Zorionak ere Info 7 irratiko lagunei. Pozik gaude, ziur gaudelako irrati berrian, musikari, merezi duen arreta eskaintzen saiatuko garela. Bide luzea dugu aurretik.

ARITZ SOUND SYSTEM

IRUDIAREN PRESIOA (071115)

IRUDIAREN PRESIOA/MENPEKOTASUNA. IKUSGARRITASUNA ETA ITXURA.

Aurreko zutabean ahozkotasunari buruz hitz egin genuen, entzuten jakitearen garrantziaz eta afrikarrek ahozko transmisioari eta entzuten jakiteari eman izan dioten garrantziari buruz. Horren aurrean, “mendebaldeko” herri “aurreratuetan”, irudiari ematen diogun garrantziaz mintzo gaitezke. Irudiaren gizartean bizi garela esan ohi da. Mamiari baino itxurari ematen omen diogu garrantzi gehiago. Azala, irudia eta posea. Musikaren mundua guztiz murgilduta dago joko horretan. Ikuskizunaren parte da, ezta? Jendearen aurrean musika jartzen dugunok (eta literalki ari naiz, jendea aurrez aurre izaten dugulako normalean), irudiaren eta ikusgarritasunaren presioa nabaritzen dugu askotan. Disko jartzaile batzuk oso gauza ikusgarriak egiten dituzte musika jartzen dutenean; scratch-ak, “malabareak”, eta abar. Miresgarria da horietako batzuk duten trebezia (musikaren kalterako ez denean behintzat). Osagarriak izan daitezke noski, ez dut ezer ikusgarritasunaren aurka baina beste batzuk ez dugu horrelakorik egiten, eta maila horretan, irudiaren presioa nabaritzen dugu askotan, sesioetara datozen askok entzutera baino ikustera datozela dirudielako. Eta irudiaren menpe dauden horiei, aspergarria irudituko zaie, agian. Komunikabideekiko harremanean ere irudiaren presioa handia da. Idatzizko komunikabideetan batez ere, eta kontraesana badirudi ere, irudiak izugarrizko garrantzia du. Aldizkarietan adibidez, batzuetan, irudiei testuei baino garrantzi gehiago ematen zaiela dirudi. Egia da, irudirik gabeko testuek “beldurra” eman dezaketela eta irudiek testuen “monotonia” arintzen lagundu dezaketela (berez informazio gehigarria eskaini beharko lukete, ezta?). Elkarrizketak izan daitezke horren adibide. Bederatzi orrialdeko elkarrizketa batean elkarrizketatuaren aurpegiaren zazpi irudi (pose desberdinetan hori bai) jartzea ez dut ulertzen. Elkarrizketatua izan naizen bakoitzean izan dudan eztabaida da hori. “Jendeak elkarrizketatua nolakoa den ikusi nahi du”, izaten da erantzuna. “Irudi horiek ez dute elkarrizketa aberasten” erantzuten dut beti, eta jendeak elkarrizketatua fisikoki nolakoa den ikusi nahi badu, argazki bat jartzearekin nahikoa izan beharko luke, ezta? Horrelako gaiak mahai gainean jartzen diren bakoitzean Living Colour taldearen “Cult Of Personality” kantua datorkit burura. (Jarraituko du). Ixa74@hotmail.com.

ARITZ SOUND SYSTEM

JAI HERRIKOIAK BULTZATUZ (100429)

JAI HERRIKOIAK BULTZATUZ
Udara ate joka dugula herri askotan hasiak dira festak antolatzen eta hauetan ezinbestekoa da herri mugimenduen inplikazioa. Behin eta berriro salatu izan dugu hainbat agintarien aldetik herritarren parte hartze hori sistematikoki oztopatzeko saiakera. Iragan udaran, presoen argazkien aferarekin aitzakia ederra aurkitu zuten batzuek herri mugimenduen aurkako erasoan urrats berriak prestatzeko. Komunikabideetan Jokin Bildarratz (Eudel) eta Rodolfo Ares (Barne saila) jauntxoen arteko besarkada ikusi ahal izan genuen eta besarkada horren emaitzak sufritzen hasiak gara dagoeneko. “Herriko jaietan eta bestelako ospakizunetan jartzen diren Txosnen adjudikazio eta funtzionamenduari buruzko ordenantza proposamena” izenarekin txosnak “arautzeko” ordenantza proposamena iritsi zaie udal agintariei. Euren hitzetan hauxe da xedea: “…txosnen adjudikazioa eta funtzionamendua arautzeaz gain, Biktimei buruzko …legearen 4b artikuluan jasotzen dena betetzea”. Guda tresna honen lehen partean txosnak bete behar dituzten baldintzak zehazten dira (ezaugarri orokorrak, eskaerak eta baimenak, segurtasun, higiene eta osasun baldintzak eta abar). Horietako asko dagoeneko herri gehienetan betetzen dira. Bigarren partean berriz “Erregimen zigortzailea” deiturikoa dator; hau da, ordenantza ez betetzeagatik ezarriko liratekeen isun eta zigorrak (zazpi orrialdeetatik hiru). Arau hauste oso larrien artean “…terrorismoa babesten duten horma-irudiak edota sinboloak erabiltzea…” aurki dezakegu. Zehaztasun gehiagorik gabe. Arreta deitu digu, era berean, arautegi osoan ez dela txosnak antolatzen dituzten herri mugimenduekin ezer hitz egin edo adosteko aipamenik egiten (arautegia egiteko garaian ere ez dut uste eurekin hitz egin denik). Erabaki guztiak udal agintariek hartzen dituzte eta horiek bete ezean isun gogorrak datoz. Era berean, “kautelazko neurriak” deiturikoak ere aurreikusten dira; hau da, “udal agintariek egokitzat jo ditzaketen kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte”, ekimenak “…eragingo lituzkeen kalteak saihesteko”. Arautegia irakurrita txosnak antolatzen dituzten herri mugimenduak zezen basati odoltsuen antzera irudikatzen ditut, sokaz estuki lotu eta agintariek nahi duten bidetik atera ez daitezen pintxoa duen makilaz ziztatu behar direnak. Eskerrak, horrelako demokrazi erakustaldien aurrean herri mugimendu basati horiek elkartzen hasiak direla eta Jai Herrikoiak Bultzatuz manifestuaren harira gogoeta prozesua hasi, antolatu eta neurriak hartzeko prest daudela.

ARITZ SOUND SYSTEM

JAIEN ZURRUNBILOA 1

JAIEN ZURRUNBILOA
Iritsi da udaberria. Zahartzen joan ala denbora azkarrago doala dirudi. Hau abiadura. Berotegi efektuaren beste ondorio kaltegarria ote? Udaratik udaberrira pasa ote gara, negurik tartekatu gabe? Gabonak, inauteriak, sagardotegiak, aste “santua” eta orain, berriro, herrietako festen zirkuitua. Bai, bai, herrietako festak; hasi gara berriro. Oraindik barneratu ez badugu ere, Zumaiako San Telmoak gainean ditugu, eta hauekin batera, txupinazoa piztuta, gabonak bitartean, festaz festa saltoka ibiltzeko aukera. Festetan daude dagoeneko herri batzuetan eta udarari begira, festen prestaketan beste herri askotan. Eskuindar pentsaera duten udal gobernuetan (horietako batzuk paperean ezkertiarrak direla esan arren) pribatizazioaren aldeko joera garbia dute. Ez da gauza berria. Hitz egin izan dugu honetaz. Herriko ekimenei trabak jarri, askoz ere otzanagoak diren enpresa pribatuen mesedetan. Jaiak ikuskizun bilakatu, jai herrikoi eta parte hartzaileen kaltetan. Ezkertiar izaera duten gobernuetan, eta herritar mugimendu indartsua dutenetan, jaiak antolatzeko asanbladak eratzen dira, jai batzordeak. Herritar oro (taldeetan elkartuta edo banaka) proposamenak egin eta diru laguntzak eskatzeko aukera du. Aurrekontuak mugatuak dira ordea eta proposatutako ekimen guztientzako diru nahikorik ez da egoten. Zer egin, orduan? Nola erabakitzen da zein proposamen atera aurrera eta zer diru kopuru dagokio eskaera bakoitzari? Nork erabakitzen du eta nork erabaki behar du? Ze irizpide jarri behar dira eta nork erabakitzen du irizpideen inguruan? Herri gehienetan, diru laguntzak nola banatu behar diren arautzen duten araudiak dituzte (dirudienez udal bakoitzak askatasun handia du arautegia osatzeko garaian), baina, nork egin ditu arautegi horiek eta zertarako? Arautegiak egiteko garaian herriko taldeekin kontsultatu da? Arautegi horiek herriko taldeei, ekitaldiak antolatzeko garaian, gauzak erraztu ala trabak jartzen dizkie? Herriko taldeetan ari direnak, normalean, musu truk egiten dute lana. Arautegi “herrikoia” osatzeko prozesua luzea eta konplexua izan daiteke. Gainera, batzordean dagoen talde bakoitzak bere interesak defendatuko ditu, noski, eta agian, taldeen arteko eztabaida egongo da. “Nahikoa lan badute ekitaldiak aurrera ateratzearekin”. Aitzakia polita erabakien “zama” politikoen esku uzteko. (Jarraituko du)

JAIEN ZURRUNBILOA 2

JAIEN ZURRUNBILOA II
Aurreko zutabean jaien zurrunbiloan sartu garela esaten genuen. Hemendik aurrera eta gabonak bitartean, festak izango ditugu Euskal Herri osoan, atsedenik hartu gabe, festaz festa ibiltzeko aukera. Festak antolatzeko garaian ere, herriaren izaera atzeman daiteke. Jai herrikoiak nahi diren herrietan, herritarren parte hartzea bultzatu beharra dago, eta ez soilik, gauzak antolatzeko garaian, baita erabakiak hartzeko garaian ere. Aurrekontuen banaketan adibidez. Herriko taldeei, gauzak antolatzeko (eta ez soilik festetan) ematen zaien diru laguntzen arautegia osatzeko garaian, talde horiek parte hartze aktiboa eduki behar dute. Jakina da, arautegi bat osatzea korapilotsua izan daitekeela; bilera asko egin beharko dira, eta hauek, luzeak eta polemikoak izan daitezke. Taldeen arteko eztabaidak eman daitezke, baita haserreak ere. Horregatik, bilerak antolatzeko erak garrantzi handia du, eta bilera horietan parte hartzen duten taldeek, garbi eduki behar dute, talde bakoitzaren interes propioen gainetik, guztiontzat onuragarria den zerbait bilatu behar dutela. Erraza da esatea. Ziurrenik, prozesu horretatik aterako den emaitza ez da “ideala” izango baina, behintzat, talde gehienen babesa izango du. Prozesuak, era berean, taldeen arteko harremana indartzeko balio dezake, edo gutxienez, besteek egiten duten lana ezagutu eta hobeto ulertzeko. Erabakiak, soilik, agintean dauden politiko eta udal “teknikoen” esku daudenean, taldeek, banan bana negoziatuko dute udalarekin. Adostasuna dagoenean, “arazorik” ez, baina, zer gertatzen da udal agintariekin desadostasunak daudenean? Jai Batzorde indartsuak dauden herrietan, kaltetutako taldeak, egoera besteen aurrean aurkezteko eta taldeen babesa eskatzeko aukera izango du. Arautegia guztion artean adostu denean gainera, ziurrenik, aldekoa izango zaio. Laburbilduz, herrietan kultur ekitaldiak (ere) antolatzen dituzten taldeak elkartuta egotea garrantzitsua da eta, era berean, erabakietan parte hartze aktiboa aldarrikatu behar dute. Arautegiak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoa da, arautegi hori interpretatuz, erabakiak hartuko dituenaren ideologia (udal agintariena, kasu honetan, horren araberako erabakiak hartuko dituelako). Herritarrak edozein erabaki gunetik aldentzeko joera dagoen honetan, herritarron parte hartze zuzena aldarrikatzea eta borrokatzea garrantzitsua da. Ezkertiarrentzat ez dago atsedenik ezta jaietan ere.

ARITZ SOUND SYSTEM

JENDE GUZTIAK DAKI (080117)

ATXILOKETAK, TERROREA ETA BETIKO MELODIA

Zer gertatuko litzateke bi euskal gazte torturatuak izango balira eta horren froga garbiak egongo balira? Urtarrilaren 6ean, eguerdian, polizi espainiarrak Igor Portu eta Mattin Sarasola gazteak atxilotzen ditu. Gauean, Igor erietxera eramaten dute larri (saihetsak hautsita ditu, birika zulatuta eta golpeak gorputza osoan). Mattin Madrilera eramaten dute gorputz osoan kolpe eta ubeldurak dituela. Atxilotuen senideek eta ezker abertzaleak torturak eta tratu txarrak salatzen dituzte. Igor, ospitalean larri egongo ez balitz, horretan geratuko zen dena (aurreko antzeko kasu askotan gertatu bezala) baina gertatutakoaren “argitasunak” posizionatzera behartzen du. Euskal alderdi, sindikatu eta eragile askok ikerketa eskatzen dute. Ordezkari espainiarrak berriz, kazetari eta “analisten” laguntzarekin, “lan metodologia” poliziala justifikatu eta babesten dute. Baina, zer gertatu zen benetan atxiloketen ostean? Mattin, Igor eta “operazioan” parte hartu zuten poliziek oso ondo dakite zer gertatu zen. Alfredo Perez Rubalcaba barne ministroak, Zapatero eta Sarkosy-ren gobernuak, PPko buruzagiak, Grande Marlasca epaileak, Madrilgo auzitegi bereziko funtzionarioak, mediku forenseak eta estatuko komunikabideetako kazetari eta “analistek” ere aspaldi dakite zer gertatu zen. Ibarretxe eta Sanz presidenteak, euren gobernu autonomikoak, Garmendia bozeramaleak, Urkullu eta ertzain zein foral guztiek oso ondo dakite zer gertatzen den (azken hauek gainera espainiar epaitegi eta poliziekin menpeko elkarlanean dihardute etengabe). Komunikabide pribatu zein publikoko kazetari eta “analistek” ondo dakite zer gertatzen den (Radio Euskadiko Arantxa Urretavizcayarentzat adibidez, kasu honetan, poliziaren “torpeza” eta “falta de preparación” egon da eta komunikabideetan “zulo” euskal hitzak hartu duen zentzuagatik dago kezkatuta). Batzuk, poliziaren bortizkeria txalotu eta justifikatzen saiatzen dira. Atxilotuak “arriskutsuak direla”, “atxiloketetan bortizkeria beharrezkoa dela” eta kasu hauetan, garrantzitsuena “terroristak atxilotuak izan direla” diote. “Eskubide estatuaren” defendatzaileek epaiketarik gabeko epaiak ematen. Batzuk, denbora irabazi nahian, ikerketa eskatzen dute eta ikerketa, susmagarriek beraiek egitea onartzen dute, emaitza zein izango den jakinda. Gutxi (edo asko) batzuk, gertatutakoa salatu eta arazoa errotik konpondu dadin lanean jarraituko dute; eta gu, musika entzuten dugu idazten dugun bitartean.

ARITZ SOUND SYSTEM

JUBILAZIO KONTUAK (100820)

OPOR GARAIAN, JUBILAZIO KONTUAK

Udararen “oasian” itzalean geratu bada ere, azken aldian asko hitz egiten ari da jubilazio edo erretiro kontuetaz (udara eta gero ere gai “bero” horietakoa izango omen da). Espainiar estatuko gobernu “ezkertiarrak”, beste astakerien artean, erretiroan aldaketak nahi dituela eta, hautsak harrotu dira, nonbait. Ez gintuzke harritu behar, beti bezala, boterearen morroi diren politikoek, langileek sufrimendu eta borroka handiarekin urteetan lortutako eskubideak murriztu nahi izatea, aitzakia (krisia) duten bakoitzean. Jubilazio prestazioaren pribatizazioa goxoki ederra da batzuentzat. Kontu hauetaz ari ginela lagun batek musika munduan jubilazio kontuak nola diren galdetu zidan. Egia esan, jubilazio eta musika hitzak ez ditut inoiz gertuegi sumatu. Musikari ez profesionalaren ikuspuntutik, jubilazioarena ez da bere buruarekin identifikatzen duen zerbait. Urteak eraman ditzakezu astebururo saioak emanez eta (lan) ordu mordoa eginez baina zure egoera arautu gabe dagoenez (musikari ez profesional gehienena bezala), horrek ez du ustez dagokizun erretiro horretan eraginik izango. Musikarien artean, orokorrean, gutxi dira erretiro adinera aktibo iristen direnak eta ez da harritzekoa. Musika munduak energia asko exijitzen du eta baldintzak ere gogorrak izaten dira normalean; gaueko orduak, kilometro asko, ekipoekin gora eta behera, eta abar. Lan asko eta diru gutxi. Motibazioak ere aldatzen doaz denborarekin. Kirolarien lan bizitza ere mugatua izaten da, adibidez, baina hauek askoz margen gehiago eta hobeto arautua dutela iruditzen zait, baita maila erdi-profesionalean ere. Gure kasuan, ia hamabost urte daramagu astebururo saioak eginez eta dagoeneko, gauez eta parranda giroko saioekin nekatu samar gabiltza. Inoiz ez gara bereziki parranda zaleak izan baina, maite dugun musika zabaldu asmoz, ahalegin bereziak egin ditugu lan horretan. Urteekin ordea, gauzak desberdin ikusten dituzu (gorputzak ere beste erritmoa eskatzen dizu) eta bide berriak zabaldu eta motibazio berriak iristen zaizkizu. Musikak duen potentzialtasun hori parrandarako baino beste zereginetarako bideratu nahiko genuke, gazteenekin lan eginez, adibidez. Musikari profesional eta erdi profesionalen lan baldintzak hobetu behar dira, zalantzarik gabe, eta horretarako (beti diogun bezala) ezinbestekoa da elkartu, antolatu eta gogor borrokatzea. Beste arloetan baino askoz ere atzeratuago gaude maila honetan eta lan asko dago hemen ere egiteko.

ARITZ SOUND SYSTEM

KANON (070412)

KANONA
INJUSTIZI LEGALA

Kulturaren eta egile eskubideen defentsa aitzakia hartuta negozio ederra egiten dute gutxi batzuk. Jakina da egileek euren obrarekiko jabetza dutela eta norbaitek obra hori erabili edo kopiatu nahiko balu egileari (edo egilearen baimenez obra hori kudeatzen duenari) baimena eskatu eta ordaindu beharko duela. “Pirateriaren” aitzakia erabilita, gutxi batzuk, etekina atera nahi izan diote gai honi. Legediak, egilearen baimenik gabe, kopia pribatua baimentzen du (kopia horren bidez diru irabazirik bilatzen ez denean soilik); hau da, edozeinek, disko baten kopia egin dezake, erabilpen pribaturako baldin bada behintzat. Teorian, egileek kopia horiekin izan dezaketen kaltea konpentsatzeko, kopiak egiteko erabiltzen diren aparailu eta bitartekoei (grabagailuak, zinta/cd/dvd birjinak, e.a.) kanon bat ezartzen zaie (zerga antzeko bat). Adibidez, kanona indarrean jarri zenetik -2003ko uztaila- disko bat grabatzeko erabiltzen dugun CD-R bakoitzagatik 0.27€ gehiago ordaintzen dugu, DVD-R batengatik 0.70€ gehiago, MP3 irakurtzen duen aparailuagatik 2.92€ eta 30Gigako IPod batengatik 90€ gehiago ordaintzen dugu dendetan. Diru hori (iaz 1.600 milioi €) SGAE (Sociedad General de Autores y Editores) bezalako gestio erakundeek jasotzen dute eta erakunde hauek dira, diru horren zati txikia, oso garbi ez dagoen modu batean, egileen artean banatzen dutenak (egile batek, bataz beste, disko baten salmentaren %6a besterik ez du jasotzen). SGAEkoen arabera diru hori egileen “garrantziaren” arabera banatzen da; hau da, artista “famatuek” jasoko dutela diru gehien. Horretaz gain, egile asko SGAEko kideak ez direla kontutan eduki behar da. Hasieratik, kanon honen kontrako ahotsak entzun dira eta hainbat ekimen bultzatu dira kanon hau kendu dadin (www.todoscontraelcanon.es). Kanon hau inposatzen den unetik, grabagailu eta antzeko aparailu eta euskarri guztien erabiltzaileek, kopia “ilegalak” egiteko erabiliko ditugula aurreikusten da. Berdin dio, zuk sortutako musika kopiatzeko erabiltzen duzun edo zure datuen segurtasun kopia egiteko erabiltzen duzun; horrela izanda ere, berdin ordaindu beharko duzu kanona. Eta hemendik gutxira, ADSL edukitzeagatik, Wi-Fi zerbitzuagatik edo ordenagailuen disko gogorragatik kanona ezartzea aztertzen ari dira. Martxa honetan, museoan ikusitako pintura bat edo nonbaiten entzundako kantu bat oroitzeagatik ere kanona ordaindu beharko dugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

KANTUEN HISTORIOAK (090903)

KANTUEN HISTORIOAK

Udara atsedena hartzeko aroa omen da, denbora libre gehiago dugula diote eta hausnarketarako tarte aproposa izan daiteke. Guri dagokigunez, beste gauzen artean, kantuen atzean dauden historiak arakatzeko hartu dugu denbora. Musika, arimaren elikagaia omen da eta, bide horretan, musika, bazkari batekin alderatuko bagenu, musika bera, doinua, lehen platera dela esango genuke; dastatzen dugun lehenengo gauza. Kantu hori abestua bada; abeslariaren ahotsak eta trebeziak egingo du bigarren platera gustukoa ala ez. Menu osasuntsuetan, abeslari eta musikaren artean, oreka egon beharko du, noski. Edozein kantua entzuterakoan, bi plater edo osagai horiek garrantzia handia dute kantua gustukoa dugun ala ez erabakitzerakoan baina ezin ahaztu dugu postrea. Kantuaren letra ulertzeak aurreko bi platerek utzitako zaporea borobildu dezake edo bazkari eder bat guztiz izorratu. Egia esan, nik uste, kantu gehienak postrerik gabe dastatzen ditugula. Ulertzen ez dugun hizkuntza batean abestuak direnean argi dago zergatia baina, ustez, hitz egiten dugun hizkuntza batean abestuak dauden kanta asko ere ez ditugu ulertzen. Kantuetako letrak ez dira testu arrunta izaten, musikarekin eta musikara moldatutako hitz jokoak izan ohi dira eta oso pertsonalak gehienetan. Kantuen letrak ondo ulertzea esfortzu handia suposatzen du, eta esfortzu hori hartuta ere, askotan gaizki ulertzen ditugu (testuingurua ezagutzen ez dugulako, bigarren esanahia dutelako eta abar). Kanta bateko letrak ulertuz gero, eta letraren mezua edo esanahia gustukoa izanez gero, abestia guztiz borobildu dezake. Abesti eder bat abesti kuttuna bilakatu dezake. Alderantziz, gustuko doinua duen kanta bateko letra itsusia iruditzen bazaigu, kanta osoa izorratu dezake. Beraz, postrea eskatzea arriskutsua izan daiteke batzuetan, lehen bi platerekin ase geratu bazara bereziki. “Ea noizbait kartzelan egon naizen galdetzen didazue/ Kartzelan egon ote naizen galdetzen didazue?/ Gorrotoz eta heriotzaz betetako mundua sortu duzue, lapur eta hiltzaileen mundua/ eta ea noizbait kartzelan egon naizen galdetzen didazue?/ Erantzungo dizuet / Bai, egona naiz eta oraindik nago, ihes egiteko unearen zain” (Mutabaruka “Prisoner”). Oraingoan Mutabaruka izeneko jamaikarraren olerki musikatua ekarri dugu baina datozen zutabeetan zehar gustuko ditugun kantuen letra gehiago arakatuko ditugu. Kantu bera, desberdin bilakatzeko ahalmena duten letrak.

ARITZ SOUND SYSTEM


LEHENENGOA (XX0722)

Kaleidos, uztailak 22

Kaixo guztioi! Zer moduz? Egia esan, ez nuen zalantzarik izan. Kaleidoseko arduradunek zutabe honetan parte hartzeko gonbidapena egin zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Musika izar haundien antzera, nire egi osoa lau haizeetara zabaltzeko aukeraren aurrean ez nuen zalantzarik izan. Lau hitz idazteagatik baneketxeko kontu korrontea izugarri puztuko dut pentsatu nuen- eta orain naizena baino ospetsuago eta mirestuago izango naiz. Kaletik noala, jarraitzaile eta miresleekin topatu, autografoak sinatu eta festa, guateke eta kontzertu guztietara gonbidatuko naute. Hau bai txolloa! Baina, ez dut nire buruan soilik pentsatu behar. Hori dio behintzat amonak. Mundu mailan, musikaren egoera penagarria da eta zer esan Euskal Herrikoaz. Itxikeria nagusi. Zerbait egin behar dut. Jendeak, ni bezalako aditu jakintsu baten beharra du. Entzule ezjakinari musika ona zein den eta zein talde eta musika estilo entzun behar duen esango diot. Amonak dio musika onaren edo txarraren gainetik bakoitzaren gustoak daudela, musikarena gusto kontua dela alegia. Eta agian arrazoi du. Zalantzak ditut. Zer erakutsiko diot nik jendeari? Zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta ikasteko gehiago dudala konturatu naizela? Musikarekin ondo pasatzeaz gain asko ikasi eta erakutsi daitekeela? Galdera eta zalantzaz josia nago. Amonarengana noa aholku eske eta bide batez, han goian, zerua zeharkatzen duten trasto txiki horien barruan jendea dagoela azaltzen saiatuko naiz, berriro ere.

ARITZ SOUND SYSTEM

MILA ESKER MANOLO (XX0224)

MILA ESKER MANOLO

Otsailak 13. Ilargi betearen distirak erakarrita utzi gaitu Manolo Artolak. Manolo Artola? Nor zen ba Manolo Artola? Manoloren heriotzak ez ditu telebistako informatiboak ireki, ez ditu egunkarietako lehen orrialdeak bete, eta gertaera, ez da irratietako albistegietan entzun. Ez da behar ere. Manolo Artola, beste gauza askoren artean, musikazale amorratua zen. Musika adiktoa eta musikan aditua. Manolo ez zen izar famatua, ez zuen modako taldean jotzen, eta ez zen glamourraz inguratutako DJa. Manolo, diskoak erosi, elkartrukatu eta musikarekin gozatu eta ikasten zuen horietakoa zen. Musikarekiko maitasunak bultzatuta, urte askotan, irrati saioa egin zuen Astigarragako Irrintzi eta Hernaniko Molotoff irrati libreetan. Bere saioek ez zuten entzuleria-indizeen markarik apurtu, baina entzule ginenoi, ate asko zabaldu zizkigun. Euskal Herrian “arrotzak” ziren talde eta musikak ezagutu genituen Manolori esker. Lerro hauen bidez, Euskal Herriko uzta musikala fruitu goxoekin aberastu dadin, hazia landatu duten musikaren nekazari anonimoei, omenaldi xumea eskaini nahi diegu. Begirunea eta maitasuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

MOZORRO BERRIAK (080214)

MOZORRO BERRIAK HELBURU ZAHARREKIN
Amaitu dira inauteriak. Urtaro berria agurtzeko festa zen hasieran, udaberriari, naturaren aro berriari, ongi etorria emateko ospakizuna. Denborarekin, mozorroen bidez, aldaketarako eta askatasunerako beharraren aldarrikapena irudikatu du. Bai lehen eta baita orain ere, edozein ospakizunetan bezala, dantza eta musika ezinbesteko osagaiak dira eta kalea da ospakizun horren eremu naturala. Kalera irten eta kalea berreskuratu. Publikoaren aurrean pribatua defendatzen dutenek kalea eremu debekatua bihurtu nahi dute eta segurtasunaren eta “bizikidetzaren” aitzakiarekin, kalea oztopoz eta debekuz bete dute. Iragan inauterietan, azken aldian, gure kaleetan ugaritzen ari den mozorroarekin egin dugu berriro topo. Limitadorea izena du eta bizilagunen atsedenaren defendatzaile jantzia du soinean. Inauteriak irauten duen denboran udal agintea herritarron esku geratzen omen da baina, bada ezpada ere, agintea “utzi” aurretik gauzak ondo “lotuta” uzten dira. Tolosako inauteriak (Euskal Herrian ospe handiena duten horiek) kalean sortzen duten giroagatik dira ezagunak; koadrilen karrozak, mozorro desfileak eta txosnak. Beste urte batez, udal agintariek, limitadorea jarri dute txosnetan. Azarotik prestaketa lanetan egon arren, udal agintariek, azken unean eta ezer negoziatzeko aukerarik utzi gabe eman zieten inposaketaren berri. Teorian, limitadoreak, izenak dioen bezala, soinu ekipoen bolumena limitatzen du, baina erabiltzen den limitadoeraren arabera, bolumena mugatzeaz gain, soinu kalitatean ere eragina du (txarrerako noski ). Tolosan egon ginenok (gu igandean egon ginen) ikusi ahal izan genuen txosna gunean ez zela musikarik apenas entzuten eta entzuten zen apur hori oso kalitate txarrarekin entzuten zela. Hala eta guztiz ere, praktikan, musikarik gabeko gunea izanda ere (festa batzuetan pentsa ezina), jendez gainezka zegoen (txosnak antolatzen dituzten taldeek duten babesaren erakusgarri garbia, zalantzarik gabe). Kuriosoa da baina txosna guneko karpa barruan ginela, kanpotik etorritako “musika”, txosnako musika baino gehiago entzuten genuen. Txosnak dira talde askok duten diru iturri nagusia eta instituzioekiko independentzia ziurtatzen die. Galdera batzuk: Nola bateratu daiteke festa eta bizilagunen atsedena? Inplikatutako guztien parte hartzerik gabe posible ote da oreka/adostasuna? Nola, zeini eta zertarako jartzen dira limitadoreak? Bizilagunen atsedena aitzakia bezala erabiltzen da talde batzuk boikotatzeko?

ARITZ SOUND SYSTEM

MUGIMENDUAREN TOPAGUNEA (080313)

MUGIMENDUAREN TOPAGUNEA

Gazte Topagunea Lezon. Hau bai marka! Urteak dira Topagune desberdinetara joan naizela eta horietako batzuetan egitarauaren parte ere izan naiz (mahai inguruetan hizlari edo musika kontuetan gehien bat). Pozten nau urteak pasa arren, zailtasunak zailtasun, Topaguneak antolatzen direla ikustea. Ez dut milaka gazte elkartzen dituen antzeko ekimenik ezagutzen. Kopuruari dagokionez, musika jaialdi ospetsuek soilik biltzen dituzte horrelako gazte kopurua baina (zorionez) Topaguneak ez du hauekin zer ikusirik. Bistan da Topagunean musikak izugarrizko garrantzia duela (nahiz eta gauza batzuk faltan botatzen ditugun) baina Topaguneak musika eta festaren eremuak gainditzen ditu. Lau egunetan zehar sinistu ezinezko ekitaldi kopurua antolatzen da, eta hala ere, Euskal Herrian egiten denaren islada txikia besterik ez da. Denbora laburrean horrenbeste ekitaldi egitea ekitaldiaren beraren kalterako dela pentsatu izan dut beti. Askotan, kalitateari baino kantitateari begiratzen zaio gehiago (kalitatearen kaltetan). Topagunearen kasuan modu naturalean gertatzen dela uste dut; hau da, Topagunea milaka gazteen topalekua da eta Topagunea, gazte horientzat garrantzitsua denaren erakusleihoa da. Modu aske eta parte hartzailean antolatuta. Gazteak sortu, erakutsi, eztabaidatu, ikasi, elkar ezagutu eta ondo pasatzeko duten beharraren erakusleihoa. Aurreko batean, herriko festak prestatzeko bilera batean, kexu ziren batzuk bileran gazte gutxi geundelako. Gaur egungo gazteak ez direla ezertarako mugitzen esaten zuten. Gaur egungo gazteak ez dira ezertarako mugitzen? Gezurra. Zergatik gazte asko ez dira mugitzen? Ze gazte mugitzen dira? Zertarako mugitzen dira gazteak? Zer gertatzen da mugitzen diren gazteekin? Gazteak mugitzea nahi dugu? Zertan nahi dugu mugitzea gazteak? Zertan mugi daitezke gazteak eta zertan ez? Nori interesatzen zaio gazteak ez mugitzea? Zer egiten da gazteak mugitzeko? Zer egiten da gazteak ez mugitzeko? Lezoko topagunean milaka gazte mugituko dira. Topagunearen aurretik eta ondoren milaka gazte mugituko dira. Mugimendu honek ez du komunikabide gehienetan oihartzunik edukiko, eta edukitzekotan, mugimendua kriminalizatzeko izango da. Lezo herri inguruan harresiak jarriko dira mugimendua oztopatzeko, eta hala ere, zorionez, gazteak mugitzen jarraituko dira, bizirik dagoena mugitzeko beharra duelako.

ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKA ETA OSASUNA I

MUSIKA ETA OSASUNA (I)

Gizakia gizaki denetik musika sortzeko beharra izan du. Gizakiaren garapenean musika ezinbesteko bidai laguna izan da eta kultura guztiek izan dute harreman estua musikarekin. Musikak guk uste baino garrantzi handiagoa izan du gizakiaren historian eta hala ere, zer dakigu musikari buruz? Gaur egun, musika, aisialdiarekin erlazionatzen da bereziki, festa eta ospakizunekin lotura zuzena du eta, zergatia oso garbi izan gabe ere, atsegina, plazerra sortzen digu, ondo senti arazten gaitu. Zorionez, musikak, aisialdiaren eta festaren eremua gainditu du eta urrunago doa; komunikaziorako aparteko tresna da, ideiak eta sentimenduak adierazteko bitarteko ederra da, kultura desberdinak ezagutzeko eta besteei gurea erakusteko bidea da eta, beste maila batean, negozio itzela da gutxi batzuentzat. Aipatu maila hauetaz gain, jakina da musikak gizakiarengan eragin zuzena duela, eragin fisiko zein sikologikoa. Gizakiaren historian, asko izan dira musikak gizakiarengan duen eragina ikertu dutenak. Egipto zaharrean adibidez, musika adierazteko erabiltzen zen hieroglifikoa, alaitasuna eta ongizatea adierazteko erabiltzen zen hieroglifiko bera zen. Egiptoko medikuek, gaixotasun asko kantuen bidez sendatzen saiatzen ziren. Grezia klasikoan, pentsalari askok ikertu zuten musikak gizakian duen eragina (ethos deitu zuten). Hauen ustetan, musika, jainkoek sortu zuten eta unibertsoaren harmonia irudikatzen du. Aristotelesen arabera, musikak, gizakiaren jarduera areagotu dezake eta hainbat ekintza egitera bultzatu dezake (ethos praktikon). Estilo zitaristikoak gizakiaren indar morala sendotzen zuen (ethos etikoa) eta lidioak berriz ahuldu (ethos threnodes). Azkenik, musika erlijiosoak, extasia eragin behar zuen jainkoengatik gertuago egoteko. Zeltiar jatorriko herrietan, txaman edo sendatzaileek, sendatzen laguntzen zuten kantu, soinu eta erritmoak ezagutu behar zituzten ezinbestean. Txina eta Indian ere asko dira musikaren ahalmen terapeutikoa azpimarratzen duten ipuin eta kondairak. Erdi aro eta Pizkunde garaian garrantzi handia ematen zitzaion musikaren ahalmenari. Haendel musikagileak, musikaren bidez, entzuleak dibertitzea baino, pertsona hobeagoak izatea bilatzen zuela zioen. Mozarten musikak ondorio terapeutikoak omen ditu eta adimena garatzen laguntzen du. Atsegin dugun musika entzuten dugunean gorputzak endorfinak sortzen ditu (morfinaren antzeko sustantziak) eta gaixotasunak sortutako mina arindu dezakete. Gustuko musika entzuteak ondorio positiboak ditu beraz gorputzean.

ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKA ETA OSASUNA II

MUSIKA ETA OSASUNA (II.atala)

Iragan zutabean, gure artean nahiko ezezaguna den musikaren eremu batetaz mintzatzen hasi ginen: musikak gizakian eragiten dituen ondorio fisiko eta sikologikoetaz, alegia. Historian zehar kultura desberdinek ikertu eta praktikan jarri dituzte musikak gorputzean dituen eraginak. Betidanik, musikak eta dantzak paper garrantzitsua jokatu dute gorputzaren osaketan. Azken urteetan egin diren ikerketa desberdinek, musikak, nerbio sisteman eragiteko ahalmena dutela frogatu dute eta musikak kitzikatuta, gorputzak; besteak beste, endorfina, dopamina, azetilkomina edo oxitozina bezalako substantziak sortzeko ahalmena du. Substantzia hauek gorputzaren babes sistema sendotzen dute eta alaitasuna eta ongizate sentsazioa sortu dezakete. Guztiok sentitu ditugu noizbait musikaren eraginak; musika batzuk lasaitzeko ahalmena dute eta besteak dantzan jartzen gaituzte, alai edo triste. Ikerketetan sakonduaz musikaren erritmoak, melodiak, tonuak edo intentsitateak era batera edo bestera eragiten digutela frogatu omen da. Erritmoa adibidez, bizitzaren taupada da. Erritmoak bihotzaren taupadan eragin dezake; azkartuz edo mantsotuaz. Erritmoa orekatua eta egonkorra bada, osasuntsua izango da gorputzarentzat eta erritmo irregularrek arazoak sortu ditzakete osasunean (bihotzaren taupadak gehiegi baldintzatzen badituzte behintzat). Ikertzaile hauen esanetan musika estilo batzuetan erabiltzen den anapesto erritmoak eragin kontrajarria izan dezake gorputzean (rock, punk, heavy eta musika elektronikoko kantu batzuetan erabiltzen omen da). Perkusio instrumentuek odol sistema kitzikatzen dute eta gorputzaren energian eta sexualitatean eragina omen dute. Melodiak afektibitatean du eragina eta plazerra, alaitasuna edo tristura bezalako sentsazioetan eragin dezake. Armonia, disonantea denean, irrika, ezinegona eta urduritasuna eragin dezake eta soinu kide edo soinu bereko denean berriz oreka, egonkortasuna eta atsedena. Instrumentuak duen tinbre eta tonoaren arabera ere eragin bat edo bestea edukiko du; soinu agudoek kitzikatu egiten dute (altuegiak direnean berriz mina sortu dezakete) eta grabeek erlaxatzeko ahalmena dute. Intentsitatea ahula denean intimitatea eta baretasuna eragiten du eta ozena denean berriz nekagarria, astuna eta mingarria izan daiteke. Ikerketa hauek, guztiak bezala, ikuspegi kritikoarekin aztertu behar ditugu eta inoiz ez, egi absolutuak balira bezala.

ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKA ETA OSASUNA III

MUSIKA ETA OSASUNA
BALDINTZA HOBEAGOEN KONZIENTZIA
2009. urtea musika eta osasunaren arteko harremanari buruz hitz eginez hasi genuen. Musikak historikoki gizakiarekin izan duen harremanaz eta musikak osasunarentzat dituen ondorio onuragarriak aipatu genituen. Amets gaizto batek musika eta osasunari buruzko hirugarren atala atzeratu zuen, orain arte. Musikak, osasunean eduki ditzakeen ondorio onuragarriak frogatuta daude eta, azterketa zientifiko konplexuetan sakondu gabe, gutako edonork nabarituko zituen behin baino gehiagotan. Kontrajarria badirudi ere, azken urteetan egin diren ikerketa batzuen arabera, arrakasta lortzen duten musikariek gazte hiltzeko arrisku handiagoa omen dute. Jakina da, musika munduko izen ezagun asko (Janis Joplin, Jimi Hendrix, Jim Morrison, Bob Marley, Sid Vicious eta abar) oso gazte hil zirela eta musikarien artean oso zabalduta dagoela “Azkar bizi gazte hil” delako esaldia. Heriotza horiek aztertuz gero ordea, heriotzaren zergatiak zuzenean musikarekin erlazionatuta ez daudela ikusi daiteke eta zerikusi handiagoa dute, musikari horiek zeramaten bizimoduarekin. Musika berez ez da osasunerako kaltegarria baina musikaren inguruan sortzen diren bizitza ereduak bai izan daitezke kaltegarriak, eta ez soilik arrakasta duten musikarientzat. Musika munduan buru belarri murgilduta dagoen edonork (maila profesionalean izan gabe ere; eta ez soilik musikariak, baita soinu teknikari, antolatzaile, eta abar) nabaritu ditzake ondorioak. Musika, estilo batzuetan bereziki, jaiarekin eta festarekin erlazionatzen da. Musikaria gauez aritzen da gehienetan, kilometro asko egin behar ditu, atsedenerako tarte gutxi, soinu ekipoekin gora eta behera ibili behar du, bolumen altuegiak jasan, dieta kaskarra izaten da, jende aurreko tentsio eta urduritasunak, saioa egin beharraren konpromezua (batzuetan gogorik gabe edo erdi gaixo egonda ere) eta gainera, “gorputzari buelta emateko” edo “puntua hartzeko” oso osasuntsuak ez diren substantziak hartzen dira askotan (erabileraren arabera, dependentzia arriskutsuak sortu ditzaketenak). Ez dira lanerako baldintza onenak izaten baina, beste iharduera mota askotan ere ez ote dira antzekoak edo okerragoak izaten? Askotan, musika munduan buru belarri sartu nahi duten gazteei musika mundua arriskutsua dela esaten zaie (beste eremuetan arriskurik ez balego bezala); droga asko dagoela eta antzekoak (beste inon egongo ez balira bezala). Musika munduan ere, informazioa zabaldu eta eztabaida sortzearekin batera, lan baldintza duinagoak lortzen saiatu beharko genuke, ezta?


ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKA INDUSTRIA ETA KRISIA (100305)

MUSIKA INUDSTRIA ETA KRISIA

Iragan astean Euskal Herriko Musika Industriaren Plataforma (EHMIP) deiturikoa aurkeztu zen. Musikarekin erlazionatuta maila profesionalean aritzen diren enpresek sortu dute. Irakurritakoaz ulertu ahal izan dugunez helburuak hauek dira; sektoreak bizi duen egoera larriaren berri eman, instituzioekin bitartekaritza lortu, aurrekontuen murrizketa basatiak ekidin, sektorearentzako diru laguntzak lortu eta, azkenik, herritarren elkartasuna bilatu. Plataformako bozeramaleetako bati (J.A. Serrano) irrati batean egindako elkarrizketa entzunda, plataforma orain sortzearen arrazoia soilik ekonomikoa dela iruditu zitzaidan. Krisiak diru laguntza publikoen murrizketa ekarri du eta horrek enpresa askoren desagertzea eragin dezake. Elkarrizketa entzuten nuen bitartean ideiak eta galderak igarotzen zitzaizkidan abiadura osoan burutik. Zergatik “krisi” egoeretan kulturari eskainitako diru partidak dira normalean murrizketa handiena pairatzen dutenak? Kultura denbora librean kontsumitzen dugun zerbait da? Ekonomikoki garai “onak” direnerako ospakizun modura gordetzen dugun goxokia ote? Horrenbestekoa ote da sektoreak diru laguntzekiko duen dependentzia? Zergatik du horrenbesteko dependentzia? Normala da dependentzia hori? Normala izan beharko luke? Zergatik sortzen da orain plataforma? Ez zegoen lehenago sortzeko beharra? Urteetan sektorean lanean aritu diren langileek zer nolako baldintzetan lan egin behar izan dute? Hainbat euskal taldek zentsura eta boikota jaso dute urteetan. Musikariei utzi nahi zitzaien protagonismoa, orain arte? Sektorea itzaltzen da eta musika isiltzen da? Maila profesionalean aritzen direnez gain, zer? Jendeari kontzertuetara joan dadila eskatu behar diogu? Sektorearekiko elkartasuna eskatu behar zaio? Musika kontzertuak doakoak izan behar dira? Zer nolako baldintza nahi ditugu sektoreko langileentzat? Berdin dira enpresa buruak eta langile soilak? Zer nolako musika ekimenak diruz bustitzen dira instituzioetatik? Boikota eta zentsura dago instituzioen aldetik? Zein talde laguntzen dira eta zeintzuk ez? Diru laguntzek musikari profesionalen jarduera baldintzatzen dute? Sektoreak bere burua diru laguntzen arabera baldintzatzen du? Zein neurritan? Amaitu zaigu tartea eta galdera gehiago baziren, nonbait. Musika industriaren sektorea elkartzea aurrerapausoa da. Profesional izan gabe musikan lanean ari diren langileak elkartzea ere ondo legoke eta, guztion artean, hausnarketa egin eta ekimenak proposatu, aurrerantzean sektoreak instituzioekiko duen dependentziarekin hautsi eta herritarren elkartasuna behar ez izateko.

ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKARI ELKARRIZKETATUA (091225)

MUSIKARI ELKARRIZKETATUA

Duela egun gutxi Euskal Herriko musikari beterano ezagun bati egindako elkarrizketa entzun nuen lehen PNV eta orain PPSOE ren propaganda tresna den irrati “publikoan”. Elkarrizketa entzuten ari nintzela bi gauza etorri zitzaizkidan bereziki burura. Batetik, ze presentzia gutxi duten musikariek komunikabide handietan (Durangoko azoka garaian ezik, agian) eta bestetik, ze paper jokatzen duen musikariak horrelako elkarrizketa baten aurrean. Musikaz orohar gutxi hitz egiten da komunikabideetan eta are gutxiago oraindik entzun daiteke musikari baten ahotsa zuzenean. Kulturari eskainitako atal laburretan, batzuetan, eta kazetariak aukeratutako esaldi laburren bat gehienez. Buruan dudan elkarrizketa honek hogei bat minutu iraun zituen (asteburuko saioa zen) eta komunikabide “handi” batean, musikari batek, eszenatokietatik edo kantuen letretatik kanpo, jendeari zuzenean gauzak adierazteko aukera ona dela pentsatu nuen. Elkarrizketa oro, neurri batean, elkarrizketa egilearen galderei lotuta dago, noski, baina, horrelakoetan, musikariak (eta edozein elkarrizketatu orohar) aurrez elkarrizketa horretan zabaldu nahi duen mezua zein den hausnartu beharko luke? Ziur naiz elkarrizketatua izan den jende asko, elkarrizketa amaituta, berarentzat garrantzitsuak ziren gauzak esan gabe geratu dela askotan; horri buruzko galderak egin ez zaizkiolako, denbora faltagatik, komunikabide horretan gai horri buruz hitz egitea “delikatua” delako eta abar. Buruan dudan elkarrizketan, elkarrizketatua Nafarra da, ezkertiarra eta euskaltzalea. Elkarrizketan zehar bere ibilbide oparoaz eta kaleratutako azken diskoaz hitz egiten zuten eta, diskoaren edukiari tiraka, guda zibilean frankoren aurkariek jasandako errepresio basatia salatzen zuten. Gertatu zenari buruz dagoen ezjakintasuna eta egun, garai hori isilarazteko dagoen interesa salatzen zen era berean. Une batean, Afrikako etorkinen egoera latza ere aipatu zuten. Elkarrizketaren azken segundoak ziren eta horretan utzi behar. Eskerrik asko eta agur. Nafar euskaltzalea izan eta euskarak bizi duen egoeraren inongo aipamenik egin ez? Urteetan gazteekin eszenatokiak eta afariak konpartitu eta gazte ezkertiarrek sufritzen duten errepresio basatiaren aipamenik ez? Elkarrizketa egileak gai horiek ez ateratzea ulertzekoa da (lanpostua galtzeko beldurra duen morroiaren ikuspuntutik) eta elkarrizketatuak ere ez du zertan horri buruz hitz egin beharrik, are gehiago horri buruz galdetzen ez zaionean, ezta?

ARITZ SOUND SYSTEM

MUSIKARIEN LAN KONTUAK (100401)

MUSIKARIEN LAN KONTUAK
Aurreko zutabean mahai gainean jarritako galderen artean musikarien lan baldintzei buruzkoa zegoen. Musikari edo artista bati saio bat egiteko proposamena egiten zaionean adibidez, zer nolako “lan” baldintzak eskaintzen zaizkio? Teorian, prozesua legeak arautzen duen bezala egiteko, ekitaldiaren antolatzaileak musikaria kontratatu beharko luke; hau da, lan kontratu bat egin beharko lioke. Antolatzaileak, edozein enpresari modura, kontratatutako artista-langileari alta eman beharko lioke gizarte segurantzan, soldata bat eman, erretentzioak praktikatu eta horrelako prozesu konplexuak behar dituen tramite guztiak egin beharko lituzke. Horretarako antolatzailea enpresaria izan beharko luke, hau da, enpresa eratuta izan. Zorionez, Euskal Herrian (beste leku askotan ez bezala) ekitaldiak enpresen bitartez baino irabazi asmorik gabeko norbanako eta herri elkarteek antolatzen dituzte, askotan. Antolatzaileak kontratua egiteko aukera izanda ere (udalek adibidez), ez dute artista langile modura kontratatu nahi (are gutxiago egun baterako saioa bada), horrek tramite eta gastu asko dituelako. Horrelakoetan, nahiago dute zerbitzua eskatu eta artista berari faktura bidez ordaindu. Ondorioz, artista da faktura egin behar duena (edo bitarteko enpresa baten bidez) baina horretarako enpresa eratu behar du (autonomo modura edo merkataritza elkarte modura) horrek suposatzen duenarekin (tramite eta zerga piloa). Azkenean, bi aukera hauen zailtasunak bultzatuta, legezkoak ez diren moduak erabiltzen dira, askotan. Euskal Herriko musikari askok sufritzen duten behin-behinekotasun egoera honen irtenbidea musikarien kooperatiba eratzea izan daiteke (Katalunian adibidez Musicat izenekoa eratu dute eta bertsolari askok Lankuren bidez egiten dute). Praktikan irabazi asmorik gabeko elkarte sindikal modukoa sortu beharko litzateke eta elkarte honek musikari-artisten eskubideak defendatuko lituzke. Nahi duten musikariek elkarteko bazkide egingo lirateke eta elkarteak musikari hauen kontratazio tramiteak egingo lituzke; lanari, legediari eta administrazioari dagozkion kontuetan aholkularitza eskaintzarekin batera. Praktikan, antolatzaile eta artistaren arteko bitartekari litzateke baina legezko tramiteei dagokionez, soilik. Kontu hauetan dudan ezjakintasunetik ari naiz baina gaiak merezi du hausnarketa.

ARITZ SOUND SYSTEM

Mp3 (XX1202)

GARAI ZAHARRAK
Mega, giga, modem, firewall, anti-spam, download, e.a. Hiztegia (ingelesezko hitzez osatutakoa behintzat) handitzen doa. Ordenagailuek geroz eta memoria, abiadura eta prestazio handiagoak dituzte. Klik batekin munduko “jakituri” guztia, definizio altuko pantailan azaltzen zaigu. Musika zaletuok, saguari zanpatzearekin soilik, milaka kantu ditugu eskura. Erreza ezta? Ametsa egi bihurtuta. Disko gogorrean, ehunka disko gorde ditzakegu konprimiturik. Hau bai kakagura. Disko bat jaisterako bestearen bila goaz. Berdin dio guztiak entzuteko denborarik ez izatea, edota musikaren kalitatea tamalgarria izatea, edota askotan, disko zein kantuen informazioa okerra izatea. Kantitatea kalitatearen gainetik dago. Gogoratzen disko kuttun horren bila hilabeteak ematen genituenean? Lortzen genueneko poza. Gogoratzen kantuek soinu ona zutenean? Eta diskoen liburuxkak? Eta beste diskoen faltan, diskoa behin eta berriro entzuten genuenean? Musikak bere denbora behar du. Garai berriko alde onekin gozatu nahiko nuke garai zaharreko alde onak galdu gabe. Zaila ezta?

ARITZ SOUND SYSTEM

NOTHING HILL (XX0819)

Kaleido 05-VIII-19

GAU ETA EGUN
London, kapitalismoaren hiri zauritua. Herriak ustiatuz aberastutako hiria. Kultur anitzen bizileku. Koloreak, usaiak eta estilo guztietako musikak nonahi. Abuztuaren azken asteburuan, Karibetik iritsitako etorkinen hiru belaunaldik festa egiten dute. Afroamerikareuropearrek (!!!) Nothing Hill-eko inauteriak ospatzen dituzte eta lau egunez, 400 urtetan garatutako sentimenduek, musikaren bidez adierazitako sentimenduek, hiria bereganatzen dute. Metalezko perkusioek, kolore eta dizdiraz betetako jantziek, Karibeko jaki, zapore eta usaiek, eta potentzi osoz, musikaren uhinak lau haizeetara zabaltzen dituzten sound systemek, kalea okupatzen dute. Festa eta aldarrikapena bat eginik... egun argiz! Goizean goizetik dantza eta algara. Berreskura ditzagun kaleak. Ez gaitezen taberna zuloetan- izkutatu. Gaua magikoa da... eta eguna? Apurtu ditzagun gure buruari jarri dizkiogun muga musikalak eta apurtu ditzagun gure buruari jarri dizkiogun denbora mugak. Eta orain, lotara noa, gaur gaupasa egin beharko dut eta.

ARITZ SOUND SYSTEM

OLENTZEROREN JANTZIAK (071206)

OLENTZEROREN DURANGOKO JANTZIAK

Durangoko azoka. Komunikabideetan ez da beste ezertaz hitz egiten. Zutabea egun hauetan kaleratu behar izatea ere. Derrigortuta gaude. Ikus dezagun. Durangoko azoka: euskal liburu eta disko azoka. Antolatzaileen hitzetan: “Helburua, frankismoaren diktadurapeko urte haietan, Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Helburu nagusia hori bazen ere, euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topalekua izatea ere lortu nahi zuten Gerediaga Elkartekoek”. Frankismoaren garaiak amaitu ziren (hori diote batzuk behintzat) eta demokrazian bizi omen gara. Euskararentzat ordea ez dago demokraziarik. Helburuetan azaltzen ez bada ere, hasieratik azokak euskararen bultzatzaile eta euskararen egoera salatzeko gune izatea bilatuko zuen (ez dugu zalantzarik). 42 urte igaro dira eta gauza asko aldatu dira baina orduan bezala, euskararen (euskaldunen) eskubideak ez dira errespetatzen eta euskararen (euskaldunen) aurka ematen diren erasoak salatu behar dira. Behartuta gaude, behartzen gaituzte. Azokaren helburuetan, lehena Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea azaltzen da eta ekoizpen horren zati handia biltzea lortzen dute. Helburu horretan ordea, erakustoki bakoitzeko 770€ ordaindu behar izatea ez da oso mesedegarri izango, eta elkarte askorentzat, oztopo gaindi ezina izan daiteke. Diskoetxe txikiak adibidez, edo diskoetxerik ez duten talde eta musikariek, zaila izango dute azokan presentzia edukitzea. Eskerrak Sapuetxe gaztetxean azoka alternatiboa ospatzen den, eta bertan ez dira muga ekonomikoak jartzen (kultura merkantzia bezala ulertzea da hemen muga. www.zirikatzen.org). Durangoko azoka, gabonetako opariak erosteko gune erraldoian bilakatu da askorentzat, eta egia esan, oparien joko horretan sartuz gero, hobe horrelako opariak egitea beste eratako batzuk baino. Sal erosketa joko horretan murgilduz gero ordea, azoka, sektoreen topaleku baino, konpetentziarako gune bilakatu daiteke (ea nork saltzen duen gehien; promozioak, argi distiratsuak eta su artifizialak nonahi). Ez gaizki ulertu. Gaia konplexua da eta hemen egin daitekeena baino hausnarketa sakonagoa behar du. Ziur gaude, Gerediaga elkarteak izugarrizko lana egiten duela euskararen alde baina Olentzeroa janzteko garaian, nahiagoko genuke markadun arropa garestiak erosiko ez balira. Eta Olentzeroa edukitzekotan, nahiagoko genuke Olentzero pijo eta kontsumista ez izatea. Garaiz gaude.

ARITZ SOUND SYSTEM

SAGARRONDOTIK (XX0317)

SAGARRONDOTIK

Sagardotegiak modan daude. Astebururo “sagardoaren lurraldera” datorren jendetza ikustea besterik ez dago. Masifikazio honek “giroa” ekartzen omen du herrietara. Baina, zer prezioan? Batzuentzat, sagardotegiak lagun artean ondo jan eta ondo edateko leku aproposak dira. Lagun giro berezia sortzeko “dohaina” du sagardotegiak. Beste batzuentzat berriz, urteko mozkorraldia harrapatzeko aitzakia besterik ez da. Taberna eta taberna artean edaten jarraitzeko beste geldiunea besterik ez. Errespetu kontua da. “Sagardoaren kultura ezagutarazteko helburuarekin” sortu da Sagarrondotik ekimena. Antolatzen diren ekitaldien artean, gaur eta biharko kontzertuek dute arrakasta handiena. Euskal Herriko zein kanpoko izen handiko talde ospetsuak (gehienak) osatzen dute kartela eta zorionez, musika estiloei dagokionez, aniztasuna dago. Rocka da nagusi baina funkia, reggaea, ska, folka edo flamenkoa ere entzun ahal izango dira. Bitartean, gurean oraindik ezezagunak diren talde eta musika estiloak ezagutarazteko lan itzela dugu oraindik egiteko. Estua da lotura. Aniztasunean omen dago aberastasuna. Oreka kontua ote?

ARITZ SOUND SYSTEM

TOLOSAKO TXOSNAK OHARRA

TXOSNAK FESTAREN PARTE TA EZ APARTE!
Nork idatzia Tolosako Txozna Batzordea
Urtarrila bere amaierara heltzear doa eta tolosarrok hain gure ditugun Ihauteriak gainean ditugu. Aurten, Tolosako Txosnagunea Euskal Herri plazan izango da eta bertan, Ihauteriak animatu eta festa giro herrikoia sortuko duen karpa jarriko dugu.



Beste aukerarik ezean, aurten gure eskaera onartu behar izan du Tolosako udalak: Txosnagunea Euskal Herri plazan kokatzea. Baina aurtengoarekin ez da nahikoa. Behingoz, herri guztietan bezala, Tolosako txosnek gune finko bat izatea aldarrikatzen dugu. Gune erreferentea izan dadin herritarrentzat, eta gu, toki horretara egokitu gaitezen eta urtetik urtera gune egokiago bat sor dezagun. Horretarako, Euskal Herri plaza dela egokiena uste dugu; festa giroan kokaturik dagoelako eta Ihauterietan ez zaiolako beste erabilerarik ematen, hutsa geratzen delako alegia.

Udalak ordea ez du onartzen toki finko bat behar dugunik eta horrek Euskal Herri plazan izan behar duenik. Baina beste proposamenik ere ez du egiten. Kultura eta festak batzordeko buru Andoni Iturzaetak dio EZ eta horretan geratzen da dena. Beno, beste toki bateko proposamena egin zigun baina lotsa ere ematen du aipatzeak: apeaderoa eta musika eskola arteko pasabidea. Azken urte hauetan agertu al da Andoni Iturzaeta Txosnagunetik? Horrela bada, ohartu beharko luke berak egin duen proposamen bakarra arriskutsua dela, Ihauterietan txosnetan ibiltzen den jende kopuruari erreparatuz soilik. Baina bere jarrerarekin zera erakusten du, ez garela Ihatuerietako parte aitortuak eta edozein iskin eta bazter nahikoa dela guretzat.



Beraz, argi utzi nahi dugu, aurten Txosnagunea Euskal Herri plazan izango dela baina aurrerantzean ere horrela izatea exijitzen dugula, denontzat egokiena eta bideragarriena delako.



Azaro aldean hasi ginen udalarekin bileretan eta hasiera hasieratik gure eskaera nagusiei muzin egin zaie, aitzakia bat edo bestea erabiliz. Denbora honetan ez dugu inolako aurrerapenik lortu; gure lanean ( txosnen prestaketan) atzeratzea baizik. Udalak ez du arazoarekiko irtenbiderik bermatzen eta beraz, bere irizpideak inposatzen amaitu nahi du. Azken aurreko bileran argi geratu zen jarrera hau. Gu betetzera konprometitzen ginen ordutegiak azaldu genizkion udaleko ordezkariari. Geure artean ordutegia murriztea eta lehenago ixtea erabaki bagenuen ere, (ordu bat bera ere ez zen tabernena baina luzeagoa), bilera bukatutzat eman behar zuenean, ixteko orduak guk esandakoak baino 30 min lehenago izango zirela agindu zuen Iturzaetak. Hori gutxi balitz, musikarentzat limitadorea ezarriko zigula ere esan zuen.



Oztopoak jarri eta bermerik ez emateaz gainera, udalak diona inposatu nahi digu Iturzaetak. Zinegotzi baten lana ez al da herritarren nahien arabera arazoa bideratzea? Eta ez bere iritzia inposatzea?



Ihauterietako festa batzorde batean zera esan zuen Andoni Iturzaetak (erdaraz bada ere) : Ihauteria herriarena da, ez udaletxearena, beti esan izan dugu hau harrotasunez. Udaletxeak dituen baliabideak jarri besterik ez du egiten. Hau ez da inondik inora berak bilera hauetan duen jarrera, ez festa batzordean ezta gurekin biltzen denean ere. Justu kontrakoa erakusten du udaletxearen ordezkari den honek. Defentsiba jarrera, oztopoak, bermerik ez, irtenbiderik ere ez eta inposaketa.



Baina oztopoak oztopo eta inposaketak inposaketa, guk ilusioz jarriko dugu Ihauterietan Txosnagunea eta gure konpromisoak beteko ditugu, bizilagunekiko errespetuz. Txosna batzordea irekia da, jai herrikoi eta parte hartzaileen alde lan egin nahi duen ororentzat zabalik dago eta guk eztabaida guzti hauen hasieratik jarrera irekia mantendu dugu. Edonorekin elkartu eta eztabaidatzeko prest agertu gara. Baina ez dugu onartuko beste edozein herritarrek duen zilegitasuna eta eskubideak ukatzea. Gu ere herriaren eta Ihauterien parte gara, aukera eta eskubide berdinekin, ez gehiagorekin, ez gutxiagorekin.



Horregatik, tolosar eta tolosar ez diren guztiek, ateak zabalik izango dituzte Txosnagunean. Goza dezagun bada festaz!





Aurtengo egitaraua:

























TOLOSAKO IAUTERIAK 2008



OSTEGUNA



-12:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

-12:30TAN TXUPINAZOA ETA PREGOIAREN IRAKURKETA

JARRAIAN TXISTORRADA.

-GAUEAN: DJ FER



OSTIRALA



-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

-20:30 ZAHAGIARDOA (ZUK AFARIA, GUK EDARIA! TXOX!)

-23:00TAN KONTZERTUAK:

-DESORDUTAN (TOLOSA)

-INSERSHOW (KATALUNIA)



LARUNBATA



-HAUR DANBORRADA ETA GERO:

-HAUR TXOKOLATADA

-AURPEGI PINTAKETA

-MARRAZKETA ERAKUSTALDIRAKO MARRAZKETA TXOKOA!

-GAUEAN: DJ BULL



IGANDEA

-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA BONBERENEA TXARANGAREKIN!

-JARRAIAN KONTZERTUAK:

-DESPERVICIO

-KANTAFLOR

-GAUEAN: ARITZ SOUND SYSTEM



ASTELEHENA



-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

GOZATU ETA BORROKATU TXOSNA GUNEA!



ASTEARTEA



-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

GOZATU ETA BORROKATU TXOSNA GUNEA!





Tolosako Txosna batzordea

TXOSNAK 1 (XX0811)

TXOSNAK (I. atala)
Zer lirateke Euskal Herriko jaiak txosnarik gabe? Herriko elkarteen diru iturri bezala sortu eta festen ezinbesteko osagai bihurtu dira. Baina, zerk egiten ditu horren erakargarri?
Abuztua, itzalean 40ºC, festa egun nagusia eta tabernak? Lepo. Masokarik masokena ere ez litzateke zulo ilun eta sargori horretan sartzen ausartuko. Odolean duzun alkohol maila ez da nahikoa oraindik. Edari miragarriaren bila zabiltza. Burua altxatu eta txosna gunea topatu duzu. Bai! Hori da behar duzuna. Berdin dio hurbiltzen zaren heinean sudur zuloan nabari duzun kiratsak zorabiatzen bazaitu. Berdin dio lurreko lokatzak (?) polizia kontrol batek baina traba gehiago jartzen badizkizu. Berdin dio edaria eskatu ahal izateko ordu luzeak eman behar badituzu ere. Berdin dio mirariz lortutako garagardoa (?) epela eta plastikozko edalontzian edan behar baduzu ere. Gauza asko berdin izango zaizkizu baina azken 20 urteetan milaka aldiz entzun dituzun kantu berberak entzungo al dituzu aurten ere?. Musika ekipoaren kalitate txarrak belarria txikituko ote dizu beste behin? (Jarraipena irailak 1).

ARITZ SOUND SYSTEM


TXOSNAK 2 (XX0901)

HAIZE FRESKOAREN BILA (Txosnak II. Atala)

Eta txosnetan hobekuntza txiki batzuk egingo balira?. Goizero ur eta xaboi pixka bat bota, komun publiko gehiago ingurunean, dekorazioa zaindu edota musika ekipo duin bat alokatu. Bizitza osoa pasako ote dugu txosnetako bonbilla zimel eta tristeei begira? Noiz entzun ahal izango dugu musika baldintza duinetan? Gehiegi eskatzea ote da betiko kantuekin osatutako CD bildumak gau osoan bueltaka izan gabe, musika jartzeaz arduratuko den zaleturen bat edukitzea? Eta zuzeneko emanaldiak zer? Oholtza txikiak, soinu ekipo kaxkarrak, haize eta euriaz babestuko gaituen egiturarik gabe, eta orotar, emanaldiak eskaintzeko azpiegitura kaskarra. Eta kontzertuez gain beste zerbait antolatzen badugu? Abeslari eta musika aukeratzaileekin osatutako sound systemak adibidez? Antzerki, perkusio joleak, break dantzariak e.a. Eta musika estiloei dagokionez, estiloen aniztasunean oinarritutako egitarau txukuna osatu dezakegu. Aniztasunean omen dago aberastasuna eta rockaz eta bakailaoaz gain, arrain mota asko dago musikaren itsaso zabalean.

ARITZ SOUND SYSTEM

UDAKO BIDAIAPENAGARRIA (100917)

UDAKO BIDAIA NEGARGARRIA
Azken hilabeteetan aurpegia erakutsi duen gaixotasunak behartuta uda desberdina bizitzera behartu gaitu. Atera dizkiogun alde positiboen artean, telebista ikusteari utzi diogula da. Egia esan, azken urteotan ez genuen askorik ikusten baina orain, gorputzari kasu egiten hasi garenetik, telebista ikustea debekatu digu (astean behin pizten dugu gehienez). Horietako batean, guztion diruarekin ordaindutako PPSE-ren (lehen PNAV) telebista publiko folkloriko autonomikoa jarri eta hara non eta Jamaikari buruzko bidaia proposatzen digutela (Chiloe saioa). Jamaikar musikaren zaletu amorratua izanda ezin aukera hori galdu. Harretaz ikusten hasi eta hara non, bidaiaren gidari Burp! saioko aurkezlea bera dela. Tripak nahasten hasi zaizkit dagoeneko (eta ez zait komeni). Ordu erdi beranduago amaitzen da saioa (erdaraz eta euskaraz bertsio desberdinak daude eta youtube-n ikus daitezke). Hau gorputza txarra geratu zaidana. Saioa nahi bezain sakonki aztertzeko tarte nahikorik ez dugu hemen baina taberna estiloan laburbilduz zera esango nuke: penagarria izan dela. Penagarria diogu pena delako horrelako baliabideak eduki eta modu horretan alperrik galtzea. Hasieratik, Jamaikako irlaren topiko turistiko guztiak azaltzera mugatu da saioa; irlako herri turistikoei bisita derrigortua, azal zuriez betetako hotel guneetako hondartza babestuetan bainua, turistentzako aktibitateak (txalupan paseoa , krokodilo beldurgarriei bisita, ur jauziak, kafe plantazioak, zaldiz hondartzan), eliz eta eraikuntza kolonialen miresmena (esklabo basatien “erailketak”), atletismoaren aipamena eta, nola ez, Bob Marley museoari bisita derrigortua (krokodiloei Bob Marley-ri baino tarte gehiago eskaintzen zaio). Dagoeneko askotan ikusitako turismo panfletoen topiko guztien grabazioa beraz, Karibeko beste edozein gune turistikoaren pareko. Historiaren eta egungo egoera sozio politikoaren aipamenik ez da apenas egiten eta bertakoekin harremana hutsala da. Musikari buruz berriz, Jamaikak duen ezaugarri garrantzitsuenetakoa izanda ere, eta duen aberastasun izugarriarekin, ez da apenas reggae musikarik entzuten. Rocksteady-ska kantu tipikoak (My Boy lollipop Millie, Desmond Dekker Israelites, Wailers Simmer Down) eta gutxi gehiago. Saioaren tarte handienean chillout kutsuko pop kantu ñoñoak, Hasta luego Lucas letra duen erdarazko kantu ikaragarria eta euskarazko kantu parea entzun daitezke (Ruper-en ahotsa hondartza zurien aurkezle).

ARITZ SOUND SYSTEM

UDAKO SOINU BANDA (XX0916)

UDAKO SOINU BANDA

Udara. Eguzkia, beroa, hondartza, itsasoa, bidaiak, oporrak, festak eta musika. Udararen soinu banda imagina dezakezu? Ikus dezagun. Rocka? Ez. Zatarregia da. Bizardun motorzaleak, larruzko txupa beltzak eta whiskya. Izerdi gehiegi. Rapa? Haserre aurpegidun beltz itxusiak garraxika. Besoak gora eta besoak behera. Ez dut ezer ulertzen. Markako zapatilak eta beisbol txapelak. Urre kolorezko eraztun eta lepoko pisutsuak. Cracka. Ezta ere. Technoa? Plastikozko kotxeak, ur minerala eta pilula magikoak. Begirada galdua. Txunda txunda. Abiadura erritmoetan, abiadura tunning kotxeetan eta abiadura sudurrean. Azkarregia udararen patxadarako. Euskal musika? Trikitixa, dultzaina eta txalaparta. Txapela, ardia eta sagardo-txakolina. Langilea eta fededuna. Hau zorabioa! Reggaea? Bob Marley, Jamaika, Karibea, palmondoak eta marihuana. Ganja. Etzanda entzuteko azuke kantuak. Hortz txuriko beltz txurrodunak. Brasilen ere hondartzak (eta) beltzak daude. Samba, batucada eta Carlitos Marron. Inauteriak eta futbola (nola ez!). T(r)opikoetan eguzkiak gogor jotzen duenean itzala bilatu behar.

ARITZ SOUND SYSTEM

UDARA JAIAK ETA TXOZNAK (070621)

UDARA, JAIAK ETA TXOSNAK

Iritsi da udara (eta bere topikoak). Eguzkia, bero sargoria, oporrak (dituenarentzat) eta herrietako jaiak. San Telmoak, Santa Kruzak, San Joanak, San Pedroak, e.a. Santutegiaren ibilbidea jarraituz festaz festa peregrinatzeko aitzakia ezin hobea. Euskaldun festadun. Udara osoa egon gaitezke festaz festa atsedenik hartu gabe. Ondorioak ordea larriak izan daitezke; poltsiko eta gibela zulatuak eta behin eta berriro festa berean egon garenaren sentsazioa. Izan ere, egitarauetan antzekotasunak baino ez ditugu aurkituko. Nork antolatzen ditu gauzak festetan? Herriko elkarteek ala udalak kontratatutako enpresek? Zergatik antolatzen dira geroz eta gehiago azken hauen bitartez? Haur eta helduentzako ekitaldi “ikusgarriak” (parte hartzeko baino besoak gurutzatuta begira egoteko baitira) antolatzen dira eta gazteentzat berriz tabernak. Eskerrak herri askotan txosnak mantendu ahal izan diren (kostata). Kalean jartzen diren bigarren mailako tabernak direla pentsatuko du askok baina hori baino gehiago dira. Oinarrian, herriko elkarte askoren diru iturri nagusia dira; instituzioen kontrola onartu ez eta hauen aldetik trabak besterik jasotzen ez dituzten elkarteen sostengu ekonomikoa dira. Azken urteotan txosnak desagerrarazteko eraso izugarria eman da instituzioen aldetik.. Txosnak herri antolakuntzaren eta herriko jaien ezinbesteko parte dira. Gure esku dago hauen biziraupena.. Txosnak mantendu nahi baditugu ez da nahikoa izango instituzioen aldetik “baimena” lortzea. Txosnak erakargarriak egin behar ditugu. Edariak eskaini behar badira eskaini ditzagun baldintza duinetan; berrerabil daitezkeen basoak erabili, garbitasuna zaindu, prezio “herrikoiak” jarri, e.a. Zaindu dezagun txosnen itxura; argiztapena, dekorazioa, e.a. Eta musika jarri behar bada, eskaini diezaiogun merezi duen arreta; zaindu dezagun musika ekipoen soinu kalitatea (eta ez horrenbeste zarataren potentzia); zaindu dezagun musika aukeraketa (nork banatzen ditu txosna guztietan dauden disko bilduma kloniko horiek?) eta bilatu dezagun aniztasuna (kritikarako gaitasuna galdu gabe). Puntu hauek (besteen artean) kontutan hartuz gero ziur gehiago gozatuko ditugula txosnak. Bihar hasten dira festak Hernanin eta, guri dagokigunez, Molotoff Irrati libreko txosnara gonbidatu nahi zaituztegu. Ezinbestekoak belarri irekiak eta dantzarako gogoak.

ARITZ SOUND SYSTEM

UDARA TXOSNAK ETA MUSIKA (070712)

UDARA, JAIAK, TXOSNAK ETA MUSIKA (2)

Herrietako jaietan entzun daitekeen (edo hobe esanda, entzuten ez den) musikarekin kritikoak izan gara askotan. Urteak dira Euskal Herriko festa asko bisitatu ditugula eta orotar, sinplifikatuz, herri guztietan bi eremu musikal aurkitu ditugu; bata, musika “kañerua” eskaintzen duena (rocka bereziki) eta bestea, “patxangadak” jartzen dituena (udako kantuak eta modan dauden errepika erresa dun kantuak). Eremu nahiko itxiak dira gainera; “kañeroan” soilik musika hori jartzen dute rocka ez den guztia jendea “desmobilizatzen” omen duelako (?) eta bestean, kantu horiek jartzen dituzte jendeak “eskatzen” duen musika omen delako, jendeak nahi duen musika omen delako (jendeari aukeratzeko ematen zaio ala?). Eremu horietan kokatzen ez diren musikak atsegin ditugunok berriz jai dugu. Azken urteotan, gutxi batzuk egindako lanari eta sortutako eztabaida apurrari esker, gauzak aldatzen doaz pixkanaka eta “irekiera” prozesua ematen ari da. Leku askotan ordea “irekiera” horrek hartu duen zentzua kezkatzekoa da. Eremu “kañeroa” delakoan (ematekotan eztabaida hor eman delako, bestean eztabaida gutxi) irekiera, eremu “patxangeroko” hainbat kantu sartzea izan da. Falta genuena! Martxa honetan eremu bakarra izango dugu (pentsamendu bakarraren zorionerako). Eremuen irekieraz ari garenean aniztasunaz ari gara; aniztasuna musika estiloei dagokionez eta aniztasuna aberastasunaren bidean. Belarriak zabalik eduki behar ditugu, kritikarako gaitasuna galdu gabe. Edozerk balio du? Gustu musikalak pertsonalak dira noski baina musika (eta inguruan duena), ideiak, sentimenduak eta jarrerak zabaltzeko tresna ezin hobea da. Zergatik promozionatzen dira musika batzuk eta beste batzuk berriz zentsuratu? Musika estiloarekin erlazioa du? Zergatik BBK Live jaialdiak komunikabide “handien” babes osoa du eta Euskal Herria zuzenean jaialdiak berriz ez? Taldeen musika kalitateagatik ote? Ez dugu uste. Ez dugu zentsurarik bultzatu nahi noski baina gure buruari entzuten eta bultzatzen dugun musikarekin (eta musika horren inguruan dagoenarekin) kritikoak izatea eskatu beharko genioke. Horretarako, musika hori eta inguruan duena ezagutzea beharrezkoa da (horrek suposatzen duen esfortzuarekin). Horrela eginez gero, gurearekin zerikusia ez duten kulturak ezagutuko ditugu adibidez eta mundua ulertzeko ikuspegi desberdina daudela ikusiko dugu. Musika (gehiago) ezagutu, ulertu, errespetatu eta gozatu dezagun.

ARITZ SOUND SYSTEM

UDARAKO TXUTEA (XX0630)

UDAKO TXUTEA

Iritsi da udara. Eguzkia, hondartza, oporrak (dituenarentzat) eta herrietako jaiak. Euskal Herrian, apiriletik urri-arte, festaz festa ibili zaitezke atseden egunik hartu gabe. Jendea, drogak, parranda eta musika. Musikadikto bakoitzak bere gustuko sustantzia musikala du baina, horiek lortzeko unean, desberdintasun handiak daude. Rocka eta patxangada komertzialak nonahi aurki daitezke; kalitate eta prezio desberdinean. Bilatu gabe etorriko zaizkizu, “legalak” dira eta guztien eskura daude (txosnetan, tabernetan, plazetan; herri guztietan dosi berdinak aurkituko dituzu) Musika beltzaren adiktoak garenok berriz gaizki pasatzen dugu. Reggae, rap, soul, funk edo afro-brasildar dosia lortzeko izugarrizko zailtasunak ditugu. Gaizki ikusiak gaude eta itzalean, zarata asko sortu gabe, mugitu behar gara. Gurea bai “monoa”. Nire egoera berdinean egon daitezkeen musika beltzaren adiktoekin gogoratzen naiz askotan. Kontsumitzaile pasibo izatetik trafikatzaile aktibo izatera pasa behar gara. Musika Beltzaren legalizazioa orain! Merkea eta kalitatezkoa herri guztietan!.

ARITZ SOUND SYSTEM

URTE BELTZA OPA DIZUEGU (081226)

URTE BELTZA OPA DIZUEGU

Gabonak berriro. Festa eta ospakizun egunak omen dira, erlijioaren eta kapitalismoaren gotorleku. Kontsumoaren paradisu, gehiegikeriaren orgia eta garesti ordaindutako barra librea. Espumoia eta konfetia. Plastikozko janari eta oparien gaindosia. Kristauen egutegiaren arabera urte zahar eta urte berria. Konfesatu eta “pekatu” guztiak alboratuta, bizitza berriari ekiteko aitzakia. Zer eskatzen diogu urte berriari? Eskatzea libre. Nork bihurtuko ditu egi gure ametsak? Ekialdeko errege “terroristak”, Aita Noel inperialistak ala gure Olentzero “jatorrak”? Guztiak batera, agian? Jokatu dezagun. Zilborrari begira jarri eta musika zaletu amorratuak garen neurrian, musikari lotutako eskaria egingo dugu. Orokorrean, musikarien baldintzak ez dira batere onak. Azpiegitura aldetik gabezi handiak daude eta zer esan musikariek dituzten lan baldintza negargarriez. Musika mundua ez dago behar bezala baloratuta. Urteak dira Euskal Herrian musika beltza delakoa zabaltzen ari garela eta aurrerapausoak eman badira ere, bide luzea dugu egiteko oraindik. Musika beltza abesten duten abeslari euskaldunen beharra dugu, adibidez. Noizko James Brown, Bob Marley, Marvin Gaye edo Sade euskalduna? Noizko funk, soul edo reggae erritmoen gainean “euskalduna nauk eta arro nagok”, ahots landuaz, garrasika abesten duten abeslariak? Kantautore ederrak ditugu, folk, pop eta rock estiloetan txukun ari diren talde eta abeslariak ditugu. Funk, soul, rap, reggae, blues edo musika beltzaren gainontzeko estiloetan ordea euskaraz abesten dutenak salbuespena dira. Zergatik? Musika, ideiak eta sentimenduak adierazteko tresna ederra da eta ez du hizkuntza mugarik. Norbaitek aipatu erritmoen gainean abestu aurretik, lehenik eta behin erritmo horiek sentitu behar ditu eta horretarako, musika horiek ezagutzea ezinbestekoa da. Zorionez, egun ia guztion eskura daude. Geroz eta gehiago dira musika horiekin antolatzen diren festa eta sound systemak. Denbora kontua izango da agian baina ezin dugu probidentziaren edo opariak egiten dituzten izaki “magikoen” esku utzi. Gure esku dago bide horretan lan egiten jarraitzea. Estilo horiek jende aurrean abestu nahi dituzu? Jarri gurekin harremanetan (www.ixah.net). Oharra: Jasotako opariak konbentzitu ez bazaitu, Toni Lodeiroren “Consumir menos, vivir mejor” (Txalaparta arg. Noizko euskaraz?) liburuagatik trukatu dezakezu. Ez ohiko saltokietan salgai edo sarean eskura.

ARITZ SOUND SYSTEM

URTEBETE (XX0721)

URTEBETE

Urtebete igaro da Kaleidoseko zutabe honetan idazten hasi ginenetik. Azkar doa denbora lagun! Balorazioa egiteko unea iritsi da, agian. Gure helburuak bete ditugu? Euskal Herrian, musika eta musika ulertzeko moduan aldaketak eman dira? Zerbait aldatu behar da? Zuzen ari gara? Handia omen da hitzen indarra, eta hitzekin gauzak aldatu daitezkeela entzun dut askotan. Urteak daramagu Euskal Herriko musikaren egoera aberastu nahian. Irratiko uhinak, soinu aparailuak eta paper zuria. Eguna eta gaua. Aniztasunean omen dago aberastasuna eta musikaren bidetik, sentimenduak sortu eta ideiak zabaldu daitezke. Sentitzeko eta ezagutzeko beharra dugu. Hitzak elkartu eta ideiak zabaldu. Ez dakigu, hemen idatzitakoa, jende askok irakurriko duen ala ez. Eta ez dakigu, irakurritakoak, eraginen bat izango duen ala ez. Baina badakigu, aukera dugun bitartean, gustuko dugun musika, eta musika hori ulertzeko dugun modua, zabaltzen eta ezagutarazten jarraituko dugula; eta horretarako, eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZAINDU BELARRIAK (081030)

ZAINDU BELARRIAK

Gu bai garela tontolapiko eta inozoak. Noiz galdu genuen gorputzari entzuteko ahalmena? Ahalmen hori izan dugu noizbait? Kirtenak gara berez edo bizi garen gizarte sistemaren ondorioa da? Gehiegikerian bizi gara eta ez dugu neurririk. Asko ona da eta gutxi pobrea. Kantitateak axola du, orekaren eta kalitatearen gainetik. Sobera jaten dugu, sobera edaten dugu, gehiegi kontsumitzen dugu, neurrigabe drogatzen gara, gehiegi lan egitera behartzen gaituzte eta kirola ere (egiten dugunean behintzat) neurrigabe egiten dugu askotan (adibide gutxi batzuk jartzearren). Horrelako egoeretan, gorputzaren erantzuna jasotzen dugu etengabe, zerbait gaizki egiten ari garela esaten digu baina normalean ez diogu jaramon handiegirik egiten. Gorputzaren oihuak isilarazteko botikekin ederki aberasten dira batzuk. Primeran bizi gara oparotasunean. Musika zaletuak garenok ere mundu berean bizi gara. Musika entzuteko garaian adibidez, bolumenak garrantzi handia du. Bafleek edo instrumentuen dardarek sortutako uhinak jasotzen ditu gure belarriak. Prozesu konplexu baten bitartez uhin horiek seinale elektriko bihurtzen dira eta azkenik burmuinak interpretatzen ditu erreakzio kimikoetan bihurtuz. Belarriak jasotako dardarak zenbat eta intentsuagoak izan orduan eta gehiago sentituko dugu musika (ez nahastu kantuek sortzen dizkiguten sentimenduekin; hauek ez dute bolumenarekin zer ikusirik). Musika entzuteko garaian bolumen egokiak garrantzi handia du. Festa batean adibidez, kantu oso dantzagarria izan arren, musika oso baxu badago (jendearen marmara baino baxuago) zaila izango da jendea dantzan jartzea (posible bada ere). Kantu bera bolumen egokian entzunda, jendeak errazago sentituko du, eta azkenik, bolumena altuegi badago, neketsua izan daiteke, baita mingarria ere. Horrelakoetan gorputzaren babes sistemak martxan jartzen dira eta mingarriak izan daitezkeen frekuentziei entzungor egiten die. Gorputzak, bolumen altuei moldatzeko gaitasun handia du baina luzera, esfortzu horrek, ondorio kaltegarriak ditu. Bolumen altuekin gaztetan egiten ditugun gehiegikeriak faktura pasako digute urteekin. Ez da gauza berria. Adituek ondo dakite hori eta hala ere, osasun publikoan ez zaio gure entzumenaren osasunari inolako jarraipenik egiten (berandu den arte). Aisialdian edo lanean, belarriak errespetatu behar ditugu.

ARITZ SOUND SYSTEM



ZAINDU BELARRIAK 2 (0811XX)

ZAINDU BELARRIAK2

Iragan zutabean entzumenaren osasunaz aritu ginen. Gehiegikeria goraipatzen den gizartean, musika entzuteko garaian ere, bolumenak geroz eta altuagoak dira. Kontzertuetan geroz eta soinu ekipo potenteagoak dira eta askotan, bolumena neurrigabekoa izan ohi da. Etxeko soinu ekipoetan ere, potentzia bilatzen da beste ezaugarri batzuen aurretik, eta zer esan, perretxikoak bezala zabaldu diren mp3 irakurgailuei buruz. Normalean kaskoekin erabiltzen dira eta bolumen altuegiekin. Kalean dagoen soinu kutsadura dela eta, bolumenak etengabe igotzen ditugu musika entzun ahal izateko eta batuketa horrek kalte izugarria egin dezake. Mp3 irakurgailuen kasuan, soinu kalitate eskasekoak izan ohi dira eta frekuentzia agudoak dira nagusi. Bolumen altuetan ere oso distortsio baxua dute eta beraz bolumena neurrigabe igotzeko joera dago. Gorputzak babes neurriak hartzen ditu eta denborarekin frekuentzia batzuk entzuteko gaitasuna galtzen da. Egoera larria bada (urteetako esposaketaren ondorioz adibidez), entzumena galtzeko arriskua dugu. Entzumenaren galerak bi eratakoak izan ohi dira; bata barruko belarriari dagokio eta bertan dauden nerbio zelulak kaltetzean gertatzen da (neurosensorial). Frekuentzi agudoak galtzen hasten gara eta behin barruko belarria kaltetua dagoela ez du atzera biderik. Bigarrena kanpoko edo ertain belarriari dagokio. Belarria zarratu egiten da (zerbaitek soinua igarotzea oztopatzen du) eta soinua uhinen bidez doanez ez da barrura iristen eta ondorioz ez dugu entzuten (konduktiboa). Azken honek konponbidea eduki dezake. Lantegietan belarriek zaintzeko neurriak hartzen hasiak dira eta langileak jakitun dira neurri horiek hartzearen garrantziaz (nahiz eta horrek, beste behin, nagusiekin borrokatzera behartu). Aisialdiarekin zerikusia duten inguruetan berriz (musika tartean dagoenean bereziki) ez dira belarriak zaintzeko inolako neurririk hartzen, normalean. Bolumen handiak eskatzen dituzten egoeretan, musikariak belarriak zaintzen ikasi behar dugu (baita entzuleak ere). Tapoiak adibidez irtenbide txukuna izan daitezke. Gehienak ezerosoak dira eta bolumena jaisteaz gain soinuaren pertzepzioa aldatzen dute. Gaur egun, zorionez, asko aurreratu da gai honetan eta bakoitzaren belarriaren neurrira egindakoak lortu daitezke (askoz ere erosoagoak). Horretaz gain, bolumena jaitsi arren, soinu kalitatea berdin mantentzen omen dute (bolumena 25db jaitsi ditzakete frekuentzi guztietan adibidez. Soinuaren pertzepzioa tapoiak ez dituenaren berdina da baina bolumen baxuagoan). Zaindu entzumena.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZENTSURA Azkena (091030)

ZENTSURA, AZKENA IZAN DADILA

Bizitzen ari garen betekada errepresiboak ondorio latzak uzten ditu maila guztietan, zuzenak batzuk eta zeharkakoak besteak. Euskal Herriaren aldeko militantzia zintzoa neurrigabe zigortzen den bitartean, lotsagarriak diren komunikabide handiek (publiko zein pribatuek) nagusiaren morroi fidelaren papera jokatzen dute, intoxikazioaren eta zentsuraren bidetik. Besteak beste, euskal presoen aldeko elkartasun adierazpide oro zentsuratuta, kriminalizatuta eta zigortua izaten ari da sistematikoki eta ez soilik gobernu, epaile, polizi edo komunikabideen aldetik. Negu Gorriak taldeak zioen bezala Borreroak baditu milaka aurpegi eta herritarren artean ere, zentsuratzaile papera jokatzen duenik ere bada. Duela urte gutxi espainiar estatuan euskal taldeen aurkako boikot kanpaina larria jarri zen martxan (gaur egun mantentzen da) eta kanpaina horren ondorioz, Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar, Fermin Muguruza edo Berri Txarrak bezalako musikariei kontzertuak suspenditu eta, kasu batzuetan, epaiketak ere jasan zituzten. Dena den, ez gara urrutira joan beharrik zentsura kasuen adibide garbiak ikusteko.

2009ko irailaren 25a, ostirala. Barakaldoko hiru rap taldek kontzertua antolatu dute Bilboko Azkena aretoan (aretoa alokatu dute horretarako). Sarrera 3€-tan jarri dute. Eszenatokira igotzen lehen taldea 121 Krew da (http://www.myspace.com/121krewhiphop). Euskal presoak Euskal Herrira dioen banderola dj-aren mahaian jarri eta hasi dira emanaldiarekin. Rap baseen gainean euskaraz abestutako letra zorrotzak ditu taldeak. Bigarren abestia amaituta, beste taldeko lagun batek esaten die aretoko arduradunak presoen aldeko banderola kendu ezean, kontzertua suspendituko duela. Taldekoak harriduraz banderola kendu eta hurrengo abestiari ekiten diote. Abestia amaituta euren artean hitz egin eta jasotako mehatxuaren aurrean kontzertuarekin ez jarraitzea erabakitzen dute. Jendeari gertatutakoaren berri eman, barkamenak eskatu eta, norbaitek horrela nahiko balu, dirua itzultzeko prest daudela esaten diete. Hurrengo taldeek (Bitxos Raros K eta Betto Say), 121 Krew-koekin hitz egin eta gero, kontzertuarekin jarraitzea erabakitzen dute. Behin eszenatokitik kanpo zeudela, aretoko arduraduna 121 Krew-koengana gerturatu eta hori negozio bat zela, ez zutela politikarekin eta horrelako sinbologiarekin ezer jakin nahi eta hemendik aurrera filtroa egingo zela esaten die. Kuriosoa da baina Azkena aretoaren web orrian ez dugu horrelako “printzipioen adierazpenik” inon topatu. Negozioa eta apolitikoa beraz? Negozioarena ez dugu zalantzarik baina guk uste politika ulertzeko modu nahiko faxista dela hori.

ARITZ SOUND SYSTEM


ZINEMA ETA DOINU BELTZAK (091001)

ZINEMAREN DOINU BELTZAK

Azken egunotan zinema giroan murgilduta izan gara Euskal Herrian. Aitzakia ederra eman digu horrek gustuko dugun musikaren eta zinemaren arteko harremanaz hitz egiteko. Jakina da edozein pelikulan, soinu banda, pelikularen ezinbesteko osagai garrantzitsua dela, eta musikarekin, irudiari zentzu bat hala beste eman ahal diogula (intentsitatean, giroan eta abar). Musika afro-amerikarrak ez zuen 70. hamarkada arte benetako garrantzia lortu filmeen soinu bandak osatzerako garaian. Ordura arte, aktore afro-amerikarrak zuzendari zurien agindupean aritu ziren eta bigarren mailako paperak betetzen zituzten (gizartean “eduki behar zuten” ustezko paperaren adierazgarri). Sidney Poitierrekin hasi ziren gauzak aldatzen baina ez zen 1968. urterarte, Melvin Van Peebles zuzendari afro amerikarrak The Story of Three Day Pass grabatu zuen arte, zuzendari beltz batek, zinema industriaren babesa jasoko zuela (nahiz eta horretarakoa babesa Frantzian bilatu behar izan zuen, AEBetako ekoizleek ez zuten ekoiztu nahi eta). Garaiko giro politikoak bultzatuta, afro-amerikarrek zuzendutako eta antzeztutako filmak perretxikoak bezala hasi ziren ugaritzen (Shaft, Superfly, Foxy Brown eta abar). Zinemaren ikuspegitik ez zuten maila handirik eta, zoritxarrez, ez zen gizon eta emakume afro-amerikarren irudi oso ona eskaintzen. Filmetako gai nagusiak kaleetako bortizkeria, sexua eta drogak ziren, oso modu arinean aurkeztuta baina, gaurko ikuspegitik, izugarrizko balorea dute garaiko giroaren isla direlako eta harri bitxiz jositako soinu bandak dituztelako. Kritika asko jaso zituzten eta Blaxploitation izena jarri zieten. Blaxploitationeko filmeen sukarra lau haizeetara zabaldu zen eta Jamaikan adibidez, irlako garaiko egoera primeran islatzen zuen Rockers filma grabatu zen 1978. urtean (zuzendari zuriarekin, hori bai). 80. hamarkadan berriz beroaldia hoztuko zen eta gauzak “bere lekura” bueltatu ziren pixkanaka. Aktore eta zuzendari afro-amerikarrak sisteman integratu dira guztiz eta “dagokien” papera jokatzen dute (salbuespenak salbuespen). Musikarekin ere antzekoa gertatu da. Euskal Herrian berriz, musikalki aberastasun handia dugu (aberasten jarraitu beharrekoa) baina ez da gauza bera gertatzen zinemarekin. Egia da, filma bat egiteko baliabide asko behar direla baina gaur egun, teknikoki erraztasun handiak daude eta ordu eta erdiko filmak egin gabe ere, laburmetraiak edo antzeko formatuekin jokatu daiteke zinemaren eta musikaren arteko harremana arakatzeko. Animo, beraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZORIONAK (841124)

ZORIONAK

1984ko azaroak 24. Andoaingo gazte talde batek Asintxoko eskolako ate zaharra bota eta hiltzear zegoen eraikin (herri) bati bizitza ematen dio. 22 urte pasa dira eta tartean; kontzertuak, olinpiadak, ikastaroak, mendi irteerak, komun garbiketak, bilerak, eztabaidak eta muxutruk egindako lana. Gaztetxeak adin tarte desberdinetako gazteen topaleku dira, gauzak aldatzeko eta hobetzeko nahia dutenen topaleku. “Batzuk” gaztetxerik ez egotea nahiko lukete, gazteak antolatu ez daitezela nahiko lukete. Eta horretan saiatzen dira. “Batzuen” komunikabideetan gaztetxeak soilik “arazo leku” direnean dira albiste, eta gazteak berriz, “gaizkile” modura aurkezten dituzte. Beno ba, gaur, zutabe honetatik, Andoaingo gaztetxearen urteurrena aitzakia hartuta, gaztetxeetan lanean ari direnak zoriondu nahi ditugu, gauzak aldatzeko eta hobetzeko egiten duten saiakerarengatik eta eskerrak eman, gaztetxekoak izan ez arren, gauzak antolatzeko azpiegituraren beharrean gaudenean, ateak parez pare zabaltzen dizkigutelako. Egiten duten lana baloratua ez dela esan ez dezaten gero :)

ARITZ SOUND SYSTEM

ZORIONAK INFO 7 (XX0126)

ZORIONAK INFO 7
Urtebete igaro da www.Info 7.com irratia emititzen hasi zenetik. Zorionak, Azti Begia, baliabide gutxi eduki arren, irrati duina sortzeagatik. Zorionak, Egin Irratiaren itxierarekin sortutako hutsunea betetzen laguntzeagatik (eskerrak irrati libreei). Zorionak, Kale Gorrian magazineko lagunei, ohiko irrati publiko zein pribatuetan, mutu dituztenei, ahotsa emateagatik. Zorionak, informatiboetako lagunei, besteentzat informazio ez direnak lau haizeetara zabaltzeagatik. Zorionak, musikaletako lagunei, E. H.an zein munduan dauden musika ederrekin gozatzeko eta ikasteko aukera emateagatik. Zorionak, teknikoei, aparailu eta uhinen ipotx bihurriei aurre egin eta, irratia, gure etxeetara iritsi dadin egindako lanagatik. Zorionak, irratiko kolaboratzaileei, musu truk, horrenbeste gai eta ikuspuntu erakusteagatik. Zorionak guztioi; akats, ezuste, gabezi eta traba guztien gainetik, geroz eta irrati duinagoa egiten saiatzeagatik. Eta azkenik, zorionak entzule eta bazkideei, irratigintzaren basamortuan oasia ureztatzeagatik. Lan asko dugu oraindik egiteko.

ARITZ SOUND SYSTEM

ZUHAITZAREN ADARRAK (070802)

ZUHAITZAREN ADARRAK

Zuhaitz batekin alderatuta, Musika enborra da eta musikaren estilo eta korronte desberdinak berriz adarrak (“estiloak” munduan zehar egiten diren doinuak bata bestetik desberdintzeko erabiltzen diren izenak dira). Urteetan zehar, estiloak, enfrentamendurako tresna bezala erabili dira eta askotan “desberdina” zena iraintzeko asmoarekin. Disko musika adibidez, homosexualitatearekin lotu izan da eta disko musika gustukoa bazenuen homosexuala zinen (hori irain bezala erabilia izan da homosexualitatea txarra dela kontsideratzen dutenen artean). Era berean, reggaea, porreta eta alferren musika izan da, technoa pastillero eta pijoen musika, trikitixa baserritar ezjakin eta atzeratuena, klasikoa diruzale eta adinduena eta rocka garagardo zale matxo tipo gogorren musika. Egia da, musika guztiak sortu diren ingurunearen eta garatu diren garaiaren eragina jaso dutela eta jendeak, arrazoi desberdinengatik (ez da gustu kontua izan), eta batzuetan helburu zehatz batzuekin (komertzialak tartean), musika horiek ezaugarri batzuekin identifikatzen saiatu direla. Jende asko ezaugarri horiekin identifikatua sentitu da eta hori kezkagarria izan da (ideologi kontuaz gain) musika estilo bati lotu eta gainontzekoak baztertu direlako. “Nire” musika ona da eta gainontzekoak (zurea tartean) kaka bat. Azken urteotan, zorionez, geroz eta gehiago dira estiloen dependentzia gainditu duten musikariak eta geroz eta ohikoagoa da estiloen arteko elkarketa, fusioa, nahasketa edo batura (“maitasun harremana” esaten diogu guk). Baina hau ez da berria. Ulertu ote daiteke musika harreman hori gabe? Ska musika, adibidez, jamaikarrek sortu zuten baina osagai nagusiak AEBetako rhythm and bluesa, jazza eta Karibeko soca eta calipsoa ditu (alaitasun eta itxaropen ukituarekin). Skaren garapenetik datoz rocksteady-a eta reggaea eta raparen ezinbesteko osagaiak dira funkia (base erritmikoan) eta reggaearen toasterra (abesteko eran). Nola ulertu daiteke house musika disco musikarik gabe? Eta rocka rhythm and bluesa gabe? Estiloen izenak erreferentzi modura erabili ditzakegu baina (zorionez) musikaren izaerak berak zaila egiten du definizioa. Definizio hori enfrentamendurako erabili nahi dutenak kontraesanetan sartzen dira etengabe. Musikaren eremua gainditu eta baloreak gehitzen dizkiete. Musika enfrentamendurako tresna bezala ikusten ez dutenek berriz musikaren ahalmen guztiak erabiltzen dituzte aberastasunaren eta aniztasunaren bidean.

ARITZ SOUND SYSTEM