MAKALA

MAKALA elkarrizketa

SARRERA

Zer esan Mikel Makalari buruz. Musikalki, anaia izan dela urte askotan eta zorte haundia izan degula bera eazagutu eta berarekin hainbat ekimenetan elkarrekin aritzeagatik. Pertsona zintzo eta jatorra iruditu zaigu beti. Gertuko eta atsegina harremanean. Umiltasunez, proposatutako edozein ekimen zoroan parte hartzeko prest beti:-)

Musikalki militante eta hiperaktibo :-)

Web orri honetan azaltzen diren antzeko artixta askorekin gertatu bezala, zorretan gaude berarerik. Euskal kultura aberasteko bidean izugarrizko lana egin duen beste laguna.

Eskerrik asko Mikel.

Makala atzean New York hiria duela. (Arg: Makala. CC BY-SA 4.0)

 

MAKALA - HONDARTZAN 

Sarrera 

Amaitu da udara eta kontraesana badirudi ere, Mikel Unzurrunzaga Schmitzek, udararako aproposak omen diren musikekin osatutako diskoa kaleratu du. Kontraesana norentzat? Musikak urtarorik ez duela diogunontzat ez behintzat. Eta nor ote da Mikel Unzurrunzaga Schmitz? Musika beltzaren zaletu amorratuak garenontzat ezagunagoa da Makala ezizenaz eta ezagutzen ez dutenentzat, Makala, musikaren abiadurari neurria hartu dion musika zalea dela esango diegu. Disko jartzaile ezaguna, ekoizlea, baxujolea, kontzertu eta festen bultzatzailea, e.a. Novophonic disketxearen altxorrekin osatutako disko-sesioa izan zen lehena eta orain, berak konposatutako eta lagun askorekin batera osatutako kantuekin dator. 



E!: Nola sortzen da egitasmoa egiteko aukera? 


M: Aspaldidanik nik konposatutako musikarekin diskoa kaleratzeko gogoa nuen eta orain, Metak zigiluari esker diskoa kaleratzeko aukera sortu zait eta ez dut aukera galdu. Egia esan, Metakeko jendearekin harremana ona dut aspaldidanik eta nahiz eta nik egiten dudan musika ez den diskoetxean normalean kaleratzen diren diskoen estilokoa aukera eman didate bere garaian Selektah Kolektiboa edo Afrikarekin gertatu bezala. 

E!: Diskoa Makala bezala aurkeztu duzue baina egia esan, zurekin batera lagun ugari aritu dira diskoan. 

M: Bai, kolaboratzaile asko izan ditu diskoak. Zerrenda luzea da eta talde desberdinetako jendea aritu da.. Ttatunpa perkusio taldeko Aran eta Mikel, 12 Tribu reggae taldeko Ladis baxuan, Borja saxofoia, Txato bateria, Javi Pez orquestrako Jon Tronbon, Ferminekin ibilitakoa, Basque Dub Foundationekin haize sekzioa osatu duten lagunak, e.a. Lagun asko benetan. 

E!: Diskoaren produkzio lanak egiteko, Euskal Herriko reggae zaletuen artean oso ezaguna den Roberto Sanchez aukeratu duzu. Nolakoa izan da harremana? 

M: Lan asko egin dugu. Abuztuan sartu ginen grabatzera eta Santanderrera bidai asko egin ditut. Atsegina izan da reggae musikaz eta grabazioetan horenbeste dakien pertsonarekin aritzea. 

E!: Ez da zure lehen diskoa aurretik Novophonic diskoetxearen katalogoarekin sesioa osatu zenuelako baina lehen aldia da zure konposaketekin diskoa kaleratzen duzula. Nolakoa izan da esperientzia? 

M: Bai esperientzi desberdinak dira noski. Aurrekoak bere lana zuen kantuen aukeraketa, nahasketa, ea. Baina oraingo honekin denbora asko daramat (urte eta erdi). Kantu guztiak nik konposatutakoak dira, ez dago bertsiorik baina lau bost kantuetan sanplerrak erabili ditut, ea jendeak asmatzen duen zein kantutik hartu ditudan. 

Makala biniloekin jolasean. (Arg: Bilbaoplan.com)

 

E!: Argi dago zure ametsetako hondartzan aspertzeko denborarik ez dagoela, estilo aldetik behintzat aniztasun handia dago eta.

M: Betidanik esan dut eklektizismoa dela nire gaixotasuna eta ezin dut disko bat norabide bakarrean eraman. Nire etxeko zigilua da estilo aniztasuna eta azken finean, pintxatzen ditudan musika estiloak nabarmendu daitezke diskoan; latin, disko, reggae, funk, afro-funk, e.a. 

E!: Arabiar musikari keinu bat ere egiten diozu. 

M: Fuego Amigo kantua canción protesta da. Iraken inbasioaren kontrako kantua da eta bertan fuego amigo deritzan hori zer ote den zalantzan jartzen dut. 

E!: Diskoan lantzen dituzun estiloak kontutan hartuta zer nolako harrera espero duzu Euskal Herri mailan. 

M: Egia da estilo hauek ez daudela oraindik oso barneratuak Euskal Herrian baina ez naiz ni aintzindaria izan honetan, jende gehiago aritu da musika hauek egiten nire aurretik. Niretzako klabea izan da Afrikaren diskoa, azkenean norbait ausartu delako acidjazz, soul eta funk diskoa euskaraz egiten eta kalitatez. Hemengo panorama musikala gaurkotu egin beharra dago, ordenagailuekin egiten den bezala. 

E!: Birusen kontrako babesa ere jarri beharko da ziurrenik. Dena den, disko jartzailea zarela kontutan izanda, dantzarako erritmo azkarren falta nabarmendu dugu diskoan. Entzun daitezkeen erritmo gehienak nahiko lasaiak dira eta horrek harritu gaitu. 

M: Adina izango da. Orokorrean disko lasaia da eguneko edozein unetan eta edozein lekutan entzuteko aproposa. Ziurrenik eguraldi onarekin gehiago gozatuko da. Udaberri udararako disko aproposa da. 

E!: Diskoan musikari askok parte hartu dute eta horrek zuzenean aurkezteko zailtasunak emango dizkizu? 

M: Diskoa kaleratu eta gero lehenik eta behin biratxoa egingo dut disko jartzaile modura. Raslarekin batera sound systema osatuko dugu eta Euskal Herriko hiriburu eta hainbat txoko, Bartzelona, Madril eta Alemanian ere zerbait egitea gustatuko litzaidake. Hiru hilabetetan, bi astebururo emanaldiak eta prentsarekin harremana. Datorren urtean berriz taldetxoa osatuko nuke, boskotea edo seikotea gehienez, bateriarik gabe, zerbait sinplea leku txikietan jotzeko. 

ARITZ SOUND SYSTEM