OIHANA UNI

OIHANA 100301

OHARRA: Normalean egin dizkidaten elkarrizketak komunikabideetan argitaratzekoa ziren baina kasu honetan, unibertsitateko ikasle batek (Oihana Etxebarrietak) elkarrizketatu ninduen gazte hizkeraren inguruko lan bat egiten ari zela eta. Aukeratutako gaia hip-hopa eta rapa izan ziren.
Bi estilo hauek euskeraz duten presentzia aztertu, erabiltzen duten hizkera... etab.  Rap musikari buruzko lana prestatzen ari zen eta gurean duen eraginaz aritu ginen, besteak beste. Eskerrik asko Oihana. Lan txukuna aterako zitzaizula espero det :-)

(Lana pdf formatoan fitxategiak karpetan ikus daiteke).

 

Molte, DZ, Wanka eta Daddy Jeff, Selektah kolektiboa izan zen euskera hutsez rapa landu zuen lehen taldea.

 

ELKARRIZKETA 

1. Gaur egun Euskal Herrian nolako tokia du rapak? Garrantzia al du gazteen artean? 

Rapak eta Hip-Hop mugimenduak oro har izugarrizko hedapena izan du mundu osoan eta gazteen artean, bereziki. Euskal Herrian ere, beste lekuetan baino beranduago bada ere, zabaltzen eta indartzen ari da. Estatu espainiar eta frantsesean duen indarrak bultzatuta eremu erdaldunetan zabaldu da lehenik eta, pixkanaka bada ere, eremu euskaldunetara ere hedatzen ari da

Bilboko Zorroza ikastetxeetan emandako ikastaroan gaztetxoak rapeatzen :-)


2. Euskara ez al da erakargarria rapa egiteko garaian? Errazagoa da gaztelania erabiltzea? 

Euskal Herriko gazteek, komunikabideen eraginez bereziki, rapa erdaraz jasotzen dute (ingelesez, frantsesez eta gazteleraz, gehien bat) eta ondorioz, hizkuntza horiekin erlazionatzen dute. Rapa musikaren bidezko komunikazio tresna da eta komunikazio tresna guztiak bezala edozein hizkuntzatan garatu daiteke. Rapa euskaraz egitea ez da beste hizkuntzatan egitea baino zailagoa edo errazagoa. Euskara beste edozein hizkuntza bezain erakargarria izan daiteke rapa egiteko garaian; beste gauzen artean, musikarien trebeziaren, entzuleen gustuen eta ohituren araberakoa izango da hori (baita belarrien ohituren araberakoa ere).

 

3. Saiakera desberdinak ikusi ditugu, Bertso-hopa adibidez, edo MAK eta Selektah bezalako taldeak, euskaraz, rap ona eta adierazkorra egin daitekeela. Nola bultzatu daiteke hip-hop munduan bizi den jendea euskara erabiltzera? 

Modu naturalean izan behar du. Euskaraz hitz egin eta pentsatzera ohituta dagoenak euskaraz abestuko du eta eroso sentituko da horrela. Euskara menperatu ez baina euskararen alde egin nahi duenak ere saiakerak egingo ditu euskaraz abesteko. 

 

Ibarrako gaztetxean Selektah eta Mak taldeko kideak elkarlanean.


4. Eta euskal rapa kontsumitzeko aukerarik dago? Erraztasuna al dute kontsumitu nahi duten horiek rapa aurkitzeko?

Zorionez, geroz eta rap gehiago egiten eta abesten da euskaraz. Gaur egun, rapa euskaraz entzun nahi duenak inoiz baino aukera gehiago ditu (zuzenekoak, internet, diskoak eta abar).


5. Euskara artifiziala al da raparen bidez transmititu nahi dena adierazteko garaian?

Galdera xelebrea gero. Ez, noski. Hizkuntzek ez dute mezu bat artifizial egiten, mezua bera izan daiteke artifiziala edo agian euskara ezagutu edo errespetatzen ez duenaren pertzepzioa izan daiteke. Beste batzuetan, hizkuntza horretan musika entzuteko ohitura falta izan daiteke sentsazio hori (batzuengan) sortzen duena. 80. hamarkada amaieran rapa gazteleraz edo frantsesez entzutea arraroa zen (eta artifiziala) batzuentzat. Gaur egun gutxik esango dute hori.

 

121 Krew, Maisha Mc eta Selektah sound systema Donostian ospatu zen Kilometroak jaialdian.

 

6. Zeren beharra ikusten duzu gazte batzuek sentitzen duten artifizialtasun hau deuseztatzeko?

Ezagutza, errespetua eta denbora (belarria ohitzea).


7. Nolako gaiak transmititu nahi izaten dituzte euskal raperoek?

Kantuen letretan entzungo ditugun gaiak anitzak dira. Euskal Herrian bizi direnez inguruan bizi duten egoeraren berri ematen dute, normalean. Hori bai, zorionez, gehienetan, gai horiek sakonean tratatzen dira eta ez azalekoan.

 

 

8. Gaur egun munduan gailentzen den rap irudi horretatik aldenduta sumatu ditzakegu euskal raperoak. Ezta? 

Zorionez, munduan zehar era askotako rap musika egiten da eta mezuak ere anitzak dira. Egia da, musikaren industria zuzentzen dutenek, euren ideologiak eta interes ekonomikoek bultzatuta, irudi mugatua eskaintzen dutela. Kuriosoa bada ere, egiten den raparen parte txikia da hau nahiz eta komunikabide enpresa handien eraginez, alderantzikoa iruditu. Euskal Herrian zorionez euskaraz ari diren rap abeslariek konpromiso garbia dute gizartearekiko eta ikuspuntu ezkertiar batetik ari dira gauzak aldatu eta hobetu nahian.

Euskal bertso-raperoen posea :-)


9. Nolatan etorri zitzaizuen Bertso-Hopa egiteko ideia? Nolako arrera izan du gazteen artean? Bertsolariek nola erantzun dute? Eta Raperoek?

Ez zen bat bateko “fletxazoa” izan. Antzekotasun handiak daude bertso eta raparen artean eta biak ezagutu, errespetatu eta maitatzen ditugunez, harremanetan jarri genituen, besterik gabe. Hasieran zaila zirudien bertatik zerbait serioa sortzea baina badirudi harremana sendotzen ari dela. Askatasunean, independentzian eta elkar errespetuan oinarritutako harremana lantzen saiatzen gara eta, gehiegi baldintzatu gabe, bere bidea egin dezala nahi dugu. Orain arteko harrera oso ona izan da adin desberdineko entzuleen artean. Abeslarientzako zaila da eta nahiko esfortzu suposatzen die baina gustura ari dira.

 

Elkarrizketa egilea: Oihana Etxebarrieta.