POLARIS

Info

Polaris izena jarri zion Manolo Artolak Molotoff Irratian egin zuen azken saioari. Aurretik ordea, urte asko eman zituen Manolok Molotoff Iratian. Irratiko beterano horietakoa zela esan genezake. Denborarekin lagun haundiak izango ziren beste batzuekin gertatu bezala, Molotoff Irratian ezagutu nuen Manolo Artola. 

 


Pertsona atsegina, umila eta nortasun berezikoa zen Manolo. Musika zaletu amorratua zen, eta nire kasuan, maisua izan zen alor horretan. 80. hamarkada amaieran ezagutu nuen. Ostiraletan Rebel Radio izeneko saioa egiten zuen eta bertan, estilo anitzeko musikak eskeintzen zituen, modu dotorean aurkeztuta. 
Rocka, funkia, reggaea, dub, soula, rapa, etab. Ez zeukan mugarik. Estiloen gainetik hegan egiten zuen eta musika estilo eta talde berri asko eman zizkigun ezagutzera. 

 

Urte batzuk beranduago, 1997 urtean, Babilonian izena jarri zion irrati saioari. Honetan ere musika estilo aniztasuna eta aukeraketa fina egiten zuen. Zorionez, hauetako saio bat berreskuratu ahal izan degu galdutako kaseteen artean. HAUXE:

 


Irratiari esker elkar ezagutu eta egin ginen lagun. Irratiaren urrezko garai haietan (90. hamarkada hasiera) fonoteka taldea ere osatu genuen eta bertan Xabi Erdoziarekin batera ginen Manolo eta hirurok. Irratiak diru partida bat jartzen zuen hilabetero irratiaren fonoteka osatuko zuten diskoak erosteko. Zoragarria zen. Garai hartan hasi ziren lehenengo CD diskoak saltzen (oso garesti) eta hilabete hasieran joaten ginen diskoak erostera. Hernaniko Pitxitxulo disko dendan batzuk eta Donostiako disko dendetan gehienak (Xaribari, Frudisk eta Beltza Records-en bereziki). 
Erosiko genituzkeen diskoen zerrenda osatzen genuen (irrati saio bakoitzak bereak proposatzen zituen horretarako geneukan paperean) eta ondoren hiruron artean aukeraketa egiten genuen. Nire proposamenez erosi genituen lehen diskoak Jamiroquai-ren lehenengoa Emergency on Planet Earth (oraindik ezaguna ez zela), Young Disciples en Road to Freedom (LP formatoan) eta Hernaniko Pitxitxulon Alpha Blondy-ren The Prophets LP (egia esan Hernaniko dendan ez zegoen musika beltza aukera haundia zoritxarrez). 

 


Irratian musika saioa egiteaz gain, irratiko kolektiboan parte aktiboa zuen Manolok. Asteroko bilerak, Boga-Boga informatiboak, txosna eta abar. Irratiko kide asko, irratian elkarlanean aritzearen ondorioz, lagun onak egin ginen eta parrandarako ere lehen lerroan egoten ginen beti (Luis, Mikel, Sera, Arantxa, Ixiar eta abar). Zenbat une eder eta dantza egin genituen herriko tabernetan (Apeaderon bereziki)... 

Hernaniko alkate izandako Rekondok udaletxean genuen egoitzatik mehatsupean bota eta indarrez kalean utzi gintuenean, urtebete egon ginen emisiorik gabe. Denbora horretan, gure irrati adikzioak bultzatuta, Astigarragako Irrintzi irratian hasi ginen saioa egiten Manolo eta biok. Ez dut gogoan izena eta zein egunetan egiten genuen baina Manoloren R12 orian (Rayo?) gerturatzen ginen Astigarragara. Irratia, kultur etxeko goiko atikoan zegoen kokatuta, umila eta txikia zen baina ondo prestatuta zegoen. Saioak lehiaketa modura antolatzen genituen, ea zeinek eraman disko onena. Esan beharrik ez dago Manolok irabazten zuela gehienetan. Nirea baino kultura musikal haundiagoa zuen eta, oso garrantzitsua dena, disko berriak erosteko nirea baino gaitasun ekonomiko haundiagoa zuen (berak lana egiten zuen eta ni ikasle behartsua nintzen :-) 

 

Astigarragako kultur etxea. Irrintzi irratiko irudirik edo logorik ere ez daukagu, zoritxarrez :-(

Ze ondo pasatzen genuen... Esker bereziak eman behar dizkiegu garai hartan Irrintzi irratian zebilen jende guztiari. Oso ondo portatu ziren gurekin naiz eta gurea denbora laburrerako bisita izan zen. 

Molotoff irratia Sagastialdeko egoitzan emisioak hasi ondoren, urte batzuk pasa zituen Manolok irrati saioa egin gabe. Bizitzaren gora beherak. XXI. mendearen hasieran berriro hasi zen saioa egiten eta hau poza jaso genuena. Zoritxarrez, handik gutxira utziko gintuen...

 

 

Manolok utzi gintuen urtean (2006) bere omenez egindako Sound System saioa entzun daiteke HEMEN


Kartoizko kutxa zaharretan ditudan ehundaka kaseten artean Manoloren Rebel Radioren grabazio gehiago topatzea gustatuko litzaidake. Baietz espero det... 

Bitartean Polaris, Babilonia eta Rebel Radio saioetaz ditudan grabazio apurrak zintzilkatuko ditut webean... 

Hauek Polaris izenarekin ditudan bi audioak:



MILA ESKER MANOLO. MAIXU HAUNDIA ETA LAGUN JATORRA. OROIMENEAN ETA BIHOTZEAN BETI.