Reggae - erreportajea 2004
Reggae musikari buruzko erreportaje hau 2004. urtean idatzi eta kaleratu zen. "Bob Marley: Maitasuna, Batasuna eta Askatasuna" liburuan oinarrituta dago, gehien bat.
Irudi-marrazkiak Mikel Barreirok eginak dira.

REGGAEA, ABIADURA BIZIAN
Izaki biziduna da reggaea. Musikaren mugak apurtu eta haratago doan izaki bizia da eta egunero eboluzionatzen eraldatzen doa. Zergatia ulertu gabe horrenbeste erakartzen gaituen izaki honen arima ezagutu nahiko genuke baina zenbat eta gehiago sakondu orduan eta gutxiago dakigula konturatzen gara. Azaletik mamira bide luzea dago ordea.
ZERTAZ ARI GARA?
Reggae hitza ezaguna da mundu osoan nahiz eta askotan hitz hori ahoskatzeko ere, modu egokia zein den asmatzerako zalantzak ditugu. Reggae hitza aipatzerakoan Jamaika, Bob Marley, hondartza zuriak, palmondoak, udara, ileko txurroak eta marihuana datorkigu guztioi burura. Horiek dira bururatzen zaizkigun lehen irudiak baina, zer da benetan reggaea, zer izkutatzen da irudi/topiko horien atzean?
Reggaea musika estilo bat izendatzeko erabiltzen den hitza da baina reggaea, musika estilo bat baino askoz gehiago da. Reggaea musika estilo bat da baina musika estilo guztiekin gertatzen den bezala, zorionez, bizirik eta etengabean eraldatzen dagoen energia bizia da. Reggaea adar ugari dituen zuhaitza da. Adar bakoitzak bere berezitasunak ditu, beste adarretatik desberdin egiten dituena, baina azkenean, adar guztiak sustrai berdinak dituen enborratik sortzen dira.

Reggaea musika da bai, baina reggaea, musika baino askoz gehiago da. Reggaea sentimenduak adierazteko tresna da, mundua ulertzeko filosofia eta bizitzari aurre egiteko modua da. Reggaearen unibertsoan Afrikatik indarrez kanporatutako esklabuak daude, mendeetan zehar exodo horren ondorioak sufritu zituzten esklabuen ondorengoak daude eta gaur egun, etxetik urrun, arrotza zaien hizkuntza, kultura, bizimodu eta ohitura batzuekin bizitzera ohitu behar izan direnak daude. Haiek eta guk, reggaearen magiak erakarrita, reggaeaz zerbait dakigula uste eta gure ezjakintasunean, reggaeaz hitzegin eta idaztera ausartzen garenak.
REGGAE MUSIKA
Eboluzionatzen eta etengabean eraldatzen den izaki bizia da reggaea eta horregaitik, egun batetik bestera aldatzen dagoelako, oso desberdina da gaur egun eta duela urte batzuk egiten zen reggaea. Labur azaltzen saiatuko gara. Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 60.hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta jamaikako Mentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria.

Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, irla bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari. Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanak begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagaitik arro sentitu behar zirenaren mezuak reggae musikaren bidez sukarrak bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.

Irudia: Cimarrón Subversiones. Editorial Kultural Autogestionada que alienta la crítica, el sabotaje y la resistencia permanente, al sistema de explotación capitalista y a todo opresor.
BIZITZA OSO BAT
70. hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokionean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskagintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat baina zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta disketxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduak zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzeko da Blood & Fire, Pressure Sounds edota azken aldian, Trojan bezalako disketxeek egiten ari diren lana.

80. hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak suposatutako kolpearekin, gauzak nahasten hasten dira reggae munduan. Sound systemetan animatzaile bezala hasi ziren izlariak edo toasterrak, estilo propioa sortu dute eta dagoeneko U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aintzindariek belaunaldi berriaren etorrera ezagutzen dute; Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, e.a. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak emango ditu eta produkzio berriak nagusitzen dira. Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologi berrien aurrerapenekin, reggaeak jazkera berria ezagutuko du; erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak... jamaikarrak maixu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian. Nola liteke horrelako lur eremu mugatuak horrenbesteko musika sortzeko gaitasuna izatea? Zorionekoak gu.

90.hamarkada. American Way of Life. Belaunaldi berriek momentua gozatu nahi dute. Eh! Agure, bost axola niri Marcus Garvey, Haile Selassie eta afrikarako itzulera. Nahiko lan dugu gure burua zaintzearekin. Dirua, kotxe potenteak, festak eta emakume ederrak nahi ditut nik eta aurrean jartzen zaidana txikituko dut. Ulertzen? Geroz eta potenteagoak diren sound systemetan (potenteagoak? Posible ote?) dancehall-ragga estiloa da nagusi. Kolpe lehorrak eta baxu lodiak, izerdiaz blai. Slackness. Nork gogoratzen da Culture, Burning Spear, Augustus Pablo, Israel Vibration, Ijahman eta antzeko agureaz? Maixuak europan bilatzen dute babesa eta europako whitie reggae zaletuak pozik. Bizitzaren gorabeherak. Nork dio zikloak joan etorrian doazela? Garnett Silk, Sizzla edo Luciano bezalako gazte belaunaldiek oroimena berreskuratu dute eta Beenie-man, Buju Banton, Bounty killer eta beste fedegabe askok argia ikusi dute, tarte baterako behintzat. New roots, digital roots eta singjay estiloen garaia da. Sustraiak eta teknologia. Ahots zakarrak eta melodikoak eskutik helduta. Ederra izan da iraun duen bitartean.

Luciano abeslaria.
2004
Euskal Herrian (Hego aldean bereziki) apenas entzuten den arren gaur egun reggae musikaren adarra den Dancehall-ragga estiloak arrakasta komertzial izugarria du AEBetan bereziki. Eta arrakasta hau neurri haundi batean Hip-Hop eta R&B estiloen eskutik iritsi zaio. Jakina da, rap eta reggae musikaren artean lotura estua dagoela. Musika adituek diotenez 70.hamarkadan jamaikar etorkinek New York hirian antolatzen zituzten sound systemetatik sortu zen rapa eta zalantzarik ez dago, gaur egun, rap eta dancehall estiloak eskutik doazela, baita zerrendako lehen postuetan ere. Gaur egun (zenbat egun iraungo ditu?) Sean Paul da jamaikar izarrik kotizatuena eta musika industria boteretsuak berehala elkartu du R&B komertzialaren erregina berria den Beyoncerekin. Def Jam eta Tuff Gong zigiluek Def Jamaica izeneko bilduma kaleratu dute dancehall eta rap izarren arteko elkarlanekin, LL Cool J raperoa Wayne Wonder jamaikarraren No Letting Go kantuaren nahasketan azaltzen da, Elephant Man Missy Elliott-en diska berrian gonbidatu bezala dago eta zerrenda amaigabea da.

Reggae Dancehall-ak AEBetako eta Frantzia edota Ingaleterrako gazteak zoratzen ditu (jamaikar gazteak aspaldi zoratu zituen) eta horrek dirua ematen du. Urte batzuk dira rap musika ghettoetako musika izatetik salmenta gehien sortzen dituen musika izatera pasa zela. Bi estiloak elkartuta irabaziak bikoiztuko ote? Musikalki emaitza erakargarriak ematen dituela (zerrendetatik kanpo geratzen direnak bereziki) ezin uka nahiz eta eduki eta eskeintzen duten irudiari dagokionez atzera pauso nabarmena eman den. 90.hamarkada erdi bukaeratik nagusitu zen sustraizko reggaeak indarra galtzen ari da azaleko mezuak eta estetika erabiltzen dituen dancehall-raggaren aurrean. Luciano, Prince Malachi, Bushman, Capleton, Anthony B, Turbulence, Morgan Heritage eta gutxi batzuk lortzen dute maila mantentzea. New roots delakoaren bultzatzaile izan zen Sizzla oso erreta dago eta hobe luke opor batzuk hartuko balitu eta jende berriaren artean, gehienak Dancehall-ragga estiloak erakarrita daude; Ward21, Mr.Vegas, T.O.K., Predator eta guztion artean, gaur egun, errege den Elephant Man. Reggae musika aldaketa berri baten atarian dago eta guk, aldaketa horrek ekarriko duen zurrunbilotik gertu egon nahi dugu.

EUSKAL HERRIA
Euskal Herria tropikala noiz bihurtuko den zai geratzen bagara jai dugu reggae zaletuok. Rockaren eta musika komertzialaren eremu honetan lan handia dago egiteke eta gutxi bagara ere, burugogorrak eta pelma xamarrak garela ez du inork ukatuko. 80. hamarkada hasieran ska jamaikarraren ohiartzunak indar hartu zuten Ingaleterran, Two Tone delakoa, eta baita Europako hainbat txokotan. Euskal Herrian Kortatu, Baldin Bada eta punk/rock ska/reggae estiloen eragina zuten taldeen garaia zen. Aurrerago reggae klasikoa jorratzen saiatu diren hainbat talde ere sortuko ziren; Potato horien artean ezagunenak baina ez bakarrak (Arawak, Xuya, Dr. Deslay...).

Eta gaur egun? Zer mugitzen ari da Euskal herrian jamaikar doinuen inguruan? Hona hemen gida antzeko zerbait, zaila da guztia jasotzea baina erreferentzi modura balio dezake (aurrez barkamenak kanpo geratu direnei).
Taldeak
Reggae musika egiten duten taldeei dagokionean, Potato beteranoen baimenarekin, Basque Dub Foundation kolektiboa da zalantzarik gabe erreferente nagusia. Iñaki Yarritu Bilbotarraren egitasmoak bi diska kaleratu ditu (autoprodukzioa lehena eta Lou&Lone Santandergo taldekoekin Brixton zigiluaren bidez kaleratutakoa bigarrena).

Urteen poderioz eta taldekideen lan txukunari esker Europako reggae talde onenetakoan bihurtu da BDF. Maila apalagoan aurkitzen diren taldeen artean daude Iparraldeko Yassa eta Root System, Bilboko Akatz, Azpeiti aldeko 12 tribu eta Hernaniko Black Jiko.
Disketxeak
Brixton Records: Izen bera duen diska dendan sortua eta azken aldian maila altuko jamaikar musika lantzen duten taldeen lan berriak kaleratu dituena (New York Ska Jazz Ensemble, Brixton Cats bildumak...).
Massive Records: BDF-ren lehen diska kaleratzeko sortua.

Iñaki, Josu, Javi eta Jaime.Massive Reggae Diskak (90 hamarkada). (Arg: Reggae.es)
Sound System
Nahiz eta Euskal Herrian sound systemak (jamaikar erara) antolatzea zaila den badira horretan saiatzen diren reggae maitale zoroak. Horien artean:
Bad Sound System: Irungo Iñakiren sound systema. Depor taberna.
Dreadrive: Donostiko Ibon eta Diego rasten sound systema. Azken aldian promotora lanetan ere ari dira. Animo!
Kultcha Links: Angeluko Xtore hip-hop dendaren ingurukko sound systema.
Selektah Sound System: Selektah Kolektiboko lagunen sound systema. Reggae eta musika beltza orohar. Daddy Jeff, Molte MC, Dz eta Aritz sound system.
Dendak
Massive diskak (lehen Rasta Shop): Kristo kalea 5, Bilbo. Reggae musikan espezializatua.
Brixton records: Kresaltxu kalea, Getxo. Reggae, ska eta rocksteady.
Beltza Records: Bretxa, alde zaharra. Donostia. Reggae eta musika beltza.
Ghetto Diskak: Latxunbe auzoa 5, Hernani. Reggae, musika beltza eta elektronikoa.
Interesgarriak: Old Skool (Hip-Hop, Donosti), Bertso Hop/Bilintx (Irun)...
Liburuak
Junto a los rios de Babilonia (Josetxo Mintegi). Bob Marleyren biografia. Erderaz.
Bob Marley. Begirunea, maitasuna eta askatasuna. (Aritz Usandizaga, Txalaparta). Reggae topikoetatik aratago. Euskaraz. Mikel Barreiroren marrazkiekin.

Tabernak
Bizitzaren parte haundia (haundiegia) taberna zuloetan sartuta. Posible ote?
Ihintza (Zumaia), Bodega (Hernani), Depor (Irun), Zagit (Iruñea)...
Aize freskoa behar dut!
REGGAE MUSIKAREN MUNDUA HOBE ULERTZEKO:
RASTAFARI
Sinistu behar duzu. Kale gorrian zaude, txabola zikin batean, xoxik gabe, lanik gabe, eta etorkizuna zure azaleko koloreiluna baino ilunagoa da. Beltza zara, basatia, historiarik gabea, oroimenik gabea eta duintasunik gabe bizi zara kale gorrian. Sinistu beharra duzu, sinistu bahi duzu. Entzun al duzu? Afrikan Ras Tafari Makoken izeneko etiopiar bat koroiatua izan da. Haile Selassie da! Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judako Leoi Konkistatzailea... Jainkoaren semea! Munduan zehar indarrez sakabanatutako afrikar esklabu guztiak askatu eta Afrikara, etxera bueltan eramango ditu. Etxera bueltatuko zara eta aske izango zara. Rastafariren gotzaiek bidea erakutsiko dizute, Jah da zure jainkoa, Babilonian bizi zara eta infernu honetatik aterako zaitu.

Marrazkia: Mikel Barreiro.
Erlijio gehienekin gertatu bezala rastafarismoak ere interpretazio asko ditu, eta urteekin aldatuz joan dira. Aldaketarik gabe mantendu direnak ere egon badaude, eta rasta gehienek errespetatzen dituzte, gutxi gorabehera. Adibidez, rastafariek debekatuta dute alkohola edatea, tabakoa erretzea eta arraina edota haragia –bereziki txerrikia– jatea. Gatza ere debekatuta dute. Gorputzaren eta arimaren garbitasuna adierazteko Ital hitza erabiltzen dute, naturala, garbia ez den guztiak izpiritua zikintzen duelako eta ezin dute onartu.
Rasta erlijioaren jarraitzaileen paradisuak Zion du izena. Hiltzen direnean, beraz, Zion izeneko lurraldera doazela uste dute.
Elikadura kontuetan dituzten debekuez gain, rastafariek debekatua dute ilea, bizarra edota gorputz-atalak moztea ere. Hau dela-eta ilea neurrigabe hazten zaie, eta beltzek ilea oso kizkurra dutenez, txurroak sortzen zaizkie. Txurro hauei Dreadlock deitzen diete rastafariek.
Arau eta betebehar hauek zintzo jarraitzea konpromiso erlijiosoaren eta fededun zintzoaren adierazgarri dira. Hala ere, azkenean bakoitzak ahal duen neurrian edota nahi duen heinean betetzen ditu, eta ezin da orokortu. Txurroak daramatzaten guztiak ez dira rastafariak. Estetikoki gustatzen zaizkielako eramaten dituzte askok, eta gauza bera gertatzen da marihuanarekin. Erretzaile guztiak ez dira rastak, eta belar "sakratua" erretzen duen guztiari ez zaio derrigor reggae musika gustatu behar. Eta alderantziz: reggaearen zale guztiek ez dute nahitaez erretzaile amorratuak izan beharrik, nahiz eta askok hala uste duen. Ukaezina da, ordea, reggae musikak, rasta erlijioak eta marihuanak lotura estua dutela.
.jpg)
Marrazkia: Mikel Barreiro.
AFRIKA
Ama lurra. 1492 . urtea, Kristobal Kolonek Amerika topatzen du, kasualitate odoltsua. Urteetako ustiaketa eta sarraskien ondorioz bertako indiarren kopurua nabarmen gutxitzen da. Espainiarrak lehenik eta ingelesak geroago Afrikara doaz esku lan merkearen bila. Esklabutzaren garaia da. Mendeetan zehar milaka afrikar indarrez kanporatuak izango dira. Exodoa. Milaka haur, gizon-emakume, sendi, herrixka, herrialde, nazio, zibilizazio, hizkuntza eta kultur suntsituak dira. Amerikan zehar sakabanatuak eta zanpatuak dira. Beltza zara, zuriaren menpeko. Beltza zara, zikina, alperra, tontoa, ezjakina, atzeratua, basatia eta esklabua. Mendeak igaro beharko dira amesgaiztotik esnatu eta Marcus Garveyren hitzek begiak irekitzen lagundu arte. Beltzarana zara bai baina beltza ederra da. Deabru zuriek zure anai arrebak bortsatu eta erahil zituzten, gupidagabe. Deabru zuriek indarrez egin zituzten esklabu baina zu gizon askea zara. Afrika izeneko lur ederrean jaio zinen, afrikarra zara eta Afrika da zure etxea. Lurralde aberatsa da, zibilizazio eta kultur aurreratuekin osatua. Etxetik indarrez bota zintuzten eta orain, etxera bueltatzeko garaia iritsi da. Reggae musika etxegabeen musika da, esklabu afrikarren musika eta idazten eta irakurtzen jakin gabe hizkuntz arrotza hitzegitera behartu zituztenen musika da.

Marrazkia: Mikel Barreiro.
GANJA
Rastafarientzat marihuana jakinduriaren belarra da, eta belar hori erretzea Jainkoarekin harremanetan jartzeko bitartekoa da, errito erlijiosoa. Erretzeaz gain, belarrari erabilpen ugari ematen diote: janariari botatzeko, infusioak egiteko, sendabelar modura... Ez gara marihuanarekin gehiegi luzatuko zihur belar hori buruz gu baino askoz ere gehiago dakizuela eta.
"Belarra erretzen duzunean zure burua nolakoa den erakusten duzu. Belarrak egiten dituzun gauza txar guztiak erakusten dizkizu. Zure kontzientzia da. Zure buruaren argazki zehatza erakusten dizu. Belarrak pentsatzen jartzen zaitu, meditatzen jartzen zaitu. Agian, pertsona lasaia eta orekatua bazara, posible duzu belarrik gabe meditatzea. Mendira bazoaz, txorien kantuak entzungo dituzu. Baina belarra erretzen baduzu, txorien kantuak ederragoak irudituko zaizkizu eta meditatzen lagunduko dizute. Belarra gauza naturala da, zuhaitzak bezala hazten da. Biblian, liburu santuan, idatzita dago gizakiak behar bezainbeste belar erre behar duela Jainkoarekin komunikatzeko".
Bob Marley.
.jpg)
Marrazkia: Mikel Barreiro.
SOUND SYSTEM
Sound Systemak Jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. Izarrak sapai dituen irla itxurako dantzaleku erraldoi honetan edozein txoko da aproposa festa antolatzeko. Furgoneta bafle erraldoiekin bete eta auzoz auzo ibiltzen dira musika jartzen. Selektoreak musikaren aukeraketa egiten dute eta toaster edo deejayak (ez nahastu hemengo DJ kontzeptuarekin) mikrofonoa eskutan dutela jendea berotzen dute.
Lehenengo sound systemak 50.hamarkadakoak dira eta orduz geroztik, Jamaikar musikak bizi izan duen eboluzioaren lekuko izan dira. Garai hartan AEBtik ekarritako R&Beko biniloekin antolatzen zituzten sound systemak. Denborarekin, Jamaikako lehen grabazio estudioak sortu zirenean, R&B eta bertako Mentotik eratorritako Ska doinu dantzagarriek bereganatu zuten guztia. 1962an Jamaikak independentzi politikoa lortu izana ospatu beharra zegoen. Hortik Rocksteady eta Reggaera pauso bat besterik ez dago. Sound Systemetan arrakasta gehien zituzten kantuak jarri ohi zituzten, jatorrizko bertsio bokalak ziren gehienak eta abeslariak libre uzten zuen tarte laburretan sartzen zen toasterra bere hitz jarioarekin. Motz geratzen zitzaion ordea eta lasiter hasi ziren singelen b aldeetako bertsio instrumentalak erabiltzen. Azkenean sound systemetako animatzaileak izatetik diskak grabatzera pasa ziren reggaearen zuhaitz aberatsari adar berria gehituaz. King Tubby bezalako soinu teknikariei esker a aldeko kantu bokala berriro nahasten hasi ziren, baxu eta bateriari garrantzia emanaz, soinu efektoak gehituaz (echo eta deelayak bereziki) eta ahotsa moztu eta bigarren maila batean utziaz. Dub deitzen zioten nahasketari eta toasterrek egindakoarekin bezala reggae musikaren azpiestiloan bihurtuko zen.
.jpg)
Marrazkia: Mikel Barreiro.
Esklabutza garaiak Jamaikan
Jamaika espainiar konkistatzaileek aurkitu zuten, Cristobal Colonen bigarren bidaia zoroan. Irlako lehen biztanleek Xaymaka deitzen zioten Karibe itsasoan dagoen paradisu honi. Ibai eta basoen lurra da Xaymaka. Espainiarrek, iritsi bezain laster, irlako biztanleak esklabo hartu eta aberastasun guztiak ustiatu zituzten. Espainiarrek eramandako gaixotasunak ezezagunak ziren xaymakarrentzat, eta ez zuten gaixotasun haien aurkako edaberik. Ondorioz, asko izan ziren gaixotasun haiek hartuta hil zirenak. Bizirik iraun zutenak, berriz, lan gogorrak egitera izan ziren behartuak, eta urte gutxitan espainiarrek irlako biztanle gehienak akabatu zituzten. Gero, esku-lan berriaren bila Afrikara joan ziren, eta bertako beltzak esklabo bihurtu zituzten. Baldintza izugarrietan eraman ohi zituzten Afrikatik Ameriketara. Itsasontzietako ziegetan pilatuta, gorputz osoa kate herdoilduekin lotuta eta nahikoa elikagairik gabe, milaka beltz hil ziren amesgaiztoetako bidaia haietan. Itsasoa izan zuten hilerri. Indartsuenek soilik irauten zuten, baina Jamaikara bizirik iristea lortzen zutenak, gero, saldu egiten zituzten, lau sosen truke, bertako lurjabe dirudunei. Gizonak abereak baliran jartzen zituzten lanean, sailetan. Emakumeek, batzuk soroetan egiten zuten lan, besteak etxeko lanetan jartzen zituzten, eta ederrenak eta gazteenak emagaldu bihurtu zituzten.
Gutxi batzuk lurjabeen zapalkuntzatik ihes egitea eta irlako erdialdeko mendietan babestea lortzen zuten. Maroonak ziren, borrokalari sutsu eta ausartak. Urte askotan ibili ziren espainiarren aurka borrokan. Ingelesek espainiarrak Jamaikatik bota eta agintea eskuratu zutenean ere, gogor aritu ziren ingelesen aurka, kikildu gabe. Ingelesek, espainiarren moduan, esklabo gehiago ekartzen jarraitu zuten. 400 urtez luzatu zen amesgaizto hura (esklabutza ofizialki 1833an debekatu zen).
Gauzak aldatu dira esklabo merkatari
Sua piztu eta erre zaitezke
Gauzak aldatu dira esklabo merkatari
Sua piztu eta erre ahal izango zara
Gauzak aldatu dira esklabo merkatari
Sua piztu, erre egingo zara
Zigorraren soinua entzuten dudan bakoitzean
Odola izozten zait
Esklaboen itsasontzia gogoan dut
Nola bortxatzen gintuzten gogoan dut
Gaur egun, aske garela diote
Txirotasunera kateatuak egoteko soilik
Jainkoa ezjakintasuna besterik ez da
Dirua egiten duen makina besterik ez da
Jainkoa erregutu dadila gure arimaz.
(Slave Driver- Bob Marley and The Wailers)
ARITZ SOUND SYSTEM

Marrazkia: Mikel Barreiro.
Marcus Garvey
Marcus Garvey 1887an jaio zen, Jamaikako St Ann’s konderrian. Espainiar zein ingelesen aurka borrokatuz, esklabotzatik askatzea lortu eta irlaren erdialdeko mendietan herri independentea osatzea lortu zuten Maroons-en ondorengoa zen. Hogei urte zituenean Kingston hiriburura joan zen, eta sindikalgintzan aritu zen. Costa Rica, Ecuador, Nicaragua, Honduras, Kolonbia eta Venezuelan komunitate afroamerikarrak jasandako esplotazioa bere larruan ezagutu eta gero, Londonera joan zen. Bertan afrikar herriaren historia ezagutzeko eta sakontzeko aukera izan zuen, eta Herri Beltzaren historia aberatsak liluraturik –garai hartan datu historikoak, fantasia eta mitologia bereiztea zaila zen– Jamaikara bueltatu zen.
1914an Beltzen Kontserbaziorako eta Garapen Unibertsalerako Elkartea eta Afrikar Komunitateen Liga sortu zituen. Herri Beltzaren sustraiak ezagutaraztea eta beltz izatearen harrotasuna sentiaraztea zituen helburu. “Bere historia ezagutzen ez duen herria sustrairik gabeko zuhaitza bezalakoa da" esan ohi zuen. Dirudienez, garai hartan Garveyren ideiak muturrekoegiak izan ziren jamaikarrentzat, eta AEBetara joan behar izan zuen bere mezu iraultzailea zabaltzera. Askoz ere harrera beroagoa izan zuen han, eta New York hiriko Harlem auzoan paratu zuen egoitza. Beltzen Garapen Unibertsalerako Erakundea sortu zuen, eta milaka jarraitzaile izan zituen. Haietako bat Malcolm X zenaren aita izan zen, geroago arrazista zurien Ku Klux Klan taldeak hil zuena. Malcolm X-k ere beltz komunitatearen eskubideen alde eman zuen bizitza. Malcolmek, oinarrizko eskubideen alde bide guztiak zilegi zirela pentsatzen zuen, baita defentsa armatua ere, eta iritzi horrek hainbat arazo ekarri zizkion. Garveyk, Afrikatik indarrez kanporatu zituzten afrikarrek bertara itzultzeko eskubidea zutela aldarrikatzen zuen. Horretarako, ontzi-enpresa antolatu eta Afrikarako bidaiak saltzen zituen.
"Herri guztien burujabetza fisiko, sozial eta politikoan sinesten dugu. Herri orok berezko ideiak eta berezko zibilizazioa garatzeko eskubidea du, eta baita gainontzeko herriekin negozioak egin eta merkataritzan aritzeko pribilegioa ere. Afrikan indartsu garatuko den nazio beltz boteretsuan sinesten dugu".
Marcus Garvey
AEBetako beltz askok ere ideia horietan sinesten zuten. Gobernuarentzat, ordea, arriskutsua zen kontu hura eta, iruzur fiskala eta zergak ez ordaintzea leporatu ondoren, Garvey kartzelaratu egin zuten, 1923an. Lau urte geroago geratu zen aske. Jamaikara itzuli zen, baina bertako agintariek, Garveyren hitzen beldur, Londonera deportatu zuten. Han hil zen, 1940an, bakarrik eta sosik gabe. Zenbait urte geroago Jamaikako gobernuak seme kuttun izendatu zuen.
Hazia, beraz, ereinda zegoen. Eta nahiz eta Garveyk esandako gauza askok oihartzun handirik izan ez, Herri Beltza askatuko zuen errege beltzaren etorreraren aurreikuspenak erlijio berriaren sua piztu zuen. Kointzidentzia hutsa izan daiteke, baina Marcus Garveyk hitz haiek esan eta lasterrera Haile Selassie Etiopiako gobernuburu koroatu zuten. Hura izan zen jamaikar txiroek behar zuten seinalea. Hark behar zuen Garveyk aurreikusitako salbatzailea, Jainkoaren ordezkaria, afrikar guztiak miseriatik atera eta kolonialismoarekin amaitu ondoren anai-arreba guztiak sorlekura bueltatuko zituena. Gizajoak…
ARITZ SOUND SYSTEM
RASTA ERLIJIOA
Jamaika, Karibeko gainontzeko uharteak bezala, haizeteen ondorioak pairatzen ohituta dago. 1966an jasan zuen haizetea, ordea, ez zen nolanahikoa izan, eta arrasto sakona utzi zuen, betiko, biztanleen artean. Haizete hark, ondorio fisikoak baino gehiago, biztanleen pentsaeran utzi zuen arrastoa. Urte hartan, Etiopiako enperadore Haile Selassiek Jamaika bisitatu zuen, eta betiko aldatu zuen jamaikar askoren bizitza.
Jendea kale gorrian eta egoera larrian aurkitzen denean, hiru aukera izan ohi ditu: arazoei aurre egin eta egoera aldatzeko gogor borrokatu, etsi, eta besoak gurutzatu eta egoera egun batetik bestera konponduko duen izaki ahalguztidun batengan sinetsi. Lehenengo biak gogorrak dira eta, beraz, jende askok hirugarren aukera hautatzen du. Mendeetan zehar erlijio desberdinak indartsu mantendu badira, egoera larrian bizi den jende asko egon delako da. Jende horrek mundua hobetuko duen Jainko baten beharra izan du, egoera aldatuko duen norbaitengan sinesteko beharra, eta jamaikarrengan behar hori oso indartsua izan da betidanik.
1962an, independentzia lortu eta gero, gauzak hobetuko ziren esperantza handia zen jamaikarren artean. Urteak pasa ahala, ordea, egoera bere horretan mantentzen zela ikusita, bertako politikoengan jarritako konfiantza galdu eta beste zerbaiten bila hasi ziren. 1966an, azkenean, egin zituzten otoitzei erantzun egin zitzaiela pentsatu zuten jamaikar askok, Etiopiako Enperadore Haile Selassiek Jamaika bisitatu zuenean.
Urte batzuk lehenago Marcus Garvey filosofo eta profeta honela mintzo zen:
—Begira ezazue Afrikara, Errege Beltza koroatuko da bertan, eta bera izango da Salbatzailea.
Hitz horiek esan eta lasterrera Ras Tafari Makoken izeneko jauntxo etiopiarrak estatu kolpea eman zuen, eta agintean jarri zen. Haile Selassie izendatu zuen bere burua, Hirutasun Santuaren Boterea, Erregeen Erregea, Jaunen Jauna, Salomondar Dinastiaren 225. Enperadorea, Judako Leinuko Lehoi Konkistatzailea eta Jainkoaren Ordezkaria. Jamaikarrak txundituta geratu ziren Haile Selassierekin, eta espero zuten salbatzailetzat hartu zuten. Gero, bere inguruan erlijio berria sortu zuten: Rastafarismoa.
Ziurrenik nahigabe izan arren, Marcus Garveyren aurreikuspena izan zen, beraz, erlijio honen oinarria. Baina nor zen Marcus Garvey, eta zergatik ematen zioten horrenbesteko garrantzia jamaikarrek bere esanei?
Gaur egungo ikuspegitik Marcus Garvey aztertzea ez da batere erraza. Batzuentzat bere arrazakideen miseriari eta sinesmen beharrari etekina atera zien enpresaria izan zen. Besteentzat, berriz, arrazaren beltzaren askatasunaren alde bizia eman zuen laguna. Eztabaidagarriak izan daitezke bi ikuspegiak, baina inork gutxik jartzen du ezbaian Marcus Garveyk egindakoek eta esandakoek garrantzia izugarria izan dutela izaera beltzaren eraikuntzan. Arraza beltzaren askatasun fisikoaren eta mentalaren oinarriak jarri zituen, eta gaur egun oraindik ere handitzen eta zabaltzen ari den hazia erein zuen.
Ras Tafarik, Haile Selassie bihurturik, boterea eskuratu bezain laster, Etiopiak ordura arte zuen erregimen feudalarekin amaitzeko neurriak hartu zituen. Konstituzio berria onartu ondoren, Etiopiako biztanleak ofizialki jauntxoen morroi izatetik inperioaren hiritar izatera pasa ziren. Lehen eta bigarren mailako irakaskuntza sarea sortu zuen eta nekazal guneetako biztanleak irakurtzen eta idazten ikas zezaten ahalegin berezia egin zuen. Aldaketak, ordea, mantso iristen ziren. Bitartean, Selassie enperadoreak aberastasunak pilatzen jarraitzen zuen. Halaber, nazioarteko bidaiak egin eta kanpoko gobernuekin harremanak estutzen zituen, baita Espainiako Franco diktadorearekin ere.
1935ean, Benito Mussolini diktadore faxista buru zutela, italiarrek Etiopia inbaditu zuten. Selassiek ihes egin behar izan zuen, Ingalaterrara, eta Nazioarteko Ligari laguntza eskatu zion. Ez zioten jaramonik egin. 1941ean, ordea, ingelesen laguntzarekin italiarrak kanporatu eta Etiopia "askatzea" lortu zuten. Hala ere, Selassiek agindutako hobekuntzak ez ziren iritsi, eta biztanleen egoerak okerrera egin zuen. Testuinguru hartan, 1973an izandako lehortearen ondorioz, ehun mila inguru etiopiar hil ziren. AEBek eta Sobiet Batasunak mundua banatzeko zuten borrokaren ondorioz, berriz, Etiopia eta Somaliaren artean guda lehertu zen. Eritrearen askatasuna izan zen sua piztu zuen sugarra. 1974an, militarrek estatu kolpea eman zuten, eta jarri bezala kendu zuten boteretik Selassie. Gaur egun, oraindik ez dago argi enperadorearen heriotza nola izan zen.
Hainbatek jainko moduan gurtzen dute Haile Selassie, Ras Tafari. Baita Marcus Garveyren jarraitzaileek ere, nahiz eta Marcusek zalantzak azaldu zituen honi buruz bizi izan zen artean.
ARITZ SOUND SYSTEM