SKUNK

SKUNK ELKARRIZKETAK

SKUNK DISKAK-HENDAIATIK MUNDURA

SARRERA
Ipurdi beroa duen jendea ugaria da Euskal Herrian eta zorionez, musika munduan ere aurki daiteke horrelakorik. Ez pentsa beraz alper hutsak garenik. Skunk hitza ahoskatzean belar preziatuarekin erlazionatuko dute batzuk eta musika talde batekin besteek. Gutxik jakingo dute ordea azken hauek diska banatzailea dutela eta orain gainera disketxe propioa ere.  Iban eta Rafak ordu extrak egiteko dituzten arrazoiak azalduko dizkigute.

INFO


ENTZUN!: Skunk taldea, banatzailea eta orain disketxea ere. Gauza gehiegitxo ezta? Nola izan da eboluzioa.

RAFA: Skunk taldea duela hamar urte sortu zen. Lau kidek osatzen genuen taldea eta nahiko punkiak ginen. Bost urte beranduago aize sekzioa sartu genuen taldean eta horrekin batera musika beste modura egiteari ekin genion, reggae,ska, punk eta musika mota desberdinak nahasten hasi ginen. Hamarkada honetan zehar jende ugari ezagutu dugu, beste taldeekin diskak elkartrukatu eta harreman estuak sortu dira gure artean. Horrela hasi ginen beste taldeen musika banatzen eta orain beste pauso bat emanez disketxea sortu dugu. Skunk diskak vol.1 izeneko CD-a da lehen emaitza. 

IBAN: "Hemezortzi kantu dira guztira eta Euskal Herria mailan reggae eta ska lantzen duten taldeak elkartzen saiatu gara, talde berri eta zaharrak. Ahalik eta talde gehien sartu nahi izan ditugu bainan noski guztiak bilduma bakarrean agertzea ezinezkoa zen. Reggae eta ska musika egiten duten taldeak dira gehienak bainan badira ere estilo hauetatik kanpo daudenak ere, Deabruak Teilatuetan kasu. Ala ere guztiek izan dute reggae eta ska musiken eragin nabaria".

E!: Zein da zuek bezalako talde batek disketxe propioa sortzeko pauso ausarta emateko arrazoia?

IBAN: "Hori nahiko espontaneoa izan da. Gauzak poliki joan dira. Beste talde eta disketxeekin kontaktoak izanez, atzerrikoak ere Argentinan, Frantzian eta Europa mailan orohar. Zirkuitu alternatiboa sortzea lortu dugu eta "Do it yourself" pentsamenduak bultzatuta aurrera jo dugu. Skunk taldea bezala kaleratu genuen lehenengo diska autoproduzituta izan zen eta horri esker hasi ginen horrenbesteko jendea ezagutzen. Diska guk banatuta harreman ugari izan genituen".

E! Esan Ozenkirekin kaleratu dituzue azken bi diskak baina argi dago beste disketxeekin ere harreman onak dituzuela. Bilduma honetan beste disketxeekin kaleratu dituzten taldeak aurki ditzazkegu. Nahiko bitxia da ezta?

IBAN: "Frantzian nahiko arrunta da elkarte batek disketxe desberdinetako taldeen bilduma egitea. Dena den guk bilatu duguna izan da batetik Euskal Herrian egiten den reggae eta ska musika jasotzen duen bilduma egitea eta horretarako beste disketxeekin kaleratu dituzten taldeak sartu behar genituen noski eta bestetik orain artean diskarik kaleratu ezin izan duten taldeak azaltzea nahi genuen ere. La Bemba Blanch adibidez maketa dute soilik".

E!: Hemezortzi talde guztira eta horien artean Hegoaldean behintzat oso ezagunak direnak batzuk eta gustiz ezezagunak direnak besteak.

IBAN: Bai, hala da, kasualitatea izan da bainan diska %50ean banatuta dagoela esan daiteke. Diskan azaltzen diren taldeen erdia oso ezaguna da eta beste erdia ezezaguna, taldeen %50a talde zaharrak dira eta besteak berriak eta azkenik kokapen geografikoari dagokionez taldeen erdia hegoaldekoak eta besteak Ipar Euskal Herrikoak dira.

 

 

TALDEAK EZAGUTZEN

YASSA: "Baionako talde zaharra da hau, lehenengo grabazioteako bat da diska azaltzen dena. Beraiek beste kantu bat sartu nahi zuten bainan Frantziako disketxe batekin esperientzi txarra izan dute eta arazo legalak zeuden. Etenaldi luzea eta gero berriro ari dira grabatzen".

DE LA DAUBE: "Talde bitxia hau. Izenak literalki `kaka pixka bat´ esan nahi du. Taldeko bihotza Hungriako neska bat eta Ingaleterrako mutil bat dira. Talde oso zahar, mitiko eta ezezaguna izan da. Nahiko `space´dira. Neskak Niko Etxart-ekin kolaboratu izan du ahotsa sartuaz". 

DINGWASH: "Lagun batzuk dira. Beste talde paraleloa dute, Dementzia izenekoa. Trash -metal musika lantzen dute baina reggae musika aspaldidanik maite dute. Ez dute ez diska ezta maketarik ere. Oso talde berria da".

ROOTSYSTEM: "Hauek ere oso berriak dira. Orain kontzertu ugari ematen ari dira. Abeslari modura gainera Skunk taldeko bigarren abeslaria izan zena dago. Kantatzeko oso era bitxia dute `yougurt´ erara. Abesten duena pertsonaia dbenetan".

LA BEMBA BLANCH: "Sergio Ripiauren proiektu berria da. Maketa bat dute kalean. Gitarra jotzen duena Fermin Muguruzaren Dub Manifest taldean dago".

BERRIBELTZAK: "Hauek ska azeleratua da lantzen dutena. Diska bat grabatua dute beraiek ekoiztua eta arazoak izan genituen kantua masterizatzerakoan. Hau zen soinu onena zuena etabainan badituzte kantu skatalitikoagoak".

SONOMA: "Hiru lagun dira soilik; baxu, bateria eta gitarra bainan kriston soinua lortzen dute. Oso zuzeneko ona dute".

STEPPIN´JOGGO: "Sonomaren kontrakoa dira, kriston talde puska, jende pila. Perkusioak, hiru neska koroetan...oso proiektu berria da eta interesgarria".

STEPPIN´JOGGO.

 

E!: Zuen lehenengo erreferentzia kalean da dagoeneko beraz eta diska aurkezteko emanaldiak ere egin dituzue ezta?

IBAN: Bai lehen kontzertua Oiartzungo Pagoan eman genuen eta oso harrera ona izan zuen. Talde asko izan ziren eszenatokian eta giro aparta. Ondoren jendea musika jartzen ere egon zan. Sarrerarekin gainera konpaktoa eskuratzeko aukera ematen genuen.

E!: Aurrera begirako proiektuetaz hitzegitea gehiegi aurreratzea ote?

RAFA: Ez, dagoeneko Skunk diskaren bigarren bilduman pentsatzen ari gara. Orain kaleratu berri dugun diska atera aurretik nazioarte mailan ezagutzen ditugun taldeekin kaleratzea pentsatzen genuen; Quebec, Argentina, Bretania, Frantzia...Ala ere geografikoki errezagoa zenez gertuko taldeekin harremanetan jartzea lehenik eta behin hemengo jendearekin lan egitea erabaki genuen. Dena den kanpoko taldeekin egin asmo dugun bildumari agian `vol.3´ deitu beharko diogu oraindik Euskal Herriko talde asko geratzen bait dira bilduma azaltzeko modukoak". 

E!: Hendaian duzue zuek egoitza eta nahiz eta geografikoki oso gertu egon ez dugu apenas harremanik hegoalde eta iparraldekoen artean. Kontaiguzue nola dagoen egoera musikala.

IBAN: "Egia esan Hendaian ez dago mugimendurik musika mailan. Kostaldean zerbait bada, nahiko berezia. Baxenafarroan badira kontzertua antolatzen dituzten elkarte batzuk eta Xiberuan lau piratu dira mugitzen direnak baina bronka asko ateratzen dute".

Bronka zihur hauek antolatuko dutena eta egia esateko bronka musikalaren beharrean gaudela zalantzarik ez dago. Ea Skunk-ekoen zartakoak bete betean harrapatzen gaituen.


---------

SKUNK. KE ARTEKO BIDAIA

SARRERA
Euskaraz abesten duen talde euskalduna Europa, Ipar Amerika eta Ekialde Hurbilean kontzertuak ematen? Nola da posible? Multinazionalen batekin sinatu ote dute? Marka komertzial boteretsu batentzat iragarkiren bat grabatu ote dute? Ez. Hendaiakoak dira, disketxe propioa dute eta gauzak ondo eginez gero uzta aberatsa lortu daitekela erakutsi digute. Skunka guztiontzat!

INFO


Skunk taldeko kideak albiste dira berriro ere. Duela gutxi izan genituen gure artean eta orduan sortu berri zen disketxeaz mintzo ziren, beraien disketxe jaioberriko lehen kumeaz zehazki. Pozik dira kantu bilduma hark jasotako erantzunarekin eta orain beste kume berri batek ikusiko du argia aurki. Skunk taldearen 4. diska izango da eta bertan aurten emandako bira mundialean zuzenean grabatutako kantuak jasoko ditu, hainbat ineditoekin batera. Guzti honetaz, hau da, diska berriaz eta aurten emandako biraz hitzegiteko Skunk taldeko Rafa eta Ibanekin izan gara solasean, gustora gainera eta hauxe solasaldi horretatik publiko egin daitekeena.

ENTZUN!: Gutxi dira Euskal Herritik kanpo kontzertuak ematea lortzen duten euskal taldeak, are gutxiago zuen moduan euskaraz egiten badute. Nola lortzen da zuena bezalako talde batek Europatik, Quebec-etik eta Libanotik gira egitea. Nun dago sekretua?

RAFA: "Aspaldidanik hainbat txokoetako taldeak ezagutzen ditugu eta hauekin harremanetan jarri eta gero bururatu zitzaigun horrelako zerbait egitea". 

IBAN: "Ez dakit besteek nola antolatzen dituzten beraien birak baina guk aurten egindakoa hiru zatitan bana daiteke. Data bakoitzak bere historioa izan du. Lehenengoa martxotik apirilerarte iraun zuen. Hilabete horretan Europan zehar ibili ginan eta autobusez egin genuen. Nahiko berezia izan zen SGAE-ren diru laguntzarekin egin genuelako. Italian, Frantzian, Alemanian, Suizan ibili ginen herri horietan hainbat talde eta disketxe edota banatzaileetako jendea ezagutzen genuelako"

E!: Bira hau osatzeko SGAE-ren (Sociedad General de Autores de España) diru laguntza jaso zenutela esan duzue, nolakoa da prozesua?

I: "Beno, teorian bere kantuak edota taldea SGAE -n erregistratuak dituen orok eska dezake gira bat osatzeko diru laguntza. Zuk eskaera egin, papeleo izugarria bete eta bira eta gero jakingo duzu dirua ematen dizuten eta horrela bada zenbat ematen dizuten eta noiz. Guk hasiera batean uste baino diru gehiago jaso genuen. Diru laguntza hori gainera urtero eska daiteke eta baita bideoklip bat egiteko ere".

E!: Diru laguntzak gora behera ez legoke gaizki SGAE-ri buruz eta erakunde honek suposatzen duenari buruz hitzegitea bainan hobe beste baterako uzten badugu. Jarrai dezagun birarekin eta Europako hainbat herri bisitatu eta gero Quebec-era abiatu ziñaten. Zer moduzko harrera jaso zenuten han?

R: "Quebec-era joateko ere dirulaguntza jaso genuen, Franco-Quebec-eko bulegoak emanda. Frantzia eta Quebec-en artean kolaborazioak egiteko bulegoa da eta honelako dirulaguntzak eskeintzen ditu". 

I: "Bertan izan genuen harrera berriz nahiko bitxia izan zen lehenengo egunean iritsi bezain laister txarla edukatiboa eman bait ziguten Quebec-eko egoera hobe ezagutu genezan. Kanada eta orohar Amerika osoan oso herri bitxia da Quebec-ekoa kultur propioa defendatzen dutelako eta hizkuntza frantsesa dutelako". 

Skunk taldea. Arg: Badok web.

 

E!: Eta kontzertuak zer moduz?

R: "Kontzertuetan oso harrera ona izan genuen, egia esan, ez zen jende asko gerturatzen kontzertuetara bainan joaten zirenak oso ondo pasatzen zuten. Mugitzen ziren eta dantzatzen ez bazuten ere kriston irrifarra zuten beti ahoan eta hori eskertzekoa da. Guk Quebec-en talde gustiz ezezaguna gara gure diskak apenas banatu direlako eta publizitate oso gutxi egin zen"

I: "Sei kontzertu eman genituen guztira eta horietako batzuk bertako taldeekin lagunduta. Oso ondo pasa genuen nahiz eta kontzertu baten ondoren adibidez "entzerrona alkoholikoa" egin ziguten tabernakoek. Dirua jasotzera gindoazela tabernakoek atea itxi eta bertako potinjea edan arazi ziguten. Ahotik sua jaurtitzen nuela zirudien eta gero ez nuen masaila sentitzen, lokartuta bezala nuen, esperientzia bitxia izan zen hura".

E!: Imaginatzen dut horrelako biretan garrantzitsua dela batetik zuen musika zabaldu ahal izatea eta bestetik pertsonalki horrelako esperientziak jasotzea eta bereziki jendea ezagutzea horrek suposatzen duen aberastasun guztiarekin ezta?

R: "Bai, gainera Quebec-en Europan ez bezala denbora dexente izan genuen kontzertuen artean eta lekuak eta jendea ezagutzeko parada izan genuen. Montrealen adibidez beste taldeen kontzertuak ikusi genituen eta jendearekin harreman estuagoa izateko aukera izan genuen. Oso hiri kosmopolita da eta mundu osoko jendea topatu dezakezu baita euskaldunak ere".

E!: Bira honetan kultur oso desberdinak ezagutu dituzuela esan daiteke Europatik eta Ipar Ameriketatik ibili ostean Libanora abiatu bait zinaten eta hori bai izan behar duela esperientzi berezia, horren desberdina den kultura ezagutzea ezta?

R: "Bai desberdintasun haundiak daude baina ez pentsa. Libanoko etxeak adibidez hemengoen antza haundia dute".

I: "Askotan horrelako lekuetara joanda alde bukolikoa datorkizu burura, minareteak eta anztekoak baina ez da horrela. Egia da turistentzat aproposak diren lekuak egon badaudela, jauregi haundiak eta horrelakoak bainan orohar oso antzekoa da"

Skunk taldea. Arg: Musikazblai.

E!: Kontaiguzue nola iristen da Skunk bezalako taldea Libanon jotzea.

R: "Ekainaren 21ean musikaren jaia ospatzen dute. Talde frantses bat eraman nahi zuten baina ez zuten talde tipikoa nahi. Frantziaren barruan dauden kultur desbedinaren erakusle diren taldeak nahi zituzten  eta Euskal Herritik gu joatea nahi izan zuten".

I: "Gainera Libanoko komunikabide guztiek Euskal Herriko taldea bezala aurkezten gintuzten, batean ezik, Ingaleterrakoak ginela jartzen bait zuen".

R: "Atentzioa deitzen du Libanorekiko dugun ikuspegia. Jendeak ea kaletik lasai ibili zaitezken galdetzen dizu eta hemengo komunikabideak ikusita aparteko egoeran bizi direla pentsa daiteke. Bertan egonda eta hango kaleetatik joanda ordea jendearekin lasai asko hitzegin dezakezu eta ez dago horrelako arriskurik".

I. "Ikusten da gerra latza sufritu dutela eta ez dago etxe bat osorik dagoena, etxe berria ez bada behintzat. Denetan ikusi daiteke gerraren ondorioa".

E!: Eta nola dago orain egoera?

R: "Gu izan ginen garaian hegoaldeko franja askatu zuten eta jendea nahiko pozik zegoen. Hala ere egoera oso konplikatua da, Siria tartean dago eta komeni zaionean israeldarrekin bat egiten du, komeni zaionean berriz libanorekin". 


I: "Bai egoera nahiko konplikatua da bainan behintzat erlijio mailan gauzak dexente baretu dira. Mende luzez gatazkan ibili dira erlijio kontuak direla eta orain erlijio desberdinak elkarren ondoan bizi dira arazo larriegirik gabe. Libanorekin gertatzen da beste herrialdeen gatazken tartean egon dela horrek suposatzen duenarekin".

E!: Zonalde horretan gatazka asko egon dira mendeetan zehar, gatazka politikoak eta erlijiosoak bereziki. Hemendik aurrera uraren jabetzak sortutakoak ere kontutan hartu beharko dira ezta?

I: "Bai hala ere Libano ez da batere desertikoa, kostalde haundia du eta oraingoz ez dute ur arazo larririk. Gatazkak bereziki beste herrien interesengaitik ematen dira, Frantzia eta mendebaldeko beste herrien interesengaitik. Adibidez Golkoko gerratean Frantziak Siriari laguntza eskatu zion eta trukean Siriak Libano gaineko kontrola edukitzea eskatu zion Frantziari. Libanon ez dago aberastasun naturalik, komertzioan oinarritutako herria izan da historikoki eta agian horregaitik jaso du beste herrien esku hartzea". 

E!: Eta zuek euskal kulturaren arrastoren bat utzi al zenuten?

I: "Arrasto musikala. Egia esan kontzertuak oso bitxiak izan ziren, bereziki lehenengoa. Prentsa eta jende dirudunarentzako kontzertua izan zen, oso taberna "txik" batean. Zonalde frankofonoan kokatua egon arren ingelesez hitzegin behar zen. Jende nahiko pijoa zen".

R: "Bigarren kontzertua musikaren jaiarena izan zen, 1.500 pertsonen aurrean jo genuen eta kontzertu "okzidentalena" izan zen. Bertako eta Italiako talde batekin jo genuen. Heavy-a, hip-hop-a, jungela...estilo desberdinak jorratzen zituzten taldeak jo zuten eta gu oso gustora atera ginen, baita jendea ere. Gainera taldea sortu zela hamar urte bete ziren han ginela".

E!: Eta zer nolako musika entzuten du normalean bertako gazte jendeak?

R: "Beirut-en jendeak denetatik entzuten du eta EEBBetako musikaren eragina nabari da. Herri txikietan berriz bertako musika. Guk herri txiki batean kontzertua eman genuen eta abesti kañeroak ziren gehien gustatzen zitzaizkienak. Adin guztietako jendea zegoen. Reggae-a jotzen genuenean eseritzen ziren eta hardcorearekin altxatzen ziren. Sabel dantza eta guzti dantzatu zuten hardcorearekin, benetan".

DISKA BERRIA

E!: Europa, Quebec eta Libanotik egindako bira eta gero Skunk taldeak diska berria iragartzen du azarorako. 

I: "Bai, 21 kantuz osatutako lana izango da eta horietatik %75a zuzeneko kontzertuetan grabatutako kantuak direla esan daiteke. Giran zehar grabazio soinu onena lortutako kantuekin osatu dugu; kontzertu batzuetako grabazioek ez dute soinu kalitate nahikorik eta horiek baztertu behar izan ditugu. Diskaren lehen zatia izango da hau eta kontzertu batean kantuek duten "koerentzia" ematen saiatu gara. Diskaren bigarren zatian berriz taldeak daraman 10 urteetan jasotako hainbat inedito bildu ditugu; Euskal Herria Zuzenean jaialdiarentzat egindako kantua, Nafartarren Biltzarrerako egindakoa, Idoia Lopez Riañoren hitzekin eta musikarekin presoei eskeinitako kantua, reggae-dub bat eta beste hainbat. Berriak ere badira Mano Negra eta The Clash taldeen bertsioak adibidez. Skunk disketxeak kaleratuko du diska".

                     ARITZ  SOUND SYSTEM