Gara-gaur8-silbeiraMuñoa071117

Gara-gaur8-silbeiraMuñoa071117

Rapa eta bertsoa: Silveira eta Muñoa, bi generoak uztartzeko lehen saioak egiten
Tagak: rapa

Beste batzuen artean, Barakaldoko Grupo 121 taldearekin esperimentuak egin dituzte. Talde horrek bere lehen diskoa eramango du Durangoko Azokara. Hamar kanta gazteleraz grabatu dituzte eta beste lau, euskaraz. Ezkerraldean eman diren aldaketak aipatzen dituzte diskoan

Joxean Agirre

2007ko Azaroaren 16a

Genero bikiak dira edo, gutxienez, parekotasun handikoak, nahiz eta geografikoki gureak bide laburra egin duen eta besteak, itsasoak gainditu. Rapa (hip hopa) New Yorkeko auzo pobreetan, Bronxen, Queenseen eta Broklynen bizi ziren talde afro eta hispanoek gorpuztu zuten 1970eko hamarkadan eta handik zabaldu zen mundura. Bertsoa ez da hemendik mugitu, baina indarrean dago eta bere baitan egin duen bidea izugarria izan da. Azken urteotan behin baino gehiagotan egin dute topo elkarrekin eta badira fusioan sinesten dutenak ere. «Hip hoparekiko baino areago, errima erabiliz egin den guztiarekiko atxikimendu bat edo hurbiltasuna sentitzen dugu bertsolariok -kontatu zigun Xabier Silveirak, raparekin gehien esperimentatu duen bertsolariak-. Baina nik orain arte mesfidantza bat izan dut hip hoparekiko, inprobisazioaren aldetik batik bat. Gehien entzun duguna disko grabatuak izan dira eta horiek idatzizkoak dira. Baina, azken boladan jaso ditudan grabazio batzuei esker rap kantarien arteko gatazkak ezagutu ditut eta ikuspegia irekitzen ari zaidala aitortu behar dut».

Silveirak dioenez, rap kantarien arteko gatazka hauek indar handia dute Sevillan. Hainbat taberna omen daude gatazkak antolatzen dituztenak. «Nik jaso ditudan grabazioak Madrilen egiten diren txapelketetakoak dira, baina Estatu espainol osoko jendea biltzen da horietan. Gatazka horiek direla esango nuke bertsolaritzarekin parekotasun handiena duen hip hoparen alderdia. Erronka dago hor, norgehiagoka, elkarri egurra ematea dute helburua. Bakoitzak minutu erdiko denbora du erantzuteko eta erantzun duenak beste minutu erdi bat du hurrengoari kantatzeko. Jendeak erabakitzen du txaloen bidez zein doan kalera. Zalantzak daudenean, errepika bat eskatzen dute», jarraitu zuen bertsolari nafarrak.

Lehen esperimentuak

Unai Muñoak bere Lasarteko koadrilan ba omen ditu lagun hip hop zaleak eta horietako bat Selekta Kolektiboa taldekoa da. «DJ Zeta edo Zigor Lampre adiskideak ditut eta beti pentsatu izan dut gauza uztargarriak direla. Lasarten egin izan ditugu esperimentu batzuk. Zigorrek pintxatzen zuen, oinarri musikal batzuk jartzen zituen, scratxeatzen zuen, eta nik horren gainean segidilla baten neurriarekin edo beste neurri bizi batekin kantatu izan dut, inprobisatu izan dut. Esperimentu horiek, dena den, horretan geratu izan dira, alferkeriagatik edo», esan zuen Unai Muñoak.

Lasarteko bertsolariaren ustez, segidillak ondo enkajatzen du rapak erabiltzen dituen oinarri musikal batzuekin. «Erritmo bizia duelako, etenik gabea delako eta abiadura ere norberak aukeratzen duelako, balio duela uste dut oinarri musikalarekin jolas egiteko. Zigorrek, bestalde, kontrolatzen du bertso mundua eta bagenekien segidilla uztargarria zela. Bederatziko txikia ere uztargarria izan daiteke, baina zailtasun handiagoa du. Egin ditudan frogetan oso gustura geratu izan naiz», esan zuen Muñoak.

Aproba politena Lasarten Euskararen Maratoian egin omen zuen Muñoak. «Lau urtez behin antolatzen da 48 orduko euskal maratoi bat. Goizeko seietan Zigor Lamprek pintxatzen zuen eta, aurretik hitz eginda bezala, saioa egin genuen. Inalanbrikoa hartu, plaza betea zegoen eta lehen lerroetan zeudenengana joan eta bakoitzari lepotik heldu eta sekulakoak esaten pasatu nituen hogei bat minutu, segidillak egin eta egin. Zigorrek tarteka oinarriak aldatzen zituen eta oso mobida polita egin genuen. Pentsa, nahasketa kutre bat baizik ez zen izan, baina jendeak flipatu egin zuen. Hori landuz gero, eta muga batzuk hautsiko bagenitu, oso gauza politak egin genitzake», esan zuen Unai Muñoak.

Orain hiru aste Ordizian egin zuten esperimentua ere aipatu zuen Muñoak. «Nik uste dut horrelako gauzak gehiago egin behar ditugula. Nire burua pertsonalki galdu samarrik ikusten dut saio horietan. Nahikoa lan nuen testua inprobisatzen eta zaila egiten zitzaidan oinarri musikalaren erritmoa jarraitzea. Pentsatzen dut rap kantari batek oinarri musikalaren erritmoa automatizatua izango duela eta horretan pentsatu gabe inprobisatuko dutela», kontatu zuen.

Silveirak esan zuenez, rapean ez dute doinurik edo melodiarik, baina kolpeekin kantatzen dute, perkusioan bezala. «Segidillan edo bertso doinuetan neurria dago. Rapean ez dago neurririk, denbora baizik. Ez dute silabarik kontatzen. Hanka luzeak eta hanka motzak etengabe egiten dituzte, gure kodigoaren arabera hitz eginda», esan zuen Silveirak.

Ordiziko saioa

Ordiziko azoka plazan egin zen saioa. Londrestik etorritako rap kantari batek egin zuen saioa. Barakaldoko Grupo 121k hartu zuen parte eta Bilboko beste talde batek ere bai. Break Dance egiten duten gazte batzuk eskaini zuten saioa gero, eta, azkenik, bertsolariek kantatu zuten. «Helburua bakoitzaren erakustaldiaren ondoren, denok agertoki gainean nahastea zen. Xabik eta biok hasieran modu tradizionalean egin genuen bertsotan eta oinarri musikal baten gainean jardun genuen gero. Ondoren, inprobisatzen eta bukaeran, mikrofonoa eskuz esku mugituz ibili ginen. Barakaldoko taldeak zortziko txikiko bertso batzuk ekarri zituen prestaturik. Silveirak bertso doinuak alde batera utzi eta ahalegin batzuk egin zituen rapeatzen eta uste dut borobil atera zitzaiola. Esperimentu polita izan zen», jarraitu zuen Muñoak.

Joan den asteko ostiralean Xabier Silveirak rapeatuz idatzi zuen GARAn bere asteroko artikulua ere, eta gazteleraz rapeatuz gainera. «Nik maiz erabili ohi dut errima nire artikuluetan. Honetan erritmoa gehiago zehaztu nahi nuen, azken bolada honetan nahikoa rap entzuten ari naizelako. Artikulua irakurri eta abestu ere egin zitekeela erakutsi nahi nion irakurleari. Azken finean errima jolas bat da, baina memorizatzeko tresna ere bada. Eta errima erabiltzeko modu bat hip hopa da edo bertsolaritza. Nire ustez, hip hopa Euskal Herrira indar gutxirekin iritsi bada, hemen bersolaritza badagoelako izan da», esan zuen Silveirak.

Muñoaren ustez, rapak bertso munduan bide berriak irekitzeko aukerak ematen ditu. «Gertu dauden bi mundu dira eta esperimentu gehiago egin beharko genituzke. Gazteon artean zenbait lekutan izango luke arrakasta. Nik irudikatzen dut bertsolari bat hip hoparen eskemaren barruan inprobisatzen, keinu fisikoak erabiliz, betiko bertsolari estatikoaren irudia alde batera utzita, noski. Igoal bertsolari hip hop zalegoak jaio arte itxoin beharko dugu. Gureak lehen pintzeladak dira», esan zuen Muñoak.

Rapak duen bizitasun hori, dena den, bere muga ere ba omen da. «Bertso bakoitzeko bukaera bat dugu. Rapean dena da bukaera. Nik uste dut bertsoa ere garai batean zuzenagoa izan zela. Rapa, ondorioz, garatu gabeko bertsolaritza bat izan daiteke. Orain arte egin ditudan saio bakan horietan euskaraz aritu naiz ni, baina neure kontura aritzen naizenean, gazteleraz errazago kantatzen dut. Bertsotan beharbada posible da istorio bat kontatzea. Rapean esaldiak dira, esaldi oso zuzenak», esan zuen.

Silveirak dioenez, bere burua irudika dezake rap kantari gisa. Duen zalantzarik handiena bestelakoa da, euskal gizarteak onartuko ote lukeen publikoan iraintzeko erabiltzen den genero bat. «Oso oso makarrak dira eta Euskal Herrian azken hogei urteotan galtzen ari den zerbait da iraintzearen jolas hori. Denok bihurtu gara politikiko zuzenak», erantsi zuen.

Canal Bizkaiak erreportaje bat egin zuen orain hiru bat aste rap kantariekin eta bertsolariekin. Bertsolarien izenean Arkaitz Estiballes eta Xabier Silveira joan ziren Barakaldoko taberna batera.

Bai Ordiziko saioan eta bai Canal Bizkaiako erreportajean parte hartu duten hip hop taldeen artean zegoen Grupo 121.

Barakaldoko Bodegon Riojanan aurkitu genituen. Taberna horretan dagoen txupitoen zerrenda izugarria da. Eneko Axpek Fisika ikasten du EHUn eta asteburuetan taberna horretan egin du lan. Eneko, Endika Abella eta Imanol Amirola Ordiziko saioan izan ziren. «Gutaz gainera, Bilboko Norte Apache taldea ere izan zen Ordizian eta breack dance talde ezberdinak eta bertsolariak. Aritz Sound System taldeak antolatu zuen eta saioaren bukaeran gatazka moduko bat egin genuen bertsolarien eta rap kantarien artean. Guk bertso batzuk kantatu genizkien euskaraz rapeatuz eta haiek beren bertsoak hip hopeko oinarri batera egokitzen saiatu ziren. Oso saio ona egin zuten. Uste dut geroztik hip hoparen kulturan erabat murgilduta dabilela Silveira. Ostiralean rapeatuz idatzi zuen bere asteroko artikulua GARAn eta erantzun egin beharko diot», hasi zen Endika Abella.

«Erabili zituzten doinuak oso ondo egokitzen ziren hip hopeko oinarrira. Borobila atera zitzaien saioa. Uste dut historian lehen aldiz egin dela horrelako saio bat», jarraitu zuen Eneko Axpek.

«Aritz Sound System izan da Euskal Herrian musika beltzaren alde eta, beraz, raparen alde, lanik gehien egin duena eta bukaeran ekitaldi historikoa izan zela esan zuen», gaineratu zuen Imanol Amirolak.

Grupo 121ren diskoa

Endika Abella 1998an hasi zen rapeatzen. «Izeba bat dugu Parisen eta tarteka gurasoekin bisitatzera joateko ohitura dugu. Han ezagutu nuen rapa. Oso azkar engantxatu nintzen. Gazteleraz kantatzen zuten talde batzuen diskoak eskuratu genituen gero. Nik lehendik nuen idazteko grina eta orduan hasi nintzen rapa idazten. Gero, Imanol ezagutu nuen eta elkarrekin hasi ginen», esan zuen Endikak.

Elkarrekin ibili ziren ikastolan eta elkarrekin institutuan. «Urte batzuk elkarrengandik urrunduta ibili ginen, baina rapak elkartu gintuen. Zazpi urte egin ditugu elkarrekin», esan zuen Imanolek.

Eneko gazteagoa da. «Niri musika mota guztiak interesatu izan zaizkit. Niri rapak ez zidan gauza handirik esaten, Geronación izeneko talde bat ezagutu nuen arte. Gironakoak dira. Politikaz hitz egiten dute asko. Ezkerrekoak dira eta horiei esker engantxatu nintzen. Agertoki batera igo nintzen lehen aldia Algortan izan zen inprobisazio saio batean. Lehendik idazten nuen, Skaleak taldearentzat esate baterako, baina grabatzen Endikarekin hasi nintzen orain dela urte eta erdi», hartu zuen bere txanda Eneko Axpek. Hip hopeko talde batek DJ bat, oinarri musikalak jartzen dituena, eta MC (master of ceremony) edo rap kantariak behar ditu. Endika eta Imanol dira Grupo 121ko kantariak eta Enekok kolaboratu egiten du. «Krew berekoak gara, baina multzo horren barruan talde ezberdinak daude. Krew batean dauden guztiek egiten dute zerbait, dantza, kantatu edo graffitiak egin. Gure krew koadrilan hamabost lagun gara», jarraitu zuen Imanolek.

«Bai bertsolariek eta bai guk oinarriak barneratuta ditugu, haiek doinuak eta guk denbora. Hartara, inprobisatzen ari garenean ez dugu horretan pentsatu beharrik. Gure kasuan, kaxak edo bonboak markatzen digun oinarriaren gainean inprobisatzen dugu. Baditugu inolako oinarririk gabeko inprobisazioak ere. Bakoitzak du bere estiloa. Ni oso hardcorra naiz, oso gogorra. Ez dut entonatzen apenas. Endika melodikoagoa da», jarraitu zuen Enekok.

Durangoko Azokara eramango dute beren lehen CDa, «Surcos del tiempo. Denboraren ildoa» du izena. Musika herriak editatu du. Sei bat lagunek hartzen dute parte. Hamalau pieza daude, hamar gazteleraz eta lau euskaraz. «Ezkerraldean eman diren aldaketez hitz egiten dugu eta aldaketa horiek adierazten dituen sinboloa Errontegiko Zubia da. «Rap musikan ere etiketak erabiltzen dira. Batzuk mezua lantzen dute eta beste batzuek, norgehiagoka. Guk mezua lantzen dugu. Geronacion taldearen bidetik gabiltza», esan zuen Endikak. «Baina baditugu jai giroko pieza batzuk ere, `Gora Baraka, behera Neguri', esaterako», erantsi zuen Imanolek. Eneko kanpoan geratu da eta bere aldetik maketa bat plazaratuko du abenduan eta hor bai hartuko dute parte Imanolek eta Endikak.

«Euskaraz Selekta Kolektiboak egin duen lana goraipatu nahi nuke -esan zuen Enekok-. Tamalez, Gipuzkoan jende asko dago euskaraz hitz egiten duena eta agertokira inprobisatzera igo eta gazteleraz hasten dena. Oso bakanak dira euskaraz rapeatzen dutenak. Guk eskualde honetan zailtasunak izatea normala da, baina beste eskualde batzuetan gehiago egin beharko lukete».

New Yorkeko «block party»etatik gaurko jaialdietara 40 urte bakarrik

«Hitzak/ dituen bizitza/ anaitzak/ gurekin diraute/pasatzeko denbora kalean bertsoka gaude», hasten da Imanol Amirolaren kantu bat, Grupo 121k aurki kaleratuko duen diskoan. Rapa da, testu kantatu edo errezitatua alegia, hip hop kulturaren osagarri nagusia,  break dantzaren eta graffitiaren gainetik, noski.
Kultura mugimendu hori 1970eko hamarkadan jaio zen New Yorkeko auzo beltz eta hispanoetan. Sustraiak, noski, Afrika mendebaldeko griot-engan ikusten dituzte batzuek, herriz herri zebiltzan inprobisatzaile edo poeta ibiltariengan alegia, baina beltz eta hispanoek kalean antolatzen zituzten ‘block party’ haietan (klub garestietara joateko ez zuten dirurik) jazzaren eta dub musikaren aztarnak ere suma daitezke.
Kaleko jaialdi horietan definitu zen rap talde bateko egitura nagusia ere: DJaren figura, MC edo kantaria, eta hauek isiltzen zirenean lanean hasten ziren dantzariena. New Yorkeko guettoetan sekulako indarra hartu zuen kultura mota horrek eta talentu bila zebilen jendea azkar hurbildu zitzaien. Hartara, diskoen bidez zabaldu zen hip hopa 1980tik aurrera mundu guztira.
Berrogei urte geroago Euskal Herrian badira rapa egiten duten hainbat talde. Horietako batekin mintzatu gara, Barakaldoko Grupo 121. Durangoko Azokara eramango dute beren lehen diskoa.
«Guk jo dugun lehen leku garrantzitsua Durangoko Kafe Antzokia izan da eta hor eman genuen kontzertuari esker deitu ziguten Madriletik. Dena den, guk kontzertu gehien Gipuzkoan ematen dugu. Aritz Sound System-ekin izan dugun harremanari esker izan ditugula uste dugu eskabide horiek. Euskarazko rapa landu du Aritzek eta guk ere neurri batean euskaraz egiten dugunez, deitu izan digute. Hernanin, Ordizian, Urnietan eta beste hainbat herritan jo dugu. Noski, gure herrian ere, Barakaldoko festetan, jo izan dugu», esan zigun Endika Abellak, Grupo 121eko kantariak.

King Funk-en «España huele a culo», adibide bat


Rapa ez da irratian eta telebistan apenas entzuten, baina Violadores del Verso taldearen azken diskoak, “Vivir para contarlo” izenekoak, astebete iraun zuen urte honen hasieran Estatu espainoleko disko salduenen zerrendaren lehen postuan. Alejandro Sanzek kendu zien postua bere azken lanarekin.
Disko horretako edozein pieza entzutea aski da hitzak idatziak direla ohartzeko. Hor ez dago apenas inprobisaziorik.
Euskal Herrira etorriz, har dezagun Gasteizko Kung Funk taldearen kasua. Punka, hip hopa, rocka edo trash-metala jorratzen zuten taldeetan ibili eta gero sortu zuten gasteiztar hauek Kung Funk 2003an. “Los chicos de la Katana” diskoa kaleratu zuten eta orain dela pare bat uda taberna askotan behin eta berriz entzuten zen pieza sartu zuten tartean: “España huele a culo”.  Gaurko Estatu espainolaren   friso bat egin zuten pieza horretan.
«Señoras y señores España huele a culo/ España huele a mierda/ a tordo a gran furulo/ España huele mal/ España huele a Rosa y a Bisbal/ a Norma Duval/ a conferencia episcopal/ Quien gobierne da igual/con la derecha Gescartera y con la izquierda el GAL/ Cadáveres con cal/ olor fecal/ cual mierda en un pañal/ España huele mal/ igual que las mentiras de Carrascal/ Igual que el nuevo código penal/ igual que la Audiencia Nacional/ España huele a cadáver descompuesto/
A rey mue / a escandalos de Banesto/ por supuesto/ Hay que acabar con esta peste cueste lo que cueste/ España al traste/ su olor fecal te deja para el arrastre». Eta hori ez da hasiera baizik. Noski, horrelako testuak ezin dira inprobisatu. Grupo 121ko Imanol  Amirolak  esan zigunez, Madrilgo talde batek, Habeas Corpusek, ba omen du kanta bat, “Basta ya”, Euskal Herriko errealitatea hemengo talde batek baino hobeto deskribatzen duena.