MATRAKA

MATRAKA-elkarrizketa

Kaixo guztioi!

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuet galderak egin dituzuen guztioi erakutsitako interesagatik.

Mila esker.

 

 

» Beñat (): 
Euskal Herrian musika mota batzuk ari dira beti bueltaka. Ez al zaizu iduditzen proposamen berriak baztertu egiten direla? 

Musika zabaltzeko ohiko bideek (komunikabide “handiek”, kontzertu areto, taberna, e.a.), orokorrean musikaren adar bat erakusten dute soilik baina musikaren zuhaitzak adar asko ditu. Musikaren hartzaile pasiboa denak adar hori ezagutuko du gehienbat eta gaur egun oraindik, beste adarrak ezagutzeko bilatu egin behar dituzu. Behin beste adarrak ezagututa, orotar jendeak harrera ona ematen die. Hortik aurrera errespetu eta gustu kontua da.

 

» Maitane (): 
Musikari buruzko artikulu andana idatzitako zara. Euskal Herriko musika kazetaritzan zerbait falta dela uste al duzu? 

Gauza asko egin dira, gauza asko egiten dira eta oraindik gauza gehiago daude egiteko. Euskal Herrian musikari buruzko kazetaritza jaio berria da. “Helduek” begi onez ikusten dute baina oraindik ez dute oso serio hartzen. Musika, gaztaroarekin eta aisialdiarekin erlazionatzen da soilik, eta hori baino askoz ere gehiago dela konturatzen garenean baliabide gehiago izango ditugu gauzak txukun egiteko.  Ilusioa eta indarra ditugu, ikasten ari gara eta bizitza osoa dugu aurretik. 

 


» Dantzaria (): 
Zer da zuretzat onena, jendea musika entzuten egotea ala dantzan hastea? 

Festetan gutxi dira dantza egitera “ausartzen” direnak. Hori bai gozamena. Gorputzarekin sentimenduak adierazteko gaitasuna dute, giro berezia sortzen dute eta ni pozik. Dantza egin gabe egon arren, musikarekin disfrutatzen duen jendea ere badago, eta ni pozik.

 

Jakitearren (): 
Zenbat denborako sesioak egiten dituzu? ze musika mota nahasten duzu? 
Zer behar da teknikoki, puntako materiala? 

Ordubete baino gutxiagorekin gogoz geratzen naiz eta zortzi ordu baino gehiago egiten ditudanean adina datorkit burura. Musikari dagokionez, gustuko musika jartzen dut beti. Horri izen bat jarri behar izanez gero, “musika beltza” deituko nioke (reggae, rap, funk, soul, afro-brasildar doinuak, e.a.). Ilusioa edukiz gero gauza gutxirekin moldatzen zara baina baldintza teknikoak garrantzitsuak dira. 

 

» Gorka (): 
Zer da zuretzat DJa izatea? 

Sentiarazten dizun musika besteei erakusteko beharra.


» Nerea (): 
DJak musikari frustratuak direla entzun dut. Besteen musika jarrita ateratzen dituztela beraien arantza musikalak 

Ez dut horrelakorik ezagutzen. Niri dagokidanez, alferkeri kontua izango da agian. Buruan oso garbi dut egingo nukeen musika baina ez naiz inoiz saiatu (ez dut behar hori sentitu). Askoz ere “errazagoa” zait botoiari sakatu eta gustuko dudan besteen musika jartzea. Noizbait musika egiteko pausoa ematen ba dut agian frustrazioaz hitz egingo dugu.

» Bat (): 
Ez al zaizu iruditzen DJ batzuk monotonoak direla edo zaretela? Hau da bakoitzak bere estiloko musika bakarrik jartzen duela eta besteok hor 
konpon? 

Amonak mejiloiak prestatzen zituenean (urtean hiru edo lau alditan) anaiak bakarra janda asetzen zen (ez zitzaizkion asko gustatzen). Nik lau edo bost jaten nituen eta gogoz geratzen nintzen. Ziurrenik, mejiloi goxo horiek egunero jango banitu laster aspertuko nintzatekeela. Niri dagokidanez erritmo desberdinekin aritzea gustatzen zait eta noski, lekuaren, jendearen eta giroaren araberako aukeraketa egiten dut baina beti, gustuko ditudan erritmoak dira. Zorionez jendeak gustu desberdinak ditu eta ezinezkoa da, uneoro, jende guztiaren gustuko doinuak jartzea.

» (): 
Sekula jaitsi al duzu kanturik internetetik? Hainbestekoa al da pirateriak musikagintzari egiten dion kaltea? 

Disko eta kantuen baimenik gabeko kopiek kalte egiten diote musikarekin batzuek egiten duten negozioari baina musika gehiago zabaltzen laguntzen dute.

 


» etorkina (): 
Zein duzu gogokoago Euskal Herriko musika edo atzerrikoa? Zergatik? 

Euskal Herrian eta atzerrian egindako gauza asko gustatzen zaizkit. Euskal Herrian egindako musikak atzerrikoaren eragin izugarria du (estilo eta jarrera batzuetan bereziki) baina oraindik gauza asko dugu ikasteko. Atzerrian berriz, zoritxarrez, oso gutxi ezagutzen da Euskal Herrian egiten den musika. 

 

Marrazkiaren egilea: Mikel Barreiro.


» Jarraitzailea ()
DJa zara bai, baina eguneroko bizitza ere musikaren inguruan egiten al duzu? 


Eguneroko bizitza ere musikaren inguruan (besteen artean) egiten dudalako naiz disko jartzailea.

 

» Aiert (): 
Zer da beharrezkoa DJ baten sesioa paregabea izateko? 

Oinarrian, sesioan dagoen jendea irekia izatea (kritikarako gaitasuna galdu gabe) eta bere buruarekin gustura egotea (eta ez soilik drogen eraginez).

 

 

» Urnieta (): 
Ez naiz sekula zure sesio batean egon. Nolako emanaldiak eskaintzen 
dituzu? Agian animatuko naiz! 

Desberdinak dira bakarka edo lagunekin egiten ditudan arabera. Bakarka nagoenean ez dira ikusgarriak (ez dut ezer ikusgarririk egiten) baina musika desberdinekin gozatzeko aukera dago (jartzen dudan musika gustukoa baduzu noski). Zatoz eta kontaidazu. Gonbidatuta zaude!

» Iraitz (): 
Noiz eta nola hasi zinen DJ gisa? Hasiera hartan DJak ez ziren asko egongo ezta? 

Hernaniko Molotoff irrati libreko txosnan hasi nintzen 90. hamarkada hasieran. Garai hartan, DJ hitza diskotekekin, pastillekin eta “bakailua” deitzen denarekin erlazionatzen zen. Urte asko igaro dira eta oraindik lana asko dugu egiteko.

 


X IZPIAK 

- Musikari edo musika talde bat? 

Asko (ez nuke bakarra aipatu nahi)

- Irakurri duzun azken liburua? 

Helene Lee-ren Trenchtown reggae.

- Emanaldi guztietara eramaten duzun disko hori? 

Selektah kolektiboaren instrumentalak

 

 

- Zure apalategian kuttunen dituzun hiru diskoak? 

Askoren artean; Bob Marley “Kaya”, Marvin Gaye “I want you” eta Michael Franti “Stay Human”

 

- Film bat? 

Rockers (1979)

 

- Parranda baterako musika egokia? 

Nire kasuan “musika beltza”

- Sofan etzanda lasai ederrean egoteko? 

Mugitu ipurdiak, lana asko egiteko dugu eta :-)

- Maitasunarentzat? 

Soula

 

- Haserre zaudenerako? 

Jungela

- Bizitzeko leku bat? 

Euskal Herri aske inperfektua

- Parrandarako leku bat? 

Molotoff Irratiko txosna (ekainak 22-27)

- Bertan edateko? 

Dantzatoff koktela, maitasun askorekin :-)

Molotoff Irratiko txosnaren logoa. Egilea: Mikel Barreiro.


- Egin gabe daukazun gauza garrantzitsu hori..

Jende asko ezagutu

- Nori egingo zenioke elkarrizketa hau?

Nire elkarrizketa egile ezezagunari

 

 

MILA ESKER GUZTIOI